57. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren karga-tasak eta aukerako hobariak. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2021eko abenduaren 30ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren karga-tasak eta aukerako hobariak, espedientean dagoen testuaren arabera. Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2022ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13koan.

Ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko epea iragaten bada inork alegaziorik egin gabe, ordenantza behin betiko onetsiko da, eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Zangozan, 2022ko otsailaren 28an.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA ZANGOZAKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN KARGA-TASAK ETA AUKERAKO HOBARIAK

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga da zuzeneko tributu erreal bat, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, zehazki II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatutako foru legearen 140.4 artikuluan xedatzen den aukerako hobari berria, eta karga-tasa ezartzen da.

2. artikulua. Karga-tasa eta errekargua.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako, 1. eranskinean ageri dena, alegia.

3. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %70 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza denean ohiko bizilekua familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren subjektu pasiboendako edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

4.500 eurotik beherako per capita errenta

%70

Per capita errenta 4.500,1 - 5.000 euro

%60

Per capita errenta 5.000,01 - 5.500 euro

%50

Per capita errenta 5.500,01 - 6.000 euro

%40

Per capita errenta 6.000,01 - 6.500 euro

%30

Per capita errenta 6.500,01 - 7.000 euro

%20

Per capita errenta 7.000,01 - 7.500 euro

%10

Errenta-tarteen araberako hobari horien ehunekoak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familiaren diru-sarrera gordinak (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta zatituko da familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin.

Hobari hori erregutua da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta betetzen badira zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria, ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren subjektu pasiboendako edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako:

a) Eskabide sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela eskatzen den hobariaren xedeko bizitegi-erabilerako hiri-unitatea.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria, ohiko bizilekua denean kotizazio gabeko pentsioak dituzten subjektu pasiboendako edo errenta bermatua duten subjektu pasiboendako edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.

b) Familia-unitateko kide guztien PFEZaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia (PFEZa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskabidean jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da, ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskabidea aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.

Behin zerga-hobaria emanda, ez da beharrezkoa izanen eskaera berriz egitea hurrengo hiru ekitaldietan aplikatzeko (hobaria lau ekitalditan eginen da, guztira), salbu eta aldatzen badira hobaria ematea justifikatu zuten inguruabarrak edo aplikatu beharreko araudia. Laugarren urtetik aurrera, beste eskaera bat egin beharko da, bidezkoa bada.

Dena dela, Udalak agiri bidezko justifikazioa eskatzen ahalko dio onuradunari, hobaria izateko eskubidea egiaztatze aldera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

1. ERANSKINA

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako karga-tasa: %0,34 urtean.

Iragarkiaren kodea: L2202967