64. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 9an hartua, Eguesibarren saltoki handi bat ezartzeko proposamena udalez gaindiko plan sektorial deklaratzen duena. Sustatzailea Atalaya Superficies Comerciales SL da.

Lurraldea antolatzeko tresna honen xedea da saltoki handi bat ezartzea Olatzen (Eguesibar), bost saltokiz osatua. Horretarako, bost eraikin proiektatu dira merkataritzako jardueretarako. Ez da zehaztu zer jarduera izanen diren.

Hona non kokatu nahi den: “Salestarrak” udalez gaindiko plan sektorialeko “Merkataritza establezimendu handia” etxe-sailean (Olazko eremua) oraindik eraiki gabe dagoen aldean edo haren birzatitze-proiektuko C.1-2 lurzatian.

Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19. artikulua betetzeko aurkeztu da udalez gaindiko plan sektoriala. Artikulu horrek xedatzen duenez, udalez gaindiko plan sektoriala izapidetu behar da merkataritza establezimendu handiak ezartzeko, eta halakoak dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, 2.500 metro koadro baino gehiagoko azalera erabilgarria badute produktuak saldu eta erakusteko.

Saltoki guztiek merkataritza eremu bera partekatuko dute, denek sarbide eta aparkaleku berak izanen baitituzte. Aipatu merkataritza arauaren ondorioetarako, proiektatu den merkataritza eremua merkataritza establezimendu kolektibotzat jotzen da eta “merkataritza gune” gisa definitzen da, unitate gisa kokatu, sortu eta kudeatuko baita.

UPS honen bidez baimendu beharreko merkataritza-eraikinen deskribapena honako hau da:

–A nabea. Eraikinak bi merkataritza eremu ditu, bereiziak eta independenteak, beheko solairuan, 1.200,19 m²-ko azalera eraikiarekin eta 10 m-ko altuerarekin.

–C nabea. Eraikinak hiru merkataritza eremu ditu, bereiziak eta independenteak: bi beheko solairuan eta bat goiko solairuan (ez da zehaztu haien erabilera, eta ez da haientzako merkataritza baimenik eskatzen UPS honetan). 5.581,80 m²-ko azalera eraikiarekin eta 11 m-ko altuerarekin proiektatu da.

–D nabea. Eraikinak hiru merkataritza eremu ditu, bereiziak eta independenteak. Beheko solairuan proiektatu da, 2.082,34 m²-ko azalera eraikiarekin eta 10 m-ko altuerarekin.

–G nabea. Eraikina beheko solairuko merkataritza eremu bat eta bakar gisa eratzen da, 5 m-ko altuerarekin eta 158,86 m²-ko azalera eraikiarekin, guztira.

–H nabea. Eraikina beheko solairuan proiektatu da, 10 m-ko altuerarekin eta 1.230,77 m²-ko azalera eraikiarekin, guztira, eta merkataritza eremu bat eta bakarra da.

Txikizkako merkataritza establezimendu handia baimentzeko azalera-zenbaketaren ondorioetarako, UPS honetan kontuan hartzen dira produktuak saltzeko eta erakusteko azalera erabilgarri hauek: A nabea 999,72 m², C nabea 1.946,16 m², D nabea 1.793,58 m², G nabea 121,12 m² eta H nabea 1.025,62 m².

Ez da azpiegiturarik aurreikusten, salbu eta beharrezkoak direnak harguneak edo konexioak egin ahal izateko “Salestarrak” UPSko UE-1 exekuzio unitateko urbanizazio proiektuan eta horren aldaketetan dauden azpiegitura edo zerbitzu sareekin.

UPSak urtebete eta zortzi hilabete inguruko iraunaldia ezartzen du.

Txosten sektorialak.

Honako hauek emandako aldeko txostenak jaso dira espedientean: Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia; Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuko Partaidetzarako Atala; Babes Zibilerako Zerbitzua; eta Iruñerriko Mankomunitatea (Azpiegituretako eta Garraioko zuzendaritzak).

Bestalde, 2021eko ekainaren 17an emandako txostenean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak hau adierazi zuen: “Eguesibarko saltoki handiaren UPSak garatu egiten ditu “Salestarrak” UPSan aurreikusitako erabilerak, eta “Salestarrak” UPSko merkataritza establezimendu handiaren etxe-sailean egin berri den aldaketari egokitutako antolamendua proposatzen du. Aldaketa hori ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren pean jarri da, eta dagoeneko ingurumen txosten estrategikoa jaso du, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2021eko apirilaren 30ean emandako 411E/2021 Ebazpenaren bidez. Txosten horrek dio aldaketak ez duela ingurumen kalterik sortuko. Eguesibarko saltoki handiaren UPSak ez du esparrurik ezartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko, eta kontuan izanik, halaber, Eguesibarko saltoki handiaren UPSak ez duela gehitzen beste ingurumen ebaluazio bat egiteko moduko jarduketa berririk, txosten honetan adierazten da ez dela beharrezkoa UPS horren ingurumen ebaluazio estrategikoa egitea.”

Kontuan hartzekoak.

Arestian esan bezala, UPS hau izapidetzeko justifikazioa Nafarroan Merkataritza arautzen duen Foru Legearen 19.2 artikuluan dago, hor adierazten baita merkataritza establezimendu handiak jartzea udalez gaindiko plan sektoriala izapidetzearen mende dagoela.

Legeak hori aginduko ez balitz, ez litzateke beharrezkoa izanen UPS hau, edo ez luke lekurik izanen, indarrean dagoen hirigintzako araudiak –“Salestarrak” UPSak– aukera ematen baitu ezarri nahi diren merkataritza establezimenduak ezartzeko.

Testuinguru horretan, UPS honek ez du aldatzen edo berrikusten lurralde edo hiri antolamendu indarduna, aitzitik, antolamendu horretan jada ezarrita dauden baldintzetara egokitutako merkataritza jarduketa baten ezarpena planteatzen du. Ez du hirigintzako determinaziorik edo araudirik eskatzen establezimendu horiek ezartzeko. Honako hau ez da hirigintzako eraldatze jarduketa bat, eraikuntza jarduketa bat baizik.

UPSa gauzatzeko nahikoa izanen da merkataritzako eraikinak garatuko dituzten eraikuntza proiektuak egin eta izapidetzea.

Aurrekoa gorabehera, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenari erantzunez, UPSko araudiak artikulu bakarra du: “1. artikulua.–Zortasun aeronautikoen eremua”. Halaber, aplikatzekoak izanen dira UPSa onetsiz emanen den merkataritza baimenetik eratortzen diren merkataritza determinazioak, aurkeztutako agirietan jasoak, zeinak Merkataritzari buruzko Foru Legeak eskatzen baititu: oinarrizko proiektuak, sortuko den mugikortasunaren azterketa, eraikin guztien ziurtagiri energetikoak, eraikin guztietako hondakinak kudeatzeko planak, ibilgailu elektrikoentzako kargaguneen instalazioa, etab.

UPSaren edukiari dagokionez, merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak egiaztatu egin du UPSaren edukiak betetzen dituela Nafarroan Merkataritza arautzen duen Foru Legearen eskakizunak, eta lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen zuzendaritzak egiaztatu egin du UPSaren edukiak betetzen dituela aplikatzekoak diren lurralde-antolamenduko, hirigintzako eta sektoreetako araudien eskakizunak.

Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 22. artikuluaren arabera, bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena egin behar da “errentagarritasuna kontuan hartuta, kontserbatzeko lege-eginbeharraren mugak betetzen direla eta jarduketak eragindako onuren eta kargen arteko oreka jardun-eremuan sartutako jabeentzat egokia dela bermatuta”. Gainera, erreferentziatzat hartu behar da “Salestarrak” UPSan jasotako bideragarritasun ekonomikoa.

Halaber, 10. apartatua (Irisgarritasun unibertsala) osatu egin behar da eremuko bizikletazko mugikortasuna aztertuz eta, behar izanez gero, neurri egokiak hartuz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2022ko otsailaren 21ean emandako txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Eguesibarren saltoki handi bat ezartzeko proposamena udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Sustatzailea Atalaya Superficies Comerciales SL da.

2. Espedientea ebatzi aurretik, sustatzaileak espedientea osatu egin beharko du erabaki honetan adierazitako eran.

Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

3. Udalez gaindiko plan sektoriala jendaurrean jartzea hilabetez eta, aldi berean, entzunaldia ematea Eguesibarko Udalari.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi beste alegazio aurkeztea:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es

4. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan, eta jakinaren gainean jartzea erakunde hauek, behar diren ondorioak izan ditzan: Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia; Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua; Babes Zibilerako Zerbitzua; Iruñerriko Mankomunitatea; Eguesibarko Udala, eta sustatzailea.

Iruñean, 2022ko martxoaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2203597