71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2022 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdia onesten duena 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki entitateei eta gizarte zerbitzuen mankomunitateei dirulaguntza emateko, gazteentzako jarduerak susta ditzaten, 2022rako. DDBN identifikazioa: 617685.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomo bat da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikia, eta bere gain dauka gazteriaren arloko eskumena. Hain zuzen ere, eskumen hori garatzeko, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak (zeinaren bidez sortu baitzen erakunde hori eta haren estatutuak onetsi) honako eginkizun hauek esleitzen dizkio: gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea, gazteek gizartean erabat parte hartzeko; genero berdintasuna bultzatzea; ohitura osasungarriak sustatzea; balioak garatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dieten gainerako arloak.

Apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, Gazteriari buruzkoak, toki entitateen eskumenak jorratzen ditu 7. artikuluan. Zehatzago, 7.2 artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntze aldera, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak laguntza eta aholkuak emanen dizkie Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politikak sustatzeko lanean.

Bestalde, 2020-2023 aldirako Gazteriaren arloko Foru Estrategiak lurralde kohesioa azpimarratzen du egiturazko ardatz gisa, eta helburutzat ezartzen du lurralde osoko gazteentzat aukerak bermatzea, programak, ekintzak eta tresnak sustatuz. Hortaz, bere egiten du Nafarroako Gobernuaren helburu orokorra: despopulazioaren kontra borrokatzea eta gazteriaren arloan lurraldeari lotutako politikak bultzatzea, tokiko eragileekin koordinaturik.

Sostengu hori gauzatzeko xedez, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak txosten bat aurkeztu du, non garrantzia ematen baitzaio toki entitateei laguntza emateari, herriko gazteek errazago parte har dezaten gizartean, gazteentzako jardueren sustapenaren bidez.

Beraz, bidezkotzat jotzen da deialdi bat izapidetzea, norgehiagokako araubidean, dirulaguntzak emateko 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki entitateei eta gizarte zerbitzuen mankomunitateei. Deialdi honen xedea da herrietako gazteen arteko harremanak hobetzen dituzten mugikortasun- eta abentura-jarduerek sortutako gastuetarako laguntza ematea, deialdian bertan ezarritako aldian: 2022ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea gazteentzako jardueren sustapenerako dirulaguntza emateko, 2022rako, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateei eta gizarte zerbitzuen mankomunitateei.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09100-4609-232104: (E) Dirulaguntza toki entitateei, gazteentzako jarduerak sustatzeko

2022

25.000,00

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen jurisdikzio ordenan, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete iragan baino lehen; nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen den moduan eta bertan finkatzen diren epealdietan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea. Norgehiagokako araubidea izanen da, eta dirulaguntzen hartzaileak izanen dira 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak, eta helburua, Nafarroako gazteen parte-hartze aktiboa hobetzen duten mugikortasun- eta abentura-jarduerak gauzatzea hamalau eta hogeita hamar urte bitarteko gazteentzat (bi adin horiek barne), Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikulua betez.

Ekintza horiek 2022ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egin beharko dira.

2.–Helburua.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateei eta gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntza emanen zaie gazteentzako jarduerak gauzatzeko, gazteen garapen pertsonala helburu, eta udalerrian gazteen parte-hartzea sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

3.–Entitate onuradunak.

Oro har, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki entitateek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arautuek, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4.–Aurrekontuko kreditua.

25.000 eurorainoko gastua baimentzea, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretan, gastuen aurrekontuko “(E) Dirulaguntza toki entitateei, gazteentzako jarduerak sustatzeko” izeneko 090002-09100-4609-232104 partidaren kargura.

5.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %100erainokoa izanen da, eta 2.500 eurokoa, gehienez, jarduera bakoitzeko.

7.–2022ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean gazteentzako jarduerak egiteko dirulaguntza.

Abenturako jarduerak. Abenturako jardueratzat jotzen dira aire zabalean josteta eta aisiarako egiten direnak, hala nola jolas parkeak, parke tematikoak, rafting-a, txalupa pneumatikoa, surfa eta uretako jarduerak, espeleologia edo BTTa.

Mugikortasuneko jarduerak. Herritik kanpora egiten diren irteerak, hala nola txangoak edo bisita gidatuak.

8.–Gastu diruz lagungarriak.

8.1. Deialdi honetan gastu diruz lagungarriak dira jarduerak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko edota haren berri zabaltzeko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Jardueretarako monitore espezializatuak eta monitore laguntzaileak kontratatzeko gastuak.

–Kontratatutako jardueraren gastuak (sarrerak, jarduerarako alokatutako materialak...).

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

8.2. Deialdi honetako dirulaguntzatik kanpo daude:

a) Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

b) Kirol kluben jarduerak eta, oro har, kirol jarduerak.

c) NGIren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

d) Toki entitateen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

e) Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

f) Material inbentariagarria erostea.

g) Bazkari, hamaiketako, askari eta antzekoen gastuak.

h) Jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten beste gastu batzuk.

9.–Eskaerak eta dokumentazioa.

Gazteentzako mugikortasun- eta abentura-jardueretarako dirulaguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

9.1. Eskaerek II. eranskineko ereduari jarraituko diote. Eredua www.juventudnavarra.es/eu web orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

9.2. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako jarduera. Jarduera horrek, gutxienez, eduki hau izanen du: izena, helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueraren deskribapena, gauzatu beharreko ekintzaren banaketa geografikoa, jardueraren egutegia, parte-hartzaileen kopurua, ebaluazioa, babes eta segurtasun neurriak, eta idazkari lanetan ari denak sinatutako aurrekontu zehaztua, II. eranskineko 1. fitxan dagoen ereduari jarraikiz. Hori eskura egonen da www.juventudnavarra.es/eu web orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan.

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, NGIk eskatzen ahalko die eskatzaileei aurkeztutako jardueretako informazioa argitzeko.

9.4. Eskaerarekin batera, idazkari lanetan ari denak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke www.juventudnavarra.es/eu web orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan). Ziurtagiri horretan, toki entitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

a) Toki entitateak ez duela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude.

b) 22. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

c) Aipatutako entitateak bere publizitatean jasotzen duela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu duela bere jardueretarako.

10.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

10.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko (www.nafarroa.eus) “Tramiteak” esteka erabiliz, ahal dela.

Eskaera NGIra zuzendu beharko da eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

10.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 13. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

12.–Antolaketa eta instrukzioa.

12.1. Prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

12.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NGIk eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

12.3. Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

12.4. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua, Jesús Beitia López.

Batzordekidea: Gazte Entitateen Bulegoko burua, Lucía Andía García de Olalla.

Idazkaria: Catalina Martín García de Galdiano.

13.–Balorazio irizpideak.

13.1. Jarduerak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Jarduera zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (50 puntu gehienez).

b) Jarduera gauzatzeko toki entitateak jartzen dituen baliabideak (30 puntu gehienez).

c) Gizarte zerbitzuen mankomunitate batek egiten badu jarduera: 20 puntu.

d) Bi toki entitatek edo gehiagok elkarlanean egiten badute jarduera: 10 puntu.

Dirulaguntza lortu ahal izateko, gutxienez 70 puntu lortu beharko dira.

13.2. Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Berdinketa izanez gero, eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, kreditu erabilgarria hainbanatu eginen da eskatutako zenbatekoen arabera.

14.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

14.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateari buruzko ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera, gehienez ere. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

14.2. Dirulaguntzen deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazteko, gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriko da.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko “Tramiteak” atalean kontsultatzen ahalko dira, www.nafarroa.eus atarian.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

14.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

15.–Frogagiriak.

Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren (III. eranskina).

Diruz laguntzen den gastu osoa justifikatu beharko da; horretarako, 2022ko urriaren 7a izanen da azken eguna.

Diruz lagundutako gastuaren %100 justifikatu ezean, egindako gastua murriztu den adina murriztuta ordainduko da dirulaguntza, eta hori, betiere, entitate onuradunak –edo, kasua denean, entitate laguntzaileak– egindako gastua nahiko hurbil badago gastu osotik eta hark ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikulua).

Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) eta 35.3 artikuluetan aipatutako irizpideak erabiliko dira itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko. Gazteentzako jardueretarako dirulaguntza justifikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako jarduera identifikatzeko datuak jasotzen dituzten frogagiriak, bai eta deskribapen-memoria ere. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueraren izena, helburuak, zer adinetako jendearentzat izan diren, iraupena, non egin diren, arduradunen kopurua, parte-hartzaileen kopurua eta jardueraren ebaluazioa (III. eranskina-1. fitxa).

–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. eta 8. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Jardueraren izena, hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (III. eranskina-2. fitxa).

–Faktura eskaneatuak, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak, izan daitezkeenak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, idazkari lanetan ari denak sinatutako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena (III. eranskina-3. fitxa).

Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko diren agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

Justifikazioan egindako akatsak zuzentzea:

Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio organoak ikusten badu akats zuzengarririk dagoela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, eta hamar egun balioduneko epea emanen dio zuzentzeko (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 71.2 artikulua); horretarako, jakinarazpen elektronikoa igorriko dio gaitutako helbide elektronikora, akatsak zuzentzeko eskatuz, eta ohartaraziko dio hala egin ezean, dirulaguntza ez ordaintzeko prozedura hasiko dela.

16.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

16.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 15. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

16.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

17.–Betebeharrak.

17.1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

17.2. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.3. Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera).

Diruz lagundutako jarduerei lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako jarduerari buruz prestatzen diren agiri guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta NGIren dirulaguntza izan dela.

Dirulaguntza eman aurretik jarduerari buruz egin diren agiriei eta publizitate- eta hedapen-lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaraturik dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza emateko jakinarazpena egin denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

18.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek ez dute beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntza edo dirulaguntzarik hartzen ahalko helburu eta xede beretarako, salbu eta laguntza eta dirulaguntza guztien baturak, deialdi honetan jasotako zenbatekoa barne, jarduera bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez duenean.

Toki entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz. III. eranskina.

19.–Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

20.–Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo NGIren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

21.–Gardentasun betebeharrak.

21.1. Entitate onuradunek bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

21.2. Apartatu honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

21.3. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, apartatu honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

21.4. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko edozein administrazioren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

21.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

22.–Errekurtsoak.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute deialdi honen oinarrien aurka eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

24.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzaren eskaera gazteentzako jarduerak sustatzeko, 2022.

III. eranskina.–1. fitxa-Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzaren eskaera gazteentzako jarduerak sustatzeko, 2022.

III. eranskina.–1. fitxa-Frogagiriak.

III. eranskina.–2. fitxa-Frogagiriak. 16. oinarria.

III. eranskina.–3. fitxa-2022an egindako gastu guztien zerrendaren ziurtagiria.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (1).

Karguen ordainsariei buruzko adierazpena (2).

Azken urteko kontuei buruzko adierazpena (3).

Dokumentuak jaitsi (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204563