61. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULGOITI

Udal ordenantza, ezbeharra izan duten etxebizitzak (eraikin guztian edo alde batean) birgaitzeko laguntzena. Behin betiko onespena

Urraulgoitiko Udalak, 2021eko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezbeharra izan duten etxebizitzak (eraikin guztian edo alde batean) birgaitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2022ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 18an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea eta haren testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eraginkortasun juridikoa izan dezan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Urraulgoitin, 2022ko martxoaren 4an.–Alkatea, Martín Iriarte Vizcay.

UDAL ORDENANTZA, EZBEHARRA IZAN DUTEN ETXEBIZITZAK (ERAIKIN GUZTIAN EDO ALDE BATEAN) BIRGAITZEKO LAGUNTZENA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da ezbeharra izan duten udal-mugarteko etxebizitzak birgaitzen laguntzeko udal honek ezarritako laguntzak arautzea.

Jarduera babesgarriak

2. artikulua. Udalaren laguntzak bideratuko dira ezbeharra izan duten etxebizitzak (eraikin guztian edo alde batean) birgaitzeko lanetara, baldin eta honako helburu hauek badituzte:

a) Gutxienez etxebizitzaren %50 hondatu duen ezbehar bat (sutea, uholdea, eraispena) jasan duen etxebizitza bat birgaitzea, erabili ezinik utzi badu, zati horretan behintzat.

b) Gutxienez etxebizitzaren %60 hondatu duen ezbehar bat (sutea, uholdea, eraispena) jasan duen etxebizitza bat eraistea eta berriz eraikitzea, guztiz erabili ezinik utzi badu.

Baldintza orokorrak

3. artikulua. Babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Hirigintza arloan indarra duen planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.

b) Espazioaren antolaketak eta eraikuntza ezaugarriek bermatuko dute etxebizitzek bete ahal izanen dituztela bizigarritasunaren aldetik behar bezainbat baldintza.

Obrek koherentzia teknikoa eta eraikuntzaren aldetiko koherentzia bermatu beharko dute. Obrak ez dira babestuko, baldin eta ez badira egiten Udaleko zerbitzu teknikoek edo haiekin parekatutakoek nahitaezkotzat jotakoak.

Udalaren laguntzak

4. artikulua. Laguntza banakakoa izanen da, eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %80ren pareko zenbatekoa izanen du.

Onuradunak

5. artikulua. Laguntza horien onuradun izanen dira ezbeharrak jasan dituzten etxebizitzen jabeak, baldin eta jarduera babesgarritzat jotzen diren obren sustatzaileak badira eta adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Halaber, Udalaren hirigintza-aholkularitzaren aldeko txostena izan beharko da (obrak indarreko araudira egokitzeari dagokionez).

Laguntza-eskabideak udaletxean aurkeztu beharko dira, obrak egin ondoren, lehen erabilerako lizentzia eskatzerakoan eta/edo obra-bukaerako ziurtagiria aurkezterakoan.

Baliabideak

6. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusita dauden laguntza guztiei aplikagarri zaizkien baldiabideak dira ekitaldi bakoitzean indarrean dauden udal aurrekontuetan agertzen direnak. Dena dela, aparteko baliabide batzuk gaitu ahal izanen dira komenigarritzat jotzen bada.

Azken xedapenak

Lehena.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da, ez beste inorena.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2203308