70. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2022ko apirilaren 20an bukatu beharko liratekeen epeak.

Zerga bakoitzaren araudi berekiak ezartzen ditu bere aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epeak. Oro har, urteko lehenengo hiruhilekoari dagozkion aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta, hala badagokio, horien ondoriozko zenbatekoak ordaintzeko epea apirilaren lehenengo hogei egun naturalekoa da. Hala da urtarrilari dagozkion zerga berezi batzuen kasuan ere.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak urriaren 18an emandako 114/2021 Foru Aginduaren bidez, aldatu zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez. Aldaketa horren ondorioz, baimena eman zen ordainketaren helbideratzea borondatezko epe osoan egin ahal izateko. Horretarako, lehen zegoen murrizketa kendu zen; izan ere, borondatez ordaintzeko epearen azken hiru egun baliodunetan ezin zen helbideratzerik egin. Horren ondorioz, 2022ko otsailaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazioetan eta autolikidazioetan, Nafarroako Foru Ogasunari jakinarazten zaizkion helbideratze aginduak borondatez ordaintzeko epe osoan aurkezten ahal dira.

Aurrekoaren arabera, autolikidazioak aurkezteko epearen azken egunera arte ordainketak helbideratzen ahalko diren lehenengo hiruhilekoa 2022ko lehen hiruhilekoa da, eta, kasu horretarako, azkeneko aurkezpen eguna 2022ko apirilaren 20a da. Berrikuntza horrek, seguruenik, berekin ekarriko du epearen azken egunean aurkeztuko diren autolikidazioak ugaltzea, eta horri gehitu behar zaio Aste Santua hurbil dagoela.

Horregatik guztiagatik, egokitzat jo da aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2022ko apirilaren 20an bukatu beharko litzatekeen epea, salbuespen gisa, 2022ko apirilaren 25era arte luzatzea.

Hori horrela, esleituak ditudan gaikuntzez baliaturik,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2022ko apirilaren 20an bukatu beharko litzatekeen epea luzatzea.

Luzatu egiten da zerga aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko 2022ko apirilaren 20an bukatzen den epea, eta, horren ondorioz, epe hori 2022ko apirilaren 25ean bukatuko da.

Azken xedapen bakarra.

Foru agindu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, aginduan berean aurreikusitako ondorioekin.

Iruñean, 2022ko martxoaren 25ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2204523