67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67E/2022 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita produktu kimikoak fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko, Iruñeko udal mugartean. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da.

Gaur egun instalazio hori funtzionatzen ari da, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 941/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 128E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta, azkenik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 149E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua.

2021eko martxoaren 11n, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, 3130 zenbakiko produktu azeleratzailearen fabrikazioa ezartzeko asmoz. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 17ko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak eraginen dituelako instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratuaren aldaketaren administrazio prozedura izapidetzeko. Hori zela eta, 2021eko martxoaren 17an abian jarri zen prozedura hori, proiektua gauzatu ahal izateko, hots, produktu berri bat fabrikatzeko, 3130 azeleratzailea, batch erako prozesua duen formulazio baten bitartez, eraldaketa kimikorik egin gabe.

Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko produktu kimikoak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazio hori Iruñeko udal mugartean dago, eta Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da titularra. Aldaketaren xedea da 3130 azeleratzailea fabrikatzeko proiektua gauzatzea. Instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Huntsman Advanced Materials (Spain) SLri, Iruñeko Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2204141