71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70E/2022 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Castejóngo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioaren titularra Totalenergies Clientes SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 22ko 298/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 20ko 356E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2021eko urriaren 28an, titularrak eratuta duen finantza-bermea kentzeko eskatu zuen, ingurumen baimen integratuaren V. eranskinean aurreikusitakoaren arabera, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean xedatutakoa aplikatuz finantza-berme bat eratzetik salbuetsita geratu delako.

Ondorioz, ingurumen baimen integratuaren V. eranskina aldatu behar da, finantza-berme hori ezartzeko betebeharra kentzeko.

Bestalde, instalazioan sortzen diren nahastutako udal-hondakinei EHZ kodea esleitzean antzemandako akats bat zuzendu da. Gaur egun esleitutako kodea EHZ 200203 da, parke eta lorategietako hondakin ez-biodegradagarriei dagokiena, eta EHZ 200301 izan beharko luke.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Entzunaldi horretan, 2022ko martxoaren 7an, titularrak oharrak aurkeztu zituen, ingurumen baimen integratuaren eranskinaren testua egokitzea ahalbidetu dutenak.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, egoki da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Castejóngo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko dagoen instalazioaren –haren titularra Totalenergies Clientes SAU da– ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa onartzea; hori dela eta, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Totalenergies Clientes SAUri eta Castejóngo Udalari, behar diren ondoreak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2204072