52. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

128E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena, ingurumen ondorioetarako soilik, Andosillako “Vicuña I” legar hobiaren handitzea ustiatzeko proiektuarentzat; sustatzailea Aridos y Excavaciones Vicuña SL da.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. multzoan, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio. Proiektuaren xedea da legarrak erauzteko jarduerari jarraipena ematea, lehen ere ustiatu diren lurzatiak ukituz (344, 349, 350, 353 eta 354), eta horiez gain, legar hobia handitzeari dagozkion lurzati berri zenbait ere bai (338, 339 eta 347), guztiak ere Andosillako udal-mugarteko 2. poligonoan.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Aridos y Excavaciones Vicuña SLk, 2020ko uztailaren 8an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen eraginaren azterketa eta leheneratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta hark jendaurrean jarri zituen 2020ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 27an, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen ebaluazioari buruzkoa; ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta leheneratzeari buruzkoa; eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

21/2013 Legearen 37. artikulua betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Andosillako Udalari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; hiru erakunde kontsultatuetatik txostenak jaso ditugu, eta ebazpen honen III. eranskinean laburbildu ditugu.

2021eko otsailaren 5ean, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

2021eko ekainaren 9an, Ingurumen Eraginaren Atalak eskaera egin zuen, legar hobiaren leheneratze planak jasotzen dituen hainbat alderdi zuzendu beharrak zirela esanez. Espedientearen dokumentazio osoa, zuzendu beharreko alderdi horien aldaketa barne, 2021eko irailaren 16an aurkeztu zion sustatzaileak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2020ko ekainaren 16an emandako aldeko txostena jasotzen da espedientean, non ebazten den katalogatutako aztarnategi arkeologikorik ez dela ukitzen.

Proiektua ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da. Ingurumen eraginaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean eragin nabarmenik ez dela sortuko bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen dira.

Proiektua gehienbat gauzatzen da lehendik ere legarren ustiapenak eraldatutako lurzatietan. Proiektuak eraldatzen ez duen eremu bakarra almendrondo sail txiki bat da, eta ez du ukipenik sortuko, ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideetan, habitatetan, landaredia interesgarrian eta estepako hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuetan ere ez du ukipenik eragiten. Ingurumen Eraginaren Atalak bere txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da “Vicuña I” legar hobia ustiatzeko proiektuaren alde; sustatzailea Áridos y Excavaciones Vicuña SL da, eta Andosillako udal-mugarteko 2. poligonoko 338., 339., 344., 347., 349., 350,. 353. eta 354. lurzatietan kokatzen da. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

A) Ustiapenaren eremua honako perimetro honetara mugatuko da, betiere aipatutako lurzatien barnean (UTM ETRS 89 koordenatuak):

PUNTUA

UTM X

UTM Y

1

586.015

4.694.181

2

586.056

4.694.243

3

586.078

4.694.228

4

586.100

4.694.231

5

586.118

4.694.203

6

586.139

4.694.207

7

586.175

4.694.112

8

586.266

4.694.050

9

586.142

4.693.952

10

586.111

4.693.981

11

586.084

4.693.977

12

586.041

4.693.967

13

586.009

4.693.975

14

586.037

4.694.043

15

586.088

4.694.078

16

586.101

4.694.056

17

586.132

4.694.079

18

586.069

4.694.176

19

586.047

4.694.163

B) Puntu horiek lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko dira. Legar hobiarekin lotutako pistak zabaltzea, materialak biltzea eta beste edozein jarduera perimetro horretara mugatuko da.

C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, gutxienez 30 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da handituko den eremuan. Beste materialetatik bereiztuta metatuko da, eta hori guztia gero leheneratze lanetarako erabiliko da.

D) Leheneratze planaren zehaztasunak betetzeko kanpotik ekarri beharko dira material betegarria eta landare-lurra. Helburu horretarako, agregakinen plantaren inguruan bildutako materiala (lurrak, harriak eta tratamenduaren soberakinak) eramanen da. Gutxienez 28.770 m³ lur betegarri eta 11.827 m³ landare-lur eraman beharko dira.

E) Leheneratze lana ustiapenaren aldi berean eginen da, eremuaren nekazaritza erabilera berreskuratuz plazaren ingurunean, eta ereintza edo hidroereintza eginez ezpondetan. Legar hobiaren inguruko azken ezpondek gutxienez proiektuan jasotako maldak eta ezaugarriak izanen dituzte, baina malda etzanagoak ere izaten ahal dituzte. Proiektuan aurreikusten den leheneratzea hobetzeko, material betegarri gehiago eraman daitezke, azken ezpondak leuntzeko.

F) Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

G) Kanpoko hondeaketa-lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

H) Ustiategiaren barruan edozein motatako makineria mugikorra instalatzen bada legarra tratatzeko, horren berri emanen zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren bitartez, horren tramitazioa eta neurri zuzentzaileak ezar ditzan, hala badagokio.

I) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barrenean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

2. Proiektuaren leheneratze planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onartze aldera, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 71.510 euroko abala jarri behar izatea leheneratze plana beteko dela bermatzeko, legar hobiaren baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Kantitate horretatik kendu beharko dira aurreko ustiapenerako jarri diren abalen kopuruak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarra Hegoa barrutia), Andosillako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Sustatzailearen jabetzakoa da egun Andosillako 2. poligonoko 344., 349. eta 350. lurzatietan eta 353. eta 354 lurzatien zenbait eremutan kokatzen den legar ustiategia. Proiektuak planteatzen du ustiategia zabaltzea aldameneko 338., 339. eta 347. lurzatietara. Proiektuak ez du instalaziorik aurreikusten, egun Andosillan, ustiategiaren 1.469 metrora, dagoen mozkin-establezimendua (tratamendu instalazioa) erabiliko baita. Tratamendu instalazio horretatik legar hobira han dagoen pista batetik iristen da.

Meatzaritza jarduerak guztira 3,6 ha okupatuko du, haietatik 1,2 ha handitutako azalerari dagozkionak. Azalera horretatik kanpo geratzen dira bideen eta inguruko lurzatien ondoko 3 metroko zerrendak. Material guztia tratamendu instalaziora eramaten da, legar hobian meategiko hondakin sortu gabe. Tratamendu instalazioan %8ko errefusa aurreikusten da.

Ustiategiak ontzi irregularraren forma du, inguruan 7 ezponda edo ustiapen-fronte dituela. Ezponda horietako bakoitzak ustiapen eta leheneratze ezaugarri desberdinak ditu, eta proiektuan zehazten dira. Ezponden altura handiena desberdina da, ustiatzen den eremuko 32 metrotik, zabaltze eremuko 11 metrora bitartean. Legar hobiko plazaren kota gutxiena 308 metrokoa izanen da 1, 2, 3 eta 4 fronteetarako, eta 328 metrokoa 5, 6 eta 7 fronteetarako. Neurri orokor gisa, bankuen arteko tarteetako bermak 3 metroko zabalerakoak dira. Bankuen altuera aldatzen da, gehienetan 3-10 metro bitartean. Azken ezponden maldak ere desberdinak dira, 1:1 eta 2H:1V bitartekoak, lehendik dauden ezpondak betetzeko eta birmoldatzeko aukeren arabera.

Kalkuluen arabera, erreserba ustiagarria 20.841 m³-koa da ustiatzen ari den eremuan, eta 25.750 m³-koa zabalduko den eremuan, alegia, guztira 46.591 m³. Ustiapena fase bakarrean planifikatu da, hiru eremutan banatua, A, B eta C, bost bat urteko iraupenarekin (gehi urtebete leheneratzea amaitzeko) eta urteko batez beste 10.000 m³-ko mozkina ateraz. Ustiapenaren eremuak era honetan banatu dira: A eremua (ustiatua eta erreserba agortuak); B eremua (ustiatua baina erreserbak dituena) eta C eremua (handitzea).

Handituko den eremuan legarra erauzten hasi aurretik (artean erauzketarik gabea), gaineko landare-lurraren 30 cm kenduko dira, guztira 557 m³ inguru. Materiala ateratzeko, atzerako hondeamakina erabiliko da. Lur gainetik kendutako materialak harrobiko plazan bilduko dira, eta tratamendu instalaziora garraiatuko dira kamioietan, eskatu ahala.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren eta leheneratze planaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barnean sartuta geologia, topografia, airearen kalitatea, soinu inpaktua, azaleko zein lur azpiko hidrologia, landaredia, fauna, lurzorua, lurzoruaren erabilerak, higadura, paisaia, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune soziodemografikoa.

Proiektua gauzatzen da, gehienbat, lehendik ere legarren ustiapenak eraldatutako eremuetan. Zabaltzeko proiektuak almendrondo sail bat ukitzen du, baina ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, intereseko landaredia edo habitatak ere ez dira ukituko.

Proiektuaren esparrua hartuko duen ingurunea azterturik, IEAk analizatu eta baloratu egiten du proiektuko ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Ondorio gisa, 11 eragin adierazgarri identifikatzen dira. Horietatik, eragin gogortzat baloratzen dira lurzoruaren eta paisaiaren gaineko eraginak, moderatutzat jotzen dira prozesu hidromorfologikoen eta landarediaren gainekoak, eta bateragarritzat gainerakoak. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

Ingurumen eraginaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira, ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

Leheneratze plana

Leheneratze planaren lehenengo etapa da legar hobiaren amaierako topografia zehaztea. Topografoa hori desberdina da eremu bakoitzean:

C eremuak (handitzea) 5., 6. eta 7. fronteak ukitzen ditu. Ezponda horietarako proiektuan aurreikusten den morfologia orokorra da bi banku 3 metroko zabalerako berma batez bereiziak. Proiektuaren arabera, beheko bankuak 3 m-ko altuera izanen du, eta goikoak 7-8 m. Ezponda bakoitzak 26º-ko malda izanen du (2H:1V). Plazaren azken kota 328 metrokoa da.

A eta B eremuetan (1, 2, 3, eta 4 fronteak), azken topografia aldakorragoa da, hango ezponden maldak zatikako betelanez aldatu eta leuntzeko egon daitezkeen aukeren arabera. Fronte bakoitzeko beheko bankuek, proiektuaren arabera, 2H:1V neurriko azken ezponda izanen dute. Goiko bankuetan egoera desberdinak izaten dira: 1. fronteko ezponden profila aldatzen da 1:1 maldara; 2. frontean ez da esku-hartzerik egiten aldameneko ustiategi baten partea den goiko bankuaren gainean; 3. frontean ezpondak 2H:1V maldara leuntzen dira, betelanak eginez; eta 4. fronteko bankuak 2H:1V maldara leuntzen dira.

Hurrengo urratsa da sortzen diren eremuak birmoldatzea eta landare-lurra ezartzea. Handitze eremuaren kasuan (C), ez da beharrezkoa material betegarria eramatea azken birmoldatze topografikoa egiteko. Aurretik ustiatu diren eremuetarako (A eta B), birmoldatze topografikoak material betegarriak eramatea eskatzen du, 28.770 m³ inguru kalkuluen arabera, tratamendu instalazioen inguruan bildutako materialetik. Lur azala landare-lurrez estaltzeko 30 cm-ko geruza erabiliko da ezpondetan, eta 50 cm-ko geruza plazan, eta aurreikuspenen arabera, 12.384 m³ beharko dira, haietatik 557 m³ handituko den eremutik erauzitako lurretik eramanen direnak, eta gainerakoa aurretik bildutakotik.

Guztira, kubikatu da leheneratze lanerako 44.500 m³ material egoki daudela tratamendu establezimenduaren inguruan, barne direla birmoldatze topografikoa egiteko materialak (betegaia) eta lurzorua leheneratzeko materialak (landare-lurra). Proiektatu den leheneratzea hobetzeko kanpoko lurrak ekartzen ahalko dira, eta leheneratzeko planean ezartzen dira eremuaren birmoldatze topografikoa egiteko gutxieneko baldintzak.

Landaredia berritzeko neurriak hauek dira: gramineoak eta lekadunak ereitea edo hidroereitea ezponda eta bermetan, eta lehorreko nekazaritza berreskuratzea (olibondoa eta almendrondoa) plaza guneetan. Legar hobi osoa leheneratzeko ezarritako aurrekontua 71.510 eurokoa da.

III. ERANSKINA

Proiektuak ukitzen dituen administrazioei kontsultak egiteko izapidean jasotako txostenen laburpena

Andosillako Udalak 2020ko irailaren 29an emandako txostenean adierazten da jarduera bateragarria dela indarrean dagoen hirigintzako legeriarekin, eta legarra erauztea proposatutako lurzatietan jarduera baimengarria dela, ukipenik ez duelako eragiten udal azpiegituretan. Udalaren txostenak argitzen du legar hobia errepidetik ez ikusteko pantaila osatuko duen zuhaitz zerrenda bat ezarri behar dela. Alderdi hori baztertu da Ingurumen Eraginaren Azterketan, ikusgarritasunaren azterketa egokia egin ondoren eta proposatutako neurriaren bideragarritasuna aztertu ondoren.

2020ko urriaren 26an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena eman zuen, honako hauek esanez:

–Gogorarazten da 3 metroko zortasun eremua gorde beharko dela, bideen kanpoko ertzetik neurtuta, eta hor debekatua dela erauzketa edo eraikuntza jarduerak egitea, salbu eta baimena beharko duten azpiegituren kasuan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

–Esparrua kokatzen da ureztalurren eremutik eta Nafarroako Ubidearen Udalez gaindiko Plan Sektorialean eta haren ondorengo aldaketan ezarritako eremu osagarrietatik kanpo (1. Fasea handitzea eta eremu ureztagarriak eta eremu osagarriak).

–Proposatzen den jarduera erauzketa motakoa da, eta beraz, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak gainbegiratu beharko luke. Hala ere, Atal horren txosten bat erantsi da, 2020ko ekainaren 16koa, non adierazten den inguruan ez dagoela aztarnategi arkeologiko katalogaturik.

–Andosillako udal-mugartea “Ebroko ardatza” izeneko Lurraldea Antolatzeko Planaren (LAP-5) esparruaren barruan dago. 47/2011 Foru Dekretuaren bidez onartu zen. Erauzketaren eremua LAP-5ean babes Bereziko Eremu edo Arrisku Naturaletatik babestu beharreko Lurzoru gisa identifikatutako eremuetatik kanpo da.

–Andosillako Udal Planean, -azken onarpena Lurraldea Antolatzeko Batzordearen (Hirigintza Azpibatzordea) erabakiaren bidez izan zuen, 1999ko ekainaren 22an (NAO 1999/07/30 - arauen argitalpena NAO 2020/05/25)-, lurzati horrek nekazaritza eta abeltzaintza produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinaren kategoria du, eta T01 Babes Bereziko Eremu gisa zedarritu eta identifikatutako eremu baten barnean dago.

–Arautegiaren 80. artikuluak arautzen duen produktibitate ertaineko lurzorua aldatu egin zen, 1680/03 Foru Aginduak (NAO 2004/01/16 - arauen argitalpena NAO 2019/06/28) onetsitako Udal Planaren aldaketa puntual baten bidez; hartan kategoria homologatzen da, babestu beharrekoen kategoriara, ustiapen naturalerako balioa duen lurzoru naturalen azpikategorian, haien babes-araubideak erauzketa jarduera jasotzen baitu, jarduera baimengarrien artean.

–Planaren arautegi partikularraren VI. eranskinak zehazten ditu T01 eremuko arau partikularrak, babes-araubide berezia ezarriz legarren eta hondarren erauzketarako, eta baimen araubide berezi bat ezarriz haientzat. Araubide horrek funtsean dio hirigintza administrazioak onartu beharreko proiektuak kontuan izan behar dituela naturan eta paisaian dituen eragin okerrak, eta erabilera horrek naturan eta paisaian eragiten ahal dituen okerrak minimizatzeko neurri egokiak jaso behar dituela. Horretarako, eraldatutako eremuak leheneratzea eta egoki uztea jaso beharko ditu, eta aurreikusiko du hosto iraunkorreko zuhaitzak landatzea gutxienez 10 metroko zabalerako zerrenda batean, eremuaren ertzean, eremua babesteko Andosillatik Lerinera doan errepidetik dagoen ikuspegitik.

–Proiektuan jaso behar dira jarduera aurrera eramateko prozesuen eta horretarako beharrezkoak diren azpiegituren eta instalazioen deskribapen zehatza. Hasiera batean, eskaeran aipatzen dira lurzatian agregakinak erauzteko, sailkatzeko eta xehatzeko prozesuak, obretara eta bezeroei eramateko. Ohartarazten da ezen, jarduerak barne hartzen baditu lehengaien lehenengo eraldaketarako prozesuak, Nafarroako poligonoen eta industria jardueren lurralde ezarpena arautzen duen 84/1990 Foru Dekretuaren 6. artikuluan sartuko dela. Artikulu horrek, lehengaien eta haien lehenengo transformazioaren produkzioarekin edo biltegiratzearekin lotutako jardueren artean, besteak beste, harri, agregakin, mineral eta gordinkien erauzketako jarduerak jasotzen ditu. Jarduera horiek justifikatu behar dute aipatutako Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituztela, zehazki, 6.etik 30.era bitarteko artikuluak.

–Azkenik, argitzen da jarduera baimengarriak lurzoru urbanizaezinean ezartzeko, jarduera baimengarrien baimena beharko dela, eta beraz, legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko dela.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2020ko abenduaren 16ko txostenean adierazi du aurkeztutako dokumentazioan ustiapen proiektua, ingurumen eraginaren azterketa eta leheneratze plana jaso direla, eta haien edukia aski dela, 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoari dagokionez; espedientearen tramitazioa burutzeko eman beharreko hurrengo urratsak ere azaltzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F2202949