63. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

23/2022 FORU DEKRETUA, martxoaren 23koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretuaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren bidez Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa garatu zen.

Next Generation Bulegoaren Zuzendaritza Nagusia otsailaren 3ko 6/2021 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, une horretan aurreikusten ziren kudeaketa-premiei erantzuteko, zeuden tresna juridikoak oinarri hartuta, bereziki abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretua, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena. Zuzendaritza nagusi hori organo kudeatzaileen arteko koordinazio tresna gisa sortu zen, eta, nolanahi ere, bere sorrera ekarri zuen planaren indarraldiari lotuta.

Zuzendaritza nagusi hori sortu zenetik, tresna juridiko batzuk zehazten joan dira gauzatuko diren proiektuei aplikatu beharreko kudeaketa eredua osatzeko. Une honetan, edukia eman baitzaie Foru Komunitateko Administrazioak egin beharreko proiektu askori, zeinek 200 milioi eurotik gorako finantzaketa bideratzen baitute, egitura organikoak erantzuna eman behar dio Suspertze Planean sartuta dauden eta departamentuek gauzatzen dituzten proiektuen barne-kontroleko eta koordinazioko eginkizunen testuinguruaren bilakaera horri.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko martxoaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Aldatzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 1. apartatua. Honela idatzita geldituko da:

“1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia.

c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

d) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

e) Nafarroako Estatistika Institutua (NEI).”

2. artikulua. Aldatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, honela:

Bat.–3. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere egituran:

a) Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia.

c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

d) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

e) Nafarroako Estatistika Institutua (NEI).”

Bi.–III. kapituluko 1. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“III. KAPITULUA

Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

24. artikulua. Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

1. Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, honako arlo hauekin loturik:

a) Foru-sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola.

b) Barne kontrolaren arloko arau eta prozedurak garatzeko proposamenak egitea.

c) Barne kontrolaren eremuan ezartzen den urteko plangintzarako proposamena egitea eta hura betetzea.

d) Kontuen Ganberarekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, Foru Komunitateko Administrazioaren jarduera ekonomiko eta finantzarioaren kontrolari dagokionez.

e) Aurrekontua gauzatzeari buruzko datuen jarraipena egitea, gainbegiratzeko ekitaldia ixtean betetzen direla aurrekontu egonkortasunaren helburua, gastu arauarena eta zor publikoaren helburua, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritako baldintzetan.

f) Nafarroako Gobernuaren kontabilitate korporatiboa.

g) Nafarroako Kontu Orokorrak prestatzea.

h) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartutako jarduketak koordinatzea, baldin eta jarduketa horien erantzukizuna Foru Komunitateko Administrazioaren organoei edo haren mendeko erakundeei badagokie.

i) Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin solaskide gisa jardutea Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sortutako estatu organoetan.

j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren titularrak Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen Foru Legean eta hura garatzeko araudian esleitutako eginkizunak beteko ditu.

25. artikulua. Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Kontu-hartze Zerbitzua.

b) Finantza Kontrol Iraunkorrerako eta Auditoretzako Zerbitzua.

c) Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzua.

d) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzua.

e) Kontrol Juridikoaren Atala.”

Hiru.–III. kapituluari 4. atala eransten zaio,

Hona hemen:

“4. ATALA

Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzua

37. artikulua. Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontabilitate publikoa antolatzea.

b) Kudeaketa arauak eta prozedurak prestatzea, Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egiten diren eragiketak behar bezala erregistratzeko kontabilitatean, bai eta eragiketak gauzatzen dituzten unitateek benetan aplikatzen dituztela kontrolatzeko ere.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera ekonomiko eta finantzarioari eta haren emaitzei buruzko informazio sistema definitzea.

d) Sektore publikoa osatzen duten entitateen jarduerari eta emaitzei buruzko informazio ofiziala prestatu eta argitaratzea.

e) Aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudian jasotako zerga arauen helburua betetzen den zehaztea eta aztertzea.

f) Nafarroako Gobernuko kontabilitate zentroen arteko koordinazio funtzionala, kontabilitatearen arloan.

g) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

37 bis artikulua. Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuaren egitura.

Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu:

a) Kontabilitate Orokorra.

b) Kontabilitate Prozesu Bereziak.

38. artikulua. Kontabilitate Orokorraren Atalaren eginkizunak.

Kontabilitate Orokorraren Atalak, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa ekonomiko-finantzariorako sistema zuzen dabilela kontrolatzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateek betetzen dituzten kontabilitate-eragiketetan erabili beharreko kontabilitateko prozedurak, liburuak, erregistroak eta dokumentuak ezartzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ukitzen dituzten kontabilitate-idatzoharrak kontrolatzea eta, behar izanez gero, gauzatzea.

d) Hilabeteko eta urteko itxieren kontabilitate-prozesuak kudeatzea.

e) Nafarroako Kontu Orokorrak prestatzea, bai eta Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei lotutako ekonomiari nahiz ondareari buruzko gainerako agiri guztiak ere.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

38 bis artikulua. Kontabilitate Prozesu Berezien Atalaren eginkizunak.

Kontabilitate Prozesu Berezien Atalak, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nominaren kontabilizazio lan guztiak kontrolatzea.

b) Zergapekoak ez diren kobrantzak aplikatzeko eragiketak kontrolatzea.

c) Kontabilizazio automatiko edo programatuen eragiketetan sistemak ongi funtzionatzen duela kontrolatzea.

d) Kontabilitate-sistemarekin aritzen diren sistemekiko elkarreragingarritasun-eskemak definitzea, bai kanpokoak, bai administrazio elektronikoaren berezkoak direnak.

e) Jarduketak proposatzea funtzionaltasuna hobetzeko kontabilitate-sisteman edo sistema osagarrietan: Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basea, fakturen erregistroa eta, oro har, kontabilitate-sistemak tratatzeko moduko datuak biltzen dituzten guztiak.

f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.”

Lau.–III. kapituluari 4. bis atala eransten zaio,

Hona hemen:

“4. BIS ATALA

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzua

39. artikulua. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuak, zuzendaritza nagusiaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioko organoei agintzen zaizkien jarduketak koordinatzea, SEM proiektuen jarraipen-sistemaren eskakizunetara egoki daitezen.

b) Foru-sektore publikoa osatzen duten erakundeen informazio ekonomiko eta finantzarioa ematea Estatuko Administrazio Orokorrari, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiaren jarraipena egiteko.

c) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzearekin lotutako informazio sistema zehaztea.

d) Aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudian jasotako zerga arauen helburua betetzen den zehaztea eta aztertzea.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

39 bis artikulua. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuaren egitura.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren koordinazioa.

b) Kontabilitate Nazionala.

40. artikulua. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren Atalaren eginkizunak.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren Atalak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) SEEP proiektuei buruzko informazioaren kudeaketa zentralizatua eta azterketa orokorra egitea, haien erantzukizuna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoena denean.

b) SEEP proiektuak gauzatzen dituzten erakundeei zabalkundea eta aholkularitza ematea, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari eta SEEPi buruzko arauei, metodologiari eta orientazioei dagokienez.

c) Aholkularitza ematea SEEP proiektuak gauzatzen dituzten erakundeei proiektu horien plangintza eta xehakapena egitearren jarduketetan edo habiaratutako beste proiektu batzuetan.

d) Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin koordinatzea, SEEP proiektu eta jarduketei buruzko informazioa emateko.

e) Informazio sistemen funtzionamendu zuzena monitorizatzea.

f) Aholkularitza eta laguntza ematea SEEP proiektuak gauzatzen dituzten erakundeei, kudeaketa- eta jarraipen-datuak erregistratzeko informazio sistemetan.

g) SEEPen sartutako proiektuak gauzatzeari buruzko informazioa lantzea.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.

40 bis artikulua. Kontabilitate Nazionalaren Atalaren eginkizunak.

Kontabilitate Nazionalaren Atalak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzuaren berezko gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen informazio ekonomiko eta finantzarioa prestatzea eta Estatuko Administrazio Orokorrari ematea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiaren jarraipena egiteko.

b) Foru-sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen informazio ekonomiko eta finantzarioa koordinatzea, jasotzea eta ondoren Estatuko Administrazio Orokorrari ematea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiaren jarraipena egiteko.

c) Foru-sektore publikoaren jarduera ekonomiko eta finantzarioaren eragina aztertzea kontabilitate nazionalaren aldetik, aplikatzen ahal den araudi komunitarioaren arabera.

d) Foru-sektore publiko osoaren informazio bateratua prestatzea eta argitaratzea, aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen diren ebaluatzeko.

e) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

Bost.–VIII. kapitulua indargabetzen da (Next Generation Bulegoaren Zuzendaritza Nagusia).

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea eta mantentzea.

Kontabilizazio Prozedura Berezien Bulegoa kentzen da, eta Kontabilitate Zentroaren Bulegoa mantentzen, bere eginkizunekin eta Kontabilitate Orokorraren Atalari atxikita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ataletako burutzetarako eskakizunak.

Kontabilitate Prozesu Berezien Ataleko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Koordinazioaren Ataleko burutzek ez dute berariazko eskakizunik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honen edukiaren kontra doazen maila bereko edota baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2204355