58. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2021eko ekainaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua.

Jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunetan, iragarki hau 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea azter dezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Barasoainen, 2022ko otsailaren 28an.–Alkate udalburua, Rita Roldán Murillo.

BARASOAINGO KIROL INSTALAZIOAK
ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Barasoaingo Udalak dituen kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzea; orobat, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

2. artikulua. Erabilera.

1.–Udalaren kirol instalazioak honako honetarako erabiliko dira: eskola kirola eta jarduera fisikoa egiteko; herritarrek, oro har, aisialdiko edo astialdiko kirola egiteko; eta erakustaldiko, lehiaketako eta errendimendu handiko kirola egiteko, baita kirol profesionala egiteko ere.

2.–Instalazio bakoitzean, arau orokor gisa, instalazio horri berariaz dagozkion kirolak bakarrik eginen ahalko dira, eta udalaren aldez aurretiko baimenarekin, teknikoki egin daitezkeen beste batzuk.

3.–Kirol erabilera egokiak alde batera utzita, kirolekoak ez diren beste jarduera batzuk ere baimentzen ahalko dira udalaren kirol instalazioetan, baldin eta lehendik dauden azpiegiturekin bateragarriak badira eta zehazten diren baldintza partikularretan, betiere udalari aldez aurretik eskaera eginda eta hark baimena emanda.

Baimen horiek Barasoaingo Udalaz kanpoko ekimeneko jarduerei buruzkoak badira, baimena eskatuko zaio udalari, jarduera azalduz: gutxi gorabeherako erabilera denbora; ordu guztiak zenbatuko dira, bai prestaketa orduak, bai ekitaldia edo ikuskizuna egiteko behar direnak. Arau orokor gisa, instalazioak erabiltzeko eskaerarekin batera jarduketa gehigarriak eskatzen badira izan ezik, hala nola muntaketa eta desmuntaketa, zaintza, garbiketa, energia kontsumoak eta jarduera garatzeko sorrarazitako gainerako zerbitzuak, ulertuko da jarduketa horiek instalazioak erabiliko dituenari dagozkiola eta haren kontura izanen direla.

3. artikulua. Eskaerak eta baimenak.

1.–Taldeek eta ekipoek udalaren kirol instalazioen erabilera jarraitua egin behar izanez gero, behar den baimena beharko da, nahitaez.

2.–Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baimena, nolanahi ere, Barasoaingo Udalaren beharren mende egonen da.

Barasoaingo Udalak beretzat gordetzen du jada emandako erabilerak aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, baita zerbitzua aldi baterako eteteko ahalmena ere, udal intereseko arrazoiak direla medio. Hori dela eta, ez zaie interesdunek izan ditzaketen kalteei erantzun beharko, ordaindutako prezioen itzulketa proportzionala izan ezik, hala badagokio.

4. artikulua. Erabilera lehentasunak.

1.–Barasoaingo Udalak beretzat gordetzen du ustekabean eta bat-batean sor daitezkeen udal premien ondoriozko erabilera lehentasuna.

2.–Instalazioak lehentasunez erabiltzeko irizpideen arabera erabiliko dira:

2.1. Pista.

a) Eskola ordutegiaren barruan, Martín Azpilcueta Ikastetxe Publikoko ikasleek bakarrik erabiltzen ahalko dute pista.

b) Eskolaz kanpoko ordutegian, pistako instalazioak bizilagunek aisialdiko kirola egiteko erabiliko dira.

c) Pistako argiztapenak txartel sistemarekin funtzionatzen du.

2.2. Futbol zelaia.

a) Futbol-zelaiaren erabilera Udalak zehaztuko du eskaeren bidez, eta erabiltzaileei egoki deritzona ezartzeko edo eskatzeko ahalmena izanen du.

b) Udalak beste erabilera batzuk baimendu ditzake, eta une horretan erabiltzen ari direnei jakinaraziko die.

c) Udalak futbol zelaiaren erabilera aloka diezaieke eskatzen dutenei, horretarako ezarritako baldintza eta tasekin, eta une horretan erabiltzen duten erabiltzaileei jakinaraziko die.

d) Zelaiaren zati bateko (entrenamendurako erabiltzen dena) argiztapenak txartel sistemarekin funtzionatzen du.

e) Gauez erabiltzeko, baimena eskatu behar zaio Barasoaingo Udalari, eta zenbat denboraz eta orduz erabiliko den zehaztuko da.

2.3. Pilotalekua.

a) Barasoaingo pilotalekua mota horretako instalazioen berezko kirolak egiteko erabiliko da. Hauek dira kirolak: esku pilota, pala (luzea edo motza) gomazko edo larruzko pilotarekin, frontenisa, xistera, erremontea eta abar. Duen balio-aniztasunak beste kirol batzuk egiteko aukera ematen du, hala nola irristaketa, gimnasia, eta abar, baita helburu sozial eta kulturala duten bestelako jarduerak egiteko ere.

b) Sareak urrutiko agintearekin funtzionatzen du, eta berau Barasoaingo Udalari eskatu beharko zaio.

–Eskatzailea izanen da haren arduraduna, eta zaindu egin beharko du eta behar bezala erabili.

–Sarea erabili ondoren, igo egin beharko da eta aurkitu zen bezala utzi.

–Urrutiko agintea galtzen edo hausten bada, erabiltzaileak izanen du horren erantzukizuna eta berria jarri beharko du edo konpondu egin beharko du.

c) Pilotalekuaren argiztapenak txartel sistemarekin funtzionatzen du.

5. artikulua. Objektuak eta ekipajeak zaintzea.

Barasoaingo Udalak ez du erantzukizunik izanen udalaren kirol instalazioen eremuan galtzen edo hondatzen diren diru edo objektu pertsonalen gainean.

6. artikulua. Erabiltzaileak.

Erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte instalazioen erabilerari eta gozamenari dagokienez. Hauek dira eskubideak:

a) Udalaren kirol instalazioak ordutegiaren eta gainerako erabilera baldintzen arabera erabiltzea.

–Ordutegia:

  • Pilotalekua:
  • Ekainetik irailera: 09:00etatik 23:00etara.
  • Eta urritik maiatzera: 09:00etatik 22:00etara.
  • Pista Martín Azpilcueta Ikastetxe Publikoko ikasleen eskola ordutegiaren ondoren.
  • Ordutegia:
  • Ekainetik irailera: 17:00etatik 23:00etara.
  • Eta urritik maiatzera: 17:00etatik 22:00etara.

–Argiztapena:

Argiztapen sistema txartelaren bidezkoa da; kirol instalazio guztiek amaiera ordutegi bera dute:

Ekainetik irailera 23:00ak arte eta urritik maiatzera 22:00ak arte.

Futbol zelaia gauez argiztatzeko baimena emateko, aldez aurretik udalari eskaera egin beharko zaio, erregelamendu honen 4. artikuluaren 2.2 puntuan adierazten den bezala.

b) Barasoaingo Udalari instalazioaren funtzionamenduari buruz egoki iritzitako eskaera, iradokizun edo kexa guztiak egitea.

c) Instalazioa behar bezala mantentzen laguntzea, hautemandako akatsen ardura duten langileei jakinaraziz eta iradokizunak eginez.

d) Kirol instalazioetan ustekabeko konponketak egin behar badira, erabiltzaileei jakinarazteko ahalegina eginen da.

7. artikulua. Erabilera murrizketak eta debekuak instalazioetan.

7.1. Debeku da alkohol salmenta.

7.2. Debeku da erretzea.

7.3. Debeku da jatea eta edatea.

7.4. Debeku da ibilgailu motordunak sartzea.

7.5. Debeku da animaliak sartzea. Itsu txakurrak sar daitezke, behar bezala identifikatuta badaude, beren lana egiteko bada eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte.

7.6. Debeku da instalazioak ezarritako ordutegitik kanpo erabiltzea eta instalazioetara sartzea.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arau guztiak onartzea.

1.–Erabiltzeko baimena eskatzea, finkatutako prozeduraren arabera, eta, hala badagokio, dagokion prezio publikoa ordaintzea ezarritako epeetan eta moduan.

2.–Udalari berehala jakinaraztea instalazioan edo erabili beharreko materialean egon daitekeen edozein kalte, baldin eta erabilgaitza bada edo hura erabiltzea arriskutsua bada.

3.–Gainerako pertsonekiko errespetuzko jarrerak izatea, eta debekatuta daude, berariaz, jarduketa sexistak, homofoboak, xenofoboak, klasistak eta giza eskubideen gainerako urraketak.

4.–Udal langileen eskakizunak eta jarraibideak kontuan hartzea.

5.–Arau hauek ez betetzeak, baita bandalismoko eta jokabide txarreko ekintzek ere, erregelamendu honetan aurreikusitako zehapenak ekar ditzakete, baita eragindako kalteak konpondu, birjarri eta/edo ordaintzea ere.

9. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

1.–Erabiltzaileek hurrengo erabilerarako egoera ezin hobean utzi beharko dituzte erabilitako instalazioak. Bestalde, erantzukizun zuzen eta osoa beren gain hartuko dute instalazioak erabiltzen dituztenean izaten diren kalte eta galerengatik, baita gainerako guneetan izaten direnengatik eta jarduera baimenduaren ondorioz pertsona fisikoek jasaten dituztenengatik ere.

2.–Adingabeen segurtasuna gurasoen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da, eta haiek erantzule izanen dira, halaber, adingabeek ez badituzte udalaren kirol instalazioen funtzionamendu arauak betetzen.

3.–Barasoaingo Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen aurrean arau hauek ez betetzeagatik edo kirol instalazioak modu desegokian edo zuhurtziagabean erabiltzeagatik erabiltzaileek izan ditzaketen istripuen edo kalteen kasuan.

4.–Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileak izanen dira bai instalazioei bai hirugarrenei eragiten dizkieten kalteen edo lesioen erantzuleak.

5.–Erabiltzaileen erantzukizuna da erregelamendu hau betetzea eta berau betearazteko erantzukizuna, eta Barasoaingo Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen instalazioen erabilera okerra egiten bada.

10. artikulua. Zehapen prozedura.

1.–Araudi honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik erantzukizuna eskatzeko, zehapen ahalmena erabiltzeko legearen eta erregelamenduaren arabera ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak, arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago– harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte. Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

11. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1.–Arau-hausteak arinak eta astunak izanen dira, ondoren adierazten denaren arabera:

A) Arau-hauste arinak:

–Instalazio bakoitza erabiltzeko berariazko arauak ez betetzea.

–Erabilera murrizketak eta debekuak 7. artikuluaren arabera.

–Edozein erabiltzailerekin modu desegokian jokatzea.

–Jostetan edo kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.

–Arautegi honetan ezarritako beste edozein betebehar, debeku edo mugapen ez betetzea, betiere horrek arau-hauste astunik edo oso astunik ez badakar.

B) Arau-hauste astunak:

–Instalazioak, ekipamenduak, kirol materiala edo erabiltzaileen gauzak ebastea, lapurtzea edo nahita hondatzea.

–Arduradunek instalazioen funtzionamendu egokirako ezartzen dituzten jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.

–Instalazioen barrenean ordena hankaz goratzea.

–Hiru arau-hauste arin egitea.

2.–Zehapenak mailakatzean kalte egin nahia, arduragabekeria edo egindako ekintzaren larritasuna hartuko dira kontuan.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

–Arau-hausteak eta zehapenak: Barasoaingo Udalari dagokio erabiltzaileendako zehapen neurriak proposatzea, erregelamendu hau bete dadin, eta kirol eremuen barneko Kontzejuaren ondasunak begiratu beharrez. Zehapen neurriok Kontzejuko Batzarrak onetsi beharko ditu. Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea ekar dezakeen edozein egintza, eta apartatu honetan aurreikusitako zehapenak jartzea ekarriko du.

–Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

a) Arau-hauste arinak dira:

1.–Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

2.–Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

3.–Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, falta astun edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–100 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste arintzat hartutako egintzen ondorioz kirol eremuetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen bidetik erreklamatuko da. Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

b) Arau-hauste astunak dira:

1.–Beste erabiltzaile batzuen kontrako liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea.

2.–Instalazioak hondatzen dituzten produktuak sartzea kirol eremuetan.

3.–Eremuak nahita zikintzea edo hondatzea.

5.–Hiru arau-hauste arin egitea.

6.–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

7.–Eremuko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

8.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egintzen ondorioz kirol eremuetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen bidetik erreklamatuko da. Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

c) Arau-hauste oso astunak dira:

1.–Kirol eremuaren barrenean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.

2.–Eremuen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

3.–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

4.–Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–601 eurotik 1000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke kalteen kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen bidetik erreklamatuko da. Arau-hauste eta zehapen oso astunek 3 urtera preskribatuko dute.

Arau-hauste baten ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eska dakioke bestelakotutako egoera lehengoratzeko, bai eta kalte-ordaina ordaintzeko ere egindako kalte-galerengatik.

Kalte-ordaina ez bada pagatzen hura kitatzeko jarritako epean, zenbatekoaren arabera jarritako horretan alegia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 101. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Errekurtso horiek ebazten diren arte, kirol eremura sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

Iragarkiaren kodea: L2202958