62. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

135/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena, 853/2021 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere. DDBN identifikazioa: 612445.

Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia Espainian, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Jakinarazpenean zehaztu zuen “Europarako berrikuntza olatua” aktibatzea da. Birgaitzearen sektore horrek epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko du, eta epe ertain eta luzean eraikitako parkea modu jasangarrian berritzeko erritmoa bermatuko du. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Espainiako Plan Integratuaren helburuak aurreratzea ahalbidetuko duen birgaitze energetikoko tasa lortu nahi da, Espainiako eraikuntzaren sektorean energia birgaitzeko epe luzeko estrategiaren esparruan (ERESEE). Era berean, etxebizitza parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du eta, horrela, energia eraginkortasunaren hobekuntzarekin eta energia berriztagarriko iturriak integratzearekin batera, irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera segurtasuna hobetzea eta eraikinen digitalizazioa hobetzen da.

Aurrekoaren ildo beretik, Estatuko Administrazio Orokorrak 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa, onetsi du, bizilekuak birgaitzeko zenbait laguntza programa ezartzen dituena. Aipatutako programa horietako bat, 5. programa edo “Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburua prestatzen laguntzeko programa”, C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena, Errege Dekretuaren IV. kapituluan dago araututa (50.etik 58.era bitarteko artikuluak), eta 54. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira. Hala ere, horien helburua Lehendik dauden Eraikinen Liburua egiteko dirulaguntza ematea da, eta ez birgaitze proiektuak idaztea.

Aldez aurretik, aldatu egin da Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua. Lege hori Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legean onetsi zen, eta Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua egiteko betebeharra ezarri da (aipatu 10/2010 Foru Legeko hamalaugarren xedapen iragankorra). Halaber, betebehar hori indarrean jartzen dela eta liburuaren edukia ezartzen dira, eta 853/2021 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarritakora moldatu da.

Dirulaguntza emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaeren aurkezpen ordenaren arabera. eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, pertsona fisikoen kasuan izan ezik. Dirulaguntzei buruzko Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, 853/2021 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, baita dirulaguntza horren oinarri arautzaileak ere. Horien testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 250.000 euroko gastua baimentzea, “Birgaitze babesturako Europako funtsen MRR dirulaguntzak” deritzon 320000-32100-7800-261405 aurrekontuko partidatik, 2022ko gastu aurrekontutik, PEP E-21/000433-01 elementua.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

LEHENDIK DAGOEN ERAIKINAREN LIBURUA PRESTATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ, LEHENDIK DAGOEN ERAIKINAREN LIBURUAREN PROGRAMA

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da bigarren oinarrian aurreikusitako azken hartzaileei banakako ebaluazioa araubideko dirulaguntzak ematea, Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzeko, urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz (853/2021 Errege Dekretua, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegietarako eta gizarte etxebizitzetarako laguntza programak arautzen dituena; aurrerantzean, 853/2021 Errege Dekretua). Zehazki, VI. kapituluan jasotakoaren arabera jardunen da (“Programa de ayuda a la elaboración del libro del edificio existente para la rehabilitación y la redacción de proyectos de rehabilitación”; aurrerantzean, “Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburuak prestatzen laguntzeko programa”).

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat (“Next Generation EU”) abian jartzearekin. Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan 2021-2026 aldian, Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, 2020ko urriaren 7an, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparru orokorra onetsi zen (aurrerantzean, SEEP). Horretan, Espainiako ekonomia modernizatzeko ibilbide orria zehazten zen. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, ondoren, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bidez arautu zen. Hori herri proiektua izan zen, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia Espainian, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Jakinarazpenean zehaztu zuen “Europarako berrikuntza olatua” aktibatzea da. Birgaitzearen sektore horrek epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko du, eta epe ertain eta luzean eraikitako parkea modu jasangarrian berritzeko erritmoa bermatuko du. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Espainiako Plan Integratuaren helburuak aurreratzea ahalbidetuko duen birgaitze energetikoko tasa lortu nahi da, Espainiako eraikuntzaren sektorean energia birgaitzeko epe luzeko estrategiaren esparruan (ERESEE). Era berean, etxebizitza parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du eta, horrela, energia eraginkortasunaren hobekuntzarekin eta energia berriztagarriko iturriak integratzearekin batera, irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera segurtasuna hobetzea eta eraikinen digitalizazioa hobetzen da.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren % 30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren eragin ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoaren ildo beretik, Estatuko Administrazio Orokorrak 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa, onetsi du, bizilekuak birgaitzeko zenbait laguntza programa ezartzen dituena. 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260 A.750 aurrekontu partidan, 2021erako, 1.151 milioi euro erabili ziren errege dekretu horretan araututako 1. laguntza programetatik 5.era bitarteko dirulaguntzak emateko. Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Aipatutako programa horietako bat, 5. programa edo “Birgaitzeko eta birgaitze proiektuak idazteko lehendik dagoen eraikinaren liburuak prestatzen laguntzeko programa”, C02.I01 inbertsioaren 2. osagaiaren barruan dagoena (025 esku-hartze eremua), Errege Dekretuaren VI. kapituluan dago araututa (50.etik 58.era bitarteko artikuluak), eta 54. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek programa horretako laguntzen deialdiak egin behar dituztela. Agindu horri jarraiki, oinarri hauek onetsi dira. Hala ere, horien xedea Lehendik dagoen Eraikinaren Liburuaren prestaketa diruz laguntzea bakarrik da, eta ez birgaitze proiektuak idaztea.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Laguntzen azken hartzaileak izanen dira, egoitza fiskala Espainian baldin badute eta etxebizitza kolektiboko eta bizileku tipologiako lehendik dauden eraikinak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan kokatuta badaude:

a) Eraikinen jabe edo usufruktudun diren pertsona fisikoak.

b) Jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eratu badira.

c) Modu elkartuan, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eraikinen jabe diren jabeak, jabetza horizontalaren titulu eratzailea eman ez dutenean.

d) Etxebizitzen edo eraikinen jabeek modu elkartuan osatutako sozietate kooperatiboak, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak; halaber, jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak osatzen dituzten jabeak, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eratu badira.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa, edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradun eta hartzaileek aplikagarri zaien Europako eta Estatuko araudia bete beharko dute, eta, bereziki, Ordezkaritza Organo Gorenaren Erregelamendua betetzearen ondoriozko betebeharrak, Estatuko Laguntzak zehazten dituen araudia eta Europako zein Estatuko gainerako araudi aplikagarria, bereziki iruzurra, ustelkeria, interesen arteko gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak, Batasunaren finantza interesak babestuko badira.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat egikaritzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, ematen ahal den laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren araudiko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak. Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Azken hartzaileak egiaztatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekuen artean, artikulu horietako e) letran zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izateari dagokion debekuaren kasuan izan ezik.

3. Azken hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Jabeen erkidegoak eta jabeen erkidegoen elkarteak direnean ere arau hori aplikatuko zaie, kontuan hartu gabe, bai laguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua etxebizitzen eta lokalen jabeei jasanarazi behar zaiela, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik egokitzen ahal zaion zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

4. Laguntzen azken hartzaileak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoari jarraitzeaz gainera, eskaera izapidetzen den bitartean ere, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari berehala jakinarazi beharko dizkiote aintzatespena eragiten ahal duten, edo eragin duten, eta laguntza jasotzeko eskubidea bat-batean galtzea ekartzen duten baldintza aldaketak. Aldaketa horiek ez jakinaraztea behar adinako kausa izanen da hasiera emateko oker jasotako kantitateak itzultzeko espediente bati.

Hirugarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua egiteko erabiliko dira, eraikinek honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

a) Etxebizitza kolektiboko bizileku tipologiakoak izatea.

b) 2000. urtea baino lehen amaituta egotea.

c) Eta, gutxienez, arras gainean eraikita dagoen azaleraren % 50ek, beheko solairua edo beheko solairuak kanpo utzita, halakorik badago edo beste erabilera bateragarri batzuk badituzte, etxebizitzatarako bizileku erabilera izatea.

Hiru baldintza horiek eskritura bidez, katastroko ohar soilaren edo katastroko datuen kontsulta deskribatzaile eta grafikoaren bidez ziurtatzen ahalko dira.

2. Lehendik dagoen Eraikinaren Liburuaren gutxieneko edukia Nafarroako etxebizitzarako eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen hamalaugarren xedapen iragankorrean eskatzen dena izanen da.

3. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

4. Laguntzek izaera pizgarria dutenez, oinarri hauek, aipatu laguntzak onesten dituen administrazio ebazpenarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean abiarazitako laguntzen azken hartzaileen jarduketak bakarrik onartuko dira.

5. Laguntzaren xede diren jarduketek baldintzak bete behar dituzte, bai eta eskaera aurkezten den unean aplikagarri zaien indarreko araudia ere.

6. Kostu diruz lagungarritzat hartzen dira Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua Nafarroako Eraikinen Ebaluaziorako Erregistro Orokorrean modu eraginkorrean inskribatzea lortzeko beharrezkoak direnak, eta honako hauek xehetasunez jaso behar dira:

a) Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzeko teknikari eskudunari ordaindutako ordainsari profesionalak.

b) Laguntza eskaeraren kudeaketa kostuak.

g) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

h) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

Lizentzia, tasa, zerga edo ordainketei dagozkienak ez dira diruz laguntzen ahal. Alabaina, BEZa edo zeharkako zerga baliokidea, diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta erabat edo zati batean ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Diruz laguntzen ahal diren kostuak obrak edo lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei ordaindu beharko zaizkie kreditu edo zordunketa txartelaren, banku transferentziaren edo txeke izendunaren bidez, edo kreditu entitateetako kontuetan sarrera eginez. Ezein kasutan ez dira justifikatutzat emanen legezko diruaren emateen bitartez ordaindutako kopuruak.

7. Gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (kontsulta edo aholkularitza zerbitzuak ematen diren kasuetan), hartzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, memoria bat aurkeztu beharko du, non hautatu duen hornitzailea bidezko arrazoiak emanez justifikatu beharko baitu, batez ere eskaintza ekonomikoena hautatu ez bada.

Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdira, hasiera batean, 250.000 euro bideratu dira. Diru hori 2022ko edo dagokion ekitaldiko gastu aurrekontuaren “MRR Birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak” deritzon 320000-32100-7800-261405 partidaren kargura ordainduko da, edo dagokion ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (250.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 3.900.000 euroko kreditu erabilgarria aurreikusi da, eta ez da deialdi berririk egin beharko. Horren eskuragarritasuna jasotako estatu funtsen helburu berrien bidez finantzatutako kreditu sorrerak ema nendu.

Zenbateko gehigarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen mende dago, lehen adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar berez eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere. Edozelan ere, berariaz baimentzen ahalko da, eskaerak aurkezteko epea zabaltzea.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Familia ugariko eraikinen kasuan, gehienez 20 etxebizitza dituztenetarako: 700 euro, eta etxebizitzako 60 euroko kantitate gehigarria.

b) Familia ugariko eraikinen kasuan, 20 etxebizitzatik gora dituztenetarako: 1.100 euro, eta etxebizitzako 40 euroko kantitate gehigarria, dirulaguntzaren zenbateko maximoa 3.500 euro izanik.

Ez badago Eraikina Ebaluatzeko Txostenik, laguntza % 50eraino areagotzen ahalko da. Ez da gorakadarik aplikatuko eraikinak, indarreko araudiari jarraikiz, Eraikina Ebaluatzeko Txostena izateko betebeharra badu laguntzaren eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean.

Laguntzaren zenbatekoak inolaz ere ezin izanen du gainditu guztizko kostua, zergak kanpo utzita, eta BEZ edo zeharkako zerga baliokidea barne hartuz, hori diruz lagungarritzat jotzen denean, ezin izateagatik guztiz edo zati batean berreskuratu edo konpentsatu.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 54.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko bat bada, Estatuko laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko zaio:

a) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen zenbatekoaren eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da.

b) Azken 3 urte fiskaletan emandako laguntzen zenbatekoaren eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo gehiago bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan, xedatutakoa aplikatuko da. Horretan, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza kategoria jakin batzuk aitortzen dira. Halaber, dagokion salbuespena aplikatzen zaie energia eraginkortasuneko neurrietara zuzendutako inbertsio laguntzei (38. artikulua).

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek emandako laguntza guztiei buruzko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak, uneko zerga ekitaldia eta aurreko bi zerga ekitaldiak betetzen direla zehaztuz. Halaber, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, esanez enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. idatz zatian ezarritako “krisian dagoen enpresa” definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, II. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2022ko abenduaren 15ean bukatuko.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, eraikinaren jabe diren pertsona fisikoen kasuan izan ezik Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

5. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Ebazpena eta laguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauei jarraikiz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

2. Ebazpen horretan bertan, dirulaguntza ordainketa bakar batean ordaintzeko aginduko da, funtsen jatorriari buruzko berariazko aipamena eginez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa (edo une bakoitzean etxebizitzaren arloan eskumena duen ministerioa) aipatuz, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak (2021eko otsailaren 12koa) eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (EB) ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzea ere.

Bederatzigarrena.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Oinarri hauen arabera emandako laguntzak bateraezinak izanen dira xede bererako beste edozein laguntza publikorekin eta, bereziki, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako birgaitze babesturako dirulaguntzekin, diruz lagundu beharreko jarduketa babesgarria bera denean.

Hamargarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamabigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Laguntzen xede den jarduera edozein hedabidetan aipatzeko, Programaren Irudi Eskuliburuan agertzen diren baldintzak bete beharko dira. Eskuliburu hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren (http://www.mitma.es) webgunean egonen da eskuragarri. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren (2021eko otsailaren 12koa, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) publizitate neurrietan ezarritakoa ere bete beharko da.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren xedeko laguntzen publizitate betebeharrei dagokienez.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak edo izen soziala), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamahirugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuta daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, baldintza horiek betetzen dituzten erakunde onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin batera, erakundearen legezko ordezkariak sinatuta.

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzeko jasotako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Erakunde onuradunek gardentasun betebeharra bete behar ez badute, lehen deskribatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.

Hamalaugarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta hornitzeko betebeharrak.

1. Debekatuta geratzen da finantzaketa bikoitza eta onuradunak jakinarazteko betebeharra du, kanpoko funtsak, publiko zein pribatuak, ere badaudenean diruz lagungarriak diren kostu berberak finantzatzeko erabili direnak.

2. Onuradunak bete beharrekoak.

–Foru Komunitateko Administrazioari sarbidea ahalbidetzen eta baimentzen dio, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotzen diren organo guztiei ere (haren arabera ezartzen da Erresilientzia eta Berreskuratze Mekanismoa), JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortutako Titulartasun Errealen Erregistroan jasotako informazioa eskuratu ahal izan dezaten, edo titular errealei buruzko datu horiek hornitzen ahal dituzten Administrazioaren beste datu base batzuetan sartzen ahal izan daitezen.

–Sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean informazioa trukatzea ahalbidetzen eta baimentzen du, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hala, laguntza ematea I. eranskinean jasotako baimen hori egotearen mende geratzen da.

3. Onuradunak laguntza emateko beharrezkoa den eta eskatzen zaion informazio guztia hornituko du, eta laguntza emateko betekizunak zein SEMean xedatutakoa beteko ditu. Laguntzen azken hartzaileari buruzko datuak ematera behartuta egonen da, azken hartzailea bera ez denean; halaber, hala badagokio, kontratisten eta azpikontratatuen datuak eman beharko ditu, azken hartzailea adjudikazio-emaile bat baldin bada.

Hamabosgarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: 853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa; 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa; eta 108/2014 Foru Dekretua, azaroaren 12koa, Eraikinen ebaluazio txostena arautzen duena.

I. ERANSKINA

Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua prestatzeko laguntzen eskaera (DOC).

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo arrazoi soziala adieraziz, baita IFZaren kopia ere. Hala dagokionean, ordezkariaren datuak, izen-abizenak eta IFZaren kopia adieraziz, baita ordezkaritzaren ziurtagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoari jarraikiz.

b) Liburuaren xede den eraikinaren edo eraikinen datuak: helbideak, katastroko erreferentziak, etxebizitza kopurua eta, hala badagokio, Liburuaren xede den eraikinaren lokalak, azalera eraikia eta altuera kopurua, beheko solairua barne.

c) Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua; horrek azken hartzailearen adostasuna izan beharko du, baita Nafarroako Eraikinen Ebaluazio Erregistro Orokorreko erregistro kodearen identifikazioa ere.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak edo haren ordezkariak halakorik sinatu badu, non zehatz-mehatz adierazten baita jarduketaren eskatzaileak:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera bakar batean ere, artikulu horien e) letran aurreikusitako debekuan izan ezik, alegia, zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izateko betebeharrari buruzkoan, eta berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

e) Eraikinaren egungo efizientzia energetikoaren ziurtagiria, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatzen den edukiarekin, teknikari eskudun batek sinatuta eta Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen S3 Zuzendaritza Nagusiko erregistroan (edo hura ordezkatzen duen organoan) erregistratuta.

f) Hala badagokio, idazkariaren edo administratzailearen aktaren edo egiaztagiriaren kopia sinatua, erkidegoaren, behar bezala taldekatutako jabe erkidegoen edo kooperatibaren batzarraren erabakiarekin, Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua egitea onartzen duena, eta dirulaguntza eskatzeko baimendutako ordezkariaren izendapena jasotzen duena.

g) Aldeko egokitzapen ebaluazioa edo, hala badagokio, egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo “ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

h) Gauzatutako jarduketaren fakturen eta banku ordainagirien zerrenda eta kopia. Justifikatu beharko da eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatzen ahal diren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

i) Azken hartzaileei ematen zaizkien laguntzen kasuan, jarduera komertziala edo merkataritzakoa egiten duten pertsona fisikoak badira, bosgarren oinarriko 2. puntuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio organoa den aldetik, egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, jarduketaren konplexutasunak edo laguntzaren zenbateko handiak hala eskatzen duen kasuetan. Halaber, erantzukizunpeko adierazpenak edo justifikazio txostenak aurkeztu ahal izanen ditu, onesten diren jarraibide eta ereduen arabera. Horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitza arloko informaziorako www.vivienda.navarra.es webgunean.

Iragarkiaren kodea: F2202888