68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

24/2022 FORU DEKRETUA, martxoaren 23koa, urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua aldatzen duena, zeinaren bidez Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri baitzen.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren bidez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Foru Dekretu hori otsailaren 12ko 9/2020 Foru Dekretuak aldatu zuen; izan ere, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiaren izena aldatu zen, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia izena hartu baitzuen.

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak aldaketa berriak proposatu dituzte departamentuaren egituran, sortzen diren eskaerei erantzuteko eta esleituta dituzten eskumenak eraginkortasun eta efizientzia handiagoz gauzatzeko.

Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Osasun arloko I+G+b Atalaren izena aldatzea, Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Atala izan dadin, eta funtzioen deskribapena aldatzea egungo errealitatera egokitzeko, lehengo Osasun arloko I+G+b Atalaren eskumenei Berrikuntza Zerbitzuan atxikiz.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak proposatu du Araubide Administratiboaren Atalaren izena aldatzea, Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atala izan dadin, eta, era berean, proposatu du atal horrek genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeko esleituta dauzkan eginkizunak Idazkaritza Tekniko Nagusi bereko Araubide Juridikoaren Atalari esleitzea.

Bestalde, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak proposatu dute Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Atalari esleitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak, gaur egun zuzendaritza nagusi horri esleituta daudenak.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du, halaber, Datuaren Bulegoa izeneko atal berri bat sortzea, Nafarroako Gobernuan datuaren bulego bat instituzionalizatzeko, Estatuko Administrazioan bezala, Nafarroako Datuaren Bulegoko Batzordea sortu eta koordinatu ahal izateko.

Bukatzeko, segurtasun juridikoaren eta arauen argitasunaren mesedetan, proposatzen da hamaikagarren xedapen gehigarria gehitzea, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko ataletako burutzen baldintza ekonomikoei buruzkoa.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko martxoaren hogeita hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–15. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

15. artikulua. I+G+b Zerbitzuaren eginkizunak.

I+G+b Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, honako arlo hauetan:

a) Nafarroako Zientzia eta Teknologiaren Legeko puntu guztiak erregelamenduz garatzea.

b) Nafarroako Zientzia eta Teknologia Plana eta Foru Komunitateko ikerketa eta berrikuntza arloan espezializazio adimendunaren estrategia (RIS3) prestatu, koordinatu eta haien jarraipena egitea.

c) Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko neurriak bultzatzea.

d) Zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak baimendu eta erregistratzea, eta haiei esleitutako baliabideak kudeatzea.

e) Sustapen neurriak bultzatzea zentro teknologikoek sortutako ezagutza enpresei transferitzeko, enpresek erabil dezaten.

f) Dirulaguntzen eta laguntzen deialdiak eta ebazpenak kudeatu eta tramitatzea bere eskumenen esparruarekin lotutako jardueretarako.

g) Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzea unibertsitateetan, zentro teknologikoetan eta ikerketa zentroetan, eta enpresa jarduerari transferitzea, bere eskumenen esparruan, arlo hauetan: osasuna, asistentzia, medikuntzako ekipamendua, farmazia eta medikuntza pertsonalizatua.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

Bi.–16. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“16. artikulua. I+G+b Zerbitzuaren egitura.

I+G+b Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Atala.

b) Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atala.

c) Energiaren arloko I+G+b Atala.

d) Elikakatearen arloko I+G+b Atala”.

Hiru.–17. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“17. artikulua. Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek ditu Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Atalak:

a) Nafarroako Berrikuntzaren Behatokia ezartzea eta kudeatzea.

b) Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiko talde tekniko aholkularia koordinatzea.

c) Datuen bilketarako eta adierazleetarako metodologia bat egin eta argitaratzea, bat etorriz Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean eta haren plangintza-tresnetan ezarritakoarekin, eta Nafarroako Estatistika Institutuarekin (NASTAT) lankidetzan.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren adierazleen jarraipena eta ebaluazioa.

e) Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren jardueren urteko memoria egitea eta argitaratzea.

f) Ikerketa, garapen eta berrikuntzako politikei buruzko informazio zientifikoa, teknologikoa eta ekonomikoa biltzea eta argitaratzea.

g) Ezagutza-sareak sortzea, ikerketa, garapena eta berrikuntza neurtu, aztertu eta sustatzearekin lotutako beste erakunde batzuekin lankidetzan, naziokoak zein nazioartekoak izan.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

Lau.–30. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“30. artikulua. Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Atala.

Errendimenduaren Kudeaketarako eta Segurtasunerako Atalak dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: segurtasuna, errendimenduaren kudeaketa, ahalmenaren monitorizazioa eta kudeaketa, informazio-sistemetan gertatzen diren gorabehera masibo edo larrien jarraipena eta haietan egindako aldaketen ebaluazioa”.

Bost.–50. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“50. artikulua. Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Eraldaketa digitala sustatzea Administrazioan eta gizartean, herritarrak, erakunde laguntzaileak, enpresak eta langile publikoak haien diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan engaiatuz.

b) Eten digitala murriztea Nafarroako Foru Komunitatean, edonolakoa delarik ere: geografikoa, kulturala, soziala, ekonomikoa, generokoa, etab.

c) Eraldaketa digitala zeharka garatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztietan eta haren erakunde autonomoetan.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu publiko eta prozedura administratiboen eraldaketa digitalerako estrategia lerrokatzea Europar Batasuneko eta Estatuko gomendio eta arauekin.

e) Zerbitzu publikoen eraldaketa digitalerako departamentu arteko planak prestatu, koordinatu eta bultzatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen datu-base guztiak normalizatu eta biltzea, negozio adimenaren eta datu masiboen bidez ustiatuz.

g) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen analitika eta analitika aurreratuko sistema horizontalen plangintza, bideragarritasuna, proiektua, analisia, garapena, gauzapena, mantentzea eta kudeaketa, bai eta erakunde bertikalena edo departamentu izaerakoena ere, informazio-sistemen arloan eskumena duten departamentuetako zerbitzuekin lankidetzan.

h) Planifikazioa, bideragarritasunaren azterketa, proiektua, analisia eta sistemen kudeaketa navarra.es-en edukiak argitaratzeko, webguneak eta atariak ezartzeko eta esperientzia digitaleko plataformetan oinarritutako soluzioak emateko, baita Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen ezagutza kudeatzeko sistemetarako ere.

i) Nafarroako Datuaren Bulegoko erabaki-organoetan parte hartzea. Plangintza, bideragarritasunaren azterketa, proiektua, analisia, ezarpena eta proiektuen kudeaketa eremu honetan.

j) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.”

Sei.–51. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“51. artikulua. Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuaren egitura.

Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Konfiantzaren eta Eten Digitalaren Atala.

b) Datuen Ingeniaritzaren Atala.

c) Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

d) Datuaren Bulegoaren Atala.”

Zazpigarrena.–54 bis artikulua gehitu da, eta testu hau izanen du:

“54 bis artikulua. Datuaren Bulegoaren Atalaren eremu materiala eta eginkizunak.

Datuaren Bulegoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Nafarroako Datuaren Bulegoko Koordinazio Batzordeko Idazkaritza.

b) Nafarroako Datuaren Bulegoa garatzeko beharrezkoak diren jarduerak planifikatu eta programatzea eta, bereziki, urteko jarduketa planak eta plan estrategikoak prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

c) Estrategien definizioa koordinatzea arlo hauetan: datuen kudeaketaren eta datuen gobernantza, Espainiako Gaia-X-arekiko integrazioa eta datuak partekatzeko datu-espazioak.

d) Datuaren gobernuaren politika, prozesu eta estandarren definizioa eta horien hedapena koordinatzea. Datuaren kalitatea kudeatzea, datuen trukea, argitalpena, berrerabilpena eta banaketa kudeatzea. Datuetarako sarbidea kudeatzea, datuak anonimo bihurtzeko prozesuak eta baimenak kudeatzea. Datuaren ziurtapena kudeatzea.

e) Metadatuaren kudeaketa eta haren gobernua koordinatzea. Nafarroako Gobernuaren datu eta adierazleen hiztegia sortzea. Zeharkako datuen edo datu nagusien erakundeak definitzea eta kudeatzea.

f) Datuen eta datu-iturrien erregistro bat diseinatzea eta mantentzea.

g) Datuak modelatzeko politikak eta estandarrak diseinatzea, eta ereduen eta metaereduen erregistro bat mantentzea.

h) Politikak eta estandarrak diseinatzea Nafarroako Gobernuan datuetan oinarritutako erabaki-sistemak sortzeko, eta haiekin ekarpenak egiteko zeharkako aginte-koadroei, hiztegiei, OpenDataNavarra erakundeari, estatistika-adierazleei (Nastat) eta beste datu-espazio batzuei.

i) Politiken definizioa eta gomendioak koordinatzea algoritmoen bizi-zikloari dagokionez.

j) Nafarroako datuen plataforma definitzea, eraikitzea eta erabiltzea, eta estandar teknologikoak definitzea, baita bat egitea ere Nastat, OpenDataNavarra eta beste datu-espazio batzuetan eta batzuekin.

k) Beharrezko erregularizazioa koordinatzea eta sustatzea datuen elkarreragingarritasunean, gobernantzan, kalitatean eta segurtasunean aurrera egiteko.

l) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko unitateen jarduerak bultzatu eta koordinatzea datuen erabakien arloan.

m) Lankidetza eta elkarrizketa bultzatzea gobernantzaren eta datu-espazioen garapenaren arloan funtsezkoak diren eragile guztiekin, Nafarroako toki-erakunde, unibertsitate eta enpresekin, Espainiako Datuaren Bulegoarekin, Europako erakundeekin eta egokitzat jotzen diren entitate guztiekin.

n) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkionak.”

Zortzi.–57. artikulua aldatzen da eta testu hau izanen du:

“57. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atala.

c) Araubide Ekonomikoaren Atala.”

Bederatzi.–58. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“58. artikulua. Araubide Juridikoaren Atala.

Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eskumenak erabiliko ditu, honako hauekin loturik: idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 5. artikuluan eta 6. artikuluko a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren eskudantzia juridiko, tekniko eta administratiboak, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 9. artikuluan aipatzen diren eginkizunak, departamentuaren jarduketa esparruan ondareko erantzukizunagatik sortzen diren espedienteen tramitazioa, eta indarreko xedapenek esleitzen dioten beste edozein, edo agintzen zaizkionak.

Eremu hauetako eginkizunak beteko ditu berariaz: administrazio elektronikoari lotutako proiektuak aztertu, baloratu eta haien gaineko txosten juridikoak egitea; Zientzia eta Teknologiaren Legetik etorritako legezko araudia garatzea; erosketa publiko berritzailea eta antzekoak sustatzea; unibertsitateko titulazio berriak ezarri eta abiaraztea; eta unibertsitateetako ikasketen deialdiei lotutako proiektuak.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eremuan, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

Genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeari lotutako eginkizunak gauzatzea departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat eginik Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.”

Hamar.–59. artikulua aldatzen da eta testu hau izanen du:

“59. artikulua. Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atala.

Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuan idazkaritza tekniko nagusiei langileriaren arloan esleitzen zaizkienak.

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluko e), g) eta h) apartatuetan aipatzen diren eginkizun administratiboak beteko ditu eta, horiekin lotuak egonik, berak kudeatzen duen esparruari dagozkionak.

Halaber, ordezkari eginkizunak betetzea departamentuan, administrazio elektronikoaren edo aurrerapen digitalaren organo eskudunak bultzatutako lantaldeetan. Administrazio elektronikorako tresna berriak erabiltzearen arloan izandako aurrerapenen berri eta jarduteko jarraibideak eta prozedurak emanen dizkie departamentuko unitateetako arduradun eta erabiltzaileei, eta, era berean, lantalde horiei igorriko dizkie unitate horiek identifikatutako behar berriak, iradokizunak edo zalantzak.

Laneko arriskuen prebentzioa planifikatu eta gainbegiratzea departamentuan eta Sarrigurengo egoitzan.”

Hamaika.–Hamaikagarren xedapen gehigarria eransten da, eta testu hau izanen du:

“Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Zenbait unitate betetzeko baldintzak.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko ataletako burutza berriek zuzendaritza nagusi horretako gainerako atalburutzen dedikazio araubide bera izanen dute.”

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Foru dekretu honetan unitate hauek sortzen dira:

a) Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuan.

Datuaren Bulegoaren Atala sortzen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskakizunak unitate berrien burutzetarako.

–Datuaren Bulegoaren Atala.

A edo B maila, eta titulu hauetako bat izatea: ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, ekonomia, enpresa edo zuzenbidea; edo lanpostu hauetarako izendatua izatea: informatika sistemetako goi mailako teknikaria, informatika sistemetako erdi mailako teknikaria edo administrazio publikoko teknikaria, arlo juridikoan edo ekonomikoan.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Idazkaritza Tekniko Nagusian berretsi egiten da, baldintza berberetan, Araubide Administratiboaren Ataleko buruaren izendapena, zeina orain Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua izanen baita.

Laugarren xedapen gehigarria.–Izenak aldatzea.

Osasunaren arloko I+G+b Atalaren eta Araubide Administratiboaren Atalaren aipamenak, jasota daudenak foru dekretu honen maila bera edo apalagoa duten xedapenetan, eta, bereziki, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuan, Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Atalarekin eta Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalarekin ordeztuko dira, hurrenez hurren.”

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2204364