56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

129E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Alesbesko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Alesbesko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek abiarazten edo onartzen dituen planek Ingurumen ebaluazio estrategikoa pasa behar dute, eta Ingurumen adierazpen estrategikoa eskuratu behar dute, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

Alesbesko Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Horri buruzko txostena 2012ko apirilaren 17an eman zen. Txosten horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen zer alderdi hartu behar den kontuan, ingurumenaren aldetik, Hirigintzako Udal Plana eta hari dagokion Ingurumen ondorioen azterketa prestatzean, eta hari erantsi zion altxonbideei buruz Biodibertsitatearen Zerbitzuak otsailaren 15ean emandako txostena.

2014ko uztailaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen Ingurumen ondorioen azterketaren nahikotasunari buruz, eta 2014ko azaroaren 12an egin bilkuran, Alesbesko Udalak Hirigintzako Udal Planaren hasierako onarpena erabaki zuen. Planeko dokumentazio osoa jendaurrean paratu zen, 2014ko abenduaren 11n, 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik aurrera.

Irailaren 29ko 75E/2015 Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ingurumen ondorioen adierazpena egin zuen Alesbesko Udal Plan Orokorrari buruz (2015eko urriaren 22ko 210. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Ondoren, Alesbesko Udalak behin-behinean onartu zuen, 2017ko azaroaren 17an, Hirigintza Plana, eta bigarrenez onartu zuen behin-behinean, 2021eko irailaren 24an (2021eko urriaren 21eko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Planari erantsitako funtsezko aldaketen ondorioz.

Bi urteko epea iraganik Ingurumen adierazpen estrategikoa argitaratu zenetik, Udal Plan Orokorra onartu gabe, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen adierazpen estrategiko horrek indarra galdu du, eta beraz, ingurumen adierazpen estrategikoa eguneratu behar da.

Planari erantsitako aldaketarik adierazgarrienak hauek izan dira: Era de las Navas delakoaren hHE-1 sektoreko lurzoru urbanizagarria berriro zehaztea (bizitegi erabilera eta hHE-1.2 sektorea ezabatuz); eta hainbat aldaketa hirigintza sailkapenean, hirigunearen iparraldeko industria gune batzuetan eta hirigunearen iparraldeko sarreran. Beraz, jarduera berezietarako lurzoru urbanizaezinen azpikategoria ezabatu da.

Hirigintza Planak egoki jaso ditu ingurumen adierazpen estrategikotik (irailaren 29ko 75E/2015 Ebazpena) sortzen diren ingurumen zehaztapenak, salbu eta industria lurzoru urbanizagarriari dagokiona. Izan ere, haren arabera, LAParen irizpideei jarraikiz, eta Alesbes II (HE-3 Sektorea) eta Españuelas (HE-4) sektoreen azalera kontuan hartuta, Sektoreen garapenerako tresnek drainatze jasangarrirako sistemak jaso beharko lituzkete, lurrazaleko ur jariatzeen emariak minimizatzeko, eta ahal den gutxien aldatzeko urbanizazioak ukitutako eremuak lehendik zuen hidrologia. Horretarako, behar-beharrezkoa den aldeetan soilik iragazgaiztuko da lurzorua, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira, batez ere landaredunak.

Nava Las Eras HE-1 industria sektorea Ramal-13 altxonbidearen berritzearekin lotzen zuen zehaztapenari dagokionez, indarra galdu du, sektorearen zedarriztapen berriaren ondorioz.

Hirigintza Planean behin-behinean onartu ondoren jaso diren aldaketek ez dute ingurumen ukipen adierazgarririk eragiten.

Dokumentazio guztia aztertu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak proposatzen du ingurumen adierazpen estrategikoa berritzea, eta horren aldeko txostena eman du, azaldu diren baldintzak jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Alesbesko Udal Plan Orokorrari buruz. Alesbesko Udala da planaren sustatzailea.

2. Ingurumen adierazpen hau emateko baldintza da drainatze sistema jasangarriak ezartzea Alesbes II (HE-3 sektorea) eta Españuelas (HE-4) sektoreak garatzeko plan partzialetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Alesbesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2202943