52. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

130E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez ingurumen eraginaren txostena ematen da Solar Fotovoltaica Navarra SL enpresak sustatutako Lodosa C1 (8,65 MWp) eta Lodosa Lamparilla (8,18 MWp) eguzki instalazio fotovoltaikoendako.

2021eko martxoaren 2an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 i) multzoan.

Sustatzaileak aurkeztu du, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, bi eguzki instalazio fotovoltaiko horiek aurrera eramateko proiektu bana. Bi proiektu horiek elkarren ondoan dauden eremuetan gauzatuko dira eta partekatuko dituzte azpiestazioa, ebakuazio linea eta banatzeko eta garraiatzeko sarera konektatzeko eta sartzeko puntua. Ingurumen organo honek egin duen ingurumen ebaluazioan bi proiektuak batera aztertu ditu, eta hor sartu ditu ebakuazioko azpiegitura partekatuak ere. Proiektu horietako bakoitzaren ezaugarriak direla-eta, eta bakoitzaren magnitudeak eta dimentsioak batzen direlako, jarduera hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean, 4 i) multzoan, sartzen da. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, bi proiektu horiek jendaurrean jarri zituen, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 63. zenbakian, 2021eko martxoaren 18koan, era horretan betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, haren bitartez arautzen baitziren energia elektrikoko instalazioetako garraio, banaketa, komertzializazio eta hornikuntza jarduerak eta baimentzeko prozedurak.

2021eko ekainaren 22an, Biodibertsitate Zerbitzuak dokumentazioa zuzentzeko eskaera igorri zion Solar Fotovoltaica de Navarra enpresari, aurkeztu zuen dokumentazioan zuzen zitzan ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan jasotzen diren apartatu espezifikoak. Ingurumen dokumentuak ebakuazioko linearen eta sarera konektatzeko puntuaren deskribapena, ezaugarriak eta ingurumen alderdiak jaso behar ditu, eta zehaztu behar ditu proiektuak aurreikusten dituen lur mugimenduak, barne direla zimentazioak eta aldaketa topografikoak. 2021eko irailaren 29an jaso zen eskatutako dokumentazio guztia.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulta egin die, 2021eko azaroaren 25ean, proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edo iradokizunak egin ditzaten, haren eskumeneko gaiei buruz. 10 kontsulta egin dira, eta 3 erantzun jaso dira. Kontsulta egindako entitateen zerrenda eta erantzunen laburpena ingurumen eraginaren txosten honen I. eranskinean jaso dira.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela argitzeko ea proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen eraginari buruzko txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Jarduketaren funtsa da bi eguzki instalazio fotovoltaiko eraikitzea, guztira 16,83 MWp-rekin (Lodosa C1 8,65 MWp eta Lodosa Lamparilla 8,18 MWp), Lodosako udal-mugarteko herri-lurretako lurzatietan. Ingurumen eraginaren txosten honen II. eranskinean xeheki azalduta daude jarduketa eta aurreikusitako sistemak eta zuzkidurak.

Aurkeztu den dokumentazioan jasotzen da ingurumen dokumentu bat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutako edukiak jasotzen dituena, eta orobat Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduaren 5 b) artikuluan ezarritako edukiak, horren bidez ezarri baitziren lurzoru urbanizaezinean eguzki energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak. Proiektua deskribatu eta haren ezaugarriak zehazteko apartatuan, ordea, ez da guztiz zehazten eguzki energia hartzeko gailu-eredua: egitura finko baten gaineko modulua, edo eguzki jarraitzaileen sistema, eta beraz, nolako zimentazioa erabiliko den. Azterketak jasotzen ditu alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, eta horiekin batera, eragin sinergikoak eta metatze-eraginak, ezbehar larri edo hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, eragin eta paisaia integrazioaren azterketa, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, ingurumena zaintzeko plana, eta jarduera bertan behera utzi ondorengo leheneratze plana. Azterketaren ondorioa da proposatzen den proiektuaren eragin globala bateragarria dela.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta bertan behera uztearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman du eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren eta paisaiaren balioekin, betiere, proiektuak betetzen baditu ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Solar Fotovoltaica Navarra SL entitateak Lodosa C1 (8,65 MWp) eta Lodosa Lamparilla (8,18 MWp) eguzki instalazio fotovoltaikoak Lodosako 6. poligonoko 321. lurzatian eta 1. poligonoko 1814. lurzatian jartzeko sustatu duen proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den bezala, eta beraz, ez da 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko I. atalean arautzen den ingurumen ebaluazio arrunta egin behar.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Azterketa geotekniko zehatza egin ondoren, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euskarrien egitura lurrean zuzenean tinkatuko da, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin. Moduluak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

–Aurkeztutako ingurumen dokumentuaren 2.5 apartatuan deskribatzen denaren arabera, lurraren topografiak moduluen ezarpena errazten du, eta ez da eginen eremuaren inongo aldaketa topografikorik, edo oso txikiak izanen dira. Obra zibilaren mugimenduak obraren sarbideak prestatzeko behar direnak bakarrik izanen dira; lurzorua soiltzea, sasi garbitzea, eta landare-lurrak kendu, bildu eta ondoren berriz jartzea; azpiestazioa, moduluak eta ebakuazioko egitak zimentatzeko indusketak; barne bideak; zangak ireki eta ixtea eta ingurua hesitzea.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

–Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz, edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak, bi metroko tarteak utziz eta bi ilaretan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan ezarrita.

–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze sareetara arrastaka eramatea saihesteko.

–Ebakuazioko tentsio altuko linearen lur azpiko kondukzioa han dauden bideen ondotik eramanen da, eta obra bukatuta bideak leheneratuko dira, haien baliagarritasuna erabat berreskuratzeko. La Tejeria erreka zeharkatzeko lanak udan eginen dira, eta saihestuko da materialak, hormigoia edo solidoak ur-ibilgura eramatea.

–Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

–Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako hazien nahasketa bat erabiliz, inguruko landare sailekin bat eginez. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentuaren 7. apartatuan deskribatutako neurri zuzentzaileak ezarriko dira. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatu dena erabiliz.

–Obrak amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da. Landaketak garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.

–Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentuaren 8. apartatuan deskribatutako prebentzio neurri guztiak eta 9. apartatuan deskribatutako Ingurumena Zaintzeko Plana ezarriko dira.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz. Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentuaren 4.3.7.8. apartatuan eta 5. eranskineko 8. puntuan deskribatutako paisaia-integrazioko neurriak ezarriko dira.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Jarduera amaitu ondoren, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentuaren 9. Eranskineko Leheneratze Planean deskribatutako neurriak ezarriko dira.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Industriaren Antolamenduaren, Azpiegituren eta Mehatzeen Zerbitzuari, Basozainei (Lizarra hegoaldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta egin zaien entitateen zerrenda.

Proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoekiko eta interesdunekiko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda, erantzuna igorri dutenak seinalatuta.

KONTSULTA EGIN ZAION ENTITATEA

ERANTZUNA

Lodosako Udala

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

X

Herri-lurren Atala.

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusia

Ekologistak Martxan

Gurelur

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Lodosako Udalak adierazi du instalazio fotovoltaikoak eta ebakuaziorako azpiegiturak bateragarriak direla indarra duen hirigintza planarekin, eta jarduera baimengarriak direla lurzoru urbanizaezinean.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak bere txostenean dio lurzatia sartuta dagoela Nafarroako Ubidearen 1. Fasea handitzearen eremu osagarrietan. Beraz, eguzki instalazio fotovoltaikoek ukipen larria eragiten diote Nafarroako Foru Komunitatearen Ureztalurren Planari, eta beraz, ez dira bateragarriak ingurune honetarako Foru Komunitatearen Ureztalurren Planean aurreikusten diren balioekin eta erabilerekin, eta hobe da, horrenbestez, ureztalurrik ukituko ez duten beste eremuren bat bilatzea, edo bestela, proiektuak ukitzen duen ureztalurren eremua nabarmen murriztea.

Herri-lurren Atalak bere txostenean dio proiektua Lodosako Udalaren herri-lurren jabetzako eremuan egin nahi denez, sustatzaileak herri horretako udalari eskatu beharko diola, erabileraren lagapena egin ahal izateko, herri-ondasunen desafektazioa gauzatzeko espediente bat irekitzeko, eta lortu beharko duela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, haren onespena; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan arautua.

II. ERANSKINA

Proiektuen ezaugarriak

Lodosa C1 (8,65 MWp) eta Lodosa Lamparilla (8,18 MWp) eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuek 16,83 MWp-ko potentzia instalatu osoa izanen dute. Instalazioak Lodosako El Oliado parajeko 6. poligonoko 321. lurzatian eta El Barranco del Abad parajeko 1. poligonoko 1814. lurzatian eginen dira, proiektuaren arabera. Lurzati horien zabalera osoa 35,70 ha-koa da, eta haietatik guztira 28,21 ha okupatuko dira. Instalazioen itxitura hesi zinegetikoa ezarriz eginen da, bi itxitura poligonalak ezarriz, iparretik hegora banatuta, Lodosako hirigunea La Lombako Bidearekin Ebroko Iraganbide Nagusiaren Altxonbidean lotzen duen berrantolamendu-bidetik. Sarbideak han dauden bideetatik egiten dira, NA-134 errepidetik, Lodosako udal-mugartean. Lur begetala erauzi eta bilduko da, eta behar diren lur berdintzeak egin ondoren berriro ezarriko dira, lekuko landaredia leheneratzeko. Ez da aurreikusten inongo aldaketa topografikorik egitea. Modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean ezartzea aurreikusten da, okerdura egokiarekin, azterketa geoteknikoa egin ondoren. Eguzki-jarraitzaileen instalazioa egiteko aukera ere aztertuko da, efizientzia hobetuko lukeelako. Moduluen konexioak lur azpiko zirkuitu baten bidez egiten dira, inbertsoreekin eta transformazio zentroekin, sortutako energia korronte alternoa bihurtu eta tentsio ertainera igotzeko (20 kV). Transformazio zentroak lur azpiko kanalizazio baten bidez lotzen dira Alba Renova transformazio elektrikoko barne azpiestazioarekin, eta hark tentsioa igoko du 66 kVraino. Tamaina txikiko sekzionamendu eta neurketa zentro bat ere eraikiko da, eta Iberdrola Distribución erakundearen esku lagako da. Energia barneko azpiestaziotik Lodosa transformazio zentrora ebakuatzen da 1.810 metroko luzeran lur azpitik doan tentsio altuko linea baten bidez. Kondukzioa zuzenean sartuko da lur azpian, eta zanga batetik eramanen da hodi barnean, gurutzatzerik ez den lekuetan, eta hormigoi barneko hodien bidez, gurutzatzeak dauden lekuetan. Hango bideen ondotik eramaten dira kondukzioen trazatuak. NA-134 errepidea gurutzatzeko, zulaketa zuzenduaren teknika erabiliko da.

Iragarkiaren kodea: F2202948