56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11/2022 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapenen Atalean aritzeko beka baten deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 612897.

Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak proposatu du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapenen Atalean aritzeko prestakuntza beka baten deialdia egitea.

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta jarduerek lanbide-esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoak Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren esku uzten ditu bekei buruzko administrazio eskumenen titulartasuna eta erabilera. Eskualdatutako eskumen horien artean dago Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 700 programan (landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) agertzen diren gastu-esleipenetarako aurrekontu-kredituen kudeaketa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapenen Atalean aritzeko graduatu ondoko beka baten deialdia. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen honen ondoriozko gastuei erantzuteko, 11.422,92 euroko gastua baimentzea, “Bekak” izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura. Honela banatuko da zenbateko hori:

• 6.663,37 euro 2022ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70100-4809-411103 partidaren kargura. Diru hori 2022ko zazpi hilekori dagokie, Gizarte Segurantzaren hileko kotizazioa barne, edo dagokion zati alikuota.

• 4.759,55 euro 2023ko gastuen aurrekontuan gaitzen den “Bekak” izeneko 700000-4809-411103 partidaren kargura. Diru hori 2023ko bost hilekori dagokie, Gizarte Segurantzaren hilabeteko kotizazioa barne, edo dagokion zati alikuota.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Ikuskapenen Atalera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 1ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

ERANSKINA

Beka bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapenen Atalean aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduatu ondoko pertsonentzako prestakuntza beka bat ematea norgehiagokako araubidean. Bekaduna Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapen Atalean arituko da, honako lan hauetan: laguntzak eskatzen dituztenei landa-kontrolak egitea nekazaritzako establezimenduetan, lurzatietan eta abeltzaintzako ustiategietan, eta zuzeneko laguntzen eta landa garapeneko laguntzen baldintzen aplikazioarekin lotutako kontrolak egitea.

Bigarrena.–Iraupena.

Prestakuntza bekak hamabi hilabeteko iraupena izanen du gehienez, bekaduna prestakuntza jardueran hasten denetik kontatuta (2022ko ekainaren 1ean hastea aurreikusita dago). Ikuskapenen Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

1. Bekak 11.422,92 euroko zuzkidura izanen du urtean. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldiro, edo dagokion zati proportzionala, gehi 51,91 euro hilabetero, Gizarte Segurantza ordaintzeko. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

2. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, bekadunaren kontura egin beharrekoa, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

3. Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Nekazaritzako ingeniari tekniko lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duen gradudun titulua izatea (CIN/323/2009 Aginduaren bidez arautua), Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

h) B motako gidabaimena edukitzea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (erregistro horien zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean dago, martxoaren 7koan), edo web-orri honetan: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/oficinas-registro. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan aurkezten ahalko dira eskaerak.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2.II. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen erroldatze-ziurtagiria.

h) B gidabaimenaren kopia.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten duten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egiten diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak eta/edo jakinarazpenak egiteko.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: David Isaba Lacabe, nekazaritzako ingeniari teknikoa eta Baldintzen eta Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratutik kanpoko NBEUFko Ikuskapenen Bulegoko burua.

Batzordekidea: Maite Jusué Biurrun, nekazaritzako ingeniari teknikoa eta Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuko Ikuskapenen Bulegoko burua.

Idazkaria: Petra Marrodán González, nekazaritzako ingeniari teknikoa eta Ikuskapenen Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.I.–Ikasketa espedientea:

Nekazaritzako ingeniari tekniko gisa aritzeko gaikuntza ematen duen graduko ikasketa espedientearen batez besteko nota kalkulatuko da. Batez besteko nota handienari (10) 60 puntu emanen zaizkio. Balio osoa oinarri hartuta, kalkulu proportzionala edo hainbanatua aplikatuko da.

2.II.–Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: Bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak gehienez 5 punturekin baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 1 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 2 puntu ikastaroko.

–200 ordutik gorako ikastaroak: 4 puntu ikastaroko.

Tituluak: Bekaren xedearekin lotura duten beste titulu batzuen kasuan, 5 puntu emanen dira titulu akademiko oso bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.III.–Lanak:

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 5 puntu emanen dira, edo urte zatiari dagokiona, eta gehienez ere 15 puntu.

2.IV.–Hizkuntzak:

Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik: hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 22ko 43/2020 Ebazpenaren arabera aitortutako erakundeetakoak. Izan ere, ebazpen horren bidez, aldatu egiten da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpena, zeinaren bidez ezartzen baitira ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera:

–B2 goi maila: 2 puntu.

–C1 maila: 4 puntu.

–C2 maila: 5 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko 2.I atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, prestakuntzaren eta beste titulu batzuen atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Bekaren adjudikazioari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Horrela egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Jardunean hasteko unean, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak zerga-betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, baita zinpeko adierazpen edo hitzemate idazki bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, entitate publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

3. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).

2. Onuradunak, gainera, betebehar hauek izanen ditu:

a) Beka emateak dakarren prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren xedearekin eta haren jarduketa-eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Departamentuaren instalazioetara (González Tablas kalea 9, Iruña, Nafarroa).

b) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

c) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

d) Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Onuradunari tutore bat jarriko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Onuradunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2203215