68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Ordenantza, kiroldegiko kirol-instalazioen funtzionamendua eta 2022rako prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2021eko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kiroldegiko kirol-instalazioen funtzionamendua eta 2022rako prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu osoko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.

Arbizun, 2022ko martxoaren 14an.–Alkatea, Francisco Javier Razquin Flores.

ORDENANTZA, arautzen dituena kiroldegiko kirol-instalazioen funtzionamendua eta 2022rako prezio publikoak

I.–Manu orokorrak.

1. artikulua. Testu hau onestean da Arbizuko Udalak lurraldeko administrazio publikoa den aldetik aitortuak dituen erregelamendu eta zerga ahalmenak erabiliz. Hala aitortzen zaizkio Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 a) eta b) eta 106. artikuluetan; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. eta 324. artikuluetan eta hurrengoetan; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan, eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 19.1.b artikuluan.

II.–Zerga-egitatea.

2. artikulua. Tasa hauen zerga-egitatea dira Arbizuko Udalak –zuzenean edo kultur eta kirol instalazioak kudeatzen dituen Askalats SL tokiko merkataritza sozietatearen bitartez– eskaintzen dituen jarduerak, baita ere udal instalazioak erabiltzea eta alokatzea eta antzeko beste guztiak.

III.–Ordainketa.

3. artikulua. Honela ordainduko da tasa:

Aldizka erabiltzen ez den kasuetan, tasa aurretik ordaindu beharko da, erabiltzaileak instalazioaren erreserba egiten duenean, Askalats SLk horretarako ezartzen duen tokian, ikastaro edo jardueraren baldintzen arabera kasu bakoitzean ezartzen den moduan eta tokian.

Udalaren kirol instalazioetan urteko edo hilabeteko abonu modalitateetan abonatu nahi duten pertsonek, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–NANa, eta ordainketa eskudirutan eginen da.

Kuotak ordaintzen ez badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta abonatuaren erantzunik ez badago haietako bakoitzari emandako hilabeteko epean, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondoren, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du.

IV.–Subjektu pasiboa.

4. artikulua.

4.1. Tasa hauek ordaintzera beharturik daude ordenantza honetako udal kirolguneetako espazio eta zerbitzuak erabiltzen dituztenak, baita Askalats SLk eskainitako kirol eta jardueretan inskribatzen diren erabiltzaileak ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluari jarraikiz.

4.2. Aurreko 1. puntuan aurreikusitakoa galarazi gabe, tasen ordainketak prozedura berezia izan dezake, hitzarmen bidez, honako erabiltzaile hauen kasuan:

a) Kirol eta aisialdi elkarteak.

b) Teknifikaziorako kirol zentroak.

c) Ikastetxeak eta unibertsitateak.

d) Profesionalak ez diren kirol klubak.

e) Kirol federazioak.

f) Irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak.

Hitzarmenak sinatzeko orduan kontuan hartuko diren irizpideak izanen dira:

–Udal eskolak sustatu, bultzatu eta sortzea, udal interesekoak badira.

–Kirol instalazioak erabiltzea liga edo txapelketetan, instalazio hori klub horiek etxeko jokalekutzat erabiltzen badute, barne izanik lagunarteko partidak eta astean zehar entrenamenduetarako erabiltzen diren orduak.

–Lotura eta integrazioa Arbizuko udalerriarekin.

–Egoitza soziala Arbizun izatea.

–Tokiko txapelketak egitea iraupen zehatz batekin.

–Interes orokorrekotzat jotzen diren bestelakoak.

4.3. Aurreko 4.2 artikuluan aipatutako hitzarmena izateko, nahitaezkoa izanen da eskatzen den instalazioaren erabilerak bat egitea eskatzailearen estatutuetan jasotako xede sozialarekin.

4.4. Arbizuko Udalak berak eta/edo Askalats SLk antolatutako jarduerengatik (Inauteriak, Arbizuko festak, kirol txapelketak, Olentzero eta abar) ez da tasarik ordainduko.

4.5. Salbuetsita egonen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean jasotakoak.

V.–Tributu-kuotak. 5. artikulua.

5.1. Tasak izanen dira apartatu hauetan jasotako tarifetan ezartzen direnak:

Kirol instalazioak erabiltzeko prezioak, BEZa barne:

b) Pilotalekua eta igerileku estalia

–Hasierako sarrera (matrikula):

  • Haurrak, bi gurasoak abonatuak izanda: 0 euro.
  • Haurrak, gurasoetako bat abonatua izanda: 17 euro.
  • Haurrak (4-13 urte): 30 euro.
  • Gazteak (14-17 urte): 40 euro.
  • Helduak (18-65 urte): 78 euro.
  • 65 urtetik gorakoak: 23 euro.

–Hileko tasak eta abonatuak:

  • Haurrak, bi gurasoak abonatuak izanda: 0 euro.
  • Haurrak, gurasoetako bat abonatua izanda: 8,25 euro.
  • Haurrak (4-13 urte): 13 euro.
  • Gazteak (14-17 urte): 15,50 euro.
  • Helduak (18-65 urte): 23 euro.
  • 65 urtetik gorakoak: 14,50 euro.

–15 eguneko abonuak:

  • Haurrak (4-13 urte): 32 euro.
  • Gazteak (14-17 urte): 40 euro.
  • Helduak (18-65 urte): 62 euro.
  • 65 urtetik gorakoak: 32 euro.

–Eguneko sarrera:

  • Haurrak (4-13 urte): 4 euro.
  • Gazteak (14-17 urte): 5 euro.
  • Helduak (18-64 urte): 7 euro.
  • 65 urtetik gorakoak: 4,5 euro.
  • Pilotalekua bakarrik: 4 euro.
  • Dutxatzea: 3,00 euro.
  • Atzera itzulitako bankuko ordainagiriak: 0,5 euro.
  • Txartel berria eskatzea: 3,5 euro.

5.2. Hobariak.

5.2. Familia ugarietako eta familia gurasobakarreko kide guztiek %15eko hobaria jasoko dute abonu modalitate guztietan eta kirol eta kultur jardueretan izena emateko ezarritako tasa eta prezio publikoen zenbatekoan.

Errenta-tarteen araberako hobari horien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta zatituko da familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin. Hobaria jasotzeko eskubidea duten subjektuen muga ezarriko da, baldin eta bakarka 18.000 euroak gainditzen badira familia gurasobakarren kasuan, eta guztizkoaren baturan, familia ugarien kasuan.

Per capita errenta 18,000 eurotik behera: %15.

5.2.1. Genero-indarkeriaren biktimek %15eko hobaria jasoko dute.

5.2.2. Ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa egiaztatzen dutenek %10eko hobaria jasoko dute.

Per capita errenta 18,000 eurotik behera: %10.

5.2.3. Arau orokor gisa, 5.2.1 eta 5.2.2, 5.2.3 eta 5.2.4. apartatuetan araututako tarifen hobarien ehunekoak ezin izanen dira metatu, eta bakarrik aplikatuko da onuragarriena dena eskatzailearendako.

5.2.4. Dokumentazioa.

–Familia ugariendako:

  • Administrazio eskudunak emandako familia ugariaren titulua/txartel ofiziala.
  • Errenta aitorpena.

–Familia gurasobakarrendako:

  • Administrazio eskudunak emandako familia gurasobakarraren titulua.

Errenta aitorpena.

–Genero-indarkeriaren biktimendako:

  • Hori hala dela zehazten duen epaia.
  • Errenta aitorpena.

–Desgaitasuna duten pertsonendako:

  • Administrazio eskudunaren aitorpena.
  • Errenta aitorpena.

5.2.5. Lau urtetik beherako haurrek %100eko hobaria izanen dute sarrera edo abonuen prezioetan, baldin eta abonaturik dagoen edo sarrera ordaindu duen pertsona arduradun batekin badoaz.

5.2.6. Baimena ematen zaio Udalari eta/edo Askalats SLri %5, %10, %15, %20, %25 eta %50eko hobariak aplikatzeko, abonatu berriak erakartzeko sustapen-kanpainak egiteko, Udalak ezarritako baldintzetan.

VI.–Kudeaketa arauak.

6. artikulua.

6.1. Zerbitzu edo jarduera horiek zuzenean ematen ditu Udalak eta/edo Askalats SLk.

6.2. Ordenantza hau indarrean den bitartean abiarazten bada ordenantzan aurreikusi gabeko instalazioren bat, honetan jasotako tasak aplikatuko dira, analogiaz.

6.3. Ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

6.4. Kirol instalazioetan baja emateak edo horiek ez erabiltzeak ez du sortzen tarifaren zenbatekoa itzuli beharra, salbu eta baja hori behar bezala arrazoitua badago; halakotzat jotzen da:

–Jarduera egitea galarazten dion eritasun larria izatea. Medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Ondorio horietarako eritasun larritzat joko dira uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuaren eranskinean jasotako zerrendan agertzen direnak (uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretua, minbiziak edo beste eritasun larri batek jotako adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzeko eta garatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemaren barnean).

Ikastaroa edo jarduera hasi ez bada, tarifa osorik itzuliko zaio. Ikastaroa hasi bada, hilabete osoka hainbanatuko da.

6.5. Erabiltzaileek berekin atxiki beharko dituzte instalazioak erabiltzeko sarrerak, karnetak edo abonuak, barnean dauden bitartean, instalazioen arduradunek eskatuz gero erakutsi ahal izateko.

6.6. Instalazioen ardura duten langileek sarrerak eskatu eta ez aurkezteak udal kiroldegiaren eremutik kanporatzea izan dezake zehapen.

6.7. Instalazioen erabiltzaileek aldiro errespetatu beharko dute instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza, zeina horietako bakoitzean ikusgai egonen baita.

6.8. Guztiz debeku da Udalaren kirol instalazio bat erabiltzea eskolak emateko, erabilera eta onura partikularretarako, salbu berariaz eta idatziz baimendutakoak. Horrela bada, agertzen direnei ezin izanen zaie kobratu egintza bakoitzerako egiten den inbertsioaren %120 baino gehiago zati instalazio hartan gehienez ere sar daitekeen legezko jende kopuru osoa.

6.9. Inprimatze edo tipografia akatsik izanez gero, baliodunak izanen dira Askalats SLk onetsitako programazioetako zenbatekoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi gabekoetan, honako hauetan dauden arauei jarraituko zaie: Ordenantza fiskal orokorra eta 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa; 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Nafarroako Tributuei buruzkoa; 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako lege xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2203778