57. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Central solar Cáseda 3” eguzki instalazio fotovoltaikoa Kasedako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Asurmendi Sistemas de Energía SL da.

2021eko ekainaren 1ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jardueraren funtsa da 490 kW-ko eguzki instalazio bat ezartzea, sustatzaileak berak kudeatzen dituen Kaseda 1 eta Kaseda 2 parkeen handitze gisa, Kasedako 6. poligonoaren 5. eta 6. lurzatietan. Ukipena eraginen da lehorreko labore eremuetan, 11.000 m²-ko azaleran. Proiektuak barne hartzen ditu deribazio berria konexio puntutik, “Zangoza-Oibar” 13,2 kV-ko Tentsio Ertaineko Aireko Linearen 40.26 euskarrian (lurzatiaren barnean), ebakitze eta transformazio zentro bat (eraikin berean) eta eguzki instalazio fotovoltaikoa, lur azpitik konektatua transformazio zentro berrira. Sarbidea izateko 50en bat metroko bidea irekiko da, Kaseda 2 parkearen barneko aldetik.

410 Wp-ko potentzia bakuneko 1.496 panel instalatuko dira, iparretik hegora orientatutako 15 jarraitzaileren gainean (14 jarraitzaile 102 panelekin, 51-ko bi lerrotan, eta jarraitzaile batean 68 panel, 34-ko bi lerrotan). Eguzki moduluak lurretik 1,35 metrora egonen dira, eta 55 graduko okerdura handienean, gehienez 2,25 metrora irits daitezke. Egitura lurrean zuzen tinkotuko da.

Transformazio eta ebakitze zentro berria parkearen hego-ekialdeko izkinan kokatuko da, 40.26 euskarritik 7,5 metrora. Eraikin prefabrikatua izanen da, hormigoizkoa, 8 x 2,6 eta 2,4 m altuerakoa. Inguruan 4,8 x 10,5 metroko espaloia izanen du.

Jarraitzaileak inbertsoreekin eta transformazio zentroarekin konektatzeko, lur azpiko kanalizazioak eginen dira, 21-35 cm-ko zabalerako eta 75-105 cm-ko sakonerako zangak zulatuta. Horrez gain, 10 metroko kanalizazioa eginen da, 40.26 euskarriaren oinarritik transformazio zentroaren parean kokatuko den kutxatilara. 0,5 metroko zabalerako eta 1 m sakonerako zanga irekiko da.

40.26 euskarria egokituko da, 2 ebakigailu-joko eta lur azpirako 2 jaitsiera ezarriz. Proiektua babes eremu baten barruan dago, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioetarako (dekretu horrek hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen). Aurreikusia dago forratzea grapak, zubiak, amaierako botilak eta autobalbulak.

Alanbre sare galbanizatuz egindako hesi batez itxiko da ingurua, 2 metroko altuera eta 300en bat metroko luzerakoa. Elorri beltzez (Prunus spinosa) egindako heskaia landatuko da, 90 metroz, hesiaren hegoaldean.

Hesiaren parean, mendebaldetik, Traviesa 11 altxonbidea dago. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin du, baldintza batzuk ezarrita abelbidearen gainean izan ditzakeen ukipenei dagokienez.

Espedientean Kasedako Udalaren aldeko txostena dago. 2022ko urtarrilaren 28an jaso da Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txosten baldintzatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Centro solar Cáseda 3” eguzki instalazio fotovoltaikoa Kasedako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Asurmendi Sistemas de Energía SL 1 da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek 1.496 modulu eta guztira 490 Wp-ko instalaturiko potentzia izanen dituen eguzki parke fotovoltaikoa eta transformaziorako eta ebakuaziorako azpiegiturak ezartzea babesten du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioan edo azpiegituran kanpora ateratzen diren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

Ingurumen arlokoak:

–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik.

–Ahal den gehien errespetatuko da oraingo topografia, ezponda berriak eta indusketako lur soberakinak sortzea saihestuz.

–Ahal den guztietan, hormigoia erabiltzea saihestuko da. Proiektuan adierazten den bezala, plakei eusteko egiturak zuzenean lurrean tinkatuko dira.

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean. Beharrezkoak diren obrak bukatuta, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare lurra zabalduz eta orraztuz, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Lehengoratze lanak egitean, makinak igarotzean zanpatutako laborantza lurrak harrotu beharko dira.

–Lur soberakinik izanez gero, lurzatian berean ezarriko dira guztiak.

–Hesiak lurretik bereizita egon beharko du, 15-20 cm-ko altuera utziz libre, fauna igarotzeko. Iragazkortasuna errazteko, abeltzaintzako hesia edo hesi zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea, erabiliko da.

–40.26 euskarriaren aldaketan, abifauna babesteko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako neurriak bete beharko dira. Isolatzaile kateak gutxienez metro bateko luzera izanen dute, eta guztiz isolatu beharko dira linea eroaleen arteko zubiak, eta orobat ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Obra bukatuta, hondakin guztiak bildu eta bertatik eramanen dira, eta ukitutako eremu osoa garbituko da. Gainera, obrek ukitutako eremu guztiak, eta plakak ezartzeko eremua, landare berriez hornitu beharko dira.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Abelbidearen gaineko ukipenik sortuz gero, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenean ezarritako baldintzak bete beharko dira:

  • Obrak bukatu ondoren, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira. Hesia jartzean zortasun eremua errespetatuko da (3 m alde bakoitzean), zimentazioak eta lan osagarriak barne direla.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko egikaritze fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea, eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko, eta pilaketarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzeak eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

–Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Taldeari inguruabarren bat (obra hasiera, etab.) ohartarazi behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Tafalla-Zangozako barrutiari(gmatafalla@navarra.es).

3. Baimen honek, gainera, uztailaren26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Kasedako Udalera, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2202947