67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ELORTZIBAR

Udal ordenantza, kutsadura akustikoaren aurka babestekoa. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2022ko urtarrilaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kutsadura akustikoaren aurka babesteko udal ordenantza.

Iragarkia 2022ko otsailaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 23. zenbakian, eta inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan da jendaurreko aldia; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat. Jarraian ageri da testua osorik.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2022ko martxoaren 7an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

KUTSADURA AKUSTIKOAREN AURKA BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Kutsadura akustikoaren kontrako borroka ingurumena eta osasun publikoa babesteko udal eskumenen eremuan kokatuta dago, baita norberaren eta familiaren intimitaterako eskubide konstituzionala bermatzeko eremuan ere.

Zaratak eragiten dituen kalteak askotarikoak izaten ahal dira; eragozpen soilak sorraraz ditzake, baina arrisku larria sor dezake bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako oro har. Hori dela-eta, ikuspegi zabal eta integratzaile batetik abiaturik arautu behar da kutsadura akustikoaren aurkako borroka, arazoak ukitzen dituen alderdi guztiak bildurik. Horri begira, udal eskumeneko igorle akustikoen prebentzio, zaintza, kontrol eta diziplina eremuan jardun behar dugu, kutsadura akustikoa kudeatzeko tresnen bidez.

Ordenantza eredu honekin, oinarrizko testu bat eman nahi zaie Nafarroako Foru Komunitateko udalei, gaiaren arloko testu propioa egin dezaten gero.

Ordenantzak bereziki azpimarratzen du herritarren artean bizikidetza ona egotea bermatu behar dela, etxebizitzaren barruan nahiz bide publikoan dugun portaeraren ondoriozko eragozpenei dagokienez. Udal eskumenek berezkoa dute bizikidetza hori bermatzea, eta, beraz, auzokideen arteko harremanetan eta portaeretan atsedena errespetatzen dela ziurtatu behar da, jarduerak baimendutako mugen barruan gauzatu ahal izan daitezen. Hartara, azaroaren 17ko 37/2003 Legean aurreikusten ez diren manu batzuk txertatu ditugu, udalei baitagokie horiek erregulatzea.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Zaraten eta bibrazioen ondoriozko kutsadura akustikoa prebenitu, kontrolatu eta murriztea da ordenantza honen helburua, kutsadura mota horrek gizakien osasunerako, ondasunetarako edo ingurumenerako sor ditzakeen kalte edo eragozpenak saihesteko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantzaren preskripzioen mende geratuko dira udal eskumenen eta udal mugartearen barruko igorle akustiko publiko zein pribatuak, baita eraikuntzak ere, hartzaile akustiko gisa. Igorle akustikotzat jotzen da kutsadura akustikoa sorraraz dezakeen edozein jarduketa, eraikuntza, eraikin, jarduera, instalazio, elementu, bitarteko, makina, azpiegitura, ibilgailu, gailu, unitate tekniko, ekipo, ekitaldi, ospakizun, portaera edo ekintza, pertsonak barne hartuta.

3. artikulua. Udalaren eskumenak.

Udalak ordenantza betetzen dela zainduko du, legedi aplikagarriak esleitzen dizkion eskumen eta ahalen arabera; horretarako, zehapen ahala baliatuko du, eta ordenantza aplikatzen dela zaindu eta kontrolatuko. Hala badagokio, legez ezarritako neurriak hartuko ditu.

1. ATALA

Bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan egiten diren ekitaldi, ospakizun eta portaerak

4. artikulua. Bide publikoan eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetan egiten diren ekitaldi, ospakizun eta portaerei buruzko arau akustikoak.

1. Artikulu honetan jasotzen diren preskripzioak bide publikoan eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetan egiten diren ospakizun, ekitaldi eta portaeretan aplikatuko dira; hala nola, hauetan: partikularren petardoak, kanpai hotsak, udalak ofizialki aitorturiko azoka eta jai herrikoiak, musika emanaldi ibiltariak, berbenak eta ekimen pribatuko ospakizunak, jabari pribatuko aire zabaleko eremuetan edo etxebizitzetatik kanpo egiten diren ekimen pribatuko ospakizun eta ekitaldiak eta antzeko guztiak.

2. Ospakizun, ekitaldi eta portaera horiek egiten edo izaten ahalko dira; betiere, herritarren bizikidetza onaren eta gainerakoekiko errespetuaren mugen barruan jarrera ona izanez gero.

3. Aurrekoa aintzat harturik, bide publikoan eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetan, oro har, ezin izanen da abestu, oihukatu, soinu anplifikadoreak eta bozgorailuak dauzkaten gailu elektronikoak funtzionarazi, objektu edo musika tresnak jo, soinudun makina edo gailuak eragin eta zarata egin, oro har, honako baldintza hauetako edozeinetan:

a) Sorturiko zarataren intentsitatea eta iraunkortasuna onartezinak edo argi eta garbi gogaikarriak direnean.

b) Artikulu honetan ospakizun, ekitaldi edo portaeretarako xedatzen diren preskripzioak urratzen direnean.

4. Hona hemen ekitaldi, ospakizun eta portaera horiek gizalegea bete dezaten ezartzen diren baldintzak:

a) Partikularrek petardoak eta antzekoak erabiltzea.

–Debekatuta dago bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan petardoak, suziriak, trakak eta antzeko artifizio piroteknikoak leherraraztea, baita baimendutako manifestazioetan ere.

b) Kanpai hotsak.

–Gurtza-zentroetan kanpaiak jo daitezke, edo kanpai hotsen grabaketak jarri; beraz, kanpaien kasua ordenantzan ezartzen diren zarata mugetatik salbuetsita dago.

c) Udalak ofizialki aitortutako azoka eta jai herrikoiak.

–Azokak eta jaiak ordenantzan ezarritako zarata mugetatik salbuetsita daude egun horietarako; nolanahi ere, udalak adierazten dituen eremu edo esparruen barruan garatu beharko dira, eremurik adierazten badu. Dena dela, udalaren organo eskudunak neurriak hartzera behartzen ahalko du, ekitaldi horiek ahalik eta eragozpen gutxien eragin dezaten inguruan; adibidez, atrakzio mekanikoetan, kiosko-tabernetan, salmenta guneetan eta tonboletan musika bateratzea, establezimendu horietan ordu tarte jakin batean megafonia, sirenak edo musika mugatzea, atrakzioak, kioskoak, salmenta guneak eta antzekoak jartzeko azoka esparruaren mugak adieraztea...

d) –Musika emanaldi ibiltariak.

–Ekitaldi hauek 2. apartatuan jasotzen diren irizpideekin bat etorriz edo 3. apartatua urratu gabe egiten ahalko dira.

e) Ekimen pribatuko berbenak eta herri ospakizunak.

–Ekimen pribatuko berbenak eta herri ospakizunak bide publikoan egin ahal izateko, 2. apartatuan jasotzen diren irizpideak bete beharko dira, edo 3. apartatua urratu gabe jardun; halere, horrek ez du kentzen hirigintzaren arloko arau aplikagarriak aintzat harturik behar diren baimenak eskatu beharra. Nolanahi ere, soinu anplifikadoreak eta bozgorailuak erabiltzen dituzten instalazio musikalak edo zuzeneko musika emanaldiak debekatuta daude.

f) Jabari pribatuko aire zabaleko eremuetan edo etxebizitzetatik kanpo egiten diren ekimen pribatuko ospakizun eta ekitaldiak.

–Ospakizun hauek 2. apartatuan jasotzen diren irizpideekin bat etorriz edo 3. apartatua urratu gabe egiten ahalko dira. Hemendik kanpo geratzen dira udalak lizentzia baten edo erantzukizun adierazpen baten bidez legeztatu behar dituen ekitaldi edo emanaldiak, baita ekonomia jarduera motaren bat direnak ere; ordenantzan ezartzen diren preskripzioen mende egonen dira horiek, jarduera motaren arabera.

5. Udalaren kontrola:

Artikulu hau urratzen duten edo poliziako agenteen ustez intentsitatea eta iraunkortasuna direla-eta argi eta garbi gogaikarria den gehiegizko zarata ateratzen duten ekintza edo portaerak garatzen direnean, poliziek horrela jokatzeari uzteko eskatuko diete arduradunei. Halaber, salaketa partea idazten ahalko dute, arau hauste arina egiteagatik, egiaztapen akustikorik egin beharrik gabe; are, egokia bada, zarata eragiten duten elementuak konfiskatzen ahalko dituzte.

Inguruko auzokideen kexak jasotzen direnean, agenteek bide publikoa uztera behartzen ahalko dituzte arduradunak.

Egiaztapen akustikoak egiten direnean, 4.f) apartatuaren kasuan, egokitzen den bezala ezarriko da zehapena, III. tituluan jasotzen diren taulak aintzat harturik.

2. ATALA

Alarmak, megafonia eta musika emanaldiak

5. artikulua. Alarma motak.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako alarma kategoria hauek ezartzen dira:

–A kategoria: kanpoaldera soinua igortzen dutenak.

–B kategoria: barrualde komunetara edo erabilera publiko partekatuko barrualdeetara soinua igortzen dutenak.

6. artikulua. Alarmen baldintza teknikoak eta funtzionamendu baldintzak.

1. Alarma sistemek bat egin beharko dute industriako arau aplikagarriak betetzen dituzten modeloekin, eta erabilera edo funtzionamendu egoera ezin hobean eduki beharko dira, arrazoirik gabe edo beren helburuez bestelako arrazoiengatik aktiba ez daitezen.

2. Debekatuta dago alarma sistemak nahieran aktibatzea, behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko egiten diren probetan izan ezik. Hilean gehienez ere egiaztapen bat egiten ahalko da, 10:00etatik 18:00etara bitartean, 5 minutuz asko jota.

3. Alarmek honako betekizun hauek beteko dituzte:

a) Soinu sistemak, gehienez, 60 segundoz funtzionatzen ahalko du jarraian.

b) Alarmaren soinudun seinaleak gehienez ere hiru aldiz errepikatzen dituzten sistemak baino ez dira baimenduko. Alarma seinaleen artean, 30 segundoko tartea egonen da gutxienez, eta 60koa gehienez, aurretik deskonektatzen ez bada.

c) Guztizko zikloa amaitutakoan sistema desaktibatzen ez bada, ez da berriro abiarazten ahalko.

7. artikulua. Alarmen igorpen mugak.

1. Alarmek honako igorpen muga hauek errespetatuko dituzte:

a) A kategoriako alarmak: 85 dbA, 3 metroko distantziara neurtuta, gehieneko soinu igorpenaren norabidean.

b) B kategoriako alarmak: 80 dbA, 3 metroko distantziara neurtuta, gehieneko soinu igorpenaren norabidean.

8. artikulua. Megafonia eta bestelako soinudun gailuak, aire zabaleko eremuetan.

1. Oro har, larrialdietan edo herriko erabilera tradizionalengatik finkatutako egoeretan salbu, ordenantza honetan adierazitako mugak gainditu ez daitezen eta, hortaz, auzokideei eragozpenik sor ez dakien, debekatuta dago aire zabaleko eremuetan propagandarako, eskaeretarako, ohartarazpenetarako, dibertimendurako edo antzekoetarako megafonia edota edozein soinudun gailu erabiltzea, aurretik baimendu ez bada.

2. Eskuduna den udal organoak soinudun gailu horiek erabiltzea baimentzen ahalko du, udalerri osoan edo zati batean, interes orokorreko arrazoiengatik edo herritarrentzat esanahi berezia duten arrazoiengatik.

3. ATALA

Auzokideen ekintzak eta portaerak, etxebizitzen eraikinetan

9. artikulua. Auzokideek etxebizitzen eraikinetan egiten dituzten ekintzei eta portaerei buruzko arau akustikoak.

1. Etxebizitzen eraikinetan bizi kalitatea ona izan dadin, gizalegean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako portaera arauak daude, hainbat ekintzaren ondorioz eragozpenik ez sortzeari begirakoak; hala nola, ekintza hauek aipa ditzakegu: ateak zabar ixtea, zaharberritze lanak egitea, mantentze lanak eta barrualdea egokitzeko lanak egitea, oihukatzea, ozen mintzatzea, korrika egitea, salto egitea, patinatzea, dantzatzea, takoi hotsa ateratzea, musika aparatuak erabiltzea, musika tresnak jo eta etxetresna elektrikoak erabiltzea, altzariak edo objektuak arrastatzea eta zaratarengatik eragozpenak sor ditzakeen bestelako edozein ekintza edo portaera izatea.

2. Arau orokor gisa, auzokideen ekintza edo portaera orok gizalegezko arau logikoak bete behar ditu, herritarren bizikidetza ona izateko mugen barruan, gainerakoak errespetatuz.

3. Aurrekoa aintzat harturik, etxebizitzen eraikinetan auzokideen portaera arautzeko arau hauek ezartzen dira:

a) Oro har, etxebizitzen eraikinen barrualdean eta kanpoaldeko eremu erkideetan, debekatuta dago 1. apartatuan adierazitako portaerak edukitzea, 2. apartatuan eta artikulu honen gainerako apartatuetan ezarritakoari kontra egiten badiote.

b) Nolanahi ere, debekatuta dago etxebizitzen barrualdean korrika egitea, salto egitea, patinatzea, takoi hotsa ateratzea eta antzekoak egitea, inpaktuzko zarata ateratzen baitute.

c) Etxebizitzen barrualdean obrak eta igeltserotza lanak egin behar badira, lanegunetan 08:00etatik 21:00etara bitartean eginen dira; larunbat eta jaiegunetan, berriz, 09:30etik 21:30era bitartean. Lan horiek egiten hasi aurretik, asmoaren berri emanen zaio jabeen erkidegoko presidenteari edo, bestela, kalte gehien jasan dezaketen auzokideei.

d) Etxebizitzen barrualdean, egokitzapen eta mantentze lanak (hala nola, garbiketa lanak, instalazioak, konponketak...) 08:00etatik 20:00etara egiten ahalko dira lanegunetan, eta 09:30etik 21:30era bitartean larunbat eta jaiegunetan, zaratengatik eragozpenak sorraraz ditzaketen tresnak erabiliko badira.

e) Etxebizitzen barrualdean ospakizunak eta festa pribatuak egin nahi badira, gizalegezko portaera logikoa eduki beharko da, eta 22:00ak arte luzatzen ahalko dira, larunbat eta jaiegun bezperetan izan ezik; egun horietan, igandeko edo jaieguneko 00:00etara arte luzatzen ahalko dira.

f) Auzokideek etxebizitzen eraikinen barrualdeko edo kanpoaldeko eremu erkideetan egin ditzaketen ekintzak, portaerak eta ospakizunak, baita horietarako ordutegiak ere, 2. apartatuan ezarritakoaren mende egonen dira; hala ere, jabeen erkidegoak arautzen ahalko ditu, baldin eta sor daitekeen zaratak erkidego horren higiezineko edo higiezinetako auzokideei bakarrik eragiten ahal badie.

4. Eraikuntzaren zerbitzurako instalazio komunak:

a) Instalazio hauek ezin izanen dute sortu ordenantzan ezarri diren igorpen mugak gainditzen dituen zaratarik edo bibraziorik.

b) Jabeen erkidegoaren betebeharra eta erantzukizuna izanen da instalazio horietan mantentze lanak egitea, instalazioon funtzionamenduak higiezineko edozein etxebizitzatan zarataren edo bibrazioen ondoriozko eragozpenik sor ez dezan. Halere, erkidegoak erantzukizunak eskatzen ahalko dizkie, hala badagokio, makinaren edo instalazioaren fabrikatzaileei, saltzaileei, instalatzaileei edo enpresa arduradunei. Nolanahi ere, jabeen erkidegoak hartu beharko ditu instalazio horiek eragindako kutsadura akustikoarekin zerikusia duen edozein arazo konpontzeko neurriak.

c) Apartatu hau urratzeagatiko zehapenak instalazioaren ardura duen jabeen erkidegoari ezarriko zaizkio.

5. Partikularren aire girotuko instalazioak:

Partikularren aire girotuko instalazioek ordenantzan ezartzen diren zarata eta bibrazio mugak beteko dituzte.

6. Etxetresna elektrikoak, irratiak, telebistak eta musika ekipoak.

a) Etxetresna elektrikoak erabiltzean, ez zaie auzokideei eragozpenik eraginen; nolanahi ere, ordenantzan ezarritako zarata mugak errespetatuko dira.

b) Etxebizitzen barruan irratiak, telebistak edo musika ekipoak pizten badira, 3.a) apartatuan ezarritakoa beteko da. Erkidegoko zonetan, 3.a) eta 3.f) apartatuetan ezarritakoa hartuko da aintzat.

c) Etxebizitzen barrualdean goizez edo arratsaldez musika tresnak jotzen badira, 3.a) apartatuan ezarritakoa beteko da; nolanahi ere, debekatuta dago musika tresnak gauez jotzea. Erkidegoko zonetan, 3.a) eta 3.f) apartatuetan ezarritakoa hartuko da aintzat.

7. Animaliak:

a) Animalien jabeak arduratuko dira zaratengatik eragozpenik ez sorrarazteko neurriak hartzeaz, bai etxebizitzen barruan, bai balkoietan, zona komunetan, patioetan, terrazetan...

b) Debekatuta dago etxebizitzetan, balkoietan, leihoetan, terrazetan, patioetan eta eraikineko gainerako zona komunetan animaliak bakarrik uztea, aldi baterako bada ere, auzokideei zaratengatik eragozpenak sorrarazten badizkiete.

8. Udalaren kontrola:

Poliziako agenteek egiaztatzen badute artikulu honetako preskripzioak urratzen dituen ekintza edo portaeraren bat garatzen ari dela edo intentsitatea eta iraunkortasuna direla-eta beren ustez agerikoak diren eragozpenak eragiten ari direla, jokabide hori uzteko eskatuko diete arduradunei, eta salaketa partea idazten ahalko dute portaera zaratatsuaren eragilearen edo eragileen kontra, arau hauste arina egiteagatik, egiaztapen akustikorik egin beharrik gabe.

Egiaztapen akustikoak egiten direnean, 4., 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako kasuetan, egokitzen den bezala ezarriko da zehapena, III. tituluan jasotzen diren taulak aintzat harturik.

4. ATALA

Aire zabaleko eremuetan egiten diren bestelako jarduerak

10. artikulua. Aire zabaleko eremuetan eta eraikuntzetan egiten diren obrak.

1. Eraikinetan edo azpiegituretan egiten diren eraikuntza, aldaketa, konponketa edo eraispen lanak, baita bide publikoan egiten direnak ere, astegunetan ez dira 23:00etatik 07:00etara bitartean egiten ahalko, larrialdi, segurtasun edo arrisku arrazoiengatik edo ezinbesteko arrazoi teknikoengatik ez bada eta udalaren alor eskudunak aurretik baimendu baditu.

Arrazoi teknikoengatik edo mugikortasun premiengatik egunez egin ezin badira, ordu horietan egiteko baimena eskatzen ahalko da aurretik. Baimenean, berariaz zehaztuko dira gaueko lan horien ordutegiak eta epeak.

2. Obren arduradunek lanen edo makineriaren ondoriozko zarata mailak murrizteko neurririk egokienak hartu beharko dituzte, eragozpenak murrizte aldera.

3. Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren lanetarako erabiltzen diren eta zaratak eta bibrazioak eragin ditzaketen ekipo eta makineria guztiek bete beharko dute araudi sektorial aplikagarrian ezarritakoa; bereziki, aire zabalean erabiltzen den makineriari dagokionez, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuaren preskripzioekin (212/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena). Erabiltzen diren sistema edo ekipo osagarri guztiak kutsadura akustikoa murrizteko egokienak izanen dira.

11. artikulua. Salgaiak kargatu, deskargatu eta garraiatzea.

1. Salgaiak kargatu, deskargatu eta banatzen direnean, baita kamioietan materialak garraiatzen direnean ere, kutsadura akustikoa ahal bezainbeste murrizteko behar diren neurriak hartuko dira.

2. Jarduera horiek egitean, ez da zuzeneko inpakturik eragiten ahalko ez ibilgailuan, ez zoladuran. Halaber, banaketaren ibilbidean kargak mugitzen direnean edota dardarak sortzen direnean, zarata saihesteko teknika onenak erabiliko dira.

12. artikulua. Mahaitxoak muntatu, desmuntatu edo mugitzea.

Terrazetako elementuak eta mahaitxoak muntatu, desmuntatu edo mugitzen direnean, ez da inpaktu edo talka zakarrik eraginen; nolanahi ere, ahalik eta zarata txikiena aterako da. Horri begira, muntatzean, desmuntatzean edo lurzorutik mugitzean zaratarik ez ateratzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte altzariek, eta debekatuta dago metalezko altzariak jartzea, zarata leunduko duen elementurik ez badute.

13. artikulua. Herritarrek aire zabaleko eremuetan dauzkaten portaerak.

1. Herritarrek, aire zabaleko eremuetan, herritarren bizikidetza ona izateko mugen barruan jardun beharko dute, auzokideen eta oinezkoen atsedena eta lasaitasuna asaldatuko dituen edo lokal hartzailearen berezko jarduerak normal garatzea eragotz dezakeen zaratarik egin gabe.

2. Zehazki, honako hauek egitea debekatuta dago, aurreko apartatuan ezarritakoari dagokionez jokabide onartezintzat jotzen direlako:

a) Oihukatu edo ozen mintzatzea.

b) Petardoak edo elementu piroteknikoak baimendutako toki eta uneetatik kanpo leherraraztea.

c) Soinu erreprodukzioko aparatuak aurikularrik gabe eta oso ozen erabiltzea.

d) Gauez beste pertsona edo pertsona talde batzuekin kalean edo eremu publikoan edo titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko aire zabaleko eremuetan egotea, baimenik ez badago eta, jarduketa kolektiboaren ondorioz, eragozpenak eragiten dituzten eta auzokideen atsedena eta lasaitasuna asaldatzen dituzten zaratak egiten badira.

14. artikulua. Motordun ibilgailuetan eta ziklomotorretan musika ekipoak erabiltzearen ondoriozko kutsadura akustikoari buruzko arauak.

1. Debekatuta dago ibilgailuetan musika ekipoak gehiegizko bolumenean erabiltzea, poliziako agenteen ustez musikaren intentsitatea eta iraunkortasuna direla-eta eragozpenak agerikoak badira.

Agenteek, portaera hori duen ibilgailu bat ikusten dutenean, ibilgailua eta ekintzaren arduraduna identifikatu ondoren, salaketa partea idatziko dute haren kontra, arau hauste arina egiteagatik, neurketa akustikorik egin beharrik gabe.

III. TITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Printzipio orokorrak.

Ordenantzan ezarritakoa urratzen duen ekintza edo omisio oro joko da arau haustetzat, eta, hala badagokio, erantzukizun administratiboa sortzen ahalko du, bide zibil edo penalean edo beste bideren batean eska daitekeen erantzukizuna bazter utzi gabe.

Zehapenak ezartzeko, zehapen espediente bat irekiko da. Espediente horretan, ustezko arau hausleari entzunen zaio. Espedientean halaber, behar den egokitzapena gordeko da arau haustearen eta aplikatutako zehapenaren artean. Zehapenak mailakatzeko, honako hauek kontuan hartuko dira: egindako arau-haustearen sailkapena, arduradunaren inguruabarrak, baimenduko mugen gainditze maila, eragindako eragozpenak eta eragozpenak sortu diren ordua, inguruabar larrigarriak eta aringarriak eta proiektuan egindako edo programatutako inbertsioa.

16. artikulua. Arau hausteen sailkapena.

Arau hauste administratibotzat jotzen dira ordenantzan kutsadura akustikoa prebenitzeko eta akustikaren kalitatea bermatzeko xedez ezarri diren arauen kontrako ekintza edo omisioak, eta zehapena jartzen ahalko zaie, honako sailkapen honi jarraikiz:

–Arau hauste oso astunak:

Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 15 dB (A)-tik gorako aldearekin.

Hamabi hilabeteko epean falta astunak behin baino gehiagotan egitea.

Etxebizitzen barrualdean eta gauez III. tituluan baimendutako mugak gainditzen dituzten zaratak.

–Arau hauste astunak:

Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 5 db (A)-tik gorako aldearekin.

Antzemandako akatsak zuzendu daitezen udalak berariaz eginiko errekerimenduak ez betetzea.

Ibilgailu motordunetan zirkulatzea, ke-hodi librea delakoa badute edo isilgailua eraginik gabea, osagabea, ezegokia edo hondatua badute.

Ikuskatzaileei lan egiten ez uztea edo lana trabatzea.

Hamabi hilabeteko epean falta arinak behin baino gehiagotan egitea.

–Arau hauste arinak:

5 segundoko bat-bateko neurketa bakarrean baimenduta dauden mugako balioak gainditzea edo bibrazio gogaikarriak eragitea.

Ordenantza honen arauak beste edozein modutara urratzea, falta astuntzat edo oso astuntzat berariaz sailkaturik ez dagoenean.

22:00etatik aurrera mudantzak egitea edo altzariak mugitzea.

Etxebizitzen barruan obrak egitea, baimendutako ordutegitik kanpo.

17. artikulua. Diruzko zehapenak.

Honako zehapen hauek aurreikusten dira:

a) Arau hauste oso astunak: 601,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isuna.

b) Arau hauste astunak: 301,00 eurotik 600,00 eurora bitarteko isuna.

c) Arau hauste arinak: 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isuna.

III. TITULUA

Balioen taula

I. TAULA

Kanpoko zarata igorpenaren mugako balioak

EREMU AKUSTIKO MOTA

ZARATAREN INDIZEAK (DBA)

LAeq
Goiza0

LAeq
Arratsaldea0

LAeq
Gaua0

Bereziki osasunerako, irakaskuntzarako eta kulturarako erabiltzen den eta kutsadura akustikoaren kontrako babes berezia eskatzen duen lurzorua duten lurraldeko sektoreak

50

50

40

Bereziki bizitegirako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

55

55

45

Aurreko apartatuetan aipatu ez

diren sektoreak

63

63

53

Bereziki industriarako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

65

65

55

(0) “Goizeko” aldia da 07:00etatik 19:00etara bitartekoa; “arratsaldekoa” da 19:00etatik 23:00etara bitartekoa, eta “gauekoa” da 23:00etatik 07:00etara bitartekoa.

Taulako balioetan, esparruaren kanpoaldean eragiten duen eta zarata igorle guztietatik datorren guztizko zarataren immisio indizeak jasotzen dira.

Neurketa eragindako jabetzaren mugan eginen da, lurzorutik 1,2 eta 1,5 metro arteko distantziara, eta, ahal dela, hurbilen dagoen paretatik 2 metrora gutxienez.

Gutxienez 5 segundo iraunen duten 3 neurketa eginen dira gutxienez, neurketen artean gutxienez 3 minutuko tartea utzita.

Mugako immisio balioak betetzen ote diren ebaluatzeko, LAeq balioetatik altuena hautatuko da.

II. TAULA

Alboko lokaletara trenkadatik edo forjaketatik transmititutako zarataren mugako balioak

ERAIKINAREN ERABILERA
KOKAPENA
ESPARRU HARTZAILEA

ESPARRU HARTZAILEAN
DUEN TOKIA

ZARATAREN INDIZEAK (DBA)

LAeq

LAeq

LAeq

Bizitegiak 1

Gelak

40

40

30

Logelak

35

35

25

Eraikinaren gune komunak

50

50

40

Administratiboa, Bulegoa

Profesionalen bulegoak

35

35

35

Bulegoak; bilera gelak

40

40

40

Eraikinaren gune komunak

55

55

45

Osasuna 2

Gelak (4)

40

40

30

Logelak eta kirofanoak

35

35

25

Eraikinaren gune komunak

45

45

35

Hezkuntza, kultura 3

Ikasgelak

35

35

35

Irakurtzeko gelak

30

30

30

Bulegoak

35

35

35

Eraikinaren gune komunak

45

45

45

Merkataritza

Gelak (4)

50

50

40

Eraikinaren gune komunak

55

55

45

(0) “Goizeko” aldia da 07:00etatik 19:00etara bitartekoa; “arratsaldekoa” da 19:00etatik 23:00etara bitartekoa, eta “gauekoa” da 23:00etatik 07:00etara bitartekoa.

(1) Barruan sartzen dira: etxebizitzak, hotelak, ostatuak, apartamentuak, egoitzak eta antzekoak.

(2) Barruan sartzen dira: ospitaleak, klinikak, osasun zentroak, larrialdietako zentroak, anbulatorioak, kontsultategiak eta antzekoak. Osasun erabileraz bestelako erabilera duten mediku kontsulta pribatuei erabilera administratiboko bulego profesionalei dagozkien mugak ezarriko zaizkie.

(3) Barruan sartzen dira: hezkuntza oro har eta liburutegiak.

(4) Gelak hitzarekin, jendea izaten duten zonak adierazi nahi dira.

Eraikinen barrualdean neurketak egiten direnean, ahal dela, ebaluazio puntuak honako distantzia hauek gordeko ditu: paretetatik edo beste gainazal batzuetatik metro 1eko distantzia gutxienez; lurzorutik 1,2 eta 1,5 arteko distantzia, eta leihoetatik 1,5 metroko distantzia gutxi gorabehera. Posizio horiek hartu ezin badira, neurketak esparruaren erdialdean eginen dira.

Eraikinen barrualdean neurketak egiten direnean, ateak eta leihoak itxita egonen dira.

Gutxienez 5 segundo iraunen duten 3 neurketa eginen dira gutxienez, neurketen artean gutxienez 3 minutuko tartea utzita.

Mugako immisio balioak betetzen ote diren ebaluatzeko, LAeq balioetatik altuena hautatuko da.

17. artikulua. Diruzko zehapenak.

Honako zehapen hauek aurreikusten dira:

d) Arau hauste oso astunak: 601,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isuna.

e) Arau hauste astunak: 301,00 eurotik 600,00 eurora bitarteko isuna.

f) Arau hauste arinak: 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isuna.

III. TITULUA

Balioen taula

I. TAULA

Kanpoko zarata igorpenaren mugako balioak

EREMU AKUSTIKO MOTA

ZARATAREN INDIZEAK (DBA)

LAeq

LAeq Arratsaldea0

LAeq Gaua0

Bereziki osasunerako, irakaskuntzarako eta kulturarako erabiltzen den eta kutsadura akustikoaren kontrako babes berezia eskatzen duen lurzorua duten lurraldeko sektoreak

50

50

40

Bereziki bizitegirako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

55

55

45

Aurreko apartatuetan jaso ez diren sektoreak

63

63

53

Bereziki industriarako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

65

65

55

(0) “Goizeko” aldia da 07:00etatik 19:00etara bitartekoa; “arratsaldekoa” da 19:00etatik 23:00etara bitartekoa, eta “gauekoa” da 23:00etatik 07:00etara bitartekoa.

Taulako balioetan, esparruaren kanpoaldean eragiten duen eta zarata igorle guztietatik datorren guztizko zarataren immisio indizeak jasotzen dira.

Neurketa eragindako jabetzaren mugan eginen da, lurzorutik 1,2 eta 1,5 metro arteko distantziara, eta, ahal dela, hurbilen dagoen paretatik 2 metrora gutxienez.

Gutxienez 5 segundo iraunen duten 3 neurketa eginen dira gutxienez, neurketen artean gutxienez 3 minutuko tartea utzita.

Mugako immisio balioak betetzen ote diren ebaluatzeko, LAeq balioetatik altuena hautatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2203795