52. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

44/2022 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko ebazten baita lanpostu hutsetarako lekualdatze-lehiaketa bat, Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artekoa, iragarri baitzen irailaren 30eko 293/2021 Ebazpenaren bidez.

Kontuan harturik Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 524. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa (legea abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren eta abenduaren 28ko 4/2018 Lege Organikoaren bidez aldatu zen); Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan, hurrengoetan eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoa; eta Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artean lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze-lehiaketarako deia egiten duen irailaren 30eko 293/30 Ebazpenaren bederatzigarren oinarria (urriaren 13ko BOEn argitaratua), Justizia Zuzendaritza Nagusi honek xedatu du:

Lehenbizikoa.–Behin betiko ebaztea Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artean lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze lehiaketa, eranskinean jasotzen denaren arabera. Deialdia irailaren 30eko 293/2021 Ebazpenaren bidez egin zen.

Bigarrena.–Justizia Ministerioaren webgunean (www.mjusticia.gob.es) adierazten diren funtzionarioak lekualdatze lehiaketa honetatik bazter uztea.

Hirugarrena.–Adieraztea ezen lehiaketa honetan parte hartu baina destinoa lortu ez duten parte-hartzaileen eskabideak iraungita daudela; beraz, ez dira kontuan hartuko hurrengo lekualdatze-lehiaketetan.

Laugarrena.–Bete gabe uztea lehiaketa honen bidez adjudikatu ez diren lanpostuak, eta adieraztea funtzionario berriek beteko dituztela, salbu zerbitzuaren beharrengatik amortizatu nahi badira. Lehiaketa arruntean lanpostu huts gisa ere iragar daitezke, baldin oposizioen deialdirik egiten ez bada, edo dagokion lan publikoaren eskaintzarengatik beharrezkoa ez bada eman gabe dauden lanpostu guztiak iragartzea.

Bosgarrena.–Jardunean edo zerbitzu berezietan dauden eta lehiaketa honetan aipatzen diren kidego edo eskaletara itzultzen ez diren funtzionarioek –hemen ez dira sartuko behin-behinekoz itzuli direnak– ondoren ematen diren egunetan utzi beharko dute oraingo lanpostua: Izapidetze Prozesal eta Administratiboaren kasuan, 2022ko martxoaren 18an, ostirala; Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren eta Laguntza Judizialaren kasuan, 2022ko martxoaren 25ean, ostirala.

Zerbitzu-eginkizunetan ari diren funtzionarioek ez dute zertan joan erreserbatuta duten jatorrizko organo judizialera kargu-uztea formalizatzeko, eta zerbitzu-eginkizuna ematen ari diren organoan egin ahal izango dute. Horretarako, kudeatzailetzek agiriak helaraziko dizkiote lehiakidea zerbitzu-eginkizunetan ari den organoari. Funtzionario horiek hartu beharreko lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzeko, kontuan hartu da zer udalerritan ari den egiazki zerbitzu-eginkizunetan (eta ez erreserbatutakoa non duen), bai eta zer udalerritan lortu duen lanpostua lehiaketan.

Seigarrena.–Lehiaketa bidez lortutako lanpostu berriaz jabetzeko epea, aurreko puntuan aipatu diren funtzionarioentzat, oraingo lanpostua utzi eta hurrengo hiru egun baliodunekoa izanen da, funtzionarioak bere herria aldatu beharrik ez badu; zortzi egun baliodunekoa, autonomia erkidego bereko beste herri batera joan behar duenean; eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia erkidego batera joan behar duenean; Kanarietako eta Balearretako autonomia erkidegoen eta Ceutako eta Melillako hirien kasuan, epea hilabetekoa izanen da, bai uharteetako edo hiri horietako lanpostua abiaburukoa denean, bai helmugakoa denean. Lanpostutik kentzeko eta lanpostuaz jabetzeko epeak hasiko dira zenbatzen interesdunei emandako baimenak edo lizentziak (oporretakoak barne) amaitzean. Izan ere, funtzionarioa lanpostura itzultzen den egunean bertan egingo da kargu-uztea, eta orduan hasiko da zenbatzen dagokion lanpostuaz jabetzeko epea. Lanpostuaz jabetzean, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibotzat joko da ondorio guztietarako. Jabetza hartzeko finkatutako epeari dagozkion lansariak administrazio eskudunak ordainduko ditu, lehiaketan lortutako lanpostuaren arabera.

Zazpigarrena.–Baldin ebazpenak berekin badakar jarduneko zerbitzura itzultzea Justizia Administraziora, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan, jatorri izanik borondatezko eszedentziako egoera administratiboa (ahaideak zaintzeagatik, sektore publikoan zerbitzuak emateagatik, interes partikularrengatik, familia elkartzeagatik) edo eginkizunak etetea, puntu honetan sartzen direla behin-behinekoz atxikitako funtzionarioak, jabetza hartzeko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, eta ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatuko da. Jabetza hartzeko epe hori ez da ordainduko.

Lehiaketa honen bidez itzultzen diren funtzionarioak itzultzen diren kidego edo eskala horretan behin-behinekoz atxikita badaude, edo Justizia Administrazioko beste kidego edo eskala batean jardunean badaude eta Justizia Administrazioarekiko zerbitzu harremana eten nahi ez badute, aski izanen dute hogei egun balioduneko epean kidego edo eskala berrian jabetza hartzea, eta ulertuko da itzultzen direneko lanpostu berriaz jabetzen diren egunaren bezperan utzi dutela lehengo destinoa. Horretarako, jabetza hartzeko tarte bat beharrezkoa denez, dagokion autonomia erkidegoaren organo eskudunari edo oraingo destinoari dagokion Lurraldeko Justizia Kudeatzailetzari bi egun balioduneko baimen ordaindua eskatzen ahalko diote herriz aldatu beharra badago, salbu Kanarietara, Balear Uharteetara, Ceutara edo Melillara joan beharra daukaten horietan, kasu horretan gehienez ere hiru egun baliodunekoa izanen baita baimena. Edozein kasutan, jabetza hartzeko epearen barrenean hartu behar da baimena. Destino berriaren jabetza hartzea aipatutako baimen egun horietan eginen da.

Autonomia erkidego eskudunak, edo egoki den Lurralde Kudeatzailetzak, eszedentzia ofizioz emanen du jatorrizko kidegoan edo eskalan baldin eszedentzia Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego edo eskala batean gertatzen bada; kasu horretan ulertuko da beren postua utzi dutela Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan lanpostua hartu aurreko egunean, hartzekoak etenik gabe jasotzen segitu ahal izateko.

Gaur egun adjudikatutako lanpostuetan diharduten bitarteko funtzionarioek titularrak jabetza hartzearen ondorioz utziko dute lanpostua.

Zortzigarrena.–Zerbitzura itzultzen den funtzionarioak, hain zuzen zazpigarren puntuan adierazten denetako batek, martxoaren 18a edo 25a baino lehen hartzen badu jabetza eta bere lanpostuari dagokion organo judizialean destinoa baldin badu lehiaketan lanpostua lortzeagatik lekualdatu beharra duen jarduneko funtzionario batek, zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionario batek edo behin-behinekoz atxikitako funtzionario batek, lanpostua uztean ez zaio jarraituko bosgarren puntuko hurrenkerari, eta honako modu honetan jardun beharko da:

a) Itzultzen den funtzionarioak jabetza hartuko du.

b) Jarduneko funtzionarioak, zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioak edo behin-behinekoz atxikitakoak bere lanpostua utziko du itzultzen denak jabetza hartzen duen egun berean. Lehenarentzat, orduantxe hasiko da jabetza hartzeko epea (seigarren puntuan adierazitakoa).

c) Bere lanpostua b) apartatuaren arabera utzi duen funtzionarioak lanpostua oraindik utzi ez duen funtzionario batek okupatzen duen organo judizial batean hartzen badu jabetza, a) eta b) puntuetan bezala jokatuko da, eta horrela hurrenez hurren.

Jarduneko funtzionario batek edo zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionario batek jabetza hartzen badu, eta berriz sartu behar duen funtzionario batek edo behin-behinekoz atxikitako funtzionario batek oraindik lanpostua utzi ez badu, honako modu honetan jardun beharko da:

d) Jarduneko funtzionarioak edo zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioak jabetza hartuko du.

e) Berriz sartu behar duen funtzionarioak edo behin-behinekoz atxikitakoak bere lanpostua utziko du jarduneko funtzionarioak edo zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko eszedentzian dagoenak jabetza hartzen duen egun berean. Lehenarentzat, orduantxe hasiko da jabetza hartzeko epea (zazpigarren puntuan adierazitakoa).

f) Bere lanpostua e) apartatuaren arabera utzi duen funtzionarioak lanpostua oraindik utzi ez duen funtzionario batek okupatzen duen organo judizial batean hartzen badu jabetza, d) eta e) puntuetan bezala jokatuko da, eta horrela hurrenez hurren.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2022ko martxoaren 2an.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

ERANSKINA

Deskargatu adjudikazioen zerrenda (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2203374