56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cantera de Huarte (Tebas) leheneratzeko proiektuari. Tebasko Kontzejua da sustatzailea.

2021eko ekainaren 4an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “O” epigrafean sartzen da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen dituela. Horri dagokionez, Lurralde Antolamenduko Atalak txostena eman du 2021eko ekainaren 17an, esanez jarduketa horrek ez duela behar lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenik, eraikuntza izaera ez duelako, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.4 artikuluaren arabera.

Espedienteak jaso du Tebas-Muru Artederretako Udalaren txostena, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35.1 artikuluaren arabera dagozkion eskumenen araberakoa, eta ondorioztatzen du Tebasko Kontzejuak sustatu eta Fermín Izco Cabezón eta Pablo Izco Larumbe ingeniariek sinatutako leheneratze proiektuari dagozkion jarduerak jarduera baimendutzat jotzen direla, arautegi orokorreko 57.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta beraz, bateragarria dela indarra duen Udal Planarekin.

Proiektuak jasotzen duen jarduera antzinako meategi-hobi bat leheneratzea-birgaitzea da, hain zuzen ere, “Huarte” izeneko harrobia, Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteko 1. poligonoko 385. lurzatiko G azpizatia, andeatuta baitago, baimenik gabeko zenbait eraikin daudela han, erortzeko zorian. Garai batean meategia zen leku honek ez du, gaur-gaurkoz, meategia leheneratzeko onartutako planik. Ekintza guztien helburua da inguruko naturaren balioak leheneratzea, gutxi gorabehera antzinako meategiaren ustiapena hasi aurreko egoerara.

Espedienteak jaso du Hondakinen Atalaren txostena, hainbat zehaztapen egiten dituena meategia leheneratzeko lanean erabili beharreko materialei buruz (EHZ 170504 kodea duten materialak, beste material edo objektuekin nahasi gabeak, eta 9/2005 zehaztutako jarduera potentzialki kutsagarrien eragina jasan duten lurzoruetatik sortzen ez direnak), aplikatu beharreko hondakinen inguruko arautegiari buruz, eta dagokion jarduketa motari buruz (R05 hondakinen balorizazioa). Txostenak gainera, adierazten du operazioak ez duela sortzen Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritako zerga eraginen lukeen egintzarik. Azkenik, leheneratze lanean erabili beharreko indusketa material naturalen bolumena aipatzen du, esanez ezen, nolanahi dela ere, neurriko proportzionaltasuna gorde behar duela leheneratzeko proiektuan beharko den materialaren bolumenarekin, eta inola ere ez dela sortu behar ezkutuko isuririk.

Proiektuaren deskribapena:

Zaharberritu beharreko meategi gunearen ezaugarri nagusia dira 4 maila edo gehiagotan ageri diren indusketa bankuak, neurri batean lurrez beteak, haietako batzuk ezegonkortasun aztarnak erakusten dituztela, landare-lurraren geruza eskasa, eta arautu gabeko okupazioan egindako instalazioak, besteak beste, zakurtegiak, biltegia, baratzea, zaldiak gordetzeko lekua, etab.

Leheneratzeko helburua lortzeko, proiektuak ondoko jarduketa hauek planteatzen ditu:

–Harrobiaren inguruan dauden etxolak eta eraikuntzak eraistea eta bertatik kentzea. Asfalto eta hormigoizko bideak konpontzea.

–Material betegarria eramatea planoetako 3, 5 eta 7 ardatzei dagozkien hiru eremuetara. Estimatzen denaren arabera, 24.646 m³ material betegarri beharko dira (20.730 m³ indusketa lurrak izanen dira, eta 3.917 m³ landare-lurra edo material bioegonkortua) 9.717 m²-ko azalera baten gainean.

–Landare berriz hornitzea, hidroereinketa eginez azalera guztian, eta landaketak 2,6 hektareatan, 1.111 landare hektareako dentsitatearekin, eta beraz, 2.888 landare jarriz. Leheneratzea gehienez sei hilabetean egitea planteatzen da.

Proiektuak 4. eranskinean jasotzen du ingurumen ukipenen azterketa, bi alternatiba aurkezten dituena, azken topografiaren diseinuan oinarrituak, eta horiez gain, “0” alternatiba; eragina sortuko duten ekintzak identifikatzen ditu; ukituta gera daitezkeen balioak deskribatzen ditu, eta eragin nagusitzat jotzen ditu obrak egiteko unean sortuko direnak, hau da, zarata, bibrazioak eta faunari eraginen zaion eragozpena. Beste atal batean jasotzen ditu prebentzio neurriak eta ingurumen eraginak zuzentzekoak.

Ingurumen organoaren ebaluazioa:

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak informatzen du ezen, ingurumen ukipenen azterketak seinalatzen duenez, proiektua funtsean da ingurune andeatu bat hobetzea, lehen han egiten zen meatzaritza jarduerak topografia eraldatu eta landare-lurra eta lurzoruaren substratua ezabatu zituelako. Gunea txiki samarra da inguruan dituen bi meatzaritza ustiategien aldean, eta ia erabat txertatua dago inguru hartan; ez da batere nabarmentzen Alaitz Mendilerroaren inguruko meategien paisaian. Beraz, haren presentzia ez da gehiegi ageri, eta haren hobekuntza, noski, oharkabean pasatuko da. Nolanahi ere, hura leheneratzea, betiere, ingurumena hobetzea izanen da, jarduketa mugatzen bada zuzenketa topografikoa behar duten guneetan lur betegarriz betetzea, eta errespetatzen badira dagoeneko leheneratu diren eremuak, edo landaredia berez sortu den eremuak.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tebasko Cantera de Huarte 2021 leheneratzeko proiektuari. Sustatzailea Tebasko Kontzejua da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

1.–Erauzketa industrien jarduerak ukituko duen eremua birgaitzeko betelana egiteko modu esklusiboan erabiliko dira induskatutako material natural ez kutsatuak, eta eraikuntza edo eraispen lanetatik sortutako bestelako indusketa material naturalak, esaterako lurrak, buztinak, lohiak, hondarrak, legarrak edo harriak, EHZ 170504 kodean sartuta daudenak, bestelako material edo objektuekin nahasita ez daudenak, eta 9/2005 Errege Dekretuan zehaztutako jarduera potentzialki kutsagarririk jasan ez dutenak; ezin izanen da bestelako hondakinik erabili, esaterako eraikuntza eta eraispen lanen hondakinik, R05 tratamenduen kudeatzaileetatik etorrita ere.

2.–Kanpoko materialak eraman aurretik, betelanen 3, 5 eta 7 ardatzen inguruan ongi garatutako landaredia aurkezten duten eremuak zedarritu eta balizatuko dira, ongi kontserbatu daitezen. Landaredia naturalez hornitutako eremuen gainean zeihartasunik ez eragitea kontrolatzeko, horiek zedarritzeko sistemak gutxienez 3 metroko zerrenda bat utziko du libre landaredia duten eremuraino. Lan eremuak birplanteatzeko eta balizatzeko lanak Basozainek gainbegiratuko dituzte, eta horretarako e-mail bat bidaliko da 24 orduko aurrerapenez Iruñeko Barrutira (ogfopamp7@cfnavarra.es).

3.–Proiektuaren kubikazioaren arabera, betelanen bolumena ez da 24.646 m³ baino handiagoa izanen, eta proiektatu den diseinuaren kotak eta topografia errespetatuko dira, betiere ezponden malda aldatuz gehienezko 3H/2V erlaziora (neurri zuzentzaile gisa proiektuak 45º-ko malda, 1H/1V, proposatzen du). Materialak eramateko lanak bukatu eta eremua berriro profilatu ondoren, eta landare-lurra zabaldu aurretik, Biodibertsitate Zerbitzu honetan aurkeztuko dira sortutako eremu berrien plano topografikoak, proiektuaren topografia gauzatu den egiaztatu ahal izateko. Dokumentazio hori lanak hasi eta hurrengo bost hilabeteetan aurkeztu beharko da, gutxi gorabehera.

4.–Betelanak behetik gora eginen dira, materiala bota gabe goiko bankuetatik, metro bateko lodierako geruzatan, modu ordenatuan, baizik. 3. ardatza bete aurretik, lur-jausiaren inguruan, arekak zabaldu beharko dira goiko bankuan, jariatze-urak bideratzeko masa betegarritik kanpora, ezponda berriro ere desegonkortu ez dadin. Beste alde batetik, eremu horretako malda handiegia da landare-lurraren geruzari eusten diola eta hidroereinketaren garapen egokia bermatzeko, eta beraz, eremu horretara materiala eraman beharrean, ezponda atzera eraman behar da goitik hasita, malda leuntzeko.

5.–Proiektuaren azken topografia lortuta, modu homogeneoan zabalduko da 0,5 potentziako geruza bat landare-lur, eta material bioegonkortua eransten ahal zaio.

6.–Landare-berritzea amaituta, arboladiak egoki hesituta geratuko dira, inguruan bazkatzen diren abereek adarrak jatea eragozteko.

7.–Garai lehorrean eta haize moderatu edo gogorrekin, lurra mugitzeko lanak egin bitartean lurra bustiko da, hautsa sortzea eragozteko.

8.–Leheneratze lanek irauten duten bitartean itxita mantenduko dira sarbide guztiak, hesiak jarrita, kabailoiak eraikiz edo zanga sakonak zabalduz.

9.–Proposatutako landare-berritzea eginen da, eta landarea erosteko unean baloratuko da ezpel sitsaren (Cydalima perspectalis) izurritearen egoera, beharbada, ezpelaren ordez inguruan berezkoak diren beste zuhaixka batzuk erabiltzeko (zuhandorra, arrosa, elorri zuria, gogortxoa...).

10.–Landaketak mantentzeko gutxienez hiru aldiz ureztatuko dira udan (ekainetik irailera), egin ondorengo bi urteetan. Landareak egoki sustraitu direla egiaztatu ondoren, babes hodiak kenduko dira.

11.–Hondakinak (hormigoi puskak, asfaltoa, metalak, etab.) era egokian kudeatu beharko ditu hondakinen kudeatzaile baimendu batek.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Tebas-Muru Artederretako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28a.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2202945