57. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Artikan bideozaintza kamerak ezartzeko baimena

Berriobeitiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2021eko azaroaren 8an, erabaki zuen Artikan kamerak ezartzeko kontratua adjudikatzea.

AURREKARIAK

Artikako Kontzejuan ibilgailuen trafiko handia dago. Udalaren aburuz, herriko kaleetan dabilen ibilgailu kopuru handiaren aurrean ez dira nahikoak trafikoa arautzeko eta kontrolatzeko ohiko moduak. Inguruabar horiek kontuan hartuta, bada, komeni da laguntza teknologikoa gehitzea, udal albienteek trafikoa zaintzeko dituzten eginkizunetarako. Horregatik, Berriobeitiko Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

INGURUABAR JURIDIKOAK

Lehenbizikoa.–Abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak, Segurtasun Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duenak, zortzigarren xedapen gehigarrian hau ezartzen du: “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa erregulatzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bidez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz xedaturik dagoena Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan, lege honetan haiek erabiltzeko ezarritako printzipioei jarraikiz”.

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): –4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira bideokamerak eta irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko. –Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera. –Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak generikoki identifikatuko ditu honako hauek: bide publikoak edo bide tarteak, iruditan jaso daitezkeenak; grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak; bai eta zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, zeinak hizpide baititu datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen bermea.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

–N 42.837550 W 1.654620.

–N 42.838554 W 1.658185.

–N 42.833118 W 1.663489.

–N 42.832960 W 1.663490.

–N 42.832149 W 1.662333.

–N 42.831230 W 1.661138.

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita egoitza elektronikoan, eta http://www.sedeelectronica.berrioplano.es webguneko pribatutasun politikan ere.

Tratamendu-jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Berriobeitiko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduera.

Tratamendu-jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatu ahalko da: https://berrioplano.sedelectronica.es/transparency/

Datuen babeserako ordezkaria. Berriobeitiko Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@berrioplano.es helbide elektronikoan edo posta bidez, udaletxearen helbidean (Udaletxeko plaza, 1. 31195 Berriobeiti - Nafarroa).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisi bat eginen du irudien segurtasuna bermatze aldera aplikatu beharreko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko, irudiak ustekabean edo legez kontra aldatu, galdu edo suntsitu ez daitezen, edo baimenik gabe ikusi edo komunikatu ez daitezen.

Hirugarrena.–Udala bera arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Bosgarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Berriobeitin, 2022ko martxoaren 3an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

Iragarkiaren kodea: L2203194