57. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Ordenantza, eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2021eko maiatzaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 1ean.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Antsoainen, 2022ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Udalak eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (Nasuvinsa) enpresa publikoak 2018ko azaroaren 2an sinatutako hitzarmenaren eremuan sartzen da ordenantza hau. Hitzarmen horren bidez babestu nahi dira hiri-berroneratze prozesuak, LIFE-IP NAdapta-CC europar proiektuaren 6.8-Energia berroneratzeko eta hiri-inguruneak klima-aldaketara egokitzeko ekintza pilotuaren garapenean.

Hitzarmen horretan, Antsoaingo Udalak bere gain hartu zuen konpromisoa aztertzeko erkidegoko obren (inguratzaile termikoak jartzekoak kasu) kostuetarako ekarpena murriztera bideratutako laguntzen ordenantza bat ezartzeko aukera zaurgarritasun ekonomikoko egoeran daudenenentzat.

Era berean, Antsoaingo 20-30 Agendaren Tokiko Ekintza-Planaren ildo estrategikoetako bat 10. ildoa da: klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko neurriak hartzea, eraikitako hiria birgaitzea eta berritzea sustatuz, berroneratze energetikoan lagunduz, bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz eta pobrezia energetikoaren kasuak minimizatuz.

Ordenantza honen helburua da erraztea erabakiak hartzea esku-hartze orokorreko plan (EOP) baten esparruan sartuta dauden eta bizitegi-eraikinen eta haien instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak egin nahi dituzten jabeen erkidegoen barruan, eta, horretarako, esku-hartze orokorreko plan baten (EOP) esparruan egoera ekonomiko zaurgarrienean dauden auzotarrek ordaindu beharreko kuotaren zati handi bat finantzatzea.

Bertan definitzen dira ekonomikoki zaurgarriak diren pertsonen eta pertsona zaurgarri larrien figurak, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunari (ERREGEROSNA) loturiko errenta-muga jakin batzuei dagokienez, bizikidetza-unitateko kide kopuruaren arabera eta erreferentziatzat hartzen diren inguruabar berezi jakin batzuen arabera.

Horrenbestez, eraikitako hiria berroneratzea eta birgaitzea dira helburuak, Antsoaingo hiri-ingurunean pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Antsoaingo Udalak ematen dituen laguntzen araubide juridikoa erregulatzea. Laguntzak bideratuak daude hiri-berroneratzerako jarduketak sustatzera, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzearren eta pobrezia energetikoaren kasu kopurua murriztearren, betiere proiektu honen barnean:

–Etxebizitzen energia-efizientzia eta jasangarritasuna.

–Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Honako hauek arautuko dituzte ordenantza honetan bildutako laguntzak: ordenantza bereko preskripzioek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten baitu, eta aplikagarri diren administrazio eskubideko gainerako arauek.

2. artikulua. Esparrua.

Laguntzak 3. artikuluan adierazitako obra-motetako batean sartzen diren etxebizitza kolektiboko jarduketei aplikatuko zaizkie, udal-ekimen bidez edo ekimen pribatu bidez sustatutako esku-hartze orokorreko proiektu batean sartuta dauden eta 25 urte edo gehiagoko bizigarritasun-zedula bat duten jabeen erkidegoen, etxebizitza-elkarteen edo kooperatiben ekimenez, bai eta sistema zentralizatuak berritzeko jarduketei ere, baldin eta horiek egiten badira espazio publikoari eragiten dioten eta eraikin bati baino gehiagori zerbitzu egiten dioten bero-sareei dagozkien sistema zentralizatuetan.

3. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Jarduketa babesgarriek egiaztatu beharko dute betetzen dutela indarrean dagoen araudia eta badutela Jarduketa babestuaren behin-behineko kalifikazioa.

Hala behar denean, esku-hartze orokorreko proiektuan (EOP) ezarritako jarraibide teknikoak eta konposiziozkoak jasoko dituzte, onetsitako bat baldin badago.

Edozein kasutan ere, birgaitze obrak egitean, bermatu behar da obra horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, ezta argindar hornidurarik edo ur banaketarik ere, edo saneamendu orokorra modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euriari aurre egiteko, obrak ez dira lagunduko haiekin batera gabezia horiek konpontzeko behar diren obrak egiten ez badira.

Ordenantza honetan jasotako ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko direnak, jarduketa hauek, alegia:

3.1. Etxebizitzen efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

a) Eraikineko inguratzaile termikoaren hobekuntza jarduketak, berotzeko edo hozteko behar den energia murriztearren, fatxadan, estalkian, babestu gabeko beheko solairuetan edo aipatu inguratzailearen edozein paramentutan; isolamendu termikoaren hobekuntzak; zureria aldatzea eta hutsarteetan beirak jartzea; terraza teilatudunak ixtea edo haietan beira jartzea; eta bestelakoak, gailu bioklimatikoak (landare estalkiak eta fatxadak eta abar) eta itzala sortzekoak barne.

b) Sistema zentralizatu berriak jartzea edo berritzea berokuntzarako, hozketarako, etxeko ur beroa sortzeko eta egokitzapen termikoaren aireztatzerako, edo egungo sistemen efizientzia energetikoa handitzea honako hauek eginez: beroa edo hotza sortzeko ekipoak aldatzea eta energia kontrolatzeko, erregulatzeko eta kudeatzeko sistemak, kontagailuak eta energia-kostuak banatzeko gailuak jartzea berokuntza zentraleko instalazioetan; banatze eta garraiatze sareen isolamendu termikoa jartzea edo fluido bero-eroaleak mugitzeko ekipoak aldatzea; hondakin-energiak berreskuratzeko gailuak jartzea; kanpoko airearekin doan hozteko sistemak ezartzea, baita berritzeko airearen beroa berreskuratzekoak ere, eta, besteak beste, eraikinak lotzea egun dauden beroa/hotza sareekin.

c) Energia berriztagarriak (eguzki-energia, fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia, geotermia) sortzeko edo horiek erabiltzeko ekipoak jartzea, energia termiko edo elektriko konbentzionalaren kontsumoa murriztearren. Baita energia berriztagarriko edozein teknologia, sistema edo ekipoa jartzea ere. Esaterako, eguzki-panel termikoak eta aerotermiaren arloko osoko konponbideak aire-girotzerako eta etxeko ur berorako, etxebizitzek eskatzen duten etxeko ur beroa sortzeko edo aire-girotzeko instalazioen ur beroa sortzeko.

d) Eraikineko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea, besteak beste lanparak eta argiak aldatuz energia-errendimendu handiagoko beste batzuekin ordezkatuta eta orokortuz, adibidez, LED argiztapena, piztea kontrolatzeko eta argiztapen-maila erregulatzeko sistemen instalazioak eta argi naturalaren aprobetxamendua.

e) Ur-horniduraren instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea, saneamendu sare bereiziak ezartzea edo ur grisak eta euri-urak eraikinean edo lurzatian bertan berrerabiltzeko bestelako sistemak ezartzea, baita estolderia publikora isurtzen den bolumena gutxitzeko balio duten sistemak ezartzea ere.

3.2. Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko orduan.

Energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektu batean sartzen badira, honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Jarduketak irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako, oztopoak kentzeko badira, desgaitasuna duten pertsonak eraikinaren eremu komunetan sar daitezen, bide publikotik etxebizitzetaraino, eta eremu horiek erabil ditzaten.

Horiekin batera egiten diren bestelako obrak ez dira diruz lagunduko, ez badira ordenantza honetan azaldutako helburuak zuzen lortzekoak. Eraikinetako konponketa puntualak edo mantentze-laneko jarduketak ere ez dira lagunduko, ez badute hobekuntzarik ekartzen efizientzia energetikoan edo irisgarritasunean.

4. artikulua. Eraikinen / etxebizitzen gutxieneko baldintzak.

Orokorrean, honako baldintza hauek bete behar dituzte higiezinek Udalaren laguntzak jaso ahal izateko:

a) Eraikineko etxebizitzek gutxienez 25 urteko edo lehenagoko bizigarritasun-zedula bat izatea.

b) Jarduketa-eremurako hirigintzako planeamenduan edo hori garatzen duen araudian ezarritakora egokitzea. “Antolamendutik kanpoko” eraikinetan egin beharreko obrek ezin izanen dituzte birgaitzerako udal laguntzak jaso.

c) Eraikinaren ebaluazio txostena edukitzea. Txosten horretan, laguntzen xede den birgaitze-proiektuaren bidez konponduko diren akatsak identifikatu beharko dira. Jarduketak jaso beharko du eraikinaren ebaluazio txostenean zehaztutako obrak, eraikina Gai izan dadin.

5. artikulua. Dirulaguntzak kalkulatzeko oinarria.

Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuko kalifikazio espedientea duten jarduketen kasuan, dirulaguntzak kalkulatzeko oinarritzat hartuko da espedienteko diruz lagun daitekeen aurrekontua.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko laguntzen espedienterik ez duten jarduketetarako (adibidez, erabilera publikoko espazio pribatuak berrurbanizatzeko jarduketetan), honako kontzeptu hauen batura hartuko da laguntzak kalkulatzeko aplikazio-oinarritzat:

–Kontrataren aurrekontua: obra gauzatzeko aurrekontutik kenduko dira obra babesgarri izan ezin diren partidak, eta gehituko dira gastu orokorrak eta mozkin industriala (bi horiek batera gehienez ere obra gauzatzeko aurrekontuaren %15 izateraino).

–Ordainsari profesionalak, gehienez ere kontzeptu horiengatik dirulaguntza jaso dezakeen kontrataren aurrekontu babestuaren %10eko zenbatekoarekin, honako hauek barne hartuta: EOPa idaztea, proiektu teknikoa idaztea, obren zuzendaritza fakultatiboa, eraikinaren ebaluazio-txostena, betiere laguntzen eskaera txosten horren datatik zenbatzen hasita lehenengo bost urteetan egiten bada, eta kudeaketa-gastuak (finken administrazioa), jarduketari buruzkoak soilik.

Balio erantsiaren gaineko zergaren edo eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren kontzeptuan ordaindu beharreko zenbatekoak ez dira inola ere sartuko birgaitze jarduketen aurrekontu babesgarriaren barnean.

6. artikulua. Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntzak.

Pertsona bat zaurgarritasun-egoeretarako ezohiko laguntzen onuradun izan dadin, bere etxebizitzak ordenantza honetan jasotako jarduketaren batean parte hartu behar du.

Onuraduna zaurgarritasun egoeran edo egoera zaurgarri larrian dago etxebizitzan bizi den bizikidetza-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako mugen barruan daudenean.

Jarraian ematen den taulan ezartzen dira zaurgarritasun egoeretarako laguntza berezietako gehieneko ehunekoa eta zenbatekoa:

ZAURGARRITASUN EGOERAN DAUDENENTZAKO LAGUNTZA BEREZIAK

JARDUKETA MOTA

FAMILIA-UNITATEAREN EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK

< 1 aldiz ERREGEROSNA

1 eta 1,7 arteko ERREGEROSNA

ETXEBIZITZEN ENERGIA-EFIZIENTZIA ETA JASANGARRITASUNA.

a) Inguratzaile energetikoa hobetzea.

%40

Gehien.: 5.000 euro

%20

Gehien.: 2.500 euro

b) Efizientzia energetikoko instalazioak hobetzea edo jartzea.

c) Energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko aukera ematen duten ekipoak instalatzea.

d) Eraikineko edo lurzatiko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea.

e) Urez hornitzeko instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak instalatzea.

%40

Gehien.: 2.800 euro

%20

Gehien.: 1.800 euro

IRISGARRITASUNA ETA SEGURTASUNA, ERABILTZEKO ORDUAN.

Irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua.

%40

Gehien.: 5.000 euro

%20

Gehien.: 2.500 euro

7. artikulua. Zaurgarritasun-egoeretarako laguntzen onuradunak.

1. Zaurgarritasun egoeretarako laguntzen onuraduntzat joko dira, laguntza orokorren osagarri gisa, jarraian ematen diren oinarrizko baldintzak betetzen dituztenak, jabeak zein gozamendunak, jabeen erkidego bateko kide direnak:

–Etxebizitza horretan erroldaturik egotea, 3 hilabete lehenagotik.

–Zaharberritu beharreko eraikinean dagoen etxebizitzaren jabetza edo gozamena edukitzea eta etxebizitza horretan ohiko bizilekua izatea gutxienez 5 urtez, jarduketa amaitzen denetik zenbatzen hasita.

–Eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazlea) zortzigarren artikuluan jasotako tarteen barruan egotea.

–Udalari berariazko baimena ematea laguntza ordain dezan jabeen erkidegoaren banku-kontuan.

8. artikulua. Laguntza ekonomikoak.

Dirulaguntza indibidualak izanen dira, Nafarroako Gobernuaren Birgaitze Babestuaren Kalifikazioan onartutako Aurrekontu diruz lagungarrian parte hartzeko laguntzaren ehunekoa aplikatuz, eta kontuan hartuz eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (FDH), errenta egokituagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazleari (ERREGEROSNA) erreferentzia egiten dioten errenta-atalase jakin batzuk.

FDHaren kalkulua laguntza eskatzeko unean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da, eta eskaera egiteko unean indarrean dagoen koadroa aplikatuko da.

Onuradunak 5.000,00 euro jasotzen ahalko ditu gehienez inguratzaile energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko, eta 2.800,00 euro gehienez energetikoki eraginkorrak diren instalazioak eta ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako koadroan jasotako gainerako kasuak hobetu edo sartzeko.

Nolanahi ere, jarduketa sustatzen duen erakundeak jasoko ditu zaurgarritasun egoeretarako laguntzak; izan ere, jabeen erkidego bat, kooperatiba bat edo etxebizitza-elkarte bat izan daiteke, baina dirulaguntza jasotzen duen jabe edo gozamendun eskatzaileari esleitutako obraren kostua murriztera bideratuta egonen dira. Laguntza ematen bada, interesdunari eta erakundeari jakinaraziko zaie, aldi berean.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Pertsona onuradunen betebehar orokorrak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. kapituluaren 14. artikuluan ezarritakoak.

2. Erkidegoaren edo batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 35. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

3. Gastu diruz lagungarriak gainditzen baditu Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratu txikietarako ezartzen dituen zenbatekoak, emandako laguntza jasotzen duen jabeen erkidegoak egiaztatu beharko du hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu direla obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago obra, prestazio edo hornikuntza hori egiten duten hornikuntza erakundeen kopuru nahikorik.

Aurkeztutako eskaintzak agertu behar dira justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran. Efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituko zaie haien artean aukeratzeko, eta, proposamenik onuragarriena ez bada hautatzen, espresuki justifikatu beharko da.

10. artikulua. Espedienteak izapidetzea eta ebaztea.

10.1. Aurretiazko jarduketak.

Orokorrean, interesdunek beharrezko informazioa jasotzeko, horretarako gaituta dagoen udal bulegora jo beharko dute.

Ikuskapena egin ondotik, halakorik beharrezkoa bada, bulego horrek argibideak emanen dizkie interesdunei alderdi hauen gainean:

–Zer obra egin behar diren.

–Kasu bakoitzean zer agiri tekniko behar den.

–Ordenantza honen babespean eta honi dagokionez eman daitezkeen laguntzak adieraztea, Nafarroako Gobernuaren edo beste erakunde batzuen bitartez oro har legozkiokeen laguntzak alde batera utzita.

10.2. Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak. Interesdunek dagozkien agiriak aurkeztuko dituzte horretarako gaitua dagoen bulegoan. Bulego horrek, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak birgaitzearen behin-behineko kalifikazioa izapidetzeko eskatutako dokumentazioaz gain (egokitasun-txostena edo indarrean dagoen araudia betetzearen justifikazio nahikoa), honako hauek jasoko ditu, oro har:

1) Ezohiko laguntza eskatzeko inprimakia, ordenantza honen 2. eranskinaren araberakoa, honako hauek egiaztatzeko agiriekin batera:

a) Obra-lizentzia eskatzeko inprimakia edo obra-lizentziaren kopia, ordenantza hau indarrean jarri baino lehenago emana bada, betiere obrak ordenantza honetan jasotako baldintzekin bat badatoz eta laguntzak eskatu diren egunean ez bada hasi diruz lagun daitekeen jarduketa gauzatzen.

b) Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaide-koefizienteak –banaketa horizontalaren araberakoak– eta jabe bakoitzari egotzitako obraren kostua.

c) Jabeen batzarraren edo entitate kudeatzailearen erabaki baliozkoa, bertan espresuki adierazita obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela.

d) Proiektuan edo memorian jasotako obrak kontratatzeko hiru aurrekonturen kopia –bakoitza enpresa batena– edo hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, gastu lagungarria 40.000 euro baino gehiagokoa bada. Eskaintzarik onena hautatzeko jabeen erkidegoak onetsitako balorazio irizpideak azaldu behar dira (prezioa, epea eta abar).

Dagoeneko eraikuntza enpresa hautatu baldin badute, hori erabakitzeko arrazoiak eta horretarako erabilitako irizpideak agertu behar dituzte txosten batean.

e) Banketxearen frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoaren izenean dagoen kontu zenbakia, laguntza sartzeko.

Jabeen erkidego bateko kide izanik, zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza bereziak eskatzen dituzten jabe edo gozamendunek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez:

2) Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza berezia ordaintzeko eskabidea, ordenantza honen 2. eranskinaren arabera. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen inguruan:

a) Birgaitu beharreko higiezinaren/higiezinen jabetzaren, gozamenaren eta eskubide errealen egiaztapena, Jabetza Erregistroko informazio-ohar sinple eguneratuaren bidez.

b) Errolda-ziurtagiria.

c) Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen PFEZaren aitorpena(k), eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

d) Inguruabar bereziak egiaztatzen dituen dokumentazioa edo ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak edo beste edozein administrazio eskudunek emana.

10.3. Ebazpena eta ebazteko eskumena.

Udalak berariazko ebazpena eman baino lehen, eskabideei buruzko txostena eginen da, eta erabaki hori obra-lizentzia emateko administrazio-egintzarekin bat etor daiteke. Hala ere, laguntza horiek ordaintzeko, beharrezkoa izanen da udal espedientea behin betiko ebatzita egotea, obrak egin direla justifikatu ondoren.

Era berean, obretarako udal lizentzia duten proiektuei laguntzak ematen ahalko zaizkie, baldin eta obrak hasi ez badira.

Udalaren aurrekontuan baliabide ekonomikoak nahikoak izan behar dira, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko. Aurkezpenaren ekitaldian aurrekontu ahalmenik ez badago, hurrengo ekitaldietan erantzunen zaie.

Oro har, eta ordenantza honetan bereziki jasota ez dauden eta tramitazioan gerta daitezkeen inguruabar berezietan, Nafarroako Gobernuaren irizpenari jarraituko zaio, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzeari buruzko irizpenari, hain zuzen.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion guztian, ordenantza justifikatzen duten helburuak lortzeko ordenantza normaltasunez betetzen dela zainduko du udal organo eskudunak.

11. artikulua. Laguntza ekonomikoak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Ezin izanen dira gorantz berrikusi Udalak ematen duen laguntzaren ebazpen espresuan baietsitako laguntzen zenbatekoa eta ehunekoa.

Obren azken kostuaren justifikazioa txikiagoa bada hasieran onetsitako espedientearen diruz laguntzeko moduko aurrekontua baino, beheranzko berrikuspena eginen da.

2. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak behar bezala bukatzen direnean, betiere bi hilabeteko epean, interesdunak aginduzko “Obra bukaeraren orria” aurkezten duenetik hasita, eta obrek bat egiten badute lizentziarekin, dagokion dokumentu teknikoarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin.

3. Onuradunak justifikatu beharko du lagundu den jarduketa egin egin dela, hura ordaindu baino lehen, horretarako baldintza izanen baita. Horretarako, honako hauek aurkeztu behar ditu:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren bukaerako kostua frogatzen duten agiriak eta/edo gastua ziurtatzen duten fakturak.

–Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaidetza-koefizienteak, banaketa horizontalaren araberakoak. Egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak zerrendatuko dira, modu antolatuan eta kontzeptuka sailkatuta.

4. Kalifikazioaren elementu eta oinarri gisa aurkeztutako proiektu teknikoaren alderdi guztiak errespetatu beharko dira egin beharreko obrak gauzatzean, eta, beraz, ezin izanen da aldaketarik egin (bereziki, arkitekturaren, materialen edo egin beharreko tratamenduen kalitateari eragiten diotenean), zerbitzu teknikoen aldez aurreko baimenik gabe.

5. Udaleko zerbitzu teknikoek lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedeari egokitzen zaizkion eta obra lizentziaren arabera egin diren egiaztatu beharrez, bai eta eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu den egiaztatzeko ere.

6. Udal zerbitzu teknikoei dagokie nahitaezko txosten teknikoa idaztea, obrak amaitu ondoren, udalak, horiek egoki badira, espedientean jasota dauden gainerako laguntzak likida ditzan, bai eta espedientearekin zerikusia duten alderdi guztien jarraipena eta kudeaketa egitea ere, hasieratik amaitu arte, onuradunek dirulaguntzak erabat eraginkorrak izanen direla bermatzeko.

7. Jarduketak, laguntza hauetaz gain, bestelako dirulaguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduketari aplikatu zaizkiola.

8. Edozein kasutan ere, laguntzak ematen dituen organoak eska dezakeen beste edozein dokumentazio aurkeztu behar da, egindako jarduketak justifikatzeko.

9. Laguntza jaso eta gero ezin izanen da berriro eskatu ordenantza honetan jasotako laguntzak bost urteko epean, birgaitzea bereziki konplexua den eraikinen kasuan izan ezik. Kasu horretan, faseka birgaitzea onartzen ahalko da, eta laguntzak fase bakoitzerako emanen dira, betiere udal zerbitzu teknikoek aldeko txostena ematen badute eta udal organo eskudunak onartzen badu.

12. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako ezarritako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri izanen dira, baita espedientean helburu bererako izaten den beste edozein laguntzaren osagarri ere.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, erakunde edo pertsonarengandik datozela ere.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, erakunde publikoetatik hartutako dirulaguntzak sobera direnean, nahiz bateragarriak izan, onuradunak soberakina eta berandutzaren interesak itzuli beharko ditu, frogagiriari ordainketa-gutunak gehituta. Laguntza ematen duten erakundeei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzazio horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

13. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Antsoaingo Udalak zehazten ahalko ditu hedatzeari buruzko neurriak, diruz lagundutako helburuaren arabera hartu eta egokitu behar direnak, forman zein iraupenean. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea eta finantzaketa publikoari buruzko aipamenak egitea kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipuetan.

Jarduketak beste finantza-iturri batzuk izan eta onuraduna inguruabar hori jakinaraztera behartua denean, Udalaren dirulaguntzaren berri emateko bideak eta haiei eman beharreko garrantzia beste finantza-iturri horietarako erabilitakoen berdintsuak izan behar dira.

14. artikulua. Laguntzen xedea.

Laguntzen onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, gutxienez bost urtez.

Xedearekiko betebehar horri huts eginez gero, hala gertatuko baita betiere ondasuna besterentzen edo kargatzen denean, laguntza itzuli egin beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritako moduan; ondasuna itzulketari atxikiko zaio, zein den ere jabea, non ez den hirugarren bat, erregistroko fede publikoak babestua, edo ondasunak fede onez eta titulu zuzenez eskuratu direla justifikatzen bada.

Xedearekiko betebehar hori ez da huts egintzat joko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluan jasotako kasuetan, ez eta Nafarroako Gobernuak bere araudian jasotako kasuetan eta tokiko gobernu batzarrak onetsitako kasu berezietan ere.

15. artikulua. Laguntzak galtzea eta/edo itzultzea.

1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, edo aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzen bada, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarrean dagoen legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan jasotako arrazoietako bat gertatzen bada.

2. Jabeen erkidegoen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, erkidegoko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, erkidegoari berari egozten ahal baldin bazaio.

16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

17. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honen indarraldia mugagabea da, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean.

1. ERANSKINA

Zaurgarritasun ekonomikoko egoeren sailkapena

Zaurgarritasun ekonomikoko egoeren sailkapena

Familiaren osaera
(1)

GEHIENEKO DIRU-SARREREN TAULA – 2018KO PFEZ

ERREGEROSNA ALDIETAN HAZTATUTAKO DIRU-SARRERAK. 2018KO ZERGA-OINARRIAREN ZATI OROKORRAREKIN ETA SALBUETSITAKO ERRENTEKIN ALDERATU BEHARREKO DATUA

Zaurgarritasun egoera larria:
< 1 ERREGEROSNA

Zaurgarria:
>1 <1,7 ERREGEROSNA

Lagun bakarra

8.793,79

14.949,44

2 lagun

11.725,05

19.932,58

3 lagun

12.562.55

21.356,34

4 lagun

13.323,92

22.650,66

5 lagun

14.183,53

24.112,00

6 lagun

15.161,70

25.774,89

7 lagun

16.284,79

27.684,14

8 lagun

17.587,57

29.898.88

9 lagun

19.116,93

32.498,78

Taula 2019ko ekainaren 20tik dago indarrean.

Oharra (1): Familia-unitatean desgaituren bat badago, beste pertsona bat zenbatuko da. Gauza bera gertatzen da familia-unitateak 65 urtetik gorako pertsonaren bat edo genero-indarkeriaren biktimaren bat duen kasuan.

Oharra (2). GIEE eta Genero indarkeriaren biktimak: %90 lehenengo urtean eta %75 bigarren urtean.

Oharra (3). Kategoria orokorreko familia ugaria: %3 gehiago; kategoria berezikoak %6 gehiago.

T haztapen-koefizientea: 0,94.

N haztapen-koefizientea:

–Kide 1eko familia: 1.

–2 kideko familia: 0,75.

–3 kideko familia: 0,7.

–4 kideko familia: 0,66 (hortik gorako kide bakoitzeko, haztapen koefizienteari 0,04 kenduko zaio).

ERREGEROSNA 2018. urtea = 8.266,16 euro.

(Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna).

2. ERANSKINA

Hiria berroneratzeko laguntzen eskabidea (DOC).

3. ERANSKINA

Hiria berroneratzeko laguntzak ordaintzeko eskabidea (DOC).

4. ERANSKINA

Dokumentazioa

1.–Jabeen erkidegoak egin beharreko obren egiaztagiriak.

a) Obra-lizentziaren eskaeraren inprimakia.

b) Jabeen erkidegoaren frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoa osatzen duten partaide-koefizienteak –banaketa horizontalaren araberakoak– eta jabe bakoitzari egotzitako obraren kostua.

c) Jabeen batzarraren edo entitate kudeatzailearen erabaki baliozkoa, bertan espresuki adierazita obrak egiteko konpromisoa hartzen dutela.

d) Proiektuan edo memorian jasotako obrak kontratatzeko hiru aurrekonturen kopia –bakoitza enpresa batena– edo hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, gastu lagungarria 40.000 euro baino gehiagokoa bada. Eskaintzarik onena hautatzeko jabeen erkidegoak onetsitako balorazio irizpideak azaldu behar dira (prezioa, epea eta abar).

Eraikuntza-enpresa esleituta badute, hautaketarako erabilitako irizpideak jasotzen dituen txostena erantsi beharko dute.

e) Banketxearen frogagiria, bertan azalduta jabeen erkidegoaren izenean dagoen kontu zenbakia, dirulaguntza sartzeko.

2.–Eskatzailearen zaurgarritasun egoeraren egiaztagiriak.

a) Birgaitu beharreko higiezinaren/higiezinen jabetzaren, gozamenaren eta eskubide errealen egiaztapena, Jabetza Erregistroko informazio-ohar sinple eguneratuaren bidez.

b) Errolda-ziurtagiria edo bizileku-aldaketaren ezohiko inguruabarren egiaztagiriak.

c) Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen PFEZaren aitorpena(k), eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

Eta, familia-unitatean gertatzen bada ordenantza honen 8. artikuluko eta eranskineko zaurgarritasun egoerak sailkatzeko taulan azaldutako inguruabar bereziren bat, honako hau aurkeztu behar da:

d) Inguruabar berezi horiek egiaztatzen dituen dokumentazioa edo ziurtagiria.

e) Inguruabar berezien ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak edo beste edozein administrazio eskudunek emana.

Iragarkiaren kodea: L2203175