68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Aldaketa, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalarena, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarietarako. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udaleko osoko bilkurak hasiera batez onetsi zuen Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarirako.

Hasierako onespen hori 2021eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza arautzailea.

Hura behin betiko onetsita, bidezko da haren testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Lekunberrin, 2022ko martxoaren 21ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

Aldaketa, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalarena, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarietarako

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (LFHL) derrigorrez ezarria (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159. eta 166. arteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Ehuneko 80ko hobaria “0 isuriko ibilgailuetarako”: ibilgailu elektriko bateriadunak (IEB), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (AHIE ), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (IEHE) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

b) Ehuneko 40ko hobaria “eco ibilgailuetarako”: 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez propultsatutako ibilgailuak, gas natural bidezko ibilgailuak (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotua (PGL), nahiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari egiaztatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Zirkulazio-baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

3. Hobariek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izan ahalko dituzte uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:

–Matrikulatu direlako eta zirkulatzeko baimena dutelako tributuan alta ematen zaien ibilgailuen kasuan, baldin eta dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzen den unean aurkezten badira eskabidea eta justifikazio-dokumentazioa, alde batera utzi gabe Udal administrazioak dagokion egiaztapena egitea.

–Gainerako kasuetan, eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkezten bada zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.

4. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

5. Hobaria jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.

6. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

7. Hobariak aplikatuko dira ibilgailua matrikulatu eta hurrengo hiru urteetan.

Iragarkiaren kodea: L2204174