59. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Ordenantza, laborantzako herri-lurrak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2022ko urtarrilaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ziraukiko Udalaren laborantzako herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2022ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ziraukin, 2022ko martxoaren 4an.–Alkatea, Julio Laita Zabalza.

ORDENANTZA, ZIRAUKIKO UDALAREN LABORANTZAKO HERRI-LURRAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Ziraukiko Udalaren laborantzako herri-lurren adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluarekin, eta bertan ezarritako mugen barnean.

I. KAPITULUA

2. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia-unitateak, haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

A) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

B) Ziraukiko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunarekin.

C) Ziraukin urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

D) Ziraukiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak Ziraukiko Udalak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

3. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

A) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

B) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

C) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Ziraukiko Udalak zuzenean ustiatzea.

Ziraukiko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

A) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

4. artikulua. 1.–Onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon. Familia-unitatean herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko aprobetxamendurako eskubidea duten kideak bizi badira, aprobetxamendu moduetako bat aukeratu ahal izanen dute.

2.–Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3.–Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergagarria, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatiko tokiko zerga oinarria, bai eta gisako izaera duen beste edozein ere.

5. artikulua. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, ereduzko loteak azalera hau dauka:

–Zereala: 12 erregu.

Zehazteko zer lote emanen zaizkien 4. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak, 5 koefizientea.

6. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

7. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Udalak begiratuko du aurrekoa bete dadin, egoki jotzen duen prozedura erabiliz. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek eginak.

c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako diru-sarrerak aitortzen ez dituztenean.

d) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

8. artikulua. Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat dela medio titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, Ziraukiko Udalak adjudikatu eginen ditu beste bi aprobetxamendu moduak erabiliz. Ziraukiko Udalak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien titularrei, enkantean eskuratzen denari kanona –%50, nonbait hor– kendu ondotik.

9. artikulua Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

Lehorreko zereala: enkantean eskuratzen denaren batezbestekoaren %50.

Zenbateko hori lehen urterako proposatutako kanonari dagokio. Udalak urtero eguneratu ahal izanen du KPIarekin, gehienez ere, edo toki ogasunei buruz indarra duen legean zehazten den gehikuntzarekin.

B) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa.

10. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamenduaren bidez beharrak ase ondotik, geratzen diren laborantzako herri-lurrak zuzenean adjudikatuko dira herritarren artean.

11. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak. Horri dagokionez, 7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea edo lan horietarako nekazaritzako makina egokiak edukitzea.

12. artikulua. Adjudikazioko epea 6. artikuluan adierazitako bera izanen da.

13. artikulua. Herri-lurzatien adjudikazio-hartzaileek ezin izanen dute nekazaritzako lanik egin, uztondoak erretzea barne, irailaren 15a baino lehen, zerealak lantzeko lurretan.

14. artikulua. Ziraukiko Udalak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, herritarrendako lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, betiere ahalegina eginez lote guztiek antzeko azalera izan dezaten. Edonola ere, lurzati bakoitzaren azaleraren arabera eginen dira.

15. artikulua. Aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonak Ziraukiko Udalak ezarriko ditu, azaleraren, lur motaren eta abarren arabera.

Zenbateko horiek KPIarekin eguneratu ahal izanen dira, gehienez ere, edo toki ogasunei buruz indarra duen legean zehazten den gehikuntzarekin.

Kanona urte naturaleko azken hiruhilekoan ordainduko da, ordaintzekoa den nekazaritzako urtearen uzta behin jasota.

16. artikulua. Adjudikazioa egitean ahalegina eginen da jasotako eskabideak aintzat hartuz egin dadin. Lurzati bera hainbatek eskatzen duten kasuetan, zozketa bidez ebatziko da. Adjudikaziodunek uko egin diezaiokete herri-lurzatiari urte bakoitzeko uztailean, Ziraukiko Udalari idazki batean horren berri emanda. Aipatu aldi hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Adjudikatutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute beste baterako eskubiderik izanen adjudikazio berria egin arte.

17. artikulua. Ziraukiko Udalak beharrezko deritzen lursailak gorde ahal izanen ditu, onuradun berriei adjudikatzeko. Azken hauek herri-lurzatia eskatu ahal izanen dute uztailean, urtero.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioak egiterakoan, Ziraukiko Udalak kontuan hartuko du lursailak gorde behar dituela, onuradun berriei adjudikatzeko; azken hauek herri-lurzatia eska dezakete uztailean, urtero, eta herri-lurren lote horiek ez dute gaindituko hasierako guztizkoaren 100eko 5.

Era berean, Ziraukiko Udalak behar bezainbeste laborantzako lursail gorde ahal izanen ditu, labore berriak edo laborantza produkzio modu berriak martxan jartzeko. Lursail horiek adjudikatzeko, jasotako eskabideak hartuko dira kontuan.

Lur egokia izanez gero, Ziraukiko Udalak lurzatiak gorde ahal izanen ditu zainzuriak edo bestelakoak landatzeko, horretarako lur egokirik ez duten herritarrek eskaera egin dezaten.

Ziraukiko Udalak, jasotako eskabideak aintzat hartuz, lurzatiak adjudikatzeko baldintzak, erabiltzeko epeak, kanona, azalera eta bestelako alderdi zehatzak ezarriko ditu.

18. artikulua. Ziraukiko Udalak lursailak gorde ahal izanen ditu familia-baratzeetarako, eta zozketa bidez adjudikatuko ditu herritar eskatzaileen artean, baldin eta antzeko lurrik ez badute. Horien azalera, kanona eta baldintzak libreki finkatuko ditu Ziraukiko Udalak, baina helburu horietarako jarri den azalera globalak inola ere ez du gaindituko laborantzarako herri-lurraren azaleraren %10. Modalitate honetako adjudikazioa gehienez lurzati batekoa izanen da, familia-baratzerako edo antzeko aprobetxamendurako, familia-unitate bakoitzeko.

C) Enkante publikoa edo Udalaren zuzeneko ustiapena.

19. artikulua. Ziraukiko Udalak, aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra banatu gabe gelditu bada, enkante publikoan adjudikatuko ditu, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatu ahal izanen du.

III. KAPITULUA

Adjudikatzeko prozedura

20. artikulua. Udalak osoko bilkuran horrela erabaki ondotik, epea irekiko da, eskubidea izan uste dutenek herritarrendako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, aipatu bi aprobetxamendu motetarako.

21. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileei dokumentazio hau eska dakieke: zinpeko deklarazioa:

a) Ziraukiko herritarra izatea, urtebeteko antzinatasunarekin bederen eta udalerrian bizitzea, urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez.

b) Egunean izatea Udalarekiko zerga betebeharrak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak.

d) Udalerri honetan eta beste batzuetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere.

e) Udal honen hiri-lurreko ondasunen zerga-oinarriak, udal honetakoak zein beste batzuetakoak, hala badagokio.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentakoak.

g) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena edo Ogasunak luzatutako ziurtagiria, horretatik salbuetsia dagoela baiesten duena.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatzeko.

22. artikulua. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamendurako eskaerekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztu behar da eta bertan honako datu hauek bildu:

a) 21. artikuluko a) eta b) apartatuetan zehazten dena.

b) Nekazaritzako Gizarte Segurantzako azken ordainagiria edo nekazaritzarako makineriaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

23. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak adjudikatzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie adjudikazioaldi osoan, eta gerta litezkeen aldaketen berri eman beharko zaio Ziraukiko Udalari.

24. artikulua. Ziraukiko Udalak onartuen zerrenda onetsiko du osoko bilkuran, eta Udalaren iragarki-taulan emanen da argitara, egoki juzgatzen diren alegazioak egiteko. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

25. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako adjudikaziorako eskubidea duten familia-unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Ziraukiko Udalak lurzatien loteak zehaztuko ditu, haien ezaugarriak, azalerak, kanona eta abar adierazita.

Familia-unitate bat ezin da izan bi modalitateetako lursailen adjudikazioduna, aldi berean. Bi modalitateetako onuraduna denak, bietako bat aukeratu beharko du.

IV. KAPITULUA

26. artikulua. Ziraukiko Udalak indarrik gabe utzi ahal izanen ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Lur-trukeak, salmentak, lagapenak eta abar.

d) Proiektu sozialak egitea.

V. KAPITULUA

27. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira ondoko hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

b) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan.

c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak finkatzen dituen epeetan.

d) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

e) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

f) Bideak edo landu gabeko lursailak lantzea.

g) Agiriak faltsutzea edo ondasunak nahiz datuak ezkutatzea, horiek funtsezkoak baldin badira lehenbiziko bi aprobetxamendu motak emateko.

h) Nekazaritzako lanak egitea edo uztondoak erretzea irailaren 15a baino lehen, zereala lantzeko lurretan.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

28. artikulua. Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

a), c), d), g) eta h) arau-hausteetan, kontzesioa galduko da.

i) arau-haustearengatik, herri-lurren adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da. Balio hori zehazterik ez badago, 1.000 euroko gehieneko zehapena ezarriko da.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen Ziraukiko Udalaren laborantzako herri-lurrak arautzeko aurreko ordenantza, 1998an onetsitakoa.

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2203316