56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat, kirol instalazioak eraberritu ditzaten 2022. urtean. DDBN identifikazioa: 612351.

Kirolak Nafarroako toki erakundeetan sortzen duen lehentasunetako bat da kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea, kirola behar bezala egin ahal izateko. Xede horretan laguntzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, beharrezkotzat jo du dirulaguntzak emateko irizpideak ezarriko dituen laguntza deialdi bat ezartzea.

Kontuan izanik 2012tik 2018ra toki erakundeei ez zaiela dirulaguntzarik eman Nafarroako kirol instalazioak birmoldatzeko, kontserbatzeko eta eraikitzeko, eta kirol instalazioen arloan inbertsioak beharrezkoak direla horiek gaurkotu beharra dagoelako, beharrezkoa da kirol instalazioak eraberritzeko laguntza deialdi bat egitea 2022an.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, bere 6.2 o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dio kirol jarduerak sustatzeko eskumena, laguntza eta dirulaguntzak emanez horretarako. Halaber, 79.5 artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak sustatzen ahalko duela Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haiei loturiko jarduketak egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea toki erakundeei 2022. urtean dirulaguntzak emateko deialdi bat, kirol instalazioen arloan eraberritze lanak egin ditzaten, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 300.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorren A50001 A5400 7609 336102 partida ekonomikoaren kargura, “Toki erakundeentzako deialdia, kirol instalazioak eraberritzeko” izenekoarenera.

3. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau, oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea. Dokumentazio hori guztia interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 25ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako toki erakundeei kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko 2022. urtean. Inbertsioak kirol instalazioak eraberritzera bideratu beharko dira, erabiltzaileei zerbitzuak hobeto eskaintzeko, aurreikusitako jarduketari aplikatu beharreko araudi teknikoa beteta.

Jarduketa motaren arabera, inbertsioak bideratuko dira jadanik eraikita dauden instalazioetan beharrezkoak diren eraberritze lanetara soilik, eta alde batera utziko dira obra berrietarako eta handitze lanetarako inbertsioak. Obrak 2022an egin beharko dira, eta 2022ko azaroaren 15a baino lehen bukatu behar dira.

Administrazio publikoen baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, eta bete daitezen jarduera administratiboaren oinarri nagusi diren eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak, Nafarroako toki erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du deialdi honetan instalazio bakoitzeko.

2.–Helburua.

Deialdi honen helburua da bultzatzea toki erakundeetako erabilera publikoko kirol instalazioak, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunek, kirol praktikaren bidez, aukera izan dezaten bizi kalitate handiagoa izateko eta bizikidetzan eta elkartasunean oinarritutako jarduera soziala garatzeko, horiexek baitira kirolak sustatutako balioak. Horren guztiaren helburua Nafarroako herritarren ohitura osasuntsuak eta jarrera zibikoak hobetzea da.

3.–Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eskatzen ahal dituzte kirol instalazioak egokitu edo eraberritu nahi dituzten Nafarroako toki erakundeek, baldin eta lan horien exekuzioa 2022ko azaroaren 15a baino lehen egin eta bukatzen bada. Alde batera uzten dira instalazioaren mantentze eta kontserbazio lanak.

Toki erakundeek ezin izanen dira onuradun izan, baldin eta jaso badute Nafarroako Kirolaren Institutuak, toki erakundeen kirol instalazioen eraikuntza edo eraberritzea finantzatzeko asmoz, azken bost urteotan emandako laguntzarik (horien barnean dira Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretan ezarritako dirulaguntza izendunak).

Azkenik, deialditik bazter utziko dira erabilera publikoko igerilekuetako ontziak aplikatu beharreko araudira egokitzeko eskaerak. Araudi hori urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua da, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene, osasun eta segurtasun baldintzak.

4.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

4.1. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabide-orria, behar bezala betea, eta datuen aitorpena (II. eranskina).

b) Gauzatu beharreko obren oinarrizko proiektuaren ale bat, eraikuntzaren arloan eskuduna den teknikari batek izenpetua, non deskripzio-memoria xehakatu bat jasoko baita, egin beharreko obrak, egungo egoeraren argazkiak, planoak eta kapituluz kapituluko aurrekontua bilduko baitira, proiektuko eta obra zuzendaritzako ordainsariak barne.

Baldin proposatutako jarduerak ez badu funtsezko aldaketarik eragiten instalazioan, nahikoa izanen da memoria baloratua aurkeztea. Memoria horrek deskripzio-memoria bat izan beharko du, egungo egoeraren argazkiekin eta aurrekontu orokorrarekin.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak ezinbestekoak diren oharrak egiten ahalko ditu aurkeztutako jarduketen gainean, egokitu daitezen bete beharreko premia orokorretara, baita gastu publiko ororen aplikazioan efizientzia egokia lortzeko bidezko diren oharrak ere. Horrek, hala ere, ez du ekarriko dirulaguntza ematea, hori deialdiaren baldintzen eta betebeharren menpe egonen baita, ez eta eskaera baloratzeko prozesuan puntuazio altuagoa izatea ere.

c) Obraren xedeko lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzen ahal direla adierazita.

Lurren titularra Nafarroako Gobernua bada, lurren erabilera lagatzeko egiaztagiria aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak luzatua.

d) Ziurtagiri bat, zeinetan jasoko baita aurreikusitako finantzaketaren gaineko udal erabakia, berariaz adierazita beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzak.

Baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen finantzaketa jasotzen bada, toki erakundeak baterako finantzaketaren aitorpena aurkeztu beharko du, III. eranskineko ereduaren arabera.

e) Toki erakundearen ziurtagiria, non jasoko baita honako konpromiso hau biltzen duen erabakia: dirulaguntza zertarako ematen den, erakundeak helburu zehatz horretarako mantenduko duela instalazioa gutxienez 20 urtez.

f) Kirol instalazioen tokiko plana, IV. eranskinaren araberakoa.

Kirol instalazioen tokiko plana Nafarroako Kirolaren Institutuak diruz lagundu badu, aski da laguntza ematen duen ebazpena aipatzea. Kirol instalazioen tokiko planean lehentasun gisa agertu beharko da dirulaguntzaren xede den jarduketa.

g) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

h) Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

i) Ziurtagiri bat, erakundearen legezko ordezkariak emana, zeinetan adieraziko baita udalerriko kirol instalazioak eguneratuta daudela Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan, eskatutako dokumentazioa aurkeztu baino lehenago.

Era berean, dirulaguntza eskatzen duen erakundeak ziurtagiri horretan jaso beharko du eguneratuta daudela bere jabetzako kirol instalazioetako kirol espazioen segurtasun akta guztiak.

j) Erakundearen legezko ordezkariak emandako ziurtagiria, V. eranskineko ereduaren araberakoa, zeinetan adieraziko baita egin beharreko inbertsioari dagokion BEZa berreskura edo konpentsa daitekeen edo ez, bete dadin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoa.

k) Toki erakunde eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

4.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Dirulaguntza eskabidea eta hasierako dokumentazioa aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

5.2. Dirulaguntza eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabilita. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

5.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horietan ezin izanen da zuzenketarik egin.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.–Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, baloratu eta aztertuko dituena, foru agindu honen I. eranskineko 4. oinarrian eta 6. oinarri honen 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak zilegi du gaian eskumenak dituzten instituzioei eta erakundeei txostenak eskatzea, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, balio izanen dute dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeto ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki erakunde eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

6.2. Deialdi honetan laguntzen onuradun ateratzen diren toki erakundeek, orokorrean, aurkezten duten proiektuko kirol obraren aurrekontuaren %60rainoko dirulaguntza lortzen ahalko dute; 60.000 euro gehienez.

6.3. Balorazio irizpideak:

A.–BIZTANLERIA

40 PUNTU GEHIENEZ

A.1. Biztanle kopurua

20 puntu

A.2. Biztanleriaren sakabanaketa

20 puntu

B.–JARDUKETA

60 PUNTU GEHIENEZ

B.1. Inbertsioa

20 puntu

B.2. Instalazioaren antzinatasuna

20 puntu

B.3. Zer espaziotan jarduten den

5 puntu

B.4. Irisgarritasunari egindako ekarpena

5 puntu

B.5. Genero ikuspegiari egindako ekarpena

5 puntu

B.6. Energia efizientzia hobetzeari egindako ekarpena

5 puntu

A.–Dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen biztanleriaren arabera: 40 puntu gehienez.

A.1. Ukitutako biztanleen kopurua. (20 puntu gehienez).

–12.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeak: (20 puntu gehienez). Puntuaziorik handiena lortuko du 12.001-13.000 biztanle artean dituen toki erakundeak. Kopuru hori gainditzen duten 1.000 biztanle bakoitzeko puntu bat gutxiago emanen da.

12.001-13.000

20 puntu

22.001-23.000

10 puntu

13.001-14.000

19 puntu

23.001-24.000

9 puntu

14.001-15.000

18 puntu

24.001-25.000

8 puntu

15.001-16.000

17 puntu

25.001-26.000

7 puntu

16.001-17.000

16 puntu

26.001-27.000

6 puntu

17.001-18.000

15 puntu

27.001-28.000

5 puntu

18.001-19.000

14 puntu

28.001-29.000

4 puntu

19.001-20.000

13 puntu

29.001-30.000

3 puntu

20.001-21.000

12 puntu

30.001-31.000

2 puntu

21.001-22.000

11 puntu

31.001 baino gehiago

Puntu bat

–2.000 biztanle baino gehiago eta 12.000 biztanle edo gutxiago dituzten toki erakundeak. (20 puntu gehienez). Puntuaziorik handiena (20 puntu) lortuko dute 2.001-2.500 biztanle artean dituzten toki erakundeek. Puntu bat gutxiago emanen da kopuru hori gainditzen duten 500 biztanle (edo horren zati proportzional) bakoitzeko.

2.001-2.500

20 puntu

7.001-7.500

10 puntu

2.501-3.000

19 puntu

7.501-8.000

9 puntu

3.001-3.500

18 puntu

8.001-8.500

8 puntu

3.501-4.000

17 puntu

8.501-9.000

7 puntu

4.001-4.500

16 puntu

9.001-9.500

6 puntu

4.501-5.000

15 puntu

9.501-10.000

5 puntu

5.001-5.500

14 puntu

10.001-10.500

4 puntu

5.501-6.000

13 puntu

10.501-11.000

3 puntu

6.001-6.500

12 puntu

11.001-11.500

2 puntu

6.501-7.000

11 puntu

11.501-12.000

Puntu bat

–2.000 biztanle edo gutxiago dituzten toki erakundeak: (20 puntu gehienez ere). 1-100 biztanle dituzten toki erakundeek 20 puntu lortuko dituzte. Puntu bat gutxiago emanen da kopuru hori gainditzen duten 100 biztanle (edo horren zati proportzional) bakoitzeko.

1-100

20 puntu

1.001-1.100

10 puntu

101-200

19 puntu

1.101-1.200

9 puntu

201-300

18 puntu

1.201-1.300

8 puntu

301-400

17 puntu

1.301-1.400

7 puntu

401-500

16 puntu

1.401-1.500

6 puntu

501-600

15 puntu

1.501-1.600

5 puntu

601-700

14 puntu

1.601-1.700

4 puntu

701-800

13 puntu

1.701-1.800

3 puntu

801-900

12 puntu

1.801-1.900

2 puntu

901-1.000

11 puntu

1.901-2.000

Puntu bat

A.2. Biztanleriaren sakabanaketa. (20 puntu gehienez).

Biztanleriaren sakabanatzea biztanle kontzentrazioaren alderantzizko prozesua da.

Gehieneko puntuazioa emanen zaio biztanleriaren sakabanatze indizerik handiena duen toki erakundeari. Gainerako toki erakundeei balio haztatu bat emanen zaie, zuzeneko hiruko erregela aplikatuta kasuan kasu dagokiena.

B.–Jarduketaren araberako balorazioa: 60 puntu gehienez.

B.1. Inbertsioa. Inbertsiorako beharrezko zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako aurrekontuaren arabera, 2 puntu inbertsiorako beharrezko 10.000 euroko. 20 puntu gehienez.

B.2. Eraberrituko den kirol espazioaren antzinatasuna. Erakundeko idazkaritzaren edo idazkaritza/kontu-hartzailetzaren titularraren ziurtagiria eskatuko da: 20 puntu gehienez ere.

–50 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 20 puntu.

–50 urte edo gutxiagoko eta 40 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 16 puntu.

–40 urte edo gutxiagoko eta 30 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 12 puntu.

–30 urte edo gutxiagoko eta 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 8 puntu.

–20 urte edo gutxiagoko antzinatasuna: 4 puntu.

B.3. Jarduketa eginen den espazio motaren arabera: 5 puntu gehienez.

–Jarduketa kirol espazioan bakarrik eginen da: 5 puntu.

–Jarduketa kirol espazioan eta espazio osagarrietan eginen da: 3 puntu.

–Jarduketa espazio osagarrietan soilik eginen da: puntu bat.

B.4. Kirol instalaziora iristeko bidea errazten du: 5 puntu gehienez.

–5 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 edo gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.

–3 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 baino gutxiago eta %10 baino gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.

–1 puntu emanen da baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %10 baino gutxiago eta %0 baino gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.

–Desgaitasunaren ikuspegiaren arloko ekarpenik egin ez bada: 0 puntu.

B.5. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekarpena egin da: 5 puntu gehienez.

–5 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 edo gehiago bideratu bada emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzetara.

–3 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 baino gutxiago eta %10 baino gehiago bideratu bada emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzetara.

–1 puntu emanen da baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %10 baino gutxiago eta %0 baino gehiago bideratu bada emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzetara.

–Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekarpenik egin ez bada 0 puntu emanen dira.

B.6. Instalazioaren energia efizientzia hobetzeko ekarpena egiten da: 5 puntu gehienez.

–5 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %50 edo gehiago bideratu bada instalazioaren energia efizientzia hobetzeko ekintzetara.

–3 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %50 baino gutxiago eta %20 baino gehiago bideratu bada instalazioaren energia efizientzia hobetzeko ekintzetara.

–1 puntu emanen da baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %20 baino gutxiago eta %0 baino gehiago bideratu bada instalazioaren energia efizientzia hobetzeko ekintzetara.

–Instalazioaren energia efizientzia hobetzearen aldeko ekarpenik egin ez bada 0 puntu emanen dira.

6.4. Prozedura: eskaera bakoitza 6. oinarriaren 3. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko da, eta bakoitzari dagokion dirulaguntza emanen zaio, kontuan harturik 6. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak.

Deialdi honetarako, 300.000 euro bideratu dira. Diru kopuru hori hiru multzotan banatuko da (jarduketak eginen diren toki erakundeetako biztanleen kopuruaren arabera), bakoitzari honako zenbateko hauek esleituta:

a) 12.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. 60.000 euro gehienez.

b) 2.000 biztanle baino gehiagoko eta 12.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. 120.000 euro gehienez.

c) 2.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. 120.000 euro gehienez.

Lehenik, apartatu honetako eskaeren dirulaguntzak esleituko dira: a) 12.000 biztanle baino gehiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. Baldin apartatu horri dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren dirua gelditzen bada, soberakoa beste apartatu honetarako erabiliko da: b) 2.000 biztanle baino gehiagoko eta 12.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. Baldin apartatu horri dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren dirua gelditzen bada, soberakoa beste apartatu honetarako erabiliko da, kreditu osoa agortu arte: c) 2.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duen toki erakundearen alde ebatziko da.

7.–Laguntza emateko ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, toki erakundeek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan agertuko dira dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da betiere, baita foru agindu honen 6. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako zenbatekoen menpe ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, erakunde onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

7.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, baldin eta jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Xede horretarako jasotako dirulaguntza guztien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere ez, obra amaitzean justifikatutako gastuen guztizkoa.

8.–Erakunde onuradunen betebeharrak, eta frogagiriak aurkeztea.

8.1. Dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek hilabeteko epea dute, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita, exekuzio proiektua edo behin betiko memoria aurkezteko, zeinetan jasoko baitira, horrelakorik egonez gero, hasierako dokumentazioan egindako zuzenketak.

8.2. Dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeek 2022ko azaroaren 15eko 23:59 baino lehen bukatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko obrak, horixe baitute onetsi zaien dirulaguntza ordain dakien ezinbestean bete beharreko baldintza. Horrez gain, epe horretan berean honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Obren adjudikazioaren akta, bertan datu hauek adierazita, gutxienez: adjudikazioaren data, enpresa adjudikaziodunaren izena eta identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.

Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazioaren aktaren ordez, toki erakundearen organo eskudunak hartutako erabakia sartuko da, eta hartan adieraziko da obrak era horretan eginen direla.

b) Zuzendaritza fakultatiboaren izendapenaren akta, teknikariaren edo teknikarien identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

c) Toki erakundearen ziurtagiria, idazkariak egina eta alkate udalburuak onetsia, zeinetan egiaztatzen baita efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzaileak hautatzean, eta, hala badagokio, VI. eta VII. eranskinak.

d) Obren harrera-akta, jabeek, enpresa adjudikaziodunak eta zuzendari fakultatiboak sinatua.

e) Obra bukaerako jatorrizko ziurtapena, zuzendaritza fakultatiboak, toki erakundearen ordezkari batek eta enpresa adjudikaziodunaren ordezkari batek sinatua.

f) Diruz lagunduko diren gastu guztien jatorrizko fakturak edo faktura elektronikoak, bai eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

g) Euskarri informatikoa, benetan egindako obren proiektua biltzen duena, zeinetan jasoko baitira obren jatorrizko proiektuan izan diren aldaketak, baldin aldaketarik izan bada. Betiere jaso beharko ditu egindako obren memoria, behin betiko planoak, azken likidazioa eta jatorrizko egoeraren eta bukaerako egoeraren argazki dosierra.

h) Frogabide bat, erakusteko obra bukaerako plaka bat jarri dela ageriko leku batean. Plaka euskarri zurrunean egina izanen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren anagramak eta logotipoak izanen ditu, diruz laguntzen diren obren informazio euskarrien diseinurako finkatuta dagoen testua erabiliz, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan ezartzen den moduan, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

i) Ziurtagiri bat, zeinaren bidez toki erakundeek adierazten baitute konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako kirol instalazioa erabiltzen uzteko, beren bizilagunen baldintza beretan, erakunde onuradunaren kirol eskualde bereko beste udalerri batean bizi diren nafarrei. Halaber, erakunde onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuari uzteko, programa berekietarako edo hark intereseko deklaratutako entitate edo jardueretarako. Horrelakoetan, erabilera doakoa izanen da. Lankidetza-hitzarmen bat formalizatzen ahalko da, diruz lagundutako instalazioaren erabilera partekatua egiteko.

8.3. Dirulaguntza eskaera ez ezik, oinarri honetan adierazitako frogagiriak ere aurkeztuko dira, nahitaez, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.4. Obrak exekutatuko dira diruz lagundutako proiektuari jarraikiz, ezertan galarazi gabe toki erakundeek eskatuta gertatzen ahal diren aldaketak. Aldaketa horiek Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak baimendu beharko ditu, betiere kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den inbertsioaren gaineko kostuaren igoerak onuradunaren bizkar izanen direla.

8.5. Dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeek onartu eta erraztu beharko dute Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.

8.6. Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.

8.7. Toki erakundeek hitz ematen dute ez dutela baimenik emanen diruz lagundutako instalazioetan apustuen publizitatea jartzeko eta beteko dutela arlo horretan indarrean dagoen araudia.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

9.1. Emandako laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak txostena egin ondoren, baldin eta 8. oinarriaren 2. apartatuan eskatutako frogagiriak behar den epean eta moduan aurkezten badira.

Behin obrak bukatutakoan, exekuzioaren zenbateko osoa (barnean direla proiektuko eta obra zuzendaritzako ordainsariak) hasieran aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa eta 100.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, emandako dirulaguntza osorik ordainduko da. Obren azken kostua 100.000 eurokoa bada, justifikatutako gastu osoaren %60 ordainduko da.

10.–Ez-betetzea.

10.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

10.2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta, hala, bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.

11.–Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

13.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

ORRIEN EREDUAK

II. eranskina.–Datuen aitorpena.

III. eranskina.–Baterako finantzaketaren orria.

IV. eranskina.–Herri edo eskualde batean kirol instalazioen eta jardueren plana egiteko orria.

V. eranskina.–Erakundearen legezko ordezkariaren ziurtagiria, inbertsioari dagokion BEZari buruzkoa.

VI. eranskina.–Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla justifikatzeko orria. Ekipo-ondasunak hornitzea edo zerbitzuak ematea.

VII. eranskina.–Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla justifikatzeko orria. Obren exekuzioa.

Deskargatu II. eranskinetik VII.era (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202887