70. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65E/2022 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, titularrak hala eskatuta. Instalazioak beira laua fabrikatzen du Tuterako udal-mugartean, eta Guardian Industries Navarra SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 0156/05 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 46E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2021eko abenduaren 22an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, butano-gasaren erabilera aldatzea: haren kontsumoa areagotu eta gas naturalaren erabilera ordeztea –gas naturalaren prezioaren igoerak eraginda–, float beiraren labea berotzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa, Guardian Industries Navarra SLk Tuterako udal-mugartean beira laua egiteko duen instalazioari dagokiona. Hortaz, instalazioak eta jarduerak bete beharko dituzte ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak eta, horiez gainera, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), butano-gasaren erabilerari dagokion aldaketak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Guardian Industries Navarra SLri eta Tuterako Udalari igortzea, behar diren ondoreak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2204070