67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

17/2022 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko “Corral del Molino II” parke eolikoa jartzeko Tuteran, 5 haize-sorgailurekin eta 29 MW-ko potentziarekin.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2019ko apirilaren 23an, 125/1996 Foru Dekretuaren baitan eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, “Corral del Molino I”, “Corral del Molino II”, “El Montecillo”, “La Senda” eta “Volandín” parke eolikoen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu zuen Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak, baita Nafarroako Tutera, Corella, Castejón, Fontellas, Ablitas eta Murchanteko udalerrietan kokatutako ebakuazio-azpiegiturena ere.

2019ko maiatzaren 16an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duena. Horren bidez, Nafarroako parke eolikoen ezarpena arautzen zuen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua indargabetzen da. Foru dekretu horren lehen xedapen iragankorrari jarraikiz, 2019ko maiatzaren 22an, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskaera hori helarazi zion zerbitzu honi, aipatutako foru dekretuaren arabera izapidetzeko. Halaber, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak foru dekretu berriaren 6. artikuluan eskatzen diren dokumentuak bete zituen, aipatutako parke eolikoak eta haien ebakuazio-azpiegiturak instalatzeko aurretiazko administrazio baimena eskatzeko.

Corral del Molino II parke eolikoaren aurreproiektuaren arabera, Tuterako udalerrian 3,8 MW-ko 12 haize-sorgailu jartzea zen asmoa, guztira 45,6 MW-ko potentzia izateko.

Parke eolikoaren ebakuazioa 30/66 kV-eko “Corral del Molino II” transformazio-azpiestazioaren bidez egiten da. Bertatik, energia elektrikoa 66kV-eko linea elektriko batean zehar garraiatzen da 400/220/66 kV-eko “La Cantera” transformazio-azpiestazioraino, 400 kV-ko “La Serna” transformazio-azpiestazioaren ondoan dagoena. Azken azpiestazio hori ere Tuterako udalerrian dago kokatuta.

2.–Ingurumen-eraginaren azterketaren eta aurreproiektuaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen da. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Enerfín Sociedad de Energía SLU entitateak egindako eskaera jendaurrean jarri zen 30 egunez. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2019ko uztailaren 18an, 139. zenbakia) eta Diario de Noticias egunkarian (2019ko uztailaren 19an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera bidali zion Tuterako Udalari, jendaurrean jarri eta iritzia eman zezan.

Halaber, txostena egiteko eskatu zitzaien Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Azkenik, aurreproiektuaren separatak bidali zitzaizkien Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari (altxonbideak) eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, txostena egin zezaten.

4.–Jasotako alegazio eta txostenak.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako alegazio eta txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

–Alegazioak:

  • 1. alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2019ko abuztuaren 27koa.
  • 2. alegazioa.–Eólica Navarra SL enpresarena, 2019ko abuztuaren 30ekoa (atzera egitea: 2019ko azaroaren 6an).
  • 3. alegazioa.–Francisco Javier Sodornil Fernández jaunarena, 2019ko irailaren 2koa.
  • Alegazioen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Txostenak:

  • 1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2019ko ekainaren 21ekoa.
  • 2. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalarena, 2019ko abuztuaren 5ekoa.
  • 3. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena, 2019ko abuztuaren 6koa.
  • 4. txostena.–Tuterako Udalarena (Nekazaritzaren, Abeltzaintzaren, Mendien eta Ingurumenaren Kudeaketarako Unitatea), 2019ko abuztuaren 23koa.
  • 5. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena, 2019ko urriaren 10ekoa.
  • 6. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloa), 2019ko abenduaren 4koa.
  • 4bis txostena.–Tuterako Udalarena (Lurralde Antolamenduaren zuzendaria), 2019ko abenduaren 20koa.
  • 6bis txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa) 2020ko irailaren 22koa.

Ez zen erantzunik jaso Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik ezta Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataletik ere (altxonbideak).

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresari igorri zizkion aurreko alegazioak eta txostenak.

6.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2019ko abenduaren 16an Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatzeko dokumentuak aurkeztu zituen. Eskaera hartan, jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten esparruan jasotako alegazioei eta txostenei ematen zizkien erantzunak bildu zituen.

Gainera, aurreproiektua jasotako txostenetara egokitzeko asmoz, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak aurkeztutako dokumentu teknikoetan aldaketa batzuk egin ziren, 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentuekin alderatuz. Zehazki, 7 haize-sorgailu hauen kokapena aldatzen da:

–CO–II-06, CO–II-07, CO–II-08, CO–II-09, CO–II-10. Helburua: haize-sorgailuek partzelen mugetan dituzten kokapenak aldatzea eta nekazaritza- edo abeltzaintza-produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezinean kokatzea; izan ere, horrela sailkatutako lurzoruetan baimenduta dago parke eolikoa instalatzea eta, ondorioz, Tuterako Udalak ezarritako muga errespetatuko litzateke.

–CO–II-11 eta CO–II-12. Helburua: Nafarroako Ubidearen proiektu sektoriala ez oztopatzea.

Horrela, haize-sorgailuak kokapen hauetan ezarriko dira:

CORRAL DEL MOLINO II PARKE EOLIKOKO HAIZE-SORGAILUAK

UTM koordenatuak (30-ETRS89 ardatza)

Izena

X

Y

CO–II–01

610.691

4.665.434

CO–II–02

611.063

4.665.688

CO–II–03

611.435

4.665.941

CO–II–04

611.830

4.666.157

CO–II–05

612.224

4.666.374

CO–II–06

610.289

4.663.122

CO–II–07

610.630

4.663.335

CO–II–08

611.150

4.663.494

CO–II–09

611.557

4.663.748

CO–II–10

611.871

4.664.071

CO–II–11

612.743

4.664.972

CO–II–12

613.029

4.665.350

Era berean, 2020ko ekainaren 22an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak 66 kV-ko ebakuzaio-linearen aurreproiektua egokitzeko eskaera egin zuen. Ibilbidea berbera izanen litzateke, baina zirkuitu bikoitza izanen luke lineak, proiektu bat baino gehiago aldi berean ebakuatu ahal izateko.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu horren beraren arabera, Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaerak nahiz haiekin batera aurkeztutako dokumentazioa Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali ziren, hurrenez hurren.

7.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren urriaren 6ko 119E/2020 Ebazpenaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimena eman da Corral del Molino II parke eolikorako.

Baimen horrek aukera ematen du lurzoru urbanizaezinean parke eoliko bat egiteko honako osagai hauekin: 12 haize-sorgailu, neurtzeko dorre anemometriko bat, sarbideak eta transformazio-azpiestaziorainoko lurpeko zirkuitu elektrikoak.

Azkenik, ebazpenean kontuan hartu beharreko zenbait zehaztapen tekniko aipatzen dira.

8.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki da:

“Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak, espedientearen azterketa teknikoa egin ondoan, ondorioztatu du ingurumen-eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen-eraginaren adierazpena egitea, eta hartan zehaztea Montecillo, La Senda (gaur egun Corral del Molino I), Volandín eta Corral del Molino II parke eolikoek daukaten ingurumen-eragina moderatuaren eta larriaren artekoa dela, eta ingurumenaren aldetik bateragarriak izan daitezkeela ingurumenaren babesarekin, erabat edo partez, baldin eta zenbait neurri eta baldintza betetzen badira, zeinak jasota baitaude aurkezturiko ingurumen-eraginaren azterketetan eta ingurumen-eraginaren adierazpen honetan”.

Horregatik, ebazpen berean honako hau esaten da “Corral del Molino II” parke eolikoaren ingurumen-eraginaren adierazpenaren inguruan:

–Ontzat ematen dira CO–II-06, CO–II-07, CO–II-08, CO–II-09 eta CO–II-10 haize-sorgailuak.

–Ez dira ontzat ematen CO–II-01, CO–II-02, CO–II-03, CO–II-04, CO–II-05, CO–II-011 eta CO–II-12 haize-sorgailuak.

Azkenik, ezartzen da jarduera egin dadila aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei eta ebazpenean bertan ezartzen direnei jarraikiz. Hona hemen baldintza horiek:

–CO–II-08 haize-sorgailua lekuz aldatzea, ez diezaion kalterik eragin larrez estalitako partzelari.

–30/66 kV-ko azpiestazio elektrikoa eta kontrol-eraikina lekuz aldatzea eta haize-sorgailuengandik ahalik eta hurbilen kokatzea, ebakuazio-linea elektrikoaren luzera gutxitzeko helburuarekin.

–66 kV-ko ebakuazio-linea lurperatzea, puntu honetatik (X: 609.280, Y: 4.663.750) puntu honetaraino (X: 610.203, Y: 4.662.309), A-68 errepidearen hegoaldean, ingurumen-eragina murrizteko.

9.–Alegazioen eta txostenen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako dokumentu guztiak kontuan harturik, jaso diren alegazioen eta txostenen analisia ebazpen honen I. eta II. eranskinetan egiten da.

10.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

2021eko abuztuaren 6an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak idazki bat aurkeztu zuen Corral del Molino II parke eolikorako aurretiazko administrazio baimena eguneratzea eskatzeko. Parke eoliko horretan 5,8 MW-ko 5 haize-sorgailu daude, ingurumen-eraginaren adierazpenean nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenean ezarritakoari jarraikiz kokatuta, guztira 29 MW-ko potentziarekin.

2021eko urriaren 18an, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak idazki bat aurkeztu zuen, Corral del Molino II parke eolikoaren jabetza Renovables del Cierzo SLU enpresari eman nahi ziola jakinarazteko. Enpresa horrek onartu egin zuen jabetza, eta bi alderdiek adostu zuten elkarri lagunduko ziotela parke eolikoaren jabetza formalki eskualdatzeko beharrezko kudeaketa guztiak egiteko. Renovables del Cierzo SLU garapen eolikorako enpresa bat da, % 100ean Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresaren partaidetzapekoa, enpresa eratzeko eskrituran agertzen denaren arabera.

Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareak atzitzeari eta konektatzeari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren bigarren azken xedapenak abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123. artikulua aldatzen du, eta haren arabera, ziurtatzen da akordio lotesle bat dagoela Renovables del Cierzo SLU, Suno Energía 4 SLU eta Suno Energía 5 SLU enpresen artean, “El Montecillo”, “Corral del Molino II” eta “Corral del Molino I” parke eolikoen ebakuazio-azpiegituren eta “Cierzo” eta “Guardian” instalazio fotovoltaikoen erabilera partekatzeari dagokionez.

Renovables del Cierzo SLU enpresari atzitzeko eta konektatzeko baimena eman dio SERNA 400kV azpiestazioko garraio-sarearen kudeatzaileak, Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak 53. artikuluan eskatzen duen bezala. Corral del Molino II parke eolikoari dagokion atzitze- eta konexio-ahalmena 29 MW-koa da.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Renovables del Cierzo SLU enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du Renovables del Cierzo SLU enpresari aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Aurretiazko administrazio baimena ematea Renovables del Cierzo SLU enpresari, energia elektrikoa ekoizteko “Corral del Molino II” parke eolikoa instala dezan Tuterako udalerrian, 5 haize-sorgailurekin eta 29 MW-ko guztizko potentziarekin, baita transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 6ko 119E/2020 Ebazpenean eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 28ko 1470E/2020 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

2.–Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5.–Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLU enpresari, Gurelur elkarteari, Eólica Navarra SL enpresari eta Francisco Javier Sodornil Fernández jaunari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6.–Ebazpen hau jakinaraztea Tuterako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 3an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Gurelur elkartearena.

2019ko abuztuaren 27an, Antonio Munilla García jaunak, Gurelur elkartearen izenean, alegazio idazki bat aurkeztu zuen eta, bertan, aurkeztutako dokumentazio teknikoari ikusten dizkion oztopo administratibo eta teknikoak aipatzen ditu, bereziki aurkeztutako ingurumen-eraginaren azterketari dagokionez. Zehazki, honako hau adierazten du alegazioan:

1.–Sustatzaileak beren artean independenteak ez diren 5 parke eoliko aurkeztu zituen. Ez dira independenteak, batzuek behar dituztelako besteen aurreproiektuan dauden azpiegiturak.

2.–Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ez du betetzen irismeneko txostenaren “IEEan sartu beharreko eduki espezifikoak” izeneko atalean jasotzen dena, ez direlako aldi berean aztertzen “Corral del Molino I” parke eolikoaren proiektua eta “Montes de Cierzo I eta II” parke eolikoak berrindartzeko proiektuak, batez ere lurren arteko konektibitateari eta espezieentzako hesi-efektuari dagokienez.

3.–Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak ez du betetzen irismeneko txostenaren “IEEan sartu beharreko eduki espezifikoak” izeneko atala. Zehazki esateko, ez da egin haize-sorgailuak kokatzeko proposamen arrazoizkoak dituen aukeren azterketa bat, ezta azpiestazio elektrikoa, kontrolerako eraikina eta dorre anemometrikoa kokatzeko ere, eta ez da aztertu 0 aukera, edo parke eolikoren bat ez egiteko aukera ere.

4.–Aurkeztu den IEEak ez ditu aintzat hartzen “Corral del Molino I eta II” parke eolikoen inguruko zingira-mirotzaren eta mirotz zuriaren lo-lekuak, zehatz esanda Valdelafuente erreka zuloan eta Tetones zalduan daudenak.

5.–Estepako abifauna aztertzeko metodologiak ez du balio.

6.–Ez dira kontuan hartu ebaluazioan abifaunari ingurumen afekzio nabarmenak eragiten ahal dizkioten elementu batzuk: heze guneak, idoiak, mandotegiak, eskortak, eta abar.

7.–Inbentarioan ez dago ingurumen-alderdi esanguratsurik.

8.–“Corral del Molino II” parke eolikoaren eremuak estepako habitatak berreskuratzeko gune batzuk ukituko lituzke, non duela gutxi pinudiak arrasean moztu baitira, helburu horrekin.

9.–Abifaunari buruzko txostena ez da osoa, eta bederatzi hilabeteko epea baizik ez du hartzen; gainera, aurkeztutako dokumentuen artean kongruentziarik eza dago.

10.–Abifaunaren espezie jakin batzuei oso balio gutxi aitortzen zaie.

11.–Fauna migratzaileari egiten zaion afekzioa ez da ebaluatu.

12.–Estepako abifaunaren gaineko balizko afekzioa.

13.–“Ebro Ibaia” Kontserbazio Bereziko Eremutik hurbil dago.

14.–6620* (Ruto angustifoliae-Brachypodietum retusi) lehentasunezko habitataren hondamena edo endekapena.

15.–Zenbait haize-sorgailu 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera zaindu beharreko lurzoruetan jarri nahi dira.

16.–Irismeneko txostenak parkearen ezaugarri teknikoak eta eraikitzeko ezaugarriak definitzeari buruz egiten dituen errekerimenduak ez dira bildu.

17.–Inpaktu metagarriak eta sinergikoak aztertzean akatsak daude.

Ondorio gisa, honako hau adierazten da alegazioan: “irismeneko txostenean eskatutakoa ez denez bete, ingurumen-eraginaren bi azterketa eskas aurkeztu direnez eta Nafarroan nahiz Erriberan kontserbatzeko arazo handiak dituen abifaunari afekzio larriak eraginen zaizkionez, ez litzateke eman beharko Tuterako udalerrian instalatu nahi dituzten Corral del Molino I eta Corral del Molino II parke eolikoak eraikitzeko baimena”.

Erantzuna:

5 parkeen tratamenduari dagokionez, adierazten da haien sarbideak guztiz independenteak direla, parkeen arteko distantzia 3 km baino gehiagokoa dela eta 30 kV-ko barne-zirkuituak nahiz 30/66 kV-ko transformazio-azpiestazioak independenteak direla; izan ere, ebakuazio-azpiegiturak soilik partekatzen dituzte, kasu batzuetan bakarrik, ingurumen-eragina murrizteko helburuarekin.

2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko aipuei dagokienez, bidezkoa da adieraztea plan horrek prebisio orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua Planean “egokia ez” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

Gainerako kontuei dagokienez, ingurumen-eraginaren adierazpenean ebaluatu eta aintzat hartu dira.

2. alegazioa.–Eólica Navarra SL enpresarena (kenduta).

2019ko abuztuaren 30ean, Eólica Navarra SL enpresak alegazio idazki bat aurkeztu zuen. Ondoren, 2019ko azaroaren 6an, Eólica Navarra SL enpresak eskatu zuen aurkeztutako alegazioak espedientetik kentzeko.

3. alegazioa.–Francisco Javier Sodornil Fernández jaunarena.

2019ko irailaren 2an, Tuterako Udalak Francisco Javier Sodornil Fernández jaunaren alegazio idazki bat bidali zuen. Bertan adierazten da ez dagoela ados parke eolikoaren aurreikusitako kokalekuarekin, kaltegarria iruditzen zaiolako inguruko nekazaritza-sektorerako.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazten du kontuan hartu dela alegazio hori, eta haize-sorgailu batzuk lekuz aldatu direla, eta partzelen erpin eta ertzetan kokatu, nekazaritza-aprobetxamenduei ahalik eta kalte gutxien egiteko. Halaber, adierazi du instalazio eolikoa bateragarria dela lurra nekazaritzarako erabiltzearekin.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2019ko ekainaren 21ean, Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena egin zuen, eta adierazi ez dagoela gorabeherarik atal horren eskumenekoa denari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

2. txostena.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atala.

2019ko abuztuaren 5ean, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 003-0215-2019-000233 espediente-kodea duen txostena eman zuen, honako hau adierazten duena:

“56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak jaso eta bi hilabeteko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztu beharko ditu ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera.

Dagokion organoak ingurumenaren alorreko organoari eskaera hori igorri ondoren, aipatutako gainerako dokumentuekin batera, proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta tramitatzeari ekinen zaio.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

3. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena.

2019ko abuztuaren 6an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 0003-OT12-2019-000089 txostena eman zuen, honako hau adierazten duena:

“Instalazioaren hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balioespen osoa Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ingurumen- eta hirigintza-tramitazioak hasteko eskatu ondoren, aipatutako foru dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz.

Txostenean zerrendatzen dira kontuan hartu beharreko hirigintza eta lurralde antolamendurako legediak eta tresnak, eta sustatzaileari ohartarazten zaio txostena aurkeztu zenerako Udal Plan berri bat izapidetzen ari zela Tuteran.

Erantzuna:

Sustatzaileak aintzat hartu ditu Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren oharrak.

4. txostena.–Tuterako Udalarena.

2019ko abuztuaren 23an, Tuterako Udaleko Nekazaritzaren, Abeltzaintzaren, Mendien eta Ingurumenaren Kudeaketarako Unitateak txostena eman zuen eta honako hau ondorioztatzen da bertan: “une honetan ez dira Corral del Molino II parke eolikoa egiteko beharrezko baldintzak betetzen”. Baieztapen hori egiteko arrazoiak honako hauek dira:

–Parke eolikoa egiteak kalte ekonomikoak eraginen lituzke Tuterako herritarren artean.

–Txostena aurkeztu zen egunean, sustatzaileak oraindik ez zuen lortu akordiorik udalarekin ukitutako lursailak ustiatzeko.

–Ebakuazio-azpiegiturak beste proiektu batzuekin batera eta lur azpian eraiki beharko lirateke, ingurumen eragina eta lurraren erabilera murrizteko.

Azkenik, haize-sorgailuak kokatzeko beste toki batzuk proposatzen dira.

Erantzuna:

Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak jakinarazten du haize-sorgailuen behin betiko kokapena aukeratzean lehendik dauden ureztalurrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko ahalegina eginen dela eta, dena dela, instalazio eolikoa bateragarria dela lursailaren beste erabilerekin.

Halaber, sustatzaileak adierazten du harremanetan dagoela Tuterako Udalarekin, beharrezko akordioak lortzeko asmoz.

Azkenik, Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak esan zuen ebakuazio-azpiegiturak beste proiektu batzuekin partekatzeko asmoa duela, baldin eta La Serna azpiestazioarekin lotuta badaude. Horren proiektua egin da jada.

5. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

Urriaren 10ean, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak 2019/598658 txostena eman zuen, eta dokumentu hauek bildu zituen bertan:

–Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren txostena. Zenbait ohar egiten dira kalteak jasan ditzaketen bide egituren, burdinbide egituren eta egitura hidraulikoen inguruan. Halaber, zehaztapen batzuk egiten dira arlo horietan, eta sustatzaileari esaten zaio txostena eskatu behar diola Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari, azpiegitura hori Abiadura Handiko Trenaren etorkizuneko ibilbidearen eremuan kokatuta dagoelako, baita CANASA sozietateari ere, Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen jarduketa-eremuan kokatuta dagoelako.

–Zainketa Zerbitzuaren txostena. Aurreproiektuarekin ados dagoela adierazten da; dena den, zenbait zehaztapen kontuan hartu beharko dira eta Zerbitzuak dagozkion baimenak eman beharko ditu.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

6. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2019ko abenduaren 4ko txostenean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Ingurumenaren Kudeaketaren arloak honako hau adierazi zuen: “ur-inguruneak jasan ditzakeen ingurumen afekzioen ikuspuntutik, (...) orokorrean uste da ingurumen-eraginaren azterketa egokia dela, baldin eta bertan jasotako neurriak betetzen badira, baita azaleko nahiz lurpeko urak kutsatzea edo degradatzea ekiditeko beharrezko neurri guztiak ere, eremuko dinamika hidrologiko nahiz morfologikoa gehiegi aldatuko ez dela bermatzeko. Era berean, lanak egiteko fasean neurri zorrotzagoak hartu beharko dira inguruko uren ibilbideei ez eragiteko. Kontu handia eduki beharko da jariatze-urekin eta sare hidrologikoan partikula solido esekiak erortzearekin, eta hidrokarburoak nahiz bestelako substantzia kutsatzaileak isurtzeagatik nahi gabe urak kutsatzea saihestu beharko da”.

Txosten bat dauka erantsita eta, bertan, sustatzaileak kontuan hartu beha dituen oharrak xehatzen dira, proiektu honen inguruan erakunde honekin etorkizunean egin beharreko ekintza eta tramiteei dagokienez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

4bis txostena.–Tuterako Udalarena.

2019ko abenduaren 20an, Tuterako Udaleko Lurralde Antolamenduaren zuzendariak txostena eman zuen eta, bertan, honako hau jakinarazi zuen Corral del Molino II parke eolikoa egiteko baimenari buruz:

–Sustatzailearen eta aipatutako udalaren artean bilerak egiten ari dira eta “ez dirudi urrun dagoenik” haize-sorgailuen eragina jasanen duten lursailak ustiatzeko akordioa egiteko unea.

–Beharrezko da beste kokaleku batzuk balioestea eta ebakuazio-azpiegiturak beste instalazio batzuekin batera egitea, ingurumen eragina eta lurraren erabilera murrizteko.

Erantzuna:

Enerfín Sociedad de Energía SLU enpresak esan zuen ebakuazio-azpiegiturak beste proiektu batzuekin partekatzeko asmoa duela, baldin eta La Serna azpiestazioarekin lotuta badaude.

6bis txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena.

2020ko irailaren 22an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloak aurreproiektuaren aldeko txosten bat eman zuen, ez zuelako aurreikusten ibilgu publikoetan edo korronteetan afekziorik izanen denik, lanak hasi aurretik sustatzaileak erakunde honen zuzendaritza teknikoaren derrigorrezko administrazio baimena lortzearen kalterik gabe, Lodosako Ubidearen gurutzaketari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Iragarkiaren kodea: F2203279