68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72E/2022 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita altzairu soldatuzko hodiak fabrikatu, moztu eta mekanizatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua; instalazioa Lesakako udal mugartean dago, eta titularrak Zalain Transformados SL eta Mecanizados de Zalain SL dira.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urtarrilaren 18an emandako 51E/2019 Ebazpenaren bidez, altzairuzko hodiak fabrikatzeko jarduerarako ingurumen baimen integratua eman zitzaion instalazio honi, eta haren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean, epe ertain-luzeko helburu hau ezarri zen: urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak –Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duenak– III. eranskinean ezarritako immisio akustikoko gehieneko mugak betetzea, mailaka, titularrak 2018ko azaroaren 16an aurkeztutako “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” delakoan ezarritako jarduketak eta, hala badagokio, hobekuntza akustikorako ondorengo planetan ezarritakoak gauzatuta. Gainera, aldi baterako, 2019ko abenduaren 31ra arte, instalazioak immisio akustikoko gehieneko muga lasaiagoak bete behar zituen.

2020ko otsailaren 13an, titularrak “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” delakoan ezarritako jarduketak gauzatzen bukatu zuelako ziurtapen teknikoa aurkeztu zuen.

II. eranskin horretan xedatutakoaren arabera, 2020ko martxoaren 31n, titularrak saiakera akustikoen laborategi bermatu baten txosten teknikoa aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Horren bidez, ziurtatu zuen instalazioak betetzen zituela aldi baterako, 2019ko abenduaren 31ra arte, ezarritako immisio akustikoko gehieneko mugak.

Egun berean, 2020ko martxoaren 31n, titularrak azterketa akustiko bat aurkeztu zuen “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” garatu ondoren lortutako eraginkortasuna egiaztatzeko asmoz. Horren bitartez, agerian jarri zuen ezen, kamioien zirkulazioa kontuan hartu gabe, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako immisio akustikoko gehieneko mugak, epe ertain-luzerako helburu gisa ezarri zirenak, bai goizez bai arratsaldez betetzen zirela bizitegi-eremuetan, baina ez gauez, instalaziotik hurbilen zeuden etxebizitzetan.

Era berean, aipatutako azterketa akustikoan, emisio akustikoko mailak gehiago murrizte aldera teknika erabilgarri onenak aplikatzeko aukera ebaluatu ondoren, ondorioztatu zen ezin zirela jada immisio akustikoko mailak gehiago murriztu, instalazioaren eta ukitutako etxebizitzen artean pantaila akustiko bat eraiki ezean.

2021eko urtarrilaren 27an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak hobekuntza akustikoko beste plan bat aurkezteko eskatu zion titularrari; bertan, aipatutako pantaila akustikoaren eraikuntza barne hartu edo, bestela, hori gauzatzearen bideraezintasun teknikoa egiaztatu behar zuen. Bideraezina izanez gero, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak immisioko gehieneko muga lasaiagoak ezarri behar zituen ukitutako eremu akustikoaren zatirako, ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean xedatutakoaren arabera.

2021eko apirilaren 29an aurkeztutako justifikazio agiri batean, Zalain Transformados SLk hau azaldu zuen: instalazioak ezin ditu immisio akustikoko mailak gehiago murriztu teknika erabilgarri onenak aplikatuta; izan ere, pantaila akustikoa eraikitzea bideraezina da, ukitutako etxebizitzetatik hurbil legokeelako, ikusizko eragin oso nabarmena edukiko lukeelako eta horren eraginez etxebizitza horietan bizi diren pertsonek neurria gauzatzeari uko egiten diotelako.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 17ko 146E/2021 Ebazpenaren bidez erabaki zen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 51E/2019 Ebazpenean emandako ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzeko prozedura abian jartzea, II. eranskinean ezarritakoari jarraituz, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoarekin (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), aldaketaren helburua izanik immisio akustikoaren muga-balio lasaiagoak ezartzea urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak baino, ukitutako bizitegi-eremu akustikoaren zatirako.

Espedientean zegoen dokumentazioaren azterketa teknikoa egin ondoren, ebazpen proposamena egin zen, ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzen zituena, eta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 17ko 146E/2021 Ebazpenean ezarritakoari jarraituz, espedientea jendaurrean jarri zen hamabost egunez, aldez aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita. Ez zen alegaziorik aurkeztu.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutako administrazio prozedurarekin bat.

Halaber, ebazpen proposamena instalazioaren titularrari eta prozedurako interesdunei entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez. Titularrak alegazio bat aurkeztu du, ebazpen honen eranskinaren testua egokitzeko ohar bat, ezarritako baldintzak ukitzen ez dituena.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Lesakako udal mugartean altzairu soldatuzko hodiak fabrikatu, moztu eta mekanizatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularrak Zalain Transformados SL eta Mecanizados de Zalain SL dira.

Bigarrena.–Immisio akustikoaren muga-balio berriak betetzeko epea bi hilabetekoa izanen da, ebazpen honen datatik hasita.

Hirugarrena.–Zalain Transformados SL eta Mecanizados de Zalain SL enpresak, instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Zalain Transformados SLri, Mecanizados de Zalain SLri, Lesakako Udalari, Luis Francisco Plaza Zugarramurdiri, María Maddalen Garbisu Irazoquiri, Andrea Plaza Garbisuri eta Xabier Plaza Garbisuri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2204143