68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITURMENDI

Udal ordenantza, Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Iturmendiko Udalak, 2018ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Ordenantza hori jendaurrean egon da, iragarkia argitaratuta iragarki-taulan eta 2018ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 26an.

Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua.

Iturmendin, 2018ko maiatzaren 23an.–Alkatea, Victoriano Gabirondo Lanz.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUTSUAK ETA BESTELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Iturmendiko udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez fauna basakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arraza batekoa dena, eta ondasunei kalte egin diezaiekeena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrierra, ausiki zakur mallorcarra, ausiki zakur kanariarra, artzanor napoliarra, bullmastiffa, dobermana eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3. Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

4. Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetako kasuetan, eta 4. apartatuko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adin nagusikoa izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren bidez.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiriak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egin diezazkieketen kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onesten den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Iturmendin bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Iturmendin egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Iturmendin egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izanik ere, herritarrek Iturmendiko Udalari jakinaraz diezaiokete udalerrian badirela halako animaliak dituztenak, jabeak nahiz edukitzaileak, Udalak egin ditzan legeen arabera bidezkoak diren urratsak.

4. Lizentziak 5 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie.

Aurrekoa gorabehera, Udalak egiazta dezake, ofizioz edo salaketaren ondorioz, lizentzia indarrean dagoen bitartean, ea arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak eusten dien lizentzia eskuratzeko baldintzei, eta dagokion ikuskapena egin ondotik egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, iritziko zaio ez duela animalia edukitzeko lizentziarik, eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 3. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen bada nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Iturmendira ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beherakoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Iturmendiko Udalari komunikatu beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animalia espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa baldin bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki ez duela arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroaren datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Bide publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta espazioetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak eramanen dira gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adingabeek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek berek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinaleztatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

7. artikulua. Beste arau batzuk.

1. Ordenantza honen 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.

b) Hiri-lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bost metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.

2. Zakur batek edo beste edozein animaliak bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo beste edozein eremu publikotan kaka egiten badu, paseatzen duenaren erantzukizuna da hura une horretan garbitzea.

3. Debeku da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia- edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

4. Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

5. Zakurren jabeei aholkatzen zaie erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, zakurrak hirugarrenei egin diezazkieketen kalteak estaltzeko.

6. Zakurraren jabeak edo edukitzaileak animalia isilaraziko du berehala, gainerako auzotarrak gogaitzen dituzten zaratak egiten baditu.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo astuntzat jotzen dira:

1. Arriskutsutzat jotzen den animalia erabilera publikoko espazio edo toki publikoetan barna ibiltzea lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adingabe batek daramala.

2. Uztea, egitez edo ez-egitez, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte egiten, bestela, edozein ondasuni, hala bide publikoan nola leku pribatuetan, halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe, erasoaren unean edo aurretik.

3. Iturmendiko Udalaren errekerimenduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honen 7. artikuluko edozein apartatutan xedatzen dena ez betetzea.

9. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30,05 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste arinak 30,05 eurotik 42,07 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste astunak 42,08 eurotik 90,15 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste oso astunak 90,16 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, egitez edo ez-egitez arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

–Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori den.

Arau-haustean berrerori dela iritziko zaio, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategiaren xedea da Iturmendiko Udalak bete ditzala 50/1999 Legeak udalen esku uzten dituen obligazioak. Fitxategia Iturmendiko Udalak bakarrik erabiliko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuetan sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplika daitezkeen xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

Iragarkiaren kodea: L2203733