58. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Udal ordenantza, eguzki-energia berriztagarria hartzeko instalazioak ezartzeko. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2021eko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarria hartzeko instalazioak ezartzeko ordenantza. Onespen hori 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan ezarritakoarekin, espedientea jendaurrean jarri zen legez ezarritako epean eta bertan zenbait ohar egin zitzaizkion.

Ohar horiek aztertu eta ebatzi ondotik, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, Ziraukiko Udalak, 2022ko martxoaren 3an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarria hartzeko instalazioak ezartzeko udal ordenantza. Argitara ematen da haren behin betiko testua, osorik, legez ezarritako ondorio juridikoak izan ditzan.

UDAL ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIA HARTZEKO INSTALAZIOAK EZARTZEKOA

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da manuak eta arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta/edo termikoaren bitartez eguzki-energia hartu eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko Ziraukiko udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen determinazioek arautzen dute eguzki-instalazio termikoen zein fotovoltaikoen ezarpena, Ziraukiko Udal Plan Orokorreko hiri-lurzoruan, finkatuan eta finkatugabean, urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena.

Eguzki-energia autokontsumorako aprobetxatzeko instalazioak potentzia mugarik gabe ezarriko dira eraikin edo eraikuntzen eta aparkatzeko pergolen gainean, eta bete beharko dute erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidea, haiek jasota gelditzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren ondorioetarako, bat etorriz Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. eta 195. artikuluekin.

Ez dira aurretiazko komunikazioaren eta erantzukizunpeko adierazpenaren araubide horren mende egonen interes kultural edo katalogatuko ondasun deklaratutako eraikinetan egiten diren instalazioak, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dieten instalazioak, ez eta aplikatzekoa den ingurumen-araudiaren arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten instalazioak ere. Kasu horietan edo aurreko paragrafoan jaso gabeko beste edozeinetan, nahitaezkoa izanen da hirigintza-lizentzia izatea, toki-erakundeak horren bitartez baimenduko baititu proiektatutako jarduketak.

Manu hau aplikagarri izanen zaie lehendik egindako instalazioei, baldin eta ez badute komunikaziorik edo erantzukizunpeko adierazpenik egin edo, hala badagokie, aldez aurreko udal-lizentziarik jaso.

4. artikulua. Definizioak.

A) Energia hartzeko elementuak.

Ordenantza honetan, eguzki-panelak edo -plakak deituko zaie eguzki-energia hartzeko elementuei. Eguzki-energia zein energia formatara bihurtzen duten kontuan hartuz, bi eguzki-instalazio mota daude: termikoak eta fotovoltaikoak.

a) Eguzki instalazio termikoak: Eguzkitik datorren irradiatze-energia aprobetxatzen dute fluido bat berotzeko. Etxeko ur beroa lortzeko eta/edo espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: Material erdieroale jakin batzuek energia elektromagnetikoa xurgatzean duten portaera aprobetxatuz, eguzkitik datorren irradiatze-energia energia elektriko bihurtzen dute.

Ordenantza honek panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak arautzen ditu, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

B) Instalatutako potentzia.

Instalazio fotovoltaikoetan instalatutako potentzia elektrikoa. Instalazio fotovoltaikoetan instalatutako potentzia izanen da inbertsorearen gehieneko potentzia; hau da, baldintza izendatuetan (Pnom) dauden gehieneko potentzien batura edo, hala badagokio, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

Instalazio termikoetan instalatutako potentzia termikoa. Instalazio termikoetan instalatutako potentzia izanen da bero-trukagailuaren gehieneko potentzia termikoa, edo, hala badagokio, bero-trukagailuen gehieneko potentzia termikoen batura.

C) Integrazio arkitektonikoa.

Eginkizun bikoitza duten eguzki-panelak instalatzea, hots, energetikoa eta arkitektonikoa (estaldura, itxitura nahiz itzal-elementuak), ohiko eraikuntza-elementuak ordeztuz, edo eraikuntza-konposizioko funtsezko elementuak izanik.

D) Gainjartzea.

Eraikinaren inguratzailearekiko paraleloan jartzen diren eguzki-panelak instalatzea, integrazio arkitektonikoan definitutako funtzionaltasun bikoitza gabe.

E) Eskatzailea.

Aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena, edo, hala badagokio, udal-lizentziaren eskaera, instalazioaren sustatzaileak egin beharko du, zeina izan baitaiteke edo ez instalazioa ezarriko den finkaren edo eraikinaren jabea.

Edonola ere, jabe bakarra izan zein ez, titulu askietsiaren bidez egiaztatu beharko da instalazioa ezarriko den finka edo eraikina osorik erabiltzeko baimena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

5. artikulua. Instalazioak, bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

1.–Plakak, planotik irten gabe, estalkiko isurialdeetan integratuko dira, horien inklinazio eta orientazio berarekin, eta ezin izanen dira 30 zentimetro baino gehiago irten, isurialdearekiko perpendikularrean neurtuta, estalkiaren edo isurialdearen ezein puntutan. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

2.–Horiek guztiak gutxienez metro bat (1) bereiziko dira fatxadetako planoetatik, eta 0,50 metro, berriz, mehelinetatik, ertzetatik eta gailurretatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

3.–Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak, hodiak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean, dela barnealdeko fatxadan. Behar bezala arrazoituta, manu hori betetzea teknikoki ezinezkoa dela justifikatzen den kasuetan, Udalak salbuespen gisa baimendu ahal izanen ditu, baldin eta xedatzen badira elementu osagarri horien begi-inpaktua minimizatzen duten neurri batzuk.

4.–Debeku da eguzki-plakak instalatzea San Roman elizan, Santa Katalina elizan eta Erdi Aroko atearen eraikinean.

5.–Debeku da eguzki-plakak instalatzea Udal Plazara eta Enparantza Nagusira ematen duten eraikinetako estalkien isurialdeetan. Gainerako isurialdeetan, aurreko baldintza guztiak beteko dira.

Eguzki-panelak instala daitezke eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

1.–Eguzki-panelak instalatu beharko dira honako plano hauek osatutako inguratzailearen barnean: azken forjatuaren ertzetatik trazatuta 1 malda duten planoek eta azken forjatuaren gainetik 1,8 metrora dagoen plano horizontal batek osatzen duten inguratzailearen barnean. Ez dira espazio publikotik ikusiko, eta ezkutuan geldituko dira. Estalki laua eta, beraz, instalazioa bera osorik edo zati batean ikustea ahalbidetzen duten elementuak badaude (beirak, barandak, etab.), ez da instalaziorik baimenduko, salbu eta instalazioarekin batera horiek ikustea eragozten duten neurriak proiektatzen badira eta horiek udalaren baimena badute.

2.–Eguzki-energiaren aprobetxamendu handiagoa lortzeko, panelen orientazioa estalkiarenaz bestelakoa izan daiteke, baldin eta panelek ez badute gainditzen ordenantzek baimendutako karelen edota eraikuntza-elementuen altuera, horiek panelak ezkutatzen baitituzte.

Debekatuta dago eguzki-panelak jartzea hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetako ageriko fatxadetan, balkoietan, begiratokietan edo antzekoetan. Hala ere, bide publikotik ikusi ezin direnean, eguzki-panelak jar daitezke barne-espazioetako, patioetako eta abarretako paramentu bertikaletan.

Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian antolamendu edo eraikuntzako tresna egokien bidez garaturiko obra berriko eraikinetan baimenduta dago eguzki-panelak instalatzea fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadako eraikuntza elementuetan integratzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta haien azalerak ez badu gainditzen dagokion altxaeraren azaleraren %30.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

1.–Instalazioa baimenduko da soilik energia elektrikoa kontsumitzen duten eraikinak daudenean, edo eraikin horietarako obra-lizentzia aldi berean ematen denean.

2.–Eguzki-energiaren aprobetxamendu handiagoa lortzeko, panelen orientazioetan aldaketak egin daitezke.

3.–Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioa osatzen duten elementuetako batek ere ezin izanen du 1,80 m-ko altuera gainditu, lurretik neurtuta.

4.–Instalazioak gehienez lurzoruaren azaleraren %40 hartuko du, eta 40,00 m² gehienez. Ondoko eraikinetan izan ditzakeen eraginei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere haien gainean sor daitezkeen islei eta ispilu-efektuari dagokienez. Panelak instalatzeko baldintza izanen da, hala badagokio, eragin horiek zuzentzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak betetzea.

6. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatu ahal izanen ditu, bai eta proiektuari buruzko informazio osagarria ere.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

7. artikulua. Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean.

1.–Eguzki-energiatik energia elektrikoa lortzeko instalazioen ezarpena lurzoru libre urbanizaezinean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarrean den otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduan (Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak arautzen dituena). Instalazioek bete beharko dute Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Plana onesten duen maiatzaren 16ko 46/2011 Foru Dekretua, eta bat etorriko dira Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarritako erabilera baimendu edo baimengarriekin.

2.–Lurzoru urbanizaezinean eraikin berriei loturiko instalazioak ezartzeko, beharrezkoa izanen da jarduera berriak, hala badagokio, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren nahitaezko baimena lortzea.

IV. KAPITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

8. artikulua. Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, proposatu ahal izanen da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, betiere ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

9. artikulua. Ondare historikoa babestea.

Ziraukiko Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan edo tokietan, edo babestutako beste elementu batzuetan instalazioak paratzeko eskaerak bidaliko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, aurretiko txostena egiteko. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

10. artikulua. Ordenantza hau betetzeko bermea.

Ordenantza hau aplika dakiekeen eraikuntza edo erabilera guztiek jaso beharko dute etxeko ur berorako eguzki-energia hartzeko instalazioaren proiektua eta/edo panel fotovoltaikoak ezartzekoa aurretiazko komunikazioan eta erantzukizunpeko adierazpenean, edo, hala badagokio, obra-lizentziaren eta/edo jarduera-lizentziaren eskaeran.

Proiektu hori, instalatu beharreko potentzia edozein dela ere, izan daiteke obra eta/edo jarduera proiektuaren atal espezifiko bat edo independentea. Proiektu tekniko horretan justifikatu beharko da betetzen direla arau hau eta aplikatu beharreko arau teknikoak. Gutxieneko eduki hau izanen du:

a) Deskripzio-memoria, honako hauek barne:

–Instalazioaren oinarrizko konfigurazioa.

–Instalazioen eta haren osagaien deskripzio orokorra.

–Diseinurako irizpide orokorrak: oinarrizko neurriak, energia jasotzeko sistemaren diseinua, orientazioaren justifikazioa, inklinazioa, itzalak eta integrazio arkitektonikoa.

–Energia sistema lagungarriaren deskripzioa.

–Kode teknikoan zehaztutako parametroen justifikazioa.

b) Justifikazio-memoria, prezio xehatuen taula, neurketak eta aurrekontuak, obra zibilaren eta instalazioen kapituluak bereizita, baldintza-agiria, laneko segurtasun eta osasuneko azterlana edo plana.

c) Planoak, barnean direla energia jasotzeko eta/edo energia elektrikoa sortzeko sistemaren hasierako eskema eta/edo eskema lerrobakarrak, neurriak barne. Instalazioaren oinplanoa, altxaera eta sekzioa jasotzen dituzten planoak. Kokalekuaren plano kotatua. Itzalen planoa eta finka mugakideetan izan dezakeen eraginari buruzkoa, hala aurreikusten denean.

d) Panel fotovoltaikoen sostengu-egitura osagarriaren kalkulua, halakorik balego.

11. artikulua. Instalazioen baldintzak.

Tenperatura baxuko eguzki-energiako instalazioek eta/edo fotovoltaikoek bete beharko dute aplikatzekoa den araudi sektoriala, batez ere:

–1027/2007 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Eraikinetako instalazio termikoei buruzko erregelamendua onesten duena (EITE).

–842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa eta aplikatu beharreko UNE arauak onesten dituena.

–1663/2000 Errege Dekretua, irailaren 29koa, instalazio fotovoltaikoak behe-tentsioko sarera konektatzeari buruzkoa.

–1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena.

–“Sarera konektatutako instalazio fotovoltaikoen baldintza teknikoen agiria. PCT-C 2022ko urrian berrikusia”, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuarena (IDAE).

–314/2006 Errege Dekretua, martxoaren 17koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onesten duena (EKT).

–Eguzki-energiako instalazioen diseinu, kalkulu eta mantentze baldintzek bete beharko dituzte EKTaren “DB HE Energia Aurrezpena” oinarrizko dokumentuaren eskakizunak.

12. artikulua. Prozedura, dokumentazioa eta izapidetzea.

12.1.–Eskaera.

a) Oin berriko eraikin baten parte diren erabilera termiko eta fotovoltaikoko eguzki-energiako instalazioen lizentzien kasuan, batera eginen dira eskaera, izapidetzea eta ebazpena, eta eraikuntzarako lizentzia emateko prozeduran txertatuko da. Horretarako, obraren proiektu teknikoak barne hartuko ditu beharrezkoak diren instalazio espezifikoak.

b) Lehendik dauden eraikinetan edo eraikuntzei lotuta ez dauden instalazioetan erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako eguzki-energiako instalazioen lizentzia lortu nahi dutenek eskaera bat aurkeztu beharko dute Ziraukiko Udalean.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Proiektu teknikoa, teknikari eskudunak ikus-onetsia eta prestatua.

–Obrako eta instalazioko teknikari zuzendarien izendapena.

–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) ordaindu izana frogatzen duen agiria.

c) Proiektatutako instalazioa aurretiazko komunikazioaren eta erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta badago, ordenantza honen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea aurkeztu beharko dute, Administrazio Prozedura Erkidearen araudian adierazitako datuekin, proiektatutako jarduketaren berri emanez eta berariaz adieraziz indarreko araudiak eskatutako baldintzak betetzen dituela, hori egiaztatzen duen dokumentazioa izatearen baldintza barne, bai eta honako dokumentazio hau ere:

–Egin beharreko jarduketaren xedeko higiezinaren kokapena adierazten duen dokumentazio grafikoa eta haren deskribapen nahikoa, egiaztatzen duena ordenantza honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen direla.

–Jarduketaren aurrekontua eta EIOZ ordaindu izanaren egiaztagiria.

Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko manuetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehazgatubea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezan.

12.2.–Izapidetzea.

Eskatutako dokumentazioa osatu ondoren, txosten teknikoak eginen dira.

Dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu behar izanez gero, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio horretarako behar besteko epearekin, eta etenda geldituko da eskaera ebazteko epeen zenbaketa.

Erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako eguzki-energiako instalazioa eraikin berri baten parte bada, haren lizentzia eraikuntza-proiektuarekin batera izapidetuko da.

Jarduera-lizentzia behar duten erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako, jarduera-lizentziarekin batera izapidetuko da eguzki-energiako instalazioen lizentzia.

12.3.–Ebazpena.

Erantzukizunpeko adierazpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean adierazi duen hirigintza-jarduketa egiteko, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa erantsita badu, betiere behar diren egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak ukatu gabe.

Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintza-jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

Erantzukizunpeko adierazpena behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, ondorio guztietarako joko da lizentziarik gabeko jarduketatzat, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

Proiektatutako jarduketa aurretiazko lizentzia lortzeko araubideari lotuta badago, udaleko zerbitzu teknikoen txostena ikusita, eskaera ebatziko da, erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako eguzki-energiako instalazioen lizentzia emanez edo ukatuz.

Lizentzia emateko edo ukatzeko ebazpena arrazoitua izanen da, eta erabakia justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintza-planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, exekuziorako behar diren determinazio edo baldintzak gehitu ahal izanen ditu.

Lizentzia-eskaerak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten denetik hasita. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, lizentzia administrazioaren isiltasunaren bidez emantzat joko da, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.

Administrazioaren isiltasunaren bidez lizentzia lortzeak ezin izanen du urratu legeetan, lurralde-antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa. Era berean, ezin izanen dira administrazioaren isiltasunaren bidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira administrazioaren isiltasunaren bidez ematen diren lizentziak, eta eraginkortasunik gabeak haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, baldin eta hirigintzaren arloko antolamendu juridikoa osatzen duten legeen eta gainerako xedapenen aurkakoak badira.

Lizentziak emanen dira toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ere lortu beharra ezertan ukatu gabe.

12.4.–Obraren bukaera eta martxan jartzea.

Lizentziaren xedeko instalazioa bukatutakoan, instalazioaren sustatzaileak udalari jakinaraziko dio, hamar eguneko epean, sarrera-erregistroa duen idazki baten bidez, zeinari erantsiko baitio instalazioaren azken ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia; hori guztia, benetan gauzatutako instalazioa egiaztatzeko dagokion bisita egiteko.

Eskaerarekin batera aurkeztutako proiektu teknikoarekiko aldaketarik egin bada benetako instalazioan, eta aldaketa horiek udalaren baimenik ez badute, obraren eta instalazioaren bukaerako ziurtagiriarekin batera, legeztatzeko proiektu tekniko aldatua aurkeztu beharko da, benetako instalazioaren adierazgarri izanen dena.

Udaleko zerbitzu teknikoek benetan egindako instalazioa egiaztatzeko bisita egin ondoren, eta neurri zuzentzaileak, halakorik bada, bete ondoren, instalazioa martxan jartzeko lizentzia eta, behar izanez gero, jarduera-lizentzia emanen dira.

13. artikulua. Ez-betetzeak.

Onetsitako proiektuarekiko aldaketak egin direla ikusiz gero, txosten teknikoan jasoko da planteatutako egoera berria legeztagarria den ala ez. Lehenengo kasuan, obra eta instalazioaren bukaerako ziurtagiriarekin batera, legeztatzeko proiektu tekniko aldatua eskatuko da, benetako instalazioaren adierazgarri izanen dena. Bigarren kasuan, egindako arau-hauste mota zehaztuko da.

Egiaztatzen bada ez direla betetzen indarrean dagoen araudia (ordenantza hau barne) edo lizentzia ematean ezarritako baldintzak, dagokion hirigintza-diziplinako espedientea irekiko da berehala.

14. artikulua. Instalazioen titularren betebeharrak.

Debekatuta dago eguzki-energia hartzeko instalazioa martxan jartzea Ziraukiko Udalaren baimena lortu aurretik, baldin eta instalazioak aldez aurretik lizentzia eskuratu behar badu ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

15. artikulua. Energia elektrikoko konpainien betebeharrak.

Energia elektrikoaren enpresa hornitzaileek edo hartzaileek, instalazio fotovoltaikoak kontratatu, merkaturatu eta martxan jartzeko, Ziraukiko Udalaren aldetik lizentzia eta martxan jartzeko azken baimena lortu izanaren egiaztagiria eskatuko dute, baldin eta instalazioa lotua badago aldez aurreko lizentzia eskuratzeko araubideari, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

16. artikulua. Lizentzia emateko tasak eta zergak.

Ordenantza honetan arautzen den lizentzia emateak sortuko ditu eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta tasa, Ziraukiko Udalak onetsi eta indarrean dagoen karga-tasaren arabera. Tasa hori aplikatuko zaio obra gauzatzeko kostu materialari, aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteen eta zehapenen araubidea bat dator Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, nahiz eta, ondoren, ordenantza egokitu ahal izanen den, beharrezkoa den horretan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Ziraukin, 2022ko martxoaren 4an.–Alkatea, Julio Laita Zabalza.

Iragarkiaren kodea: L2203325