58. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Ordenantza fiskala, arautzen duena eraikuntza, instalazio
eta obren gaineko zerga. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2021eko abenduaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga Ledeako Udalean. Erabaki hori argitaratu zen 2022ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 18an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ledean, 2022ko martxoaren 8an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA LEDEAKO UDALEAN

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko IV. kapitulua, 167. artikulutik 171. artikulura bitartekoak, biak barne (foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da, eta haren zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo eskatzen bada aurkeztea erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena egitea (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikulua) edo hura kontrolatzea.

Salbuespenak

3. artikulua.

1. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepideetarako, burdinbideetarako, aireportuetarako, lan hidraulikoetarako, hiri saneamendurako edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbatzekoa.

2. Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan ala ez.

Aurreko paragrafoko ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat joko da bere gain hartzen dituena haiek egiteak dakartzan gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria, kuota, sortzapena eta hobariak

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin berezitasun edo nortasun propiorik ez badute lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, sartzen ez badira exekuzio materialaren kostuan.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2ren eta %5en artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza urtero, tarte horren barnean.

4. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

Udalak erabaki du ezartzea zergaren kuotaren ehuneko 50erainoko hobari bat instalazio batzuetarako bakarrik, hain zuzen ere eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten instalazioetarako. Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak, eta instalazioa autokontsumorako izatea.

Hobari hori erreguzkoa da, eta Alkateak erabakiko du ematea, aldez aurretik subjektu pasiboak eskatuta.

Udal honetan aurkeztuko dira eskabideak, obrarako lizentzia eskaerarekin batera.

Kudeaketa

6. artikulua. Zerga kudeatzeko, jarraituko zaio Hirigintzako eta eraikuntzako lizentziak emateko tasak arautzen dituen Ledeako Udalaren ordenantza fiskalari. Ordenantza horretan jasota ez dagoen orotan, berriz, jarraituko zaio martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 171. artikuluari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2203425