67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Ordenantza, obra eta jardueretan erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren prozedurak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2021eko urriaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, obra eta jardueretan erantzukizunpeko adierazpenaren

eta aurretiazko komunikazioaren prozedurak arautzen dituena. Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 16an.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork aurkeztu gabe alegaziorik, kexarik edo oharrik, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik ematen argitara, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez –Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko Foru Legea–).

Baztanen, 2022ko martxoaren 14an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

ORDENANTZA, OBRA ETA JARDUERETAN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOAREN PROZEDURAK ARAUTZEN DITUENA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Baztango udalerrian kokatutako establezimenduei, lokalei eta zenbait obrari dagokienez, sustatzaileak aurreikusitako jarduerak eta erabilerak abiarazteko eta horietan aritzeko eskatzen den izapidetzeari eta dokumentazioari dagokienez. Honako hauek bereizten dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena:

1. Jarduera sailkatuak, izapide laburtuari lotuak, 448/2014 Foru Aginduaren esparruan (foru agindu horren bidez onesten dira 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak; foru dekretu horren bidez onesten da 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua; 4/2005 Foru Legea, halaber, da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa –jarduera- eta irekitze-lizentzia–), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudiaren esparruan.

2. Jarduerak, 12/2012 Legearen esparruan (lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko –jarduera izapidetzea eta hastea–), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudiaren esparruan.

3. Jarduera sailkatu gabeak, aurreko 1. eta 2. puntuetan sartzen ez direnak.

4. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan jasotako jarduerak (erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian jasotakoak. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. 12/2012 Legean jasotako obrak (lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian ezarritakoak.

6. Obra txikiak, ordenantza honetan deskribatutakoak, jarduerak egiteari lotuak nahiz lotu gabeak.

b) Aurretiazko komunikazioa:

1. Jardueren titulartasuna aldatzea.

2. Jarduerak etetea.

3. Jarduerak azkentzea.

4. Etendako jarduerei segida ematea berriz ere.

Hala, kentzen dira ordenantza honen eremuan berariaz sartzen diren udal esparruko lizentziak, zehazten da zer prozedura, izapide eta agiri behar diren aipatutako jarduerak egiteko eta haien instalazioekin loturik, eta zenbait obra egiteko, bermatuta adierazpena edo komunikazioa egiten duen pertsonak bere gain hartuko duela ardura baldintza teknikoak betetzeko: segurtasunekoak, higienekoak, ingurumenekoak, osasunekoak, eta zarata eta bibrazio mailari dagozkionak. Orobat, bere gain hartuko duela ardura honako hauek betetzeko: eraikuntzako eta hirigintzako arauak, eta adierazitako edo komunikatutako jarduera eta/edo obra arautzen duten araudi berariazkoak, orokorrak eta sektorialak, ezarritako betebeharrak. Hori dena, galarazi gabe egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, oro har, kontrolatzeko administrazio-ahalak, administrazioa izan estatukoa, autonomia-erkidegokoa nahiz tokikoa, une bakoitzean aplikatzekoa den antolamendu sektorialak esleitzen dituen ahalen arabera.

2. artikulua. Definizioak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, bere erantzukizunpean, adierazten baitu betetzen dituela eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa, eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

2. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu honen bidez interesdunek administrazio publiko eskudunari adierazten dizkiote beren datu identifikagarriak eta gainerako baldintzak, eskubide bat erabiltzeko edo jarduera baten titulartasuna aldatzeko, edo jarduera eteteko edo azkentzeko.

3. Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, jarraikiz Toki-Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan ezarritakoari.

4. Zerbitzua: norberaren konturako jarduera ekonomiko oro, gehienetan ordainsari baten truke emana.

5. Jarduera sailkatua: abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. eranskinean jasotako jarduerak eta instalazioak (foru lege horren bidez arautzen dira ingurumenean eragina duten jarduerak), baita foru lege hori garatzeko erregelamenduan jasotakoak ere, edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian jasotakoak.

6. Jarduera sailkatu gabea: indarrean dagoen ingurumen legedian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

7. Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta eraikinen edo instalazioen egituran (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun- edo segurtasun-baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak. Ordenantza honen 9. artikuluan azaltzen da obra txikitzat jotzen diren obren zerrenda bat, gehiago izan badaitezke ere.

8. Lizentzia: aldez aurreko kontroleko edozein administrazio-egintza, arautua eta deklarazio izaera duena, dagokion toki-erakundeak jarduketak baimentzeko egiten duena, kasu bakoitzean indarrean dagoen ordenamenduarekin bat datorrela egiaztatu ondoren.

9. Titulartasun aldaketa: administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da. Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubide guztiak hartuko ditu titular berriak.

10. Jarduera etetea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, erakundeak existitzen jarraitzen du, baina “jarduerarik ezaren” egoeran.

11. Jarduera azkentzea: jarduera behin betiko etetea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea.

12. Jarduera berriz hastea: aldi baterako etenaldian egon den jarduerari berriz ekitea da, hau da, existitzen da, baina “jarduerarik ezaren” egoeran.

13. Zuzendu daitekeen akats ez-funtsezkoa: jarduera edo obra bat ezartzeko edo aldatzeko proposamenaren akatsa, edo akats dokumentala edo teknikoa, bere garrantziagatik zuzendu daitekeena ezarritako epeetan, ahalbidetzen duena ezarritako epean jardueran aritzea, bai entitate sustatzaileak garaiz erantzuteagatik bai administrazioak proposa dezakeen inposizioarengatik.

14. Zuzendu daitekeen funtsezko gabezia: jarduera edo obra baten dokumentazio, teknika edo ezarpen- edo aldaketa-proposamenaren gabezia, duen garrantziagatik jarduera edo obra bertan behera uztea eskatzen duena.

15. Zuzendu ezin den akatsa: jarduera edo obra bat ezartzeko edo aldatzeko proposameneko akatsa, aurkeztutako dokumentazioan agertzen dena, jarduerarekin edo obrarekin jarraitzea ezinezkoa egiten duena, deusetan ukatu gabe ekar dezakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboa.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

a) 448/2014 Foru Aginduaren esparruan (foru agindu horren bidez onesten dira 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak; foru dekretu horren bidez onesten da 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua; 4/2005 Foru Legea, halaber, da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudiaren esparruan, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko neurriak sartzearren:

–Jarduera sailkaturako lizentziak. II. eranskinean jasotako baina III. eranskinean jaso gabeko jardueren ezarpena, ustiapena, lekualdaketa eta eraldaketa funtsezkoa.

–Irekitzeko udal lizentzia, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten instalazioen jarduerak hasteko.

b) 12/2012 Legearen eranskinean jasotako jarduerak ezartzea, aldatzea eta hastea edo abiaraztea (lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian jasotako jarduerak ezartzea, aldatzea eta hastea edo abiaraztea.

c) Jarduera sailkatu gabeak gauzatzen jardutea eta hastea edo abiaraztea, horien izapidetzea ez dagoenean jasota aplikatzekoa den legedian.

d) 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan jasotako jarduerak (erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak), edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian jasotakoak. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Ordenantza honen 9. artikuluan deskribatu dira obra txikiak.

e) 12/2012 Legean jasotako jarduerak ezartzearen ondoriozko obrak edo antzekoak, edo, bestela, dagokion unean hura ordezten duen araudian jasotakoak ezartzearen ondoriozkoak.

2. Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira, kontuan izan gabe ea abian jartzeko behar izan duten erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak etetea eta azkentzea.

c) Aurretik etendako jarduerari berriz segida ematea.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Jarduera horiek non haietan legez hasteko izapidetzea eta prozedura araututa, jasota eta aurreikusita dagoen indarrean den legedian eta araudian, hasiera horretan aurreikusi ez badira ez erantzukizunpeko adierazpena ez aurretiazko komunikazioa.

b) Obra proiektua behar duten obrak, jarraikiz Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari, edo, bestela, jarraikiz dagokion unean hura ordezten duen araudiari.

c) Etxebizitza edo jarduera baten banaketari eragiten dioten obrak, modu esanguratsuan bigarren kasuan.

d) Espazio, lokal, pabiloi eta abarren erabilera aldatzen duten obrak, salbu eta 12/2012 Legean edo antzekoetan jasotako jardueren ezarpena, edo lege horren ordez unean-unean ematen den araudia.

e) Sostengu-egiturari eragiten dioten obrak, edozein eratakoak eta edozein esku-hartze mailatakoak, eskailerei eragitea eta solairuarteak eta karga-hormak eraikitzea barne.

f) Nolabaiteko babesa duten edozein motatako eraikin, elementu edo multzoei eragiten dieten obrak.

g) Eraikinen alderdi estetikoei funtsean eragiten dieten obrak.

h) Aplikatzekoa den hirigintza-araudiak debekatutako erabilerak dituzten jarduerak eta obrak.

i) Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

j) Obrak, antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetan.

k) Obrak, baldin Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio haien gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola.

l) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legediak eta hirigintzako plangintzak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

m) Erabilera publikoko lurzoruari eragiten dioten obrak, jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboari eta okupazioari eragiten dieten obrak eta jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboa dakarten jarduerak.

n) Garabiak muntatzea eta instalatzea.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak ordenantza honetan jasotzen diren eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira.

Eredu horiek Baztango Udalaren web-orrian nahiz dagokien udal bulegoetan egonen dira herritarren eskura.

BIGARREN TITULUA

Alderdi orokorrak erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren prozeduretan

I. KAPITULUA

Arau komunak

6. artikulua. Arau komunak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa eta kasu bakoitzerako eransten den dokumentazioa Baztango Udalaren erregistroan aurkez daitezke, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutako edozein erregistro eta bulegotan ere.

2. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez du inola ere esan nahi establezimenduaren, egin beharreko obren eta jardueraren hasiera berez bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialak Baztango Udalari esleitzen dizkion egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, oro har, kontrolatzeko administrazio-ahalak erabiltzea.

3. Erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak ahalmena emanen dio titularrari nahi duen eta eskaeran adierazi duen jarduketa egiteko, baldin eta beharrezko eta ezinbesteko dokumentazioa aurkezten badu, alde batera utzi gabe bidezkoak diren egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako ulertuko da baimen edo lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

5. Erantzukizunpeko adierazpenaren datuak edo bertan adieraziak ez-zuzenak badira, faltsuak badira, edo omisioren bat badute, funtsezko eraren batean, edo adierazpena ez bada aurkezten Baztango Udalean, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra hasi, aurrera eraman edo gauzatu ezina, gorabehera horien berri jakiten den unetik bertatik; horrez gain, erantzukizun penal, zibil eta administratiboak ere egon litezke.

Udalak ebazpena emanen du aipatutako inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko eta erabaki dezake interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aurreko uneraino, eta orobat erabaki dezake epe jakin batean xede bereko beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

6. Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean zenbait jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak eta/edo aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.

7. Baztango Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako espediente bat tramitatu behar dela aurretiazko lizentzia edo baimena behar duen prozedura baten bidez, interesdunak berriro eskatu beharrik gabe egingo da, espediente hori prozedura zuzenera birbideratzeko Alkatetzaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan adieraziko da erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazio hori onartezina dela, eta eragindako eskubidea edo jarduera lizentzia eskuratzea ezinezkoa dela adieraziko da.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua itxi dadila.

8. Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako plangintzaren kontrako ahalak, eta erabat deusezak izanen dira legeriaren edo hirigintzako plangintzaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez badituzte.

9. Obra egiteko garabia muntatu eta instalatzeak ez du, inola ere, erantzukizunpeko adierazpenik beharko. Garabia muntatzeko obra-lizentzia eta garabia jartzearen ondorioz bide publikoa okupatzekoa bereiz izapidetu beharko dira.

10. Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.

11. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez izapidetzen den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

12. Erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena behar duten jarduerak edo obrak ikuskatzeko izendatutako udal-langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira dagozkien eginkizunak betetzeko, zehazki, udal-arkitekto teknikoa, udal-polizia eta Baztango Udaleko basozainak, hirigintzari eta/edo ingurumenari buruzko legedian ikuskapenei buruz adierazitako modu berean.

HIRUGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak, zerbitzuak eta obrak

1. ATALA

Jarduerak

7. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak eta sailkatu gabeak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak, indarrean dagoen ingurumeneko araudiak horrela ezartzen duelako.

448/2014 Foru Agindua, onesten dituena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko neurriak sartzeko: II. eranskinean jasota dauden eta III. eranskinean jasota ez dauden jarduerak bakarrik ezartzea, ustiatzea, lekualdatzea edo funtsean aldatzea, edo horren ordez unean-unean ematen den araudia.

2. Txikizkako merkataritza liberalizatzeko premiazko neurriei eta zenbait zerbitzuri buruzko 12/2012 Legean eta ondorengo aldaketetan (14/2013 Legea eta 20/2013 Legea) jasotako jarduerak, edo lege horren ordez unean-unean ematen den araudia.

3. Jarduera sailkatu gabeak eta erabilerak, haien tramiterako prozedura espresuki eta nahasbiderik gabe inongo araudik edo legediak, orokorra nahiz sektoriala izan, arautzen ez dituenak.

8. artikulua. Jardueren erantzukizunpeko adierazpena eta aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Erantzukizunpeko adierazpena titularrak edo sustatzaileak aurkeztu behar du obrak eta eginen den jarduera hasi baino lehen.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa ordenantza honen I. eranskinean dago ezarrita, eta gutxienekoa da. Baztango Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

2. ATALA

Obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

Indarrean dagoen hirigintzako araudiak ezarriko du zein obrak behar duten erantzukizunpeko adierazpena. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, eta horiek islatuta daude Lurralde-Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan (“Lizentzia behar duten egintzak”), edo horren ordez unean-unean ematen den araudian.

Ordenantza honen ondorioetarako, hauek dira erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak:

1. Lokalak txikizkako merkataritzako jarduerak eta 12/2012 Legean (eta ondorengo aldaketetan) jasotako zerbitzu jakin batzuk egiteko egokitzearekin lotutako obrak, baita horien antzeko jarduerak eta zerbitzuak ere, betiere Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen edo lege horren ordez unean-unean ematen den araudiaren arabera obra-proiektu bat idaztea eskatzen ez badute.

2. Munta edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak. Hona hemen, munta edo tamaina txikiko obratzat jotzen direnen zerrenda bat, gehiago izan badaitezke ere:

a) Lehendik dagoen etxebizitzaren barruko obrak, fatxadei eragin gabe, betiere bizigarritasun baldintzak betetzeari eragiten ez badiote, banaketa edo trenkadak aldatzen ez badira, erabilera edo etxebizitza kopurua aldatzen ez badute eta eraikineko elementu komunei eragiten ez badiete, hala nola:

–Igeltserotza obrak: barne-estaldurak eraberritzea, konpontzea eta/edo berritzea; barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea; aparatu sanitarioak aldatzea edo ordezkatzea; fatxadei eragiten ez dieten instalazioak ezartzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea, multzoaren homogeneotasunari eusten ez badiote edo ezarritako ereduari erantzuten ez badiote.

b) Lehendik dagoen eta mantentzen den jarduera daukan lokalean, barnealdean obrak egitea, jarduera sailkatuan aldaketa funtsezkorik eragin gabe.

–Gelen banaketari eta erabilerari eragiten ez dieten eraberritzeak: igeltserotza obrak; barne-estaldurak eraberritzea, konpontzea eta/edo berritzea; barneko arotzeria aldatzea edo ordezkatzea; aparatu sanitarioak aldatzea edo ordezkatzea; instalazioak berriz ezartzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Trenkadak kentzea eta/edo altxatzea puntualki, honako hauek ez badira: espazioen banaketan eta erabileran aldaketak egitea, doikuntza txikiak izan ezik; publikoak okupatutako azalera handitzea, ezta okupazioa eta banaketa ere, ebakuazio-elementuei dagokienez.

c) Jarduerarik gabeko lokalen barruko obrak, geroko jarduerarik ez dakartenak.

–Gelen banaketari eta erabilerari eragiten ez dieten eraberritzeak: igeltserotza obrak; barne-estaldurak eraberritzea, konpontzea eta/edo berritzea; barneko arotzeria aldatzea edo ordezkatzea; aparatu sanitarioak aldatzea edo ordezkatzea; instalazioak berriz ezartzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Trenkadak kentzea eta/edo altxatzea puntualki, baldin eta aldaketa nabarmenik eragiten ez badute edo ebakuazio-segurtasunari eragiten ez badiote.

d) Etxebizitza-eraikinetako edo eremu komunetako atarietako barruko berritze-obrak, baldin eta estalduren, dekorazioaren, instalazioen eta konponketen aldaketei bakarrik eragiten badiete eta aldaketa horiek arau-baldintzetan funtsezko aldaketarik eragiten ez badute.

e) Lehendik dauden eraikinetako fatxadetako eta estalkietako obrak, betiere lehendik dauden bolumenari, formari, hutsarteei, materialei, koloreei eta diseinuari eusten bazaie: egitura elementuei eragiten ez dieten estalkien konponketak, mantentze-lanak eta teilatuaren berritze-lanak; erretenak eta zorrotenak garbitzea eta ordeztea; fatxadak margotzea (zuria ez den beste edozein kolore hirigintzako udal-zerbitzuarekin kontsultatu beharko da, eta onetsi beharko da); paramentuak eta fatxadako beste elementu batzuk konpontzea (barandak moldurak, zorrotenak eta antzekoak); fatxadako arotzeria berritzea, multzoaren homogeneotasunari eutsiz.

f) Fatxaden konfigurazioa partzialki aldatzen duten obrak: balkoien itxiturak, jabekideen erkidegoak eraikin osorako jarraitu beharreko eredua onetsi ondoren, eta betiere eraikin jakin horretarako hirigintzaren aldetik posible bada (gogorarazten da begiratokietarako baldintza espezifikoetara egokitu behar dela, Baztango Udal Planaren Ordenantza Orokorraren 40. artikuluan jasotakoetara); toldoak goiko solairuetan jartzea (gogorarazten da toldoetarako berariazko baldintzetara egokitu behar dela Baztango Udal Planaren Ordenantza Orokorraren 25. artikuluan jasotakoa); merkataritza-lokaletan errotuluak eta toldoak jartzea; lokalen beheko solairuan baoak irekitzea, baldin eta fatxadaren konfigurazio orokorra aldatzen ez badute eta egiturazko elementuei eragiten ez badiete.

g) Itxiturak eta hesiak, lur mugimendurik egin gabe: lehendik dauden itxiturak konpontzea, berreraiki gabe; itxitura berriak hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian (gogorarazten da lurzati-itxituretarako eta finken itxituretarako baldintza espezifikoetara egokitu behar dela, hurrenez hurren Baztango Udal Planaren Ordenantza Orokorraren 4. eta 30. artikuluetan jasotakoetara); itxitura arin berriak, zimendurik gabeko itxiturak, lurzoru urbanizaezinean (errespetatu beharko dira sektore- edo udal-legedian errepide, ur, bide eta abarrei ezarritako distantziak).

h) Bide publikotik ikus daitezkeen publizitate kartelak: hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian instalazio berria jartzea edo kartelak konpondu eta mantentzea, horretarako indarrean dagoen udal-araudiaren arabera.

i) Eraiki aurreko lanak (eraikuntza- edo eraispen-lanak), hala nola zundaketak, saiakuntzak, prospekzioak, katak irekitzea, egiturazko elementuei eragiten ez dieten garrantzi txikiko eraispen puntualak, edo beste jarduketa batzuk, etxebizitzak edo lokalak eraikitzeko eta/edo eraberritzeko proiektu bat gauzatu aurretik, betiere horien beharra justifikatzen bada.

j) Eraberritze txikiak kanpoko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi-eremuetan, multzoaren irudia modu negatiboan aldatzen ez dutenak.

k) Aipatutakoen antzeko ezaugarriak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak.

10. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Hartan, berariaz adieraziko du indarreko araudiak eskatzen dituen beharkizunak betetzen dituela eta hori frogatzen duen dokumentazioa badaukala.

II. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienez aurkeztu beharrekoa da. Baztango Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

3. ATALA

Jardueren hasiera eta abiaraztea

11. artikulua. Jarduera sailkatuak eta sailkatu gabeak, baldin eta jarduera horiek hasteko eta abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpena behar bada.

1. Lehen aldiz sailkatutako jarduera berriak ireki nahi dituzten jarduketa guztiak, edo funtsezko aldaketa baten ondorio direnak. Ingurumenean Eragina duten Jarduerak Arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. eranskinean eta, hala badagokio, hura garatzeko erregelamenduan edo horren ordez unean-unean ematen den araudian jasotako jarduera guztiak hartzen ditu.

2. Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean, eta ondorengo aldaketetan jasotako jarduerak.

3. Jarduera sailkatu gabeak eta erabilerak, haien tramiterako prozedura espresuki eta nahasbiderik gabe inongo araudik eta/edo legedik, orokorra nahiz sektoriala izan, arautzen ez duenean.

12. artikulua. Jarduera sailkatuak eta sailkatu gabeak hasteko eta abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

Titularrak edo sustatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du jarduera hasi aurretik eta jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren sektore-betekizun eta baimen guztiak lortu ondoren.

Horretarako, Baztango Udalari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dio, eta bertan adieraziko du, bere erantzukizunpean, betetzen dituela jarduera hasteko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza guztiak, badituela hori egiaztatzen duten agiriak, eta konpromisoa hartzen duela baldintza horiek betetzen jarraitzeko jarduerak irauten duen bitartean.

III. eranskinean ezartzen den dokumentazioa da gutxienez aurkeztu beharrekoa. Baztango Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

II. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

13. artikulua. Obraren hasiera, jarduera bati lotuta egon edo ez, eta jarduera baten hasiera eta abiaraztea.

Dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ahalmena ematen dio interesdunari obrak egiten hasteko, jarduera bati lotuta egon ala ez, eta jarduera hasteko, aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, aurkezten den egunetik bertatik, betiere udalaren esku jartzen bada legez izapidetzeko eskatzen den dokumentazio guztia, galarazi gabe udal administrazioak esleituta dituen ahalmenak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko.

Establezimendua egokitzeko obrak fisikoki amaitzearen baldintzapean geratzen diren jardueren kasuan (dagokion izapidea egin ondoren), egokitze obrak jarduera hasi aurretik erabat amaituta egon beharko dute, eta establezimendua oro har jarduera garatzeko baldintza egokietan egon beharko da, pertsonen eta/edo ondasunen segurtasunaren aldetik, bereziki.

Aurreikusitako jarduera bat hasi eta abiarazteak, obra aldez aurretik gauzatzearekin lotuta, berekin ekarriko du dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, ordenantza honetan xede horretarako aurreikusitako ereduzko dokumentuarekin bat etorriz.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopiak edo erregistro elektronikoak emandako ordainagiriak jardueraren xede den establezimenduan edo obran egon beharko du ikusgai, gauzatzen ari den bitartean.

14. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak.

448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartuta dauden eta III. eranskinean sartuta ez dauden jarduera sailkatuen kasuan, edo horren ordez unean-unean ematen den araudiaren kasuan, jarduera sailkatuaren udal-lizentzia automatikoki eman dela ulertuko da, sustatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztuz gero.

Aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritakoari jarraituko zaio azkentzeari eta eraginkortasunari dagokienez.

2. Obrak.

Obrak sei hilabeteko epean hasi beharko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik zenbatuta, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek igaro ondoren obrak hasi edo amaitu ez badira, erantzukizunpeko adierazpenak eraginkortasuna galduko du automatikoki, eta obrak hasi edo berriz hasteko beharrezkoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Dokumentazioa Udalean aurkezteko unean, interesdunak jakinarazi beharko du noiz hasiko eta amaituko den obra, Udalak, hala ezarrita edo zehaztuta badago, obra egiaztatzeko eta ikuskatzeko aukera izan dezan. Dokumentazioa aurkezteko unean data horiek aurreikusterik ez badago, Udalari jakinarazi beharko zaizkio geroago, eskabide orokor baten bidez.

3. Sailkatutako eta sailkatu gabeko jarduerak hastea eta abian jartzea.

Pertsona interesdunak jarduera hasteko data adierazi beharko du dagokion erantzukizunpeko adierazpen eredua aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen bada.

Jarduera hasteko eta abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta 2 urteko epean jarduera hasten ez bada, erantzukizunpeko adierazpena automatikoki etengo da, eta jarduera hasi edo berriz hasi nahi duen interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztu beharko du.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzeko prozedura

15. artikulua. Ohar orokorrak.

Udal zerbitzu eskudunek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak eta/edo ikuskapenak ordenantzaren xede diren jarduera, zerbitzu eta obrei dagokienez, indarrean dagoen legediak egozten dizkien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, aplikatzeko araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen dela frogatzen duten egiaztagiriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzea.

Egiaztatuko da obra txikia eta/edo adierazitako jarduera erantzukizunpeko adierazpenaren tramiteari lotutako kasuen artean dagoela, eskatutako dokumentazioa biltzen duela, aplikatu beharreko hirigintzako udal araudia betetzen duela eta baita segurtasuneko alderdi eta baldintza jakin batzuk betetzen dituela.

Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietara hedatuko da egiaztapen aldia.

1. Egiaztatzea honela garatuko da:

1.1. Egiaztatzea ea aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren xedea sartzen den ala ez erantzukizunpeko adierazpena behar duten kasuetan.

1.2. Agirien egiaztapena: egiaztatuko da ea ordenantza honek eskatutako agiri guztiak aurkeztu diren.

1.3. Aplikatzekoa den hirigintzako araudia eta araudi teknikoa betetzen dela egiaztatzea: aurreikusitako erabileraren eta egin beharreko obren bateragarritasunari dagokionez.

2. Agiriak egiaztatu ondoren, honako kasu hauek gerta daitezke:

a) Dena ezarritako prozeduraren arabera egotea. Kasu horretan, Udalak erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen-prozeduraren amaiera jakinaraziko ditu.

Jarduera hasi eta abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenaren kasuan, gainera, ikuskapena eginen da, eta ordenantza honen 17. artikuluan adierazitakoaren arabera amaituko da.

b) Deklaratutako obra edo jarduera erantzukizunpeko adierazpena behar duten kasuen artean ez dagoela erabakitzen bada, eta aurretiazko baimena eta/edo lizentzia lortu behar dela erabakitzen bada, espedientea prozedura zuzenera birbideratuko da, ordenantza honen 6.7 artikuluan jasotzen denaren arabera, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

c) Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio adierazitako epean adierazpen hori zuzentzeko, eta erantzukizunpeko adierazpen horren eraginkortasuna eten eginen da eskatutako zuzenketa egin arte.

Errekerimenduak zuzendu ondoren, aurreko a) apartatuaren arabera jokatuko da.

Zuzendu ezean, Alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuz eta, hala badagokio, obra eta/edo jarduera behin betiko geldiarazteko aginduz.

d) Hirigintzako edo teknikako akatsak edo ez-betetzeak atzemanez gero, akats edo ez-betetze horiek funtsezkoak ez diren zuzenketetan, funtsezko zuzenketetan edo konponezinak direnetan kalifikatuko dira, eta honako emaitza hauekin amaituko dira:

d.1) Aldekoa, zuzendu daitezkeen eta funtsezkoak ez diren akatsekin: interesdunari eskatuko zaio adierazitako epean adierazpen hori konpon dezala; bien bitartean, interesdunak obrarekin eta/edo jarduerarekin jarraitzen ahalko du.

Errekerimenduak zuzendu ondoren, aurreko a) apartatuaren arabera jokatuko da.

Zuzendu ezean, Alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuz eta, hala badagokio, obra eta/edo jarduera behin betiko geldiarazteko aginduz.

d.2) Aurkakoa, zuzendu daitezkeen funtsezko akatsekin: jarduera edo obra kautelaz eteteko aginduko da, dagokion Alkatetzaren ebazpenaren bidez, eta ebazpen horretan bertan interesdunari eskatuko zaio adierazitako epean adierazpen hori zuzentzeko.

Errekerimenduak zuzendu ondoren, aurreko a) apartatuaren arabera jokatuko da.

Zuzendu ezean, Alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuz eta, hala badagokio, obra eta/edo jarduera behin betiko geldiarazteko aginduz.

d.3) Kontrakoa, zuzendu ezin diren akatsekin: alkatetzaren ebazpen arrazoitua emanen da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza deklaratuz eta, hala badagokio, obra behin betiko geldiarazteko eta/edo jarduera behin betiko ixteko aginduz.

Alkatetzaren behin betiko geldiarazte-ebazpenak, hala badagokio, egoera juridikoa obra hasi aurreko unera eta/edo zehapen-araubidearen hasierara itzultzeko betebeharra ezarriko du.

17. artikulua. Jarduera bati lotutako edo lotu gabeko obraren ikuskapena, eta jarduera bat hasteko eta abian jartzeko ikuskapena.

In situ egiaztatzea betetzen dela adierazitakoa erantzukizunpeko adierazpenean eta betekizunak egiaztatzeko frogatzeko agirietan.

1. Ikuskapenak egin daitezke:

1.1. Jarduerak hastean eta abiaraztean: jarduera guztiak abian jartzen direla ikuskatuko da.

1.2. Jarduera egin bitartean: edozein jarduera ikuska daiteke, kontuan izan gabe abiaraztean ikuskatu zen edo ez.

1.3. Obrak egiten edo amaitzen diren bitartean, aurreikusitako jarduera bati lotuta egon ala ez.

2. Ikuskapena egin ondoren, honako emaitza hauek eman daitezke:

a) Aldekoa:

–Obrak: Deklaratutako obra, jarduera bati lotua edo ez, izapidetutako erantzukizunpeko adierazpenarekin eta hari erantsitako dokumentazioarekin bat etorriz gauzatzen bada, ikuskapena egiten den unean bertan ahoz jakinaraziko da ontzat eman dela, eta egiten ari den obrarekin jarraitzen ahalko da.

–Jardueren hasiera eta abiaraztea: aitortutako eta ikuskatutako jarduera izapidetutako erantzukizunpeko adierazpenarekin eta hari erantsitako dokumentazioarekin bat etorriz gauzatzen bada, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera jakinaraziko dira. Udalak abian jarri izanaren egiaztagiria emanen du, eta jardueraren xede den establezimenduan egon beharko da ikusgai.

b) Aldekoa, zuzendu daitezkeen eta funtsezkoak ez diren akatsekin: interesdunari eskatuko zaio adierazitako epean akats hori konpon dezala; bien bitartean, interesdunak obrarekin eta/edo jarduerarekin jarraitzen ahalko du.

Errekerimenduak zuzendu ondoren, aurreko a) apartatuaren arabera jokatuko da.

Zuzendu ezean, Alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuz eta, hala badagokio, obra eta/edo jarduera behin betiko geldiarazteko aginduz.

c) Aurkakoa, zuzendu daitezkeen funtsezko akatsekin: jarduera edo obra kautelaz eteteko aginduko da, dagokion Alkatetzaren ebazpenaren bidez, eta ebazpen horretan bertan interesdunari eskatuko zaio adierazitako epean akats hori zuzentzeko.

Errekerimenduak zuzendu ondoren, aurreko a) apartatuaren arabera jokatuko da.

Zuzendu ezean, Alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpena eraginkorra ez dela deklaratuz eta, hala badagokio, obra eta/edo jarduera behin betiko geldiarazteko aginduz.

d) Kontrakoa, zuzendu ezin diren akatsekin: Alkatetzaren ebazpen arrazoitua emanen da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza deklaratuz eta, hala badagokio, obra behin betiko geldiarazteko eta/edo jarduera behin betiko ixteko aginduz.

Alkatetzaren behin betiko geldiarazte-ebazpenak, hala badagokio, egoera juridikoa obra hasi aurreko unera eta/edo zehapen-araubidearen hasierara itzultzeko betebeharra ezarriko du.

18. artikulua. Erakunde laguntzaileak.

Udal administrazioaren entitate laguntzaile baimenduek bete ditzakete, osoki edo partez, erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako baldintzak eta betekizunak egiaztatzeko jarduera teknikoak.

LAUGARREN TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzea, jarduera uztea, berriz hastea eta/edo jarduera azkentzea

19. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

1. Sailkatutako eta sailkatu gabeko jardueren titulartasuna aldatzea, jarduera hori abiarazteko lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena behar izan bada ere.

2. Sailkatutako eta sailkatu gabeko jarduerak etetea eta/edo azkentzea, jarduera hori abiarazteko lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena behar izan bada ere.

3. Sailkatutako eta sailkatu gabeko jarduerak berriz hastea, jarduera hori abiarazteko lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena behar izan bada ere.

20. artikulua. Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, jarduera egin behar den lokalaren salerosketa, alokairu edo eskualdatze kontratua sinatzen denetik.

Ordenantza honen IV. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Baztango Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

21. artikulua. Aurkeztea aurretiazko komunikazioa eta jarduera eteteko eta/edo azkentzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jarduera utzi eta/edo azkentzeari buruzko aldez aurreko jakinarazpena gehienez hamabost eguneko epean aurkeztu beharko da, jarduera uzten denetik zenbatzen hasita, eta udal-zerbitzu teknikoek jarduera eten edo azkendu dela egiaztatzen duten eguna hartuko da data hori zehazteko.

Ordenantza honen IV. eranskinean ezartzen den dokumentazioa gutxienekoa izanen da. Baztango Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aldez aurreko jakinarazpena aurkezten den jardueraren etetea eta/edo azkentzea behar bezala eta osorik definitzeko.

22. artikulua. Jarduera ezaren ondorioak.

Jarduera uzteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu ondoren, jarduera utzi zenetik bi urte baino gehiago igaro badira eta berriro hasi ez bada, berriz hasi nahi duen interesdunak nahitaez aurkeztu beharko du jarduera-lizentziaren beste eskaera bat eta/edo jardueraren beste erantzukizunpeko adierazpen bat, kasuaren arabera.

Jarduera uztearen aurretiazko komunikazioa aurkeztu zenetik bi urte igaro gabe jarduera berriz hasi nahi bada, jarduera berriz hastearen aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da (titularra jarduera utzi zuen bera bada) edo titulartasun-aldaketaren aurretiazko komunikazioa (titularra beste bat izan behar bada).

23. artikulua. Aurretiazko komunikazioa eta jarduera berriz hasteko aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Jarduera uzteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino bi urte lehenago aurkeztu behar da jarduerari berriro ekiteko aldez aurreko komunikazioa.

Jarduera berriz hasteko aurkeztu beharreko dokumentazioa ordenantza honen IV. eranskinean dago ezarrita, eta gutxienekoa da. Baztango Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

24. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Behin aurretiazko komunikazioa aurkezturik, Udalak egiaztatuko du ea dokumentazioa osorik dagoen.

Osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio epe horretan zuzen dezala jakinarazpen hori, eta etenda geratuko da aurretiazko komunikazio horren eraginkortasuna, harik eta eskatutakoa zuzendu arte.

Epe horretan komunikazioa zuzentzen ez bada, Alkatetzak ebazpen arrazoitua emanen du, aurretiazko komunikazioaren eraginkortasunik eza aginduz eta, hala badagokio, jarduera behin betiko geldiarazteko edo behin betiko ixteko aginduz.

25. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Ordenantza honen aplikazio-eremuko jarduerei eragiten dieten aurretiazko komunikazioak informazio ondorioetarako bakarrik eskatzen ahalko dira.

Betebehar hori betetzen ez bada, administrazioak aukera izanen du, zuzenbideak ezartzen dituen bitartekoen bidez, zehazteko noiz izan diren gertaera horiek, egoki diren ondorioetarako, galarazi gabe horietarako xedatutakoa aplikatzekoa den zehapen prozeduran.

Aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko legedian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bat hasiko. Betiere, galarazi gabe Administrazio Publikoek dituzten ahalmenak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak emandako ordainagiriak jardueraren xede den establezimenduan egon beharko du ikusgai, Udalak jardueraren titulartasun berriaren egiaztagiria eman arte.

BOSGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

26. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

b) Falta astunak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

c) Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean eraginez.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

b) Jardueran aritzea Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

c) Jardueran aritzea, bete gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

d) Jardueran aritzea izan gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

e) Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aldez aurretik emandako agindua ez betetzea.

f) Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, eska daitekeen segurtasun maila gutxitzen dutenean.

g) Establezimenduetan, adierazitakoaz besteko jardueretan aritzea.

h) Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

i) Ezarritako neurri zuzentzaileak edo horiek gauzatzeko egindako errekerimendua ez betetzea.

j) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

k) Agintari eskudunek ikuskapen eginkizunak betetzeari trabak jartzea.

l) Obrak amaitu ondoren, Baztango Udalean ez aurkeztea hondakinen kudeaketa-ziurtagiriak.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

b) Jardueren titulartasun aldaketek behar duten aurretiazko komunikaziorik ez izatea.

c) Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikaturik ez badago.

27. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira ordenantza honetan, administrazio prozedura arautzen duen legedi orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

28. artikulua. Zehapenak.

1. Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak honako zehapen hauek ekarriko ditu:

a) Arau-hauste oso astunak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

29. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak alde batera utzi gabe, ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteak berekin ekar ditzake zehapen osagarri hauek:

a) Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitarte arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasunik eza deklaratzea, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan.

30. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta, arau-hausteen erantzuleak dira, bereziki, jokabide arau-hausleak gauzatzen dituztenak, eta, kasuan-kasuan, honako hauek:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak azkentzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

3. Arau-hausleen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko elkargo batean kidetuta egon behar badute, gertakari horien berri emanen zaio dagokion elkargo profesionalari, egokitzat jotzen dituen neurriak har ditzan, hargatik eragotzi gabe dagokion zehapen-prozedura izapidetzearen ondorioz udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak.

31. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Nahita ari izana.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Berrerori den.

e) Berregilea izatea.

f) Lanbidea, profesioa edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

g) Arau-haustetik ateratako irabazia edo, hala behar bada, arau-hauste hori balizko onura ekonomikoa kontuan hartu gabe egitea.

2. Berregilea dela ulertuko da, eite ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

4. Isun bidezko zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

a) Segurtasunari, pertsonen osasunari eta ingurumenari kalte egiteko arriskua.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteak behin eta berriz egitea, baldin eta, aldez aurretik, kontuan hartu ez badira zehatzeko moduko arau-haustea zehazteko.

e) Arau-haustea egitea eremu zaratatsuetan.

6. Erantzukizunaren inguruabar aringarritzat jotzen da arau-hausleak bere kabuz neurri zuzentzaileak hartzea zehapen-espedientea hasi aurretik.

32. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

2. Behin-behineko neurri horiek izaten ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea eta/edo jarduerak etetea. Neurri horiei eutsiko zaie argi eta garbi egiaztatu arte eskatutako baldintzak betetzen direla edo aurkitutako akatsak konpondu direla.

33. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpen batek abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

2. Ebazpenean zehaztuko da jarduketen instrukzioa nori dagokion, eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

3. Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

4. Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

5. Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari jarraitzen badio. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, araua hobeki garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen alderdiak sartuz edo ezabatuz. Horrek berarekin ekarriko ditu, besteak beste, eskabideetarako eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, dagokion prozedura zehaztea eta baita erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa ere, berariaz adierazita horren edukia.

b) Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

150,00 euroko fidantza orokorra ezartzen da, obra txikietako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) kudeaketa egokia bermatzeko, eta 300,00 euroko fidantza, 65 m2-tik gorako teilaberritze obren kasuan.

Bestalde, tributuak ordaintzea dakarten erantzukizunpeko adierazpenak (tasak edo zergak) erregelamendu bidez onartutako zerga-tarifetan egiten diren aldaketen arabera eguneratuko dira, edo kasuan kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, aurreko araudiaren arabera beharrezkoak ziren lizentziak edo baimenak lortzea helburu dutenak, hasi zirenean indarrean zegoen araudia aplikatuz izapidetu eta ebatziko dira. Hala ere, ebazpena eman aurretik, interesdunak eskaeran atzera egiten ahalko du, eta, hala, dagokion guztian araudi berria aplikatzea aukeratzen ahalko du, eta ordenantza honetan araututako prozeduren edo araubideen bidez aurrera egitea tramitazioan, baldin eta espresuki uko egiten badiote aurreko espedientea tramitatzeari, Baztango Udalari jakinarazten badiote eta ordenantza honetan adierazitako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazio berria aurkezten badute.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

I. ERANSKINA

Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.–Baztango Udalaren jardueren erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua (ordenantza honetako JARDUEREN EA eredu normalizatua).

Dokumentazio osagarria eskatuko da honako kasu hauetan:

a) 448/2014 Foru Aginduan definitutako jarduera sailkatu baten ezarpen berria, legeztapena edo funtsezko aldaketa:

–Jarduera sailkatuaren proiektua, teknikari eskudunek idatzia eta, beharrezkoa bada, ikus-onetsia, 448/2014 Foru Aginduaren 27.1 artikuluan ezarritakoaren araberakoa, edo horren ordez unean-unean ematen den araudiaren araberakoa.

–Jarduera aldatzen bada, aldaketaren funtsari buruzko dokumentazioa, 448/2014 Foru Aginduaren 30. artikuluan eta 93/2006 Foru Dekretuaren 77. eta 78. artikuluetan adierazitakoaren arabera, edo haren ordez unean-unean ematen den araudia.

–Kopia digitala aurkeztu ezean, dokumentazio teknikoa eman beharko da Nafarroako Gobernuaren proiektuen kontsignaren bidez, proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa adierazita.

b) Sailkatu gabeko jarduera baten ezarpen berria edo legeztapena:

–Txosten tekniko balioetsia, teknikari eskudun batek sinatua, sektoreko araudia (suteen aurkako babesa, irisgarritasuna, zaratak, isuri atmosferikoak, isurketak, etab.) eta, hala badagokio, ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla adierazten duena, neurri horiek zein diren berariaz adierazita. Era berean, egungo egoeraren eta berritutako egoeraren planoak erantsiko dira, zehaztuta azalerak, erabilerak eta instalazioak, eta jarduketaren aurrekontua partidaka, beharrezko materialak eta eskulana barne.

c) 12/2012 Legean edo antzekoetan jasotako jarduerak ezartzeko obra txikiak edo obrak egiten badira, obra txikien eta 12/2012 Legean edo antzekoetan jasotako jarduerak ezartzeko obren erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua, edo lege horren ordez unean-unean ematen den araudian jasotakoa.

d) Obra handiak egiten badira, obra-lizentziaren eskaera.

II. ERANSKINA

Obra txikien eta 12/2012 Legean edo antzekoetan jasotako jarduerak ezartzeko obren erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.–Baztango Udalaren eredu normalizatua, obra txikien erantzukizunpeko adierazpenarena (ordenantza honetako JARDUEREN EA eredu normalizatua).

2.–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren autolikidazioa, obren exekuzio materialaren aurrekontuaren % 4koa, eta horren ordainagiria.

3.–Berme gisa egindako gordailuaren egiaztagiria, etorkizunean hondakinak behar bezala kudeatuko direla bermatzeko. Fidantza 150,00 eurokoa izanen da, edo 300,00 eurokoa, 65 m² baino gehiagoko teilaberritzeen kasuan, eta itzuliko da enpresa kudeatzaile baimenduak emandako hondakinen kudeaketa-ziurtagiria aurkeztu ondoren.

4.–Hondakinen sorrera kalkulatzeko eredu-taula (ordenantza honetako HONDAKINEN FITXA eredu normalizatua).

Dokumentazio osagarria eskatuko da honako kasu hauetan:

a) 12/2012 Legean jasotako jarduerak ezartzearen ondoriozko obrak edo antzekoak (edo lege honen ordez unean-unean ematen den araudia):

–Jardueren erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua (JARDUEREN EA eredu normalizatua) eta dagokion dokumentazioa.

b) Garrantzi edo neurri txikiko obra txikiak (9. artikuluan jasotakoak):

–Egin beharreko jarduketen aurrekontu xehatua partidaka (unitateko prezioan materialen eta eskulanaren balorazioa sartuta).

c) Fatxadetako eta kanpoaldeko elementu berrien kasuan:

–Elementu berriak definitzen dituen dokumentazioa (toldoak, errotuluak, leihoak, balkoi itxiturak, partzela itxiturak, publizitate kartelak, etab.).

d) Obra txikiak jarduera martxan duen establezimendu batean egin nahi badira:

–Teknikarien egokitasun-ziurtagiria, justifikatzen duena egoera berrituan eta egiten den jardueran indarrean dagoen araudia betetzen dela.

III. ERANSKINA

Jardueren hasierari eta abiarazteari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.–Baztango Udalaren eredu normalizatua, jardueren hasierari eta abiarazteari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarena (ordenantza honetako JARDUEREN EA eredu normalizatua).

2.–Zuzendaritza fakultatiboaren ziurtagiriak eta azken dokumentazioa, ziurtatzen duena gauzatutako instalazioa onartutako proiektuarekin edo memoria teknikoarekin bat datorrela, eta aldaketak adierazten dituena, halakorik bada.

  • Jardueraren behin betiko planoak (banaketa, azalerak, instalazioak, etab.).
  • Obraren/jardueraren azken likidazioa.
  • Jarduera-lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileen inplementazioari buruzko ziurtagiria, neurririk badago, neurri horiek berariaz adierazita.
  • Erabilitako eraikuntza-elementuen eta materialen sailkapena egiaztatzen duen dokumentazioa, suarekiko portaerari dagokionez (egonkortasuna, erresistentzia eta/edo erreakzioa), dagozkion arauen arabera, eta, hala badagokio, 842/2013 Errege Dekretuaren araberako egiaztagiriak aurkeztuz.
  • Ziurtagiria, berariaz adierazten duena suteen aurkako babeserako instalazioak baimendutako enpresa instalatzaile batek egin dituela eta hala eskatzen duten aparatuek, ekipoek, sistemek edo osagaiek arauen araberako marka dutela, enpresa horrek emandako eta teknikari tituludunek sinatutako obra-amaierako ziurtagiria erantsita.

3.–Jarduerak hasteko eta abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenaren izapidetze-tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

IV. ERANSKINA

Titulartasuna aldatzeko, jarduera uzteko, azkentzeko edo jarduera berrabiarazteko aurretiazko komunikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

1.–Baztango Udalaren eredu normalizatua, titulartasuna aldatzeko, jarduera uzteko, azkentzeko edo jarduera berrabiarazteko aldez aurretik komunikatzeko (ordenantza honen JARDUERA ALDAKETAren AKren eredu normalizatua).

Dokumentazio osagarria eskatuko da honako kasu hauetan:

a) Titulartasuna aldatzea:

–Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioaren izapidetze-tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Baztango Udalak emandako kontu-zenbakian eginen da ordainketa.

–Aurreko titularra pertsona fisikoa bada, jarduera eskualdatu duen pertsona ordezkatzen duenaren NANaren fotokopia.

–Aurreko titularra pertsona juridikoa bada, jarduera eskualdatzen duenaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta jarduera transmititzen duen pertsonaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

–Titular berria pertsona fisikoa bada, jarduera hartzen duen pertsona ordezkatzen duenaren NANaren fotokopia.

–Titular berria pertsona juridikoa bada, jardueraren titular berria nor den egiaztatzen duen agiria eta jardueraren titular berriaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

–Heriotza agiria, mortis causa eskualdaketaren kasuan, edo eskualdaketa egiaztatzen duen jaraunspenaren egiaztagiria.

BAZTANGO UDALAREN EREDU NORMALIZATUAK

JARDUEREN EA: Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (PDFa).

OBREN EA: Obra txikien eta 12/2012 Legean eta antzekoetan jasotako jarduerak ezartzeko obren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (PDFa).

HONDAKINEN FITXA: Hondakinen sorrera kalkulatzeko taula-eredua (PDFa).

JARDUEREN HASIERAko EA: Jardueren hasierari eta abiarazteari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (PDFa).

JARDUERA ALDAKETAren AK: Titulartasuna aldatzeko, jarduera uzteko, azkentzeko edo jarduera berrabiarazteko aurretiazko komunikazioaren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2203786