7. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARAIOA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Garaioako Udalak, 2020ko uztailaren 23an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 20an.

Jendaurreko aldian alegazioak aurkeztu ziren, eta horiek 2021eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran ebatzi ziren; ondoren, behin betiko onetsi zen ordenantza. Hori guztia, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin, Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legean duen idazketaren arabera.

Garaioan, 2021eko abenduaren 1ean.–Alkatea, José Javier Eransus Elizagaray.

ORDENANTZA, GARAIOAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Garaioako udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, ezertan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Garaioako Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Garaioako Udalak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Garaioako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultze hori gertatzen bada, lur horiek Garaioako Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio ezarririk dagoenari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan, Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko11/2004 Foru Legean duen idazketaren arabera.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Garaioako Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua. Garaioako Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

9. artikulua. Garaioako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Garaioako Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

11. artikulua. Garaioako Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

12.1. artikulua–Oro har, Garaioako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Garaioako Udalak, osoko bilkuran, Herri-basoen Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

13. artikulua. Garaioako Udalaren herri-larreek baterako ustiapen-unitatea osatzen dute, eta azken hori aprobetxamendu-eremu hauetan banaturik dago:

a) Monte de Arribako esparrua: haren perimetroa hasten da Lizartzeko ospelean eta alanbre-hesitik segitzen du Aribeko mugaraino, eta hortik Orotz-Beteluko mugaraino, hortik Azparrengo mugaraino, hortik Abaurrepeko mugaraino, eta hortik Ondarloako alanbre-hesiraino, eta segitzen du Lizartzeko ospeleraino, hots, abiapunturaino.

b) Ardaxako bazkalekuaren eremua: Potxan hasten da, errepidea eta Abaurrepeko muga elkartzen diren tokian, muga horretatik segitzen du bat egiteraino Hiriberri Aezkoako mugarekin, Itzagibelen, eta muga horretatik segitzen du Vergararen bordaraino, Hiriberrin; hortik Atazabalgo igarobideraino doa, Arburuara eta horren mugatik Potxaraino, hots, abiapunturaino.

c) Ezpelaingo eta Jurikoango bazkalekua: haren perimetroa hasten da Atakazabalgo bidea eta errepidea elkartzen diren tokian, segitzen du Uretaren alorraren eta Ezpelainen arteko mugatik, eta Etxangoaingo alanbre-hesiraino doa; hortik Arribako esparruaren mugatik segitzen du Abaurrepeko mugaraino, muga horretatik segituz, Potxaraino, eta hortik errepideari segituz, abiapunturaino, Atakazabaleraino.

d) Arrakoki-Ekiako bazkalekua: haren eremuaren perimetroa hasten da Aribeko errepide eta mugan, hortik iparralderantz jotzen du, Hiriberri Aezkoako muga aldera, eta hortik Atazabalgo Peina eta Arburua haitzetatik doa; eta, muga natural horretatik segituz, Potxako zubiraino iristen da.

14. artikulua. Herri-larreak modu hauetako batean aprobetxatutako dira, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

15.1. artikulua.–Abeltzaintza-ustiategiek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horretarako, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan alta emanda egon beharko da, eta helbidea Garaioan izan, uztailaren 2ko 150/2002 Dekretuari jarraikiz; era berean, ordenantza honen 12.1 artikuluan xedatu baldintzak ere bete beharko dira.

16. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua erreserbaturik dago azienda larriarentzat (behorrak eta behiak) eta azienda xehearentzat (ardiak eta ahuntzak). Larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Garaioako Udalak irizpide hauek zehaztu ditu:

1.–Azienda larria (behiak eta behorrak):

a) Ardaxako bazkalekua:

–Ekainaren 1etik uztailaren 1era. Nahitaezkoa izanen da larratzea azienda guztiarentzat, salbu 3 abelburu abeltzaintza-ustiategi bakoitzeko.

–Irailaren 20tik apirilaren 1era. Larratzea libre izanen da.

b) Monte de Arribako esparrua: debeku izanen da larratzea ekainaren 1etik uztailaren 1era, salbu 3 abelburu abeltzaintza-ustiategi bakoitzeko. Urtearen gainerakoan, larratzea libre izanen da.

2.–Azienda xehea (ardiak eta ahuntzak):

a) Arrakoki-Ekiako bazkalekua: urte osoa.

b) Ezpelaingo eta Jurikoango bazkalekua: urte osoa.

c) Monte de Arribako esparrua: urtarrilaren 1etik apirilaren 1era eta urriaren 1etik abenduaren 31ra.

d) Ardaxako bazkalekua: urtarrilaren 1etik apirilaren 1era.

17. artikulua. Klima-baldintzek horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Garaioako Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

18. artikulua. Udalak urtero ezarriko du herri-lurretan bazkatzen ahal den gehieneko azienda karga, Larreak antolatzeko Planaren bidez edo osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, aintzat harturik herriko abelburu kopurua eta herri-larreetako bazkaren bolumena eta kalitatea.

19. artikulua. Tasa kobratzeko eta larratze-eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Garaioako Udalak honako baliokidetza hauek ezarri ditu azienda moten artean:

AZIENDA MOTA

ADINA

AZIENDA LARRIKO UNITATEAREKIKO BALIOKIDETZA

Behi azienda

1 urtetik gora

1

Behor azienda

1 urtetik gora

1,3

Ardi azienda

0,15

20. artikulua. Finkak edukiz gero Monte de Arribako esparruko eta Ardaxako bazkalekuko larreen barnean, baldin herri-larreetatik bereizi nahi badituzte, horien jabeek hesitu egin beharko dituzte.

21. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak abeltzaintza-ustiategiaren liburuan erregistratuta egon beharko du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 6. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, eta bete beharko ditu foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarririko baldintza guztiak, saneamenduari, gaixotasunen tratamenduari eta hildako animaliei dagokienez.

22. artikulua. Larreen aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten abeltzaintza-ustiategiek Udalak urtero zehazten duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, dagokion epean eta moduan.

23. artikulua. Udalak urtero ezarriko du larreen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona, udal aurrekontua onestearekin bat. Hasiera batean, 6,0101 euroko kanona ezartzen da azienda larriko unitate bakoitzeko.

24. artikulua. Hobariak. Murriztapen berezia ezartzen da lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko edo horren azpiko pentsioa jasotzen dutenentzat.

Ordenantza honetan arauturiko zerga-egitateei dagokien kuota zatia %50 murriztuko da orokorrean aplikatzen denaren aldean, ordaindu beharra duenak Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazioa jasotzen duenean, baldin eta prestazio horren zenbatekoa ez bada lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa, edo halako 1,2 ezkontidea duenean edo ezkontzaren antzeko harremana duen norbaitekin bizi denean, bien diru-sarreren guztizkoa batuta. Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo desgaitasun bat duten diru-sarrerarik gabeko seme-alabak), lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 handituko dira aipatutako muga ekonomikoak, mendekotasuna duen pertsona bakoitzeko.

Nahiz eta aurreko baldintza bete, ez da murriztapen berezi horretarako eskubiderik izanen, baldin eta beste diru-sarrera batzuen bidez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen bada, izan eskatzailearen beraren diru-sarrerak nahiz etxean harekin bizi direnen sarrerak. Orobat, eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarria nahiz higiezina ez da izanen handiagoa 21.000 euro baino, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Eskabidea.

2. Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.

3. Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo, bestela, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, agertzen duena ez dagoela behartua hura aurkeztera, bai eta eskatzailearen edo bizikideen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako agiriak ere.

4. Udal Erroldaren bizikidetza-ziurtagiria.

Betiere, murriztapen berezi honen onuraduna larreen aprobetxamenduaren titularra izanen da.

Udalak noiznahi ikuska dezake ea betetzen diren murriztapen berezi honetarako eskatzen diren baldintzak, eta kendu eginen die baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunei, bai eta egiaztapen horretarako eskatu zaizkien frogagiriak aurkezten ez dituztenei ere.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

25. artikulua. Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuko langileek markaketa egin ondotik, udalerrian indarrean dagoen Basoak Antolatzeko Planaren arabera betiere, Garaioako Udalak etxerako epaitza bana emanen die urtero ordenantza honen 12.1 artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute Udalak ezarritako epean eta moduan.

Era berean, epaitza bana emanen zaie bi urtetik behin familia-unitateei, titularrak arau honen 12.1 artikuluaren c) apartatuan xedaturikoa betetzen ez duen kasuetan.

26. artikulua. Epaitzak zuzenean baliatu behar dira, pertsonalak eta besterenezinak dira eta ezin dira saldu, ez eta laga ere, salbu eta, azken kasu horretan, Udalak berariazko baimena ematen badu.

Aprobetxamendu-epea urte naturaleko abenduaren 31n amaitzen da. Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak ikuskapen-akta egiten duenean aprobetxamendua gauzatu gabe baldin badago, ezin izanen da beste epaitzarik eskatu egiteke dagoen aprobetxamendua gauzatu arte.

27. artikulua. Epaitzaren aprobetxamendua egiteko, mozteko lizentzia izan beharko da, Udalak emandakoa. Mozteko lizentzian, 28. artikuluan aprobetxamendurako jasotzen diren baldintzak zehaztuko dira, bai eta Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuko langileek entrega-aktan adierazitakoak ere, halakorik adieraziz gero.

28. artikulua. Epaitzaren aprobetxamendua egiteko, gutxieneko segurtasun-baldintzak bete beharko dira arropari, babeserako oinetako eta kaskoari, zuhaitzak mozteko tresnen erabilerari eta abarri dagokienez, mozteko lizentzia emateko unean indarrean dagoen legedi sektorialari jarraikiz.

29. artikulua. Zuhaitzak moztu eta ateratzean honako baldintza hauek beteko dira:

1.–Debeku da adjudikatutako epaitza ateratzea pistak busti edo heze dauden egunetan.

2.–Zuhaitzak ez dira arrastaka eramanen pistetan barna.

3.–Adarrak ahalik eta gehien aprobetxatu ondoren, pistatik kanpo atera beharko dira, eta betiere saiatu beharko da pilaturik ez uzten. Epaitza tokian bertan aprobetxatzen denean ere ez da pilarik utziko, landare gazteei kalterik ez egitearren.

4.–Alanbre-hesi, pista, areka, estolda, aska eta abarretan eragindako kalte oro lehenbailehen konpondu beharko du kaltearen egileak.

Hori bete ezean, zigor gisa, epaitza jasotzeko eskubidea galduko du urtebetez, horrek ezertan galarazi gabe Udalaren eskubidea eskatzeko eragindako kaltea konpon dezala edo kaltearen balioa ordain dezala, dagokion zehapena ezartzeaz gain.

30. artikulua. Eroritako pagoak. Familia-unitateek eskatzen ahal dituzte, baldin 12.1 artikuluaren a), b) eta d) apartatuak, gutxienez, betetzen badituzte. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko zaio Udalari, eta hark, Nafarroako Gobernuaren Mendi Zerbitzuaren bidez, kubikatu eta tasatu eginen ditu.

31. artikulua. Etxerako epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Udalak aurrekontu arruntean. Hobariei dagokienez, 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

32. artikulua. Ehiza-barrutiaren eraketan –herri-lurrak barnean hartzen dituela– eta ehizaren aprobetxamenduan aintzat hartuko da xedaturik dagoena Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean, hura garatzeko araudian eta ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamendua.

33. artikulua. Ehiza-aprobetxamenduek beteko dituzte, gainera, Ehiza Antolatzeko Planean eta aprobetxamendu bakoitzaren adjudikazioa arautzen duten baldintza-agirietan jasotako jarraibideak.

34. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza lotuko zaizkie kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

35. artikulua. Garaioako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta, lur horietan, xede hauetakoren bat duten proiektuak gauzatzekoak badira:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

36. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz familia-unitate interesdunek sustatzen ahalko dituzte, eta lehentasuna izanen dute. Hona hemen jarraiki beharreko prozedura:

1.–Garaioako Udalaren erabakia, proiektua onesteko, bai eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia ere.

2.–Hilabetez jendaurrean edukitzea eta toki erakundeak erabakia hartzea aurkezten diren alegazioen gainean.

3.–Nafarroako Gobernuaren onespena.

37. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta ez da kalte-ordainik eman beharko horrek titularrei sorturiko kalte eta galerengatik, ez eta lurretan eginak zituzten hobekuntzengatik ere, hori zuzenbidez egoki bada.

38. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

39. artikulua. Faltak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1) Falta arinak: aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea; 29. artikuluko baldintzak ez betetzea.

2) Falta astunak: 20. artikulua ez betetzea; debekuen egunak ez errespetatzea; larratze-eremuak ez errespetatzea; azienda bazkatzen edukitzea Udalari horren berri eman gabe; falta arinak metatzea; animalia hilak abandonatzea; azienda larreetatik ez ateratzea Udalak hala eskatuta; herritarrentzako dena delako aprobetxamendua behar ez bezala edo osoki ez egitea; herri-lurra erabiltzea adjudikazioaren xedea ez den beste zerbaitetarako.

3) Falta oso astunak: falta astunak errepikatzea; aziendei min egitea nahita tratu txarra emanez.

–Udalak faltatzat jotzen ahalko du herri-lurrak behar bezala ez aprobetxatzea dakarren edozein ekintza, eta horren astuntasunaren araberako zehapena ezarri, bat etorriz ordenantza honetako zehapen prozedurarekin eta falten mailaketarekin.

40. artikulua. Faltengatik, honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Falta arinak: 6 eurotik 200era bitarteko isuna.

–Falta astunak: 201 eurotik 1.200era bitarteko isuna, eta larreetatik eta/edo beste aprobetxamendu batzuetatik baztertzea urtebetetik 5 urtera.

–Falta oso astunak: 1.201 eurotik gorako isuna, eta jarduera lizentzia iraungitzeko aukera.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2117694