70. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2022 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Buñuel eta Cortesko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2021eko urriaren 28an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere instalazio elektriko honetarako:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT09549-2 (Erref.: 2021-106 Obra 100968651).

–Instalazioaren kokalekua: Buñuelgo eta Cortesko udal-mugarteak.

–Xedea: Linea elektrikoen eta parke eolikoen arteko distantziei buruzko araudia betetzea.

–Ezaugarri teknikoak: «Ribaforada-Industrialdea» 13,2 kV-eko aireko linearen saihesbidea, airekoa eta lurpekoa, eta teleaginteko ebakitze zentro berria. Hauek dira proiektu honen xede diren instalazioak:

• 427 zenbakidun eta 425 zenbakidun euskarrien arteko aireko trazaduraren saihesbidea, 257 m-ko luzerakoa eta 147-AL1/34-ST1A eroalea (lehengo LA-180).

• 24 zenbakidun eta 427 zenbakidun euskarrien arteko linea lurperatzea.

• Teleaginteko ebakitze zentro bat eraikitzea, eraikin prefabrikatu motakoa (PFU-5) eta 50 kVA-ko transformadorea (630 kVA-ra handitu daitekeena), lurpeko hiru irteera partikularrekin, horietako bat ere proiektu honen xede izan gabe.

• Ebakitze zentroa aireko lineari lotuko zaio, jada badagoen 24 zenbakidun euskarriarekin (1.917 m) eta proiektatutako 427 zenbakidun euskarriarekin (772 m) hura lotzen duten lurpeko tarteen bidez –bi kasuetan HEPR-Z1 12/20 Kv. 3x(1x400) Al+H16 eroalearekin–.

• Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.

–Gauzatze materialaren aurrekontua: 424.809,58 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetzeko, hogeita hamar eguneko aldian jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza (honako hauetan argitaratu zen jendaurreko izapidearen iragarkia: 2021eko abenduaren 14ko 279. Nafarroako Aldizkari Ofizialean; 2021eko abenduaren 15eko Diario de Navarran; eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean). Era berean, dokumentazioa Buñuelgo eta Cortesko udalei bidali zitzaien, jendaurrean egon zitezen denbora berean, eta espedientean daude jasota egiaztapen-eginbideak.

Aurreikusitako epe hori iraganik, ez da alegaziorik jaso.

Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluak aplikatuta, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Buñuelgo Udalari, Cortesko Udalari eta Buñuelgo Ureztatzaileen Elkarteari, 30 eguneko epean eskatutako baimenarekin ados edo aurka ager zitezen eta, hala balegokio, bidezko baldintza teknikoak ezar zitzaten.

Aipatu kontsulta horri erantzunez, Cortesko Udalak, 2021eko abenduaren 28an, txosten bat egin zuen, eta honako hau adierazten zuen han:

«Indarreko araudia betetzean, SAT09549-2 erreferentziako proiektuaren hirigintza-bateragarritasunaren aldeko txostena eman behar da.

Hala ere, Cortesko Udalak proiektatutako instalazio elektrikoari buruzko zenbait eragozpen jakinarazi ditu:

–Proiektua berrikusita, ez da justifikatuta geratzen zergatik ez den lurperatzen Cortesko udal-mugartean dagoen linea eta aurreikusitako saihesbide berria, Buñuelgo mugartean eta 425.1 zenbakidun euskarri berriaren eta 425 zenbakidunaren arteko azken zatian gertatzen ez den bezala, lurpekoa izanen da, zeina aurreikusten baitu “‘Ribaforada-Industrialdea’13kV-ko tentsio ertaineko linearen saihesbidea eta maniobra-zentro berria eta horiei dagozkien elikatzeko lurpeko linea elektrikoak” proiektuak, 838 zenbakidun lurzatian (Erreferentzia-kodea: SAT11287).

–Era berean, ez da gainjartzen, balizko interferentziak egiaztatzeko, 08 poligonoko 838 zenbakidun lurzatian aurreikusitako ebakuazio-linearen eta maniobra-zentroaren trazadura etorkizuneko eguzki-planta fotovoltaikoarendako.

Eremua oso antropizatuta dago, azpiegitura elektriko eta energetiko askorekin. Aipatu aireko linea horrek eta haren euskarriek nekazaritzako gaitasun handiko lurretan ingurumenean duten inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin, komenigarria litzateke aireko trazadura aldatzea, Cortesko (Nafarroa) udal-mugartetik igarotzen den zatian.

08 poligonoko 838 zenbakidun lurzatia komunal gisa dago sailkatua, eta, beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezartzen denez, ez da obra-lizentziarik ematen ahalko linea elektrikoa instalatzeko, harik eta Cortesko Udalak eta Nafarroako Gobernuak haren desafektazioa gauzatzeko baimena eman arte edo proiektua azkenean onura publikokoa dela deklaratzen den arte; eta horrek berekin ekarriko du ukitutako ondasunak okupatu beharra, eta presaz okupatu beharra, Desjabetze Legearen 52. artikuluaren ondoreetarako».

Horri dagokionez, ingurumen gai bat izanda, ingurumen ukipenetarako baimenean adierazitakoa beteko da.

Bestalde, Buñuelgo Udalak, 2022ko urtarrilaren 31n txostena aurkeztu zuen, zeinaren bidez «eskatutako baimenarekin ados» zegoela adierazi baitzuen.

Ez da Buñuelgo Ureztatzaileen Elkartearen erantzunik jaso.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 4ko 237E/2021 Ebazpenaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zen proiektu honetarako: «Ribaforada-Industrialdea» goi tentsioko linea (13,2 kV) aldatzeko proiektua, Buñuel eta Cortesko udal-mugarteetan. Kontuan hartu behar da abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen duela ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerei dagokien baimena.

Azkenik, espedientean daude Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) baimena eta Nedgia SAren eta Nafarroako Gobernuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren aldeko txostenak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, David Remírez de Ganuza Satrústegi industria-ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete emanen dira obrak gauzatzeko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsi beharko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzura.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Nedgia Navarra SAri, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Buñuelgo Udalari, Cortesko Udalari eta Buñuelgo Ureztatzaileen Elkarteari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2204069