68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2022 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko “El Montecillo” parke eolikoa jartzeko Corellan, 7 haize-sorgailurekin eta 40,6 MW-ko potentziarekin.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2019ko apirilaren 23an, 125/1996 Foru Dekretuaren baitan eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, “Corral del Molino I”, “Corral del Molino II”, “El Montecillo”, “La Senda” eta “Volandín” parke eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu zuen Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak, baita Nafarroako Tutera, Corella, Castejón, Fontellas, Ablitas eta Murchanteko udalerrietan kokatutako ebakuazio-azpiegiturena ere.

2019ko maiatzaren 16an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duena. Horren bidez, Nafarroako parke eolikoen ezarpena arautzen zuen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua indargabetzen da. Foru dekretu horren lehen xedapen iragankorrari jarraikiz, 2019ko maiatzaren 22an, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskaera hori helarazi zion zerbitzu honi, aipatutako foru dekretuaren arabera izapidetzeko. Halaber, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak foru dekretu berriaren 6. artikuluan eskatzen diren dokumentuak bete zituen, aipatutako parke eolikoak eta haien ebakuazio-azpiegiturak instalatzeko aurretiazko administrazio baimena eskatzeko.

El Montecillo parke eolikoaren aurreproiektuaren arabera, Corellako udalerrian 3,8 MW-ko 8 haize-sorgailu jartzea zen asmoa, guztira 30,4 MW-ko potentzia izateko.

Parke eolikoaren ebakuazioa 30/66 kV-eko “El Montecillo” transformazio-azpiestazioaren bidez egiten da. Bertatik, energia elektrikoa 66kV-eko linea elektriko batean zehar garraiatzen da “Corral del Molino I” (lehen “La Senda” izena zuen) transformazio-azpiestazioraino. Bai linea, bai azpiestazioa Corellako udalerrian kokatuta daude. Azpiestazio horretatik, 400 kV-eko “La Serna” transformazio-azpiestazioaren ondoan dagoen 400/220/66 kV-eko “La Cantera” transformazio-azpiestaziora ebakuatuko da energia, 66 kV-eko linea baten bidez. “Corral del Molino I” transformazio-azpiestazioa eta bertatik abiatzen den linea elektrikoa “Corral del Molino I” parke eolikoaren espedientean (1170-CE) izapidetu dira.

2.–Ingurumen-eraginaren azterketaren eta aurreproiektuaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen da. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak egindako eskaera jendaurrean jarri zen 30 egunez. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2019ko uztailaren 18an, 139. zenbakia) eta Diario de Noticias egunkarian (2019ko uztailaren 19an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera bidali zion Corellako Udalari, jendaurrean jarri eta iritzia eman zezan.

Halaber, txostena egiteko eskatu zitzaien Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Azkenik, aurreproiektuaren separatak bidali zitzaizkien Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari (altxonbideak), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Enagás Transporte entitateari, Nedgia Navarra enpresari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes entitateari, Red Eléctrica de España enpresari eta Telefónica de España entitateari, txostena egin zezaten.

4.–Jasotako alegazio eta txostenak.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako alegazio eta txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

–Alegazioak:

  • 1. alegazioa.–Moncayoko Ur Mankomunitatearena, 2019ko abuztuaren 1ekoa.
  • 2. alegazioa.–Pronature talde ekologistarena, 2019ko abuztuaren 10ekoa.
  • 3. alegazioa.–Amigos de la Tierra La Rioja elkartearena, 2019ko abuztuaren 11koa.
  • 4. alegazioa.–Alfaroko Udalarena, 2019ko abuztuaren 26koa.
  • 5. alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2019ko abuztuaren 27koa.
  • 6. alegazioa.–María Villar Mateo andrearena eta Rubén Escalante Mateo jaunarena, 2019ko irailaren 3koa.
  • 7. alegazioa.–Luis Ángel Calvo Fraile jaunarena, 2019ko urriaren 4koa.

Alegazioen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Txostenak:

  • 1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2019ko ekainaren 21ekoa.
  • 2. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena, 2019ko uztailaren 31koa.
  • 3. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalarena, 2019ko abuztuaren 5ekoa.
  • 4. txostena.–Enagás Transporte enpresarena, 2019ko abuztuaren 8koa.
  • 5. txostena.–i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresarena, 2019ko abuztuaren 22koa.
  • 6. txostena.–Red Eléctrica de España enpresarena, 2019ko urriaren 2koa.
  • 7. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena, 2019ko urriaren 10ekoa.
  • 8. txostena.–Nedgia Navarra enpresarena, 2019ko azaroaren 12koa.
  • 9. txostena.–Corellako Udalarena, 2019ko abenduaren 17koa.
  • 10. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloa), 2020ko urtarrilaren 9koa.
  • 11. txostena.–Telefónica de España enpresarena, 2020ko otsailaren 28koa.
  • 10bis txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa) 2020ko irailaren 8koa.

Ez zen erantzunik jaso Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik ezta Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataletik ere (altxonbideak).

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresari igorri zizkion aurreko alegazioak eta txostenak.

6.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2019ko abenduaren 16an Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatzeko dokumentuak aurkeztu zituen. Eskaera hartan, jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten esparruan jasotako alegazioei eta txostenei ematen zizkien erantzunak bildu zituen.

Gainera, aurreproiektua jasotako txostenetara egokitzeko asmoz, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak aurkeztutako dokumentu teknikoetan aldaketa batzuk egin ziren, 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentuekin alderatuz. Zehazki, 5 haize-sorgailu hauen kokapena aldatzen da:

–MO–05. Helburua: Helburua: haize-sorgailuaren zimenduen zati bat parke eolikoak eraikitzeko desegokitzat kalifikatutako eremuan egotea saihestea, eta horren ordez nekazaritza-produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezinean kokatzea; izan ere, baimenduta baitago haize-sorgailuak horrelako lurzoruetan instalatzea.

–MO–06 eta MO–07. Helburua: lerro bereko haize-sorgailuak bata bestearengandik errotorearen hiru diametroko distantziara kokatzea, eta aztarnategi arkeologikoak kaltetzea saihestea.

–MO–02 eta MO–03. Helburua: lerro bereko haize-sorgailuak bata bestearengandik errotorearen hiru diametroko distantziara kokatzea, eta hurrenez hurren MO–01 eta MO–02 haize-sorgailuengandik aldentzea.

Horrela, haize-sorgailuak kokapen hauetan ezarriko dira:

EL MONTECILLO PARKE EOLIKOKO HAIZE-SORGAILUAK

UTM koordenatuak (30-ETRS89 ardatza)

Izena

X

Y

MO–01

595.715

4.663.054

MO–02

596.049

4.663.356

MO–03

596.501

4.663.585

MO–04

596.867

4.663.824

MO–05

596.455

4.662.068

MO–06

596.783

4.662.341

MO–07

597.230

4.662.422

MO–08

597.549

4.662.816

Poligonala ez da aldatzen 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentuekin alderatuta.

Era berean, 2020ko ekainaren 22an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak 66 kV-ko ebakuzaio-linearen aurreproiektua egokitzeko eskaera egin zuen. Ibilbidea berbera izanen litzateke, baina zirkuitu bikoitza izanen luke lineak, proiektu bat baino gehiago aldi berean ebakuatu ahal izateko.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu horren beraren arabera, Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaerak nahiz haiekin batera aurkeztutako dokumentazioa Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali ziren, hurrenez hurren.

7.–Ingurumen-eraginaren adierazpena.

Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki da:

“Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoan, ondorioztatu du ingurumen-eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen-eraginaren adierazpena egitea, eta hartan zehaztea Montecillo, La Senda (gaur egun Corral del Molino I), Volandín eta Corral del Molino II parke eolikoek daukaten ingurumen-eragina moderatuaren eta larriaren artekoa dela, eta ingurumenaren aldetik bateragarriak izan daitezkeela ingurumenaren babesarekin, erabat edo partez, baldin eta zenbait neurri eta baldintza betetzen badira, zeinak jasota baitaude aurkezturiko ingurumen-eraginaren azterketetan eta ingurumen-eraginaren adierazpen honetan”.

Horregatik, ebazpen berean esaten da “El Montecillo” parke eolikoaren ingurumen-eraginaren adierazpena ona dela.

Azkenik, ezartzen da jarduera egin dadila aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei eta ebazpenean bertan ezartzen direnei jarraikiz. Hona hemen baldintza horiek:

–MO-01, MO-02, MO-03, eta MO-04 haize-sorgailuen kokapena aldatzea, hegalen muturra topografia aldatzen eta sasiz jositako magala hasten den tokitik 100 metro edo gehiagora kokatzeko helburuarekin.

–MO-01 eta MO-05 haize-sorgailuen kokapena aldatzea, hegalak ez daitezen pasatu Ombatillo-ko (Morterete) Nafarroako estepako abifauna zaintzeko interes-eremuaren gainetik.

–MO-04 haize-sorgailuaren kokapena aldatzea, lurzoruaren higadura gutxitzeko eta mendi-magalaren egonkortasuna handitzeko, baita paisaiaren, faunaren eta landarediaren aurkako eragina murrizteko ere, batez ere 6220* lehentasuneko intereseko habitataren (urterokoen eta bizikorren larre mediterranear xerofitikoak) gainekoa.

–66 kV-ko ebakuazio-linea lurperatzea, puntu honetatik (X: 609.280, Y: 4.663.750) puntu honetaraino (X: 610.203, Y: 4.662.309), A-68 errepidearen hegoaldean, ingurumen-eragina murrizteko.

8.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 9ko 296E/2021 Ebazpenaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimena eman da El Montecillo parke eolikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako.

Aipatutako ebazpenak aukera ematen du parke eoliko bat egiteko honako osagai hauekin: 8 haize-sorgailu, sarbideak, lurpeko zirkuitu elektrikoak, neurtzeko dorre anemometriko bat, transformazio-azpiestazioa (ST 30/66kV El Montecillo) eta 66kV-ko ebakuazio linea bat SET 66/220kV La Senda (orain Corral del Molino I izena duena) azpiestazioraino.

Azkenik, ebazpenean kontuan hartu beharreko zenbait zehaztapen tekniko aipatzen dira.

9.–Alegazioen eta txostenen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako dokumentu guztiak kontuan harturik, jaso diren alegazioen eta txostenen analisia ebazpen honen I. eta II. eranskinetan egiten da.

10.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

2021eko Irailaren 8an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak idazki bat aurkeztu zuen, El Montecillo parke eolikoaren jabetza Renovables del Cierzo SLU enpresari eman nahi ziola jakinarazteko. Enpresa horrek onartu egin zuen jabetza, eta bi alderdiek adostu zuten elkarri lagunduko ziotela parke eolikoaren jabetza formalki eskualdatzeko beharrezko kudeaketa guztiak egiteko. Renovables del Cierzo SLU garapen eolikorako enpresa bat da, % 100ean Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresaren partaidetzapekoa, enpresa eratzeko eskrituran agertzen denaren arabera.

Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareak atzitzeari eta konektatzeari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren bigarren azken xedapenak abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123. artikulua aldatzen du, eta haren arabera, ziurtatzen da akordio lotesle bat dagoela Renovables del Cierzo SLU, Suno Energía 4 SLU eta Suno Energía 5 SLU enpresen artean, “El Montecillo”, “Corral del Molino II” eta “Corral del Molino I” parke eolikoen ebakuazio-azpiegituren eta “Cierzo” eta “Guardian” instalazio fotovoltaikoen erabilera partekatzeari dagokionez.

Renovables del Cierzo SLU enpresari atzitzeko eta konektatzeko baimena eman dio Serna 400 kV azpiestazioko garraio-sarearen kudeatzaileak, Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak 53. artikuluan eskatzen duen bezala. El Montecillo parke eolikoari dagokion atzitze- eta konexio-ahalmena 39 MW-koa da.

2021eko abenduaren 15ean, Renovables del Cierzo SLU enpresak idazki bat aurkeztu zuen El Montecillo parke eolikorako aurretiazko administrazio baimena eguneratzea eskatzeko. Parke eoliko horretan 5,8 MW-ko 7 haize-sorgailu daude, ingurumen-eraginaren adierazpenean nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenean ezarritakoari jarraikiz kokatuta, guztira 40,6 MW-ko potentziarekin. Bertan zehazten da, parke eolikoaren potentzia sustatzailearen atzitzeko eta konektatzeko baimenera egokitzeko, MO-08 haize-sorgailua kendu egin dela eta potentzia uneoro software bidez mugatuko dela.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Renovables del Cierzo SLU enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du Renovables del Cierzo SLU enpresari aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Aurretiazko administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLU enpresari, energia elektrikoa ekoizteko “El Montecillo” parke eolikoa instala dezan Corellako udalerrian, 7 haize-sorgailurekin eta 40,6 MW-ko guztizko potentziarekin, baita transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak ere, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 9ko 296E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

2.–Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3.–Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura; Ingurumen Eraginaren Atalera; Lurraldearen Antolamenduaren Atalera; Ondare Arkitektonikoaren Atalera; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera; Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5.–Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLU enpresari, Pronature talde ekologistari, Amigos de la Tierra La Rioja elkarteari, Gurelur elkarteari, Enagás Transporte enpresari, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari, Red Eléctrica de España entitateari, Nedgia Navarra enpresari, Telefónica de España entitateari, María Villar Mateo Catalán andreari, Rubén Escalante Mateo jaunari eta Luis Ángel Calvo Fraile jaunari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6.–Ebazpen hau jakinaraztea Alfaroko Udalari, Moncayoko Ur Mankomunitateari, Corellako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 3an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Moncayoko Ur Mankomunitatearena.

2019ko abuztuaren 1eko 2019/638468 eskabidean, Moncayoko Ur Mankomunitateak honako hau adierazi zuen: “aurreikusitako AP22 euskarria garai batean Alfaro hornitzen zuen eta gaur egun, besteak beste, AP-68 autobideko instalazioak hornitzen dituen hornidura-sarearen inguruan kokatuko da”. Horrenbestez, haren zortasuna errespetatzeko eta lanak egiteko prozesuak izan ditzakeen eraginak kontuan hartzeko eskatu zuen.

Erantzuna:

Renovables del Cierzo SLU enpresak kontuan hartu du Moncayoko Ur Mankomunitateak adierazitakoa eta, Montecillo transformazio-azpiestazioaren eta La Serna transformazio-azpiestazioaren arteko 66 kV-ko goi-tentsioko aire-linearen exekuzio-proiektua idatzi aurretik, harremanetan jarriko da erakunde horrekin, zehatz-mehatz jakiteko non dagoen hornidura-sare hori eta errespetatu beharreko zortasuna zein den argitzeko.

2. alegazioa.–Pronature talde ekologistarena.

2019ko abuztuaren 10eko 2019/679582 eskabidean, Álvaro Palacios Muro jaunak, PRONATURE talde ekologistaren izenean, honako hau adierazi zuen:

1.–Interesduna dela, eta informazioa eta txostenak eskuratu nahi dituela.

2.–Abifaunari buruzko txostena ez dela osoa, eta bederatzi hilabeteko epea baizik ez duela kontuan hartzen.

3.–Abifaunari buruzko azterketaren informazioa ez dela aski eta beste parke eoliko batzuetan oinarritzen dela.

4.–Ez dela egoki aztertu parke eoliko guztien artean eragiten duten hesi-efektu metatua.

5.–Eremuko parke eolikoen eraginari buruzko ingurumen-ebaluazio bateratua behar dela.

Erantzuna:

2020ko urtarrilaren 23an, erakundeek emandako txostenak igorri zituen zerbitzu honek (56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua).

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

3. alegazioa.–Amigos de la Tierra La Rioja elkartearena.

2019ko abuztuaren 11n egindako eskabidean, Juan Donaire Merino jaunak, Amigos de la Tierra La Rioja elkartearen izenean, idazki bat aurkeztu zuen, Pronature talde ekologistak aurkeztutakoaren berdina.

Erantzuna:

Alegazio honen erantzuna bat dator Pronature talde ekologistari emandakoarekin.

4. alegazioa.–Alfaroko Udalarena.

2019ko abuztuaren 26an egindako eskabidean, honako hau adierazi zuen Alfaroko Udalak:

1.–Parke eoliko bat bi instalaziotan zatitu dela: “El Montecillo” eta “La Senda”.

2.–Alfaroko Udalak interes zilegia duela.

3.–Ez dela justifikatu ezarpen eremuaren eta Corellan beste parke eoliko bat ezartzearen behar agerikoa.

4.–Alfaroko udalerrian ikusizko inpaktua izanen duela.

5.–Eragina duela hegaztien hegan egiteko ibilbideetan eta migrazioetan, batez ere hauenean: Alfaroko amiamoko zuria, miru gorria eta zingira-mirotza.

6.–Hegaztien eta saguzarren hilkortasuna kezkagarria dela.

7.–Habitatei buruzko 97/62/EEE Zuzentarauan sartuta dauden estepako habitat batzuk guztiz babesgabe geldituko direla.

8.–Proiektuen eraikuntzak kalteak eraginen dituela: ur-ingurunean duen eragina, lurzoruaren higadura, zarata, sute arriskua, isuri arriskua eta atmosferan duen eragina.

9.–Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak falta direla.

Erantzuna:

Parkeen tratamenduari dagokionez, adierazten da bi parkeen sarbideak guztiz independenteak direla, parkeen arteko distantzia 5 km baino gehiagokoa dela eta 30 kV-ko barne-zirkuituak nahiz 30/66 kV-ko transformazio-azpiestazioak independenteak direla; izan ere, ebakuazio-azpiegiturak soilik partekatzen dituzte, ingurumen-eragina murrizteko helburuarekin.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

5. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

2019ko abuztuaren 27an, Antonio Munilla García jaunak, Gurelur elkartearen izenean, alegazio idazki bat aurkeztu zuen eta, bertan, aurkeztutako dokumentazio teknikoari ikusten dizkion oztopo administratibo eta teknikoak aipatzen ditu, bereziki aurkeztutako ingurumen-eraginaren azterketari dagokionez. Zehazki, honako hau adierazten du alegazioan:

1.–Sustatzaileak beren artean independenteak ez diren 5 parke eoliko aurkeztu zituen. Ez dira independenteak, batzuek behar dituztelako besteen aurreproiektuan dauden azpiegiturak.

2.–Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ez du betetzen irismeneko txostenaren “IEEan sartu beharreko eduki espezifikoak” izeneko atalean jasotzen dena. Zehazki esateko, ez da egin haize-sorgailuak kokatzeko proposamen arrazoizkoak dituen aukeren azterketa bat, ezta azpiestazio elektrikoa, kontrolerako eraikina eta dorre anemometrikoa kokatzeko ere, eta ez da aztertu 0 aukera, edo parke eolikoren bat ez egiteko aukera ere.

3.–Estepako abifauna aztertzeko metodologiak ez du balio.

4.–Urteko azterketak eta eraginen balorazioak ez dute betetzen irismeneko dokumentuak eta Ingurumen-eraginaren Ebaluazioari buruzko legeak esaten dutena, abifaunari buruzko informazioari dagokionez; beraz, ezin da ongi ebaluatu proiektuak abifaunaren gainean zer eragin eduki dezakeen.

5.–Abifaunari buruzko txostena ez da osoa, eta bederatzi hilabeteko epea baizik ez du hartzen.

6.–Abifaunaren espezie jakin batzuei oso balio gutxi aitortzen zaie.

7.–Fauna migratzaileari egiten zaion afekzioa ez da ebaluatu.

8.–Ingurumen-eraginaren azterketak ez du kontuan hartzen Alfaron (Errioxa) dagoen Área III delakoa, estepako espezietarako interes berezikoa dena.

9.–MO-01 eta MO-02 kokalekuak “Ombatillo-Morterete” Nafarroako estepako abifauna zaintzeko interes-eremutik hurbil daude.

10.–MO-01, MO-02, MO-03 eta MO-04 kokalekuak topografia-aldaketa gertatzen den toki batetik hurbil daude, eta horrek talka egiteko arriskua areagotu lezake.

11.–6620* Ruto angustifoliae-Brachypodietum retusi lehentasunezko habitataren hondamena edo endekapena.

12.–Zenbait haize-sorgailu gorde beharreko lurzoruetan jarri nahi dira.

13.–Montecillo transformazio-azpiestazioaren eta La Serna transformazio-azpiestazioaren arteko linea elektrikoa eraikitzeak faunarengan duen afekzioari buruzko informazio gutxi dago.

14.–Alhama ibaia zeharkatzeko linea elektrikoa eraikitzeari buruzko informazio gutxi eman da.

15.–Irismeneko txostenak egiten zituen errekerimendu batzuk ez dira jaso.

16.–Irismeneko txostenak egiten zituen errekerimendu batzuk ez dira jaso.

17.–2019ko maiatzeko gehigarriaren abifaunaren gaineko eraginari buruzko ondorioetan, ez da ebaluatu ukitutako hegazti taldeei egindako eragina.

18.–Inpaktu metagarriak eta sinergikoak aztertzean akatsak daude.

Ondorio gisa, honako hau adierazten da alegazioan: “irismeneko txostenean eskatutakoa ez denez bete, ingurumen-eraginaren azterketa eskasa aurkeztu denez eta Nafarroan nahiz Errioxan kontserbatzeko arazo handiak dituen abifaunari afekzio larriak eraginen zaizkionez, ez litzateke eman beharko Corellako udalerrian instalatu nahi duten El Montecillo parke eolikoa eraikitzeko baimena”.

Erantzuna:

5 parkeen tratamenduari dagokionez, adierazten da haien sarbideak guztiz independenteak direla, parkeen arteko distantzia 3 km baino gehiagokoa dela eta 30 kV-ko barne-zirkuituak nahiz 30/66 kV-ko transformazio-azpiestazioak independenteak direla; izan ere, ebakuazio-azpiegiturak soilik partekatzen dituzte, kasu batzuetan bakarrik, ingurumen-eragina murrizteko helburuarekin.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

6. alegazioa.–María Villar Mateo andrearena eta Rubén Escalante Mateo jaunarena.

2019ko irailaren 3an aurkeztutako eskabidean, María Villar Mateo andreak eta Rubén Escalante Mateo jaunak honako hau adierazi zuten:

–MO-01 eta MO-02 arteko bide berriak diagonaletik zeharkatzen du 17. poligonoko 75. partzela, haien jabetzakoa, laborantzarako erabiltzen dutena helburu komertzialekin. Gainera, bidearen azpian lurpeko ebakuazio-linea elektrikoa instalatzea da asmoa, eta horrek arriskuan jarriko luke lursailaren ohiko erabilera. Horregatik, MO-01 eta MO-02 haize-sorgailuen arteko ibilbidea aldatzeko eskatzen dute.

–MO-02 haize-sorgailua 17. poligonoko 644. partzelatik hurbil dago; bertan, 20 urte inguruko eraikuntza bat dago, landetxe gisa erabiltzen dena. Horrenbestez, haize-sorgailua 64. edo 57. partzelan kokatzeko eskatzen dute, 71. partzelan kokatu beharrean, eraikuntza horretatik urrunago egon dadin.

Erantzuna:

Renovables del Cierzo SLU enpresak MO-01 eta MO-02 haize-sorgailuak lotzen dituen ibilbidea aldatu du, 17. poligonoko 75. partzelari eragitea ekiditeko, bertan fruta-arbolak hazten baitituzte. Horren ordez, ezer ekoizten ez duen partzela bati eragiten zaio orain, eta asko gutxitu da 17. poligonoko 74. partzelaren gaineko afekzioa.

Halaber, MO-02 haize-sorgailua 17. poligonoko 64. partzelan kokatu da, eskatu bezala.

7. alegazioa.–Luis Ángel Calvo Fraile jaunarena, 2019ko urriaren 4koa.

2019ko urriaren 4an, Luis Ángel Calvo Fraile jaunak aurka egiteko idazki bat aurkeztu zuen, eta honako hau adierazten da bertan:

–Ingurumen-eraginaren azterketak garrantzia kentzen dio “El Montecillo” parke eolikoaren proiektuak benetan izanen duen ingurumen-eraginari.

–Parkea birpartzelazio prozesu bat jasan duen nekazaritza eremu baten barruan dago, lehorreko laborantzatik ureztalurrera pasatu dena.

–Bideetako batek alegazioa egin duen pertsonaren nekazaritza-ustiategia zeharkatzen du, Corellako 17. poligonoko 72, 71 eta 74. partzelek osatzen dutena.

Erantzuna:

Renovables del Cierzo SLU enpresak MO-01 eta MO-02 haize-sorgailuak lotzen dituen ibilbidea aldatu du, eta asko gutxitu da 17. poligonoko 74. partzelaren gaineko afekzioa.

Halaber, MO-02 haize-sorgailua 17. poligonoko 64. partzelan kokatu da; horri esker, 72 eta 71. partzelen gaineko afekzio bakarra haize-sorgailuaren hegalarena izanen da, eta ez da arazorik egonen nekazaritza-jarduerarekin jarraitzeko.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena.

2019ko ekainaren 21ean, Ondare Arkitektonikoaren Atalak aditzera eman zuen ukipenik ez zegoela, bere eskumenari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

2. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena.

2019ko uztailaren 31n, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 0003-OT12-2019-000090 espediente-kodea duen txostena eman zuen, honako hau adierazten duena:

“Instalazioaren hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balioespen osoa Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ingurumen- eta hirigintza-tramitazioak hasteko eskatu ondoren, aipatutako foru dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz.

Txostenean zerrendatzen dira kontuan hartu beharreko hirigintza eta lurralde antolamendurako legediak eta tresnak.

Erantzuna:

Sustatzaileak jakinarazten du parke eolikoak proposatutako eremuetan instalatzea bat datorrela Corellan indarrean dagoen eta proposatu den Udal Planarekin.

3. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atala.

2019ko abuztuaren 5ean, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0215-000235 txostena eman zuen, honako hau adierazita:

“56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak jaso eta bi hilabeteko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztu beharko ditu ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera.

Dagokion organoak ingurumenaren alorreko organoari eskaera hori igorri ondoren, aipatutako gainerako dokumentuekin batera, proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta tramitatzeari ekinen zaio.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du bat ados dagoela txostenarekin.

4. txostena.–Enagás Transporte SAU enpresarena.

2019ko abuztuaren 8an, Enagás Transporte SAU enpresak jakinarazi zuen linea elektrikoa airean gurutzatuko dela Bartzelona-Bilbo-Valentzia gasbidearekin, 24 eta 25. euskarrien artean. Ondorioz, “gasbidearen euskarriak hurbilegi daudenez, baliteke eragin elektriko eroankorrak sortzea, korrontea euskarrien lurrean zehar barreiatuko delako, baita induktiboak ere, gasbidearekiko paralelotasuna dela eta”.

Horregatik, Enagás Transporte SAU enpresak informazio gehiago emateko eskatzen dio Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresari, “honako datu gehigarri hauekin:

–Aipatutako euskarri bakoitzaren lurrean barreiatuko den korrontearen intentsitatea.

–Lurrak metro bat edo biko sakoneran duen erresistibitatea, aurrez aipatutako euskarrietan tarte erregularretan kokatutako hiru puntutan.

–Gasbidearen eta euskarrien arteko gutxieneko distantzia aurrez eskatutako informazioaren araberako balizko eragin elektrikoak kontuan hartuta zehaztuko da, eta, gasbidean eraginak egonen direla aurreikusiz gero, euskarriak urrundu beharko lirateke, edo eragina gutxitzeko neurri egokiak ezarri.

–Euskarriak gasbidetik 10 metroko distantziara egon behar dira gutxienez”.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du dagokion txostenean eskatu bezala 2019ko irailaren 11n Enerfín enpresak eskatutako informazio gehigarria bidali ziola Enagás enpresari, eta zegokion baimena eskatu zuela”.

5. txostena.–i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresarena.

2019ko abuztuaren 22an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresak baimena eman zuen haren jabetzako lineekin gurutzatzeko, eta adierazi zuen ez duela bi gurutzaketa jakin horiei buruz hitz egiteko eskumena, linea primatuak direlako.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du bat ados dagoela txostenarekin. i-DE Redes Eléctricas enpresaren eskumenekoak ez diren gurutzaketei dagokienez, sustatzailea harremanetan jarri da bi jabeekin, baldintza teknikoak zehazteko eta, behar izanez gero, dagozkion akordioak egiteko.

6. txostena.–Red Eléctrica de España SAU enpresarena.

2019ko urriaren 2an, Red Eléctrica de España enpresak jakinarazi zuen proposatutako bi gurutzaketek ez dituztela arauak gordetzen, eta arrazoi zehatzak aipatu zituen.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera egiteko aurkeztutako dokumentazioan kontuan hartzen direla erakunde horren oharrak, eta desadostasunak zuzentzen direla.

7. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

Urriaren 10ean, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak 2019/598665 txostena eman zuen, eta dokumentu hauek bildu zituen bertan:

–Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren txostena. Zenbait ohar egiten dira kalteak jasan ditzaketen bide egituren, burdinbide egituren eta egitura hidraulikoen inguruan. Halaber, zehaztapen batzuk egiten dira arlo horietan, eta sustatzaileari esaten zaio txostena eskatu behar diola Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari, azpiegitura hori Abiadura Handiko Trenaren etorkizuneko ibilbidearen eremuan kokatuta dagoelako, baita CANASA sozietateari ere, Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen jarduketa-eremuan kokatuta dagoelako.

–Zainketa Zerbitzuaren txostena. Aurreproiektuarekin ados dagoela adierazten da; dena den, zenbait zehaztapen kontuan hartu beharko dira eta Zerbitzuak dagozkion baimenak eman beharko ditu.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin eta dagozkion baimenak eskatuko dituela.

8. txostena.–Nedgia Navarra SA enpresarena.

2019ko azaroaren 12an, Nedgia Navarra SA enpresak ontzat eman zuen aurkeztutako proiektua, eta dagozkion baldintza teknikoak erantsi zituen.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du bat ados dagoela txostenarekin.

9. txostena.–Corellako Udalarena.

2019ko abenduaren 17an jaso zen Corellako Udalaren txostena. Bertan adierazten da haize-sorgailuen, neurketa-dorreen, azpiestazioaren eta erdi-tentsioko linearen eragina jasanen duten partzela guztien kasuan badagoela hirigintza-bateragarritasuna; ez dago bateragarritasunik, aldiz, ur babestuen kasuan, ebakuazio-lineari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela Udalak emandako aldeko informazioarekin, eta jakinarazi du linearen ibilbidea aldatuko duela, ur babestuen kategoriatik ez igarotzeko.

Hala eta guztiz ere, kontu hori lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaeraren esparruan ebaluatu eta kontuan hartu dira.

10. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena.

2020ko urtarrilaren 9ko txostenean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloak honako hau adierazi zuen: “ur-inguruneak jasan ditzakeen ingurumen afekzioen ikuspuntutik, (...) orokorrean uste da ingurumen-eraginaren azterketa egokia dela, baldin eta bertan jasotako neurriak betetzen badira, baita azaleko nahiz lurpeko urak kutsatzea edo degradatzea ekiditeko beharrezko neurri guztiak ere, eremuko dinamika hidrologiko nahiz morfologikoa gehiegi aldatuko ez dela bermatzeko. Era berean, lanak egiteko fasean neurri zorrotzagoak hartu beharko dira inguruko uren ibilbideei ez eragiteko. Arreta berezia jarri beharko zaio Alhama ibaiaren ibilbideari, kontu handia eduki beharko da jariatze-urekin eta sare hidrologikoan partikula solido esekiak erortzearekin, eta hidrokarburoak nahiz bestelako substantzia kutsatzaileak isurtzeagatik nahi gabe urak kutsatzea saihestu beharko da”.

Txosten bat dauka erantsita eta, bertan, sustatzaileak kontuan hartu beha dituen oharrak xehatzen dira, proiektu honen inguruan erakunde honekin etorkizunean egin beharreko ekintza eta tramiteei dagokienez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

11. txostena.–Telefónica enpresarena.

2020ko otsailaren 28ko txostenean, Telefónica de España SAU enpresak adierazi zuen ez duela inolako eragozpenik aipatutako proiektua egiteko, baldin eta indarreko araudia betetzen bada.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

10bis txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena.

2020ko irailaren 8an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloak aurreproiektuaren aldeko txosten bat eman zuen, ez zuelako aurreikusten ibilgu publikoetan edo korronteetan afekziorik izanen denik, lanak hasi aurretik sustatzaileak erakunde honen derrigorrezko administrazio baimena lortzearen kalterik gabe.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Iragarkiaren kodea: F2203290