64. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2022 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, “Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa” deialdia aldatzen duena. DDBN identifikazioa: 599608.

AURREKARIAK

Berrikuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 10eko 292E/2021 Ebazpenaren bidez, “Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa” izeneko deialdia onetsi zen (2021eko 289. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 27koa). Investigo Programaren laguntzak Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) gauzatzen duten eragileentzat dira (irabazi-asmorik gabeko erakundeak). Oinarrietan, prozedurak ezartzen zuen kontratua laguntzen eskaera egin aurretik formalizatu beharra zegoela.

Bestalde, Lan-erreformarako, enplegu-bermerako eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak iraupen mugatuko lan-kontratuen modalitateak aldatu ditu, eta obra edo zerbitzu jakineko, behin-behineko eta bitarteko kontratuak ezabatu ditu. Nolanahi ere, lege-dekretu horretan berean xedapen hauek ematen dira:

Bosgarren xedapen gehigarria.–Kontratazioa, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eta Funtsen esparruan.

Iraupen jakineko kontratuak sinatzen ahalko dituzte sektore publikoa osatzen duten erakundeek, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 2. artikuluan araututako erakundeek alegia, betiere kontratu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana zorrotz gauzatzearekin lotuta badaude, eta aipatutako proiektuak gauzatzeko beharrezkoa den denborarako soilik.

Azken xedapenetako bigarrena.–Urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Enpleguari buruzko Legearen testu bategina aldatzea.

Urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Enpleguari buruzko Legearen testu bateginari bederatzigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hau da testua:

“Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Enplegua aktibatzeko programekin lotutako kontratuak.

1. Administrazio publikoek eta, hala badagokio, irabazi-asmorik gabeko erakundeek enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko kontratuak egiten ahalko dituzte, Enpleguari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako enplegua aktibatzeko programen esparruan; kontratu horien iraupena ez da hamabi hilabetetik gorakoa izanen.

Adierazi behar da Investigo Programak enplegua aktibatzeko programaren izaera duela.

Beraz, Investigo laguntzak hobeto gauzatzeko, horiek emateko prozesua aldatzea proposatzen da, kontratua laguntza eman ondoren formalizatu dadin. Horrela, erakunde onuradunak iraupen jakineko kontratu bat formalizatu behar badu, Lan Erreformarako 32/2021 Errege Lege-dekretuaren xedapenetako baten babesean formalizatzen ahalko du.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–“Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo Programa” deialdiaren oinarri arautzaile hauek aldatzea:

1.1. 4. oinarri arautzailean, “Dirulaguntzaren ezaugarria” izenekoan, 3. apartatua ezabatzen da. Testu hau zuen: Laguntza eskatu aurretik eginen da kontratazioa. Eskaerarekin batera kontratua aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da dirulaguntza eman eta ordaintzeko.

1.2. 9. oinarri arautzailean, “Eskabideak aurkezteko epea eta modua” izenekoan, 2. apartatua ezabatzen da. Testu hau zuen: Eskaera bakoitza aurkezteko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasten den egunetik zenbatzen hasita, edo, 12 hilabeteko bigarren aldia eskatzen bada, gehieneko epea hilabetekoa izanen da, kontratuaren 12. hilabetea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

1.3. 9. oinarri arautzailean, “Eskabideak aurkezteko epea eta modua” izenekoan, 5.a) apartatuak testu hau izanen du aurrerantzean:

Eskabide telematikoa, 2. eta 17. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

1.4. 9. oinarri arautzailean, “Eskabideak aurkezteko epea eta modua” izenekoan, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den xedatzen duen 5. apartatuaren letra hauek ezabatzen dira:

c) Sinaturiko kontratuaren kopia.

d) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

e) Kontratatutako pertsona Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik dagoela justifikatzen duen agiria.

f) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

1.5. 9. oinarri arautzailean, “Eskabideak aurkezteko epea eta modua” izenekoan, 7. apartatuak testu hau izanen du aurrerantzean:

Ezin izanen da zuzendu “I+G+b jardueren deskripzio-memoria” ez aurkeztea. Halakoetan eskaera ezetsi eginen da.

1.6. 9. oinarri arautzailean, “Eskabideak aurkezteko epea eta modua” izenekoan, 8. apartatuak testu hau izanen du aurrerantzean:

12 hilabeteko bigarren laguntza aldirako eskaera, 4.2 oinarrian aipatzen dena, hasierako 12 hilabeteko aldia bukatu aurreko hilabetean aurkeztuko da. Eskabidearekin batera 12 hilabeteko bigarren aldian bete beharreko jarduerak azaltzen dituen memoria bat aurkeztu beharko da.

1.7. “Dirulaguntza ematea eta ordaintzea” izeneko 11. oinarri arautzailearen izena “Laguntza ematea” izanen da aurrerantzean.

1.8. “Laguntza ematea” izeneko 11. oinarri arautzailean 1.d) letra ezabatzen da. Testu hau zuen: Diruz lagundutako kontratuaren iraupena.

1.9. “Laguntza ematea” izeneko 11. oinarri arautzailearen 3. apartatua ezabatzen da. Testu hau zuen: Laguntza ematearekin batera ordainduko da; hortaz, laguntza emateko ebazpena ordaintzeko ebazpena ere izanen da. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

1.10. 11 bis oinarri arautzaile berria gehitzen da, “Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoren” izenekoa. Testu hau du:

Bi hilabeteko epea ematen da, laguntza eman dela jakinarazten denetik, onuradunak dokumentazio hau aurkez dezan:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Kontratatutako pertsona Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik dagoela justifikatzen duen agiria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, 7.5 oinarriari buruzkoa.

e) Erakunde pribatuen kasuan, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, eskura dagoen ereduaren araberakoa.

1.11. “Laguntzaren ordainketa” izeneko 11 ter oinarri arautzaile berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituela adieraziko da.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 11 bis oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da erakunde onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2022ko martxoaren 16an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F2203966