52. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Artika Kirol Hiriaren barne erregelamenduan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2020ko abuztuaren 4an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Artikako Kirol Hiriko erregelamenduan. Hura argitaratu zen 2020ko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 17koan.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da aipatutako ordenantza, eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Berriobeitin, 2022ko martxoaren 2an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA, ARTIKAKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOETARAKO

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Kirol Hiria osatzen duten kirol-instalazioen erabilera arautzea. Instalazioak Artikan daude eta Berriobeitiko Udalaren jabetzakoak dira.

Udalaren kirol-instalazioak dira bai kirolgunea, bertan sartzen baitira jostetarako igerileku ur beroduna, igerileku ur berodun ludikoa, kanpoko igerilekuak, hidromasajeko igerilekua, erlaxazio aldea, sauna lehorra, lurrun bainua, muskulazio gela, jarduera gelak, aldagelak, kanpoko lorategia, tratamenduetarako aldea eta erretokiak, bai kirola egiteko erabiltzen diren gainerako tokiak, eta jarduera ludikoetarako eta oro har gorputza lantzeko direnak, hala gaur egun dauden horiek nola egungo eremuak handitzeko etorkizunean egon daitezkeenak.

Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei atxikirik dauden eta aurreko paragrafoan azaldutako instalazioetan dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol-instalazioak hartuko dira zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat, eta bete beharko dituzte Foru Komunitatean indarra duten arauak, arlo hauetan: kirola, ikuskizun publikoak, ingurumen osasuna, aisialdiko jarduerak eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuak.

3. artikulua. Udalaren kirol-instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bestela, baldin instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol-instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

3.2. Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitateak edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean.

3.3. Instalazioak ezin dira taldeka erabili baldin ez badute instalazioaren Zuzendaritzaren edo Jarraipen Batzordearen berariazko baimenik.

3.4. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte instalazioak irabazi asmoz erabili baldin ez badute Kudeaketa eta Jarraipen Batzordearen berariazko baimenik.

4. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatzeko eta jarduerak egiteko.

5. artikulua. Udalaren kirol-instalazioetan kartela paratuko da, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, honako hauek azaltzeko:

–Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala behar denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

–Jardueraren ordutegia.

–Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

–Egiten diren zerbitzuak edo programak.

Eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat, kontsultatu ahal izateko.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak beretako gordetzen du xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea, erregelamendu honetan ezartzen dena azaltzeko, aldatzeko edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

Erregelamendu hau jendearen eskura egonen da Artikako Kirol Hiriko kirol-instalazioetan eta instalazioen web orrian.

Nahiz eta Berriobetiko Udalak erregelamendu honetan jasotako eskubideak ez erabili, horrek ez du adieraziko eskubide horiei uko egiten dienik.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol-instalazio guztietarako, estaltzeko instalazioaren erabileraren ondoriozko kalte eta galera guztiak. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol-instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol-instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren inongo kirol-instalaziotan kirolean aritzean gertatzen diren istripuen gainean, baldin geratzen badira arauak ez betetzeagatik, seinale edo abisuei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzegatik. Alde horretatik, irristadek eragindako istripuak erabiltzailearen ardura izanen dira. Era berean, instalazioen barnean ebasketarik edo lapurretarik gertatuz gero, Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute erantzukizuna beren gain hartuko.

8.1. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

9. artikulua. Kirolarien eta ikusleen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, sarrera galaraziko zaie, Udalaren kirol-instalazioetako ikuskizunetara eta kirol saioetara, honako hauek pasatu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankartak, sinboloak, ikur edo idatziak.

9.2. Armak, edo kalteak eragin ditzaketen objektuak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol-instalazioetan erakustea edo erabiltzea aurreko apartatuan aipatu diren objektuak, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarrera-salmentatik ateratzen den dirua geldituko da jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku, eta horrek, bere aldetik, ordaindu beharko ditu egoki den erabilera tasa edo kuota eta indarreko udal zergak.

11. artikulua. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

12. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala Udalarena nola foru administrazioarena eta araudi orokorra. Betiere, seinale horietan agertu beharko du Udalari dagokiola instalazioaren titulartasuna.

13. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan harturik, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, eta erabili beharko dira kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak.

13.1. Aldageletan, pasabideetan nahiz kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan, ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea erabiliz baloiak, pilotak edo bestelako objektuak.

14. artikulua. Udalaren kirol-instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

II. KAPITULUA

Instalazioak ireki eta ixtea

15. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio finkatzea Artikako Kirol Hiriko udal kirol-instalazioen funtzionamenduaren urteko egutegia, baita instalazioak noiz itxiko diren ere (geldialdi teknikoa egiteko), eta egutegia urtero onetsi beharko da.

Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituen indarreko legediaren arabera, “nahitaezkoa da igeri-ontzi bakoitza erabat hustea, garbitzea eta desinfektatzea, eta haren hormak, hondoa eta osagarriak konpontzea denboraldia hasi baino lehen, eta gutxienez urtean behin”.

Arau orokor gisa, Artikako Kirol Hiria itxita egonen da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, instalazioa goizez baizik ez da irekiko, arratsaldez itxita egonen da, bai eta urtero onesten diren jaiegun ofizialetan ere.

Berriobeitiko Udalak hemengo egutegi eta ordutegiak aldatzen ahal ditu, hala behar duenean, eta kirol-instalazioetan kirol, kultura nahiz gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.

Artikako udal kirol-instalazioetara abonaturik daudenek, kirol-instalazioak itxiak dauden aldietan, ordaindu beharko dituzte Udalak onetsitako tasak edo prezio publikoak.

III. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, norberak inskripzioa eskatu behar du, onartu behar diote, abonatu txartela eduki behar du, eta eguneratua izan behar du Udalak finkatzen dituen kuoten edo tasen ordainketa.

Abonatu txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, eta eskubidea izanen dute antolatzen diren jardueretan finkatzen diren deskontuez baliatzeko.

Abonatu txartela galduz gero diru kopuru bat ordaindu beharko da.

17. artikulua. Abonatu motak:

17.1. Mota hauek ezarri dira:

A mota: 6 urtetik beherako haurrak.

B mota: 6tik 15 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 16 urtetik gorako helduak.

D mota: 65 urtetik gorako erretirodunak eta 60 urtetik gorako pentsiodunak.

17.2. Abonatuek ordainduko dituzte Udalak finkatzen dituen kuotak; horiek aldatzen ahalko dira Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposatuta.

17.3. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko. Betiere, gurasoek edo tutoreek lagunduta sartu beharko dute. Ezin da A motako abonurik bakarka egin.

17.4. D motaren barrenean sartuko dira 65 urte gutxienez dituzten erretirodunak eta 60 urtetik gorako erretiro-pentsiodunak, baita ezintasun iraunkor absolutua dutenak ere, baldin badute erretirodun izatea frogatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina).

Era berean, D motako pentsioduntzat hartuko dira frogatzen dutenak (administrazio publiko batek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez) %65eko minusbaliotasuna edo handiagoa dutela.

17.5. Familia ugariak baliatzen ahal dira instalazioetan eskaintzen diren deskontuez, familia ugariaren titulu indarduna aurkeztuz eta familia unitateko bost kide gutxienez abonatuak badira.

17.6. Artikako Udalaren kirol-instalazioen abonatu izan nahi duten guztiek ordaindu beharko dute diru kopuru bat, abonatu izateko hasierako sarrera gisa.

Hasierako sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaizkie ordainagiriak bidaltzen, kontuan hartu gabe noiz aurkezten duten kirol-instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Baja hartzen duen abonatuak ezin izanen du eskatu zenbateko hori itzultzeko. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du goian aipatutako zenbatekoa, eta ordainduta eduki beharko ditu baja hartu zuenean instalaziotik igorri zitzaizkion ordainagiriak.

Berriobeitiko Udalak abonatuak erakartzeko sustapen kanpainak ezartzen ahal ditu, deskontuekin eta baita hasierako sarrera kuota kenduz ere. Azken kasu honetan, ordaintzeko betebeharraren hasiera data izanen da instalazioaren harrera-lekuan agiriak aurkezten diren unea.

18. artikulua. Abonua egiten dutenek (hilaren 20a baino lehen edo 20an berean) hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Abonua hilaren 21etik aurrera egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Urteko abonurako ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak.

Kirol-instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa da inskripzio fitxa bat betetzea, dokumentazio osoa jasotzen duena.

Ezin izanen da instalazioetara sartu abonatuaren txartelik edo giltzarik gabe, edo ikastaroren bat egiten ari denaren edo laguntzailearen txartelik edo giltzarik gabe, abonatua baldin bada.

19. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, instalazioen harrera-lekutik ohar telefoniko bat eginen da. Ez ordaintzea gertatu eta 7 egun igarota, ate birakaria automatikoki blokeatuko da, eta, hala, abonatuari sarrera eragotziko zaio itzulitako ordainagiria ordaindu arte. Ordainketari gehituko zaio Udalak onetsiko duen itzulketa komisio bat, kudeaketa gastuengatik.

Ordaindu gabeko ordainagiriak eskudirutan pagatuko dira, dagokien gehikuntzarekin, instalazioaren harrera-lekuan.

Bi ordainagiri, jarraian izan ala ez, itzuli edo ordaintzen ez badira, horrek abonatuaren baja ekarriko du nahitaez.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu, kuoten ordainketa eguneratu beharko du, eta beste behin ordaindu beharko du hasierako sarrerako diru kopurua.

20. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei, eta horretarako baja-inprimakia bete beharko du.

Hurrengo ordainagiria bidal ez dadin, baja jakinarazi beharko da ordainketa egunaren aurreko hilabetearen 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tarifa edo tasa kobratzeko egunaren ondoren, ez da eskubiderik izanen tarifa edo tasa itzultzeko.

21. artikulua. Udalak abonatu kopurua mugatzen ahal du, bai eta kirol-ikastaroetan izena ematea ere, kontuan hartuz instalazioen erabilera egokiena, eta lehentasuna ematen ahal die erroldaturik dauden abonatuei.

22. artikulua. Abonatu txartela edo “wellness system” giltza pertsonalak eta besterenezinak dira. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

Txartela edo giltza galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

“Wellness system” izeneko giltza erabiltzeko, hasierako fidantza bat ordainduko beharko da. Udalak zehaztuko du fidantza hori, eta erabiltzaileak giltza itzultzen duenean berreskuratuko du. Giltza lapurtu, galdu edo desagertzen bada edo erabilera desegokiagatik hondatzen bada, fidantza galduko da eta beste fidantza bat eratu beharko da “wellness system” giltza berri bat erabili ahal izateko. Instalazioetan ordaindu gabeko zorrik edukiz gero, fidantza atxikiko da harik eta zorrak kitatu arte.

23. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte.

23.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabiltzea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraikiz.

23.3. Kirol ikastaroetan izena emateko, lehentasuna izatea abonatu gabeen aldean.

23.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuak izatea kirol-instalazioetan antolatzen diren jardueretarako.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

23.6. Instalazioetako abonatuek bakarrik erabiltzen ahal dute muskulazio gela; gainerako erabiltzaileek (hilabeteko abonua, eguneko sarrera, etab.) ezin dute erabili. Muskulazio gela erabiltzeko, “wellness system” giltza erabili beharko da nahitaez.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren betebeharrak betetzera.

IV. KAPITULUA

Abonatu gabeko erabiltzaileak

25. artikulua. Abonatu ez direnak hurrengo moduan soilik sartzen ahalko dira kirol-instalazioetara:

–Neguko abonuaren bidez.

–Kirol ikastaroren batean izena emanda.

–Eguneko sarrera erosita.

–Beauty Spa-ko tratamendu bat edo zirkuitu bat erosita, bainuetxearen eremua erabili behar bada.

25.1. Neguko abonuak eskubidea ematen du Artikako Kirol Hiriko instalazio guztiak erabiltzeko. Eguneko sarrerak, berriz, abonurik ez dutenei eskubidea ematen die igerilekuak eta eremu komunitarioak erabiltzeko, salbu muskulazio gela eta jardueren gelak.

“Eguneko sarrera” eskuratzen bada, instalazioak egun guztian erabiltzen ahalko dira; kirol-instalaziotik ateraz gero, berriz sartzeko beharrezkoa izanen da erakustea eguneko sarreraren ordainagiria, eroslearen NANa agertzen duena.

Abonaturik ez daudenak soilik abonatuendako diren kirol eremuetara sartzen badira, instalazioko langileek ohartarazpena eginen diete, eta arau-hauste bera gehiagotan eginez gero, instalaziora sartzea ukatuko zaie, eta abonaturik ez dagoenak galduko ditu egindako ordainketa itzultzeko eskubideak.

25.2. Kirol ikastaroetan izena emateak eskubidea ematen du aipatutako ikastaroetara sartzeko soilik, hau da, ezin izanen dira instalazioak erabili beste inolako jardueretarako. Ezin izanen da instalazioan sartu 15 minutu baino lehenago, jarduera hasi aurretik. Jarduera bukatu eta hurrengo 20 minutuetan atera beharko da. Baten bat beranduago ateraz gero, instalazioko langileek kargu hartuko diote, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaio dagokion jardueran, eta galduko ditu hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak.

25.3. Udalak finkatuko ditu abonatuek eta abonatu gabeek kasuan kasuko jardueran izena emateagatik ordaindu beharreko kuotak, baita kirolerako abonu aktiboagatik ordaindu beharreko kuotak ere. Aurrekoa gorabehera, abonatuek lehentasuna izanen dute ikastaroetan izena emateko abonaturik gabekoen aurrean.

Berriobetiko Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, bai eta erregelamendu honetan ezarritakoak aldatu ere.

Halaber, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu kirol klubentzat, desgaitasunen bat duten bizilagunentzat eta biztanleriako beste sektore batzuentzat, egoki iruditzen bazaio.

26. artikulua. Arau orokorrak, abonaturik ez daudenen sarbide guztiei dagozkienak.

26.1. Abonatu ez direnak behartuak egonen dira kuotak ordaintzera, betiere sartzeko moduaren arabera (eguneko sarrera, neguko abonua) eta adinaren kategoriaren arabera. Kategoria horiek urteko abonatuendako ezarritako berberak izanen dira.

26.2. Eskudirutan edo txartelaren bidez ordainduko da, instalaziora sartzen denean; ezin izanen da banku-helbideratzearen bidez ordaindu. Behin ordainketa eginik, ez da dirua itzuliko.

26.3. Eremuak alokatzeko tenorean abonatuek izanen dute lehentasuna.

26.4. Abonatuak ez direnek egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egin ditzakete, instalazioen funtzionamenduaren gainean.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak.

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko eskubidea du, erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek eskubidea izanen dute Udalaren kirol-instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

27.3. Erabiltzaileek eskubidea dute informazioa jasotzeko Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko, Udalaren kirol-instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, baita erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Biak izapidetzen ahalko dira kirol-instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea dute, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu-kartetan hartzen dituen konpromisoak.

27.6. Top-lessa baimendurik dago kanpoko instalazioetan, bai solarium aldean, bai bainu eremuan.

28. artikulua. Betebeharrak.

28.1. Txartela edo sarrera aurkeztea Udalaren kirol-instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol-instalazioetara sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, halaber, erabiltzaileek eta instalazioetako langileek elkarri begirunea izatea; erabiltzaileek langile horien esanak onartu beharko dituzte, printzipioz.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta aurretik onartutako ordu erreserbak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, baita horiek zaindu eta zainarazi ere; bestela, erantzun beharko dute, baldin eta kalte edo galerarik eragiten badiete kirol-instalazioei edo hirugarrenei, bertan ematen duten denboran, asmo txarrez edo zabarkeriaz.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute garbi edukitzen erabiltzen dituzten eremuak, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 10 urte bitarteko adingabeek, non ez diren sartzen 14 urte baino gehiagoko norbaitek lagundurik, hark bere gain harturik adingabearen zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

28.9. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehaztutako arau-hausterik egiten badute.

28.10. Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, baita erregelamendu hau ere, eta enplegatuen aginduei kasu eginen diete beti.

28.12. Udalaren kirol-instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko. Idatzizko jakinarazpena eginen zaie ateratzeko ordua errespetatzen ez dutenei. Ateratzeko ordua errespetatzen ez bada berriz ere, zehapen arina ezarriko da.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dira, eta erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galduko dituzte, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza normala nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kudeaketa eta Jarraipen Batzordera igorriko da, eta azken buruan Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera beharturik dago erabiltzailea.

28.15. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea

28.16. Espresuki debeku da instalazioetara sartzea infekzioak edo gaixotasun kutsagarriak dituzten erabiltzaileak, baldin nahasterik sortzen ahal badute instalazioen baldintza higieniko sanitarioetan, edo ekar badezakete gainerako erabiltzaileak kutsatzeko arriskurik. Horretarako, instalazioetako zuzendaritzak eskubidea du sarrera eragozteko nolabaiteko gaixotasun edo infekzio kutsagarriren bat duten erabiltzaileei, eta erabiltzaileek berek frogatu beharko dute, egoki deritzen moduan, ez dagoela inolako arriskurik ez pertsonendako ez eta instalazioetarako ere.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko ondorioetarako, instalazio bakoitzean izanen dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin uste badu desegokia dela instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du. Erantzuna nahitaez emanen da hura jasota uztea ahalbidetzen duen bideren bat erabiliz, nahiz eta aldez aurretik telefonoz jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol-instalazioetan biltzen diren gauza galduak utziko dira instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harrera-lekua), 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, baliorik duten gauza galduak Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan, eta gainerakoa laguntza elkarteetara eramanen da.

VI. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

31. artikulua. Zerbitzu eremua.

31.1. Zerbitzugunea esaten zaion eremuan sartzen dira harrera-lekua, armairuak, dutxak, komunak, kanpoko solariuma eta botika-kutxa.

31.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, erabat debeku da bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura edo gisako tratamenduak egitea.

31.3. Era guztietako sendaketak botikagunean eginen dira, sorosleen eskutik.

31.4. Berriobeitiko Udalaren kirol-instalazioetan debeku da inon erretzea, solariumean izan ezik.

31.5. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

31.6. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalaziorako ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek ematen dizkieten jarraibideei.

31.7. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, eta gainerako erabiltzaileak errespetatu behar dituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.8. Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan bakarrik izanen da. Udalaren kirol-instalazioetako armairuak erabiltzen direnean, behar-beharrezkoa izanen da bai pertxak bai eserlekuak libre uztea kirol eremuak erabiltzen diren bitartean.

31.9. Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta armairuan gorde duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harrera-lekuan ordaintzen den arte.

31.10. Giltza galduz gero, instalazioko arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, halakoetan, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, baldin hura bortxatu behar izan bada eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.11. Zazpi urtetik gorako haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduarekin batera ere.

31.12. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barnean).

31.13. Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

31.14. Debeku da aldagelen eremuan sartzea irristailuak, bizikletak, haur aulkiak, gurdiak edo gisakoak. Toki bat egokituko da horretarako.

32. artikulua. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak.

32.1. Ur-bazterrak eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete beharko da, bai eta erabilera publikoko igerilekuetan nahitaez bete behar den osasun arloko berariazko araudia ere, une bakoitzean indarrean dagoena, alegia.

32.2. Erabiltzaileek erabiliko dituzte igerilekuak (barneko ur berodunak eta kanpoan dauden aisialdikoa eta plisti-plastakoa) edo bainatzeko edo igeri egiteko, eta lehiaketa garaietan, igerileku horietako eremu bakoitza argi eta garbi mugatua egonen da.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu erregelamenduak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

32.4. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, ekipamendua gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak badira.

32.5. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beherako haur eta gazteen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite). Igeri-ontzi barnean 10 urtetik beherako haurrak beti egonen dira heldu batekin eta, era berean, lagunduta egonen dira igerian ez dakiten 18 urtetik beherakoak ere.

32.6. Kirol-instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

32.7. Ur-bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Bainatu ondoren ere dutxatzeko gomendatzen da.

32.8. Ur-bazterrera edo igeri-ontzira oinutsik edo txankletak jantzita joan beharko da, instalazioko langileek izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin, bainujantziarekin baizik.

32.9. Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

32.10. Debeku da aulkiak, etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur bazterretan.

32.11. Debeku da sartzea baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten bestelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta egun jakinetan, kirol-instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako. Igerilekuko langileek erabakiko dute erabiltzaileei aisialdiko erabilerarako uretako materiala utzi edo ez, une horretan igerilekuaren egoera bereziaren arabera (erabiltzaile kopurua, material beharra, etab.).

32.12. Ur-bazterrean edo igeri-ontzietan debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

32.13. Igeri-ontzi bakoitzak bainulari kopuru bat har dezake gehienez, arauek hala aginduta. Kopuru horretara iritsiz gero, dena delako igeri-ontzian sartzea galarazten ahalko da denbora batean.

32.14. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ez dituzte erabiltzen ahalko horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.15. Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute ur berodun igerilekuetako igeri-ontzietan sartzeko.

32.16. Debeku da 5 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, salbu haur txikiak zaintzen ari diren helduak. Kasu horretan, pertsona heldu horiek ur-bazterrean eta inguruan egon beharko dute, eta ez dira uretara sartuko, beharrezkoa izan ezean.

32.17. Erabat debeku da listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen gauza oro.

32.18. Izena eman dutenek, eta ikastaroetan bakarrik, erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

32.19. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

32.20. Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargua hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.

32.21. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

32.22. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek zentzuz eta ordenatuki erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emanen du kale bakoitza 6 bainularik batera erabiltzeko, jarduera antolatuetan izan ezik.

c) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Alegia:

–Azkar igeri egiteko kalea.

–Mantso igeri egiteko kalea.

–Jostetan aritzeko kalea.

–Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

d) 0tik 3 urte arteko umeek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

e) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean elementu horiek ez dituzten beste bainulari batzuk ez egotea.

f) Ezin izanen da erabili flotatzeko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

g) Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

32.23. Igerileku termoludikoan bete beharreko arauak:

a) Gomendatzen da 14 urtetik beherakoek ez erabiltzea “zisne-lepoak, ur-jauziak eta hormako ur-zurrustak” deitutakoak, ezta heldu batekin daudenean ere.

b) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira; debeku da igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

c) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, baldin jendea sartzeko esperoan badago.

d) Gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da hidroterapiako igerilekuaren barneko instalazioetako bakoitzean (zurrustak), baldin inor esperoan badago haiek erabiltzeko.

e) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez eragiteko ez nahasmendurik ezta trabarik ere.

f) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, hots, hegala, pala edo gisakorik non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala, salbu jarduera antolatuetarako.

32.24. Txirristak erabiltzeko nahitaezkoa da igeri egiten jakitea eta 1,20 m-ko garaiera gainditzea.

32.25. Debeku da betaurrekoekin igeri egitea, salbu eta igeritako betaurrekoak badira.

33. artikulua. Spa eta erlaxazio aldea.

33.1. Spa eta erlaxazio eremuaren barnean sartzen dira ur ohez eta zurrustaz hornituriko hidromasaje igerilekua, jacuzzia, hala nola lurrin bainua, sauna, izotz iturria, dutxa nebulizatzailea, dutxa ziklonikoa eta etzaulkiak.

33.2. Eremu horiek erabiliko dituzte soilik 16 urtetik gorakoek; salbuespena izan daitezke instalazioak antolatzen dituen jarduerak.

33.3. Eremu bakoitzean, egonaldirako gehieneko denborak ezarriko dira, nahitaez bete beharrekoak.

33.4. Eremu guztietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko, nahitaez bete beharrekoak. Erabiltzeko aholkuak eta debekuak jarrita daude, toki guztien sarreretan, denek ikusteko tokian; sartu aurretik, haiek irakurtzeko gomendatzen da.

33.5. Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea eremu horietan, baita eskuoihala erabiltzea ere. Debeku da halako tokietara bizkar-zorro, poltsa edo karrikako arropekin sartzea.

33.6. Debeku da erabat edozein osagarri manipulatzea; tenperatura, zundak, harriak etab. Zalantzarik izanez gero edo argibiderik behar izanez gero, instalazioko langileengana jo beharko da.

33.7. Debeku da erabat etzaulkiak erabili baino lehen erreserbatzea. Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea.

33.8. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetan bizarra egitea, depilatzea, jatea eta hondarrak sor ditzakeen edozein egintza.

33.9. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetara liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

33.10. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, jakin dezaten eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez.

34. artikulua. Muskulazio gela edo fitness gela.

34.1. Muskulazio gelara edo fitness gelara sartu ahal izateko, urteko edo neguko abonua beharko da, eta 16 urtetik goitikoa izan; hortaz, abonatu gabekoek ezin izanen dute kirol eremu hori erabili.

34.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete era desegokian erabiltzen dituztenei. Hortaz, gela erabili nahi duen orok gelako teknikariengana jo beharko du, aparatuak erabiltzeko aholkuak eman diezazkioten.

34.3. Gelako teknikariek soilik daukate baimena erabiltzaileei ariketa fisikoa agintzeko fitness gelan, eta teknikari horiek ez dute erantzukizunik izanen baimenik gabeko pertsonek oker agindutakoaren ondorioz sor daitezkeen kalteengatik edo eraginengatik. Betiere, espresuki debeku da fitness gela erabiltzea gelarako kontratatutako langileak ez diren beste batzuek, ordainduta, agindutako ariketa fisikoarekin lotutako edozein jarduera egiteko. Arau-hauste astuntzat hartuko da artikulu horren arau-haustea eta Jarraipen eta Kudeaketa Batzordeak zehatu eginen du.

34.4. Muskulazio edo fitness gela erabili ahal izateko, “wellness system” giltza eskuratu beharko da nahitaez. Giltza lortzeko, haren kostua estaliko duen fidantza utzi beharko da. Berriobeitiko Udalak finkatuko du fidantza horren zenbatekoa. Giltza bakoitzak erabiltzaileari egokitutako jardun plan bat edukiko du, eta hark erregistratuko ditu erabiltzen dituen aparatu guztiak, gelako teknikariek izan dezaten modua jakiteko erabiltzaileak zer ariketa egin dituen.

34.5. “Wellness system” izeneko giltza norberarena da eta ezin zaio inori utzi. Titularra ez den beste norbaitek giltza iruzurra eginez erabiltzen badu, falta astuntzat joko da, eta zehatuko da erregelamendu honen zehapenen araubidean ezarritakoaren arabera.

34.6. Orokorrean, 16 urtetik beheitikoek ez dute fitness gela erabiltzerik. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen dira.

34.7. Salbuespenez eta gelako teknikariek gainbegiraturik, adingabeek fitness gela erabiltzen ahalko dute, baina betiere gelako teknikariek gainbegiraturik eta norberari egokitutako ariketak egiteko.

34.8. Fitness gelako teknikariek eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargua hartzeko eta, azken neurri gisa, handik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

34.9. Fitness gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

34.10. Higienea dela eta, eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

34.11. Fitness aretoaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu ondoren, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin eta beste erabiltzaileen entrenamendua ez trabatzeko.

34.12. Erabiltzaileari gomendatzen zaio aldez aurretik osasun azterketa egin dezala.

34.13. Udalak eta instalazioa kudeatzen duen enpresak ez dute erantzukizunik izanen baldin erabiltzaileek oker erabiltzen badituzte fitness gelan dauden aparatuak eta materialak.

35. artikulua. Jarduera gela.

35.1. Kirol-instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatutako ikastaroetarako eta kirolerako abonu aktiboa dutenendako baizik ezin dira erabili taldeko jardueretarako gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

35.2. Ikastaroen orduetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da erabiltzaileentzat, non ez den baimenik ematen bestelako zio batengatik.

35.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahal zaie.

35.4. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

36. artikulua. Erretokiak eta askaldegiak.

36.1. Etxetik janaria dakarten eta/edo erretokia erabiltzen duten erabiltzaileen zerbitzurako da askaldegia. Askaldegiak eta erretokiak soilik erabiliko dira bazkariak, askariak eta horrelakoak egiteko, eta ez dira beste deusetarako erabiliko.

36.2. Sua erretokietan baizik ezin da egin, eta egur-ikatza baliaturik beti.

36.3. Askaldegia erabili eta gero, erabiltzaileak txukun eta garbi utzi beharko du eremu guztia (erretokiak, mahaiak eta abar).

36.4. Artikako Kirol Hiriko erretokien eta askaldegien ordutegia izanen da kirol-instalazioen bera; hortaz, instalazioak erabiltzaileendako itxi aurretik atera beharko da eremu horietatik.

36.5. Enpresa kudeatzailea arduratuko da askaldegien eta erretokien erreserbaren kudeaketaz.

36.6. Erreserbarik gabe erabiltzeko mahaiek libre egon behar dute erabiltzeko unera arte. Aurrekoa bete ezean, instalazioetako langileek mahai horietan utzitako edozein gauza erretiratzen ahal dute.

37. artikulua. Aulki eta etzaulkien biltegia.

37.1. Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke, baina betiere lurrean finkatu behar ez badira.

37.2. Instalazioetako abonua dutenek toki bat erabiltzen ahalko dute udan aulkiak eta etzaulkiak biltegiratzeko. Toki hori librea izanen da, eta aukerakoa da erabiltzea ala ez; hortaz, ez Udalak ez enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izanen zer edo zer lapurtzen bada. Baimendurik dago toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzeko.

37.3. Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak. Hala egin ezean, udako denboraldia bukatu eta hamar egun igarotakoan, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramanen dituzte, eta egoki iruditzen zaiena eginen dute haiekin. Halakorik gertatuz gero, erabiltzaileek ezin izanen dute inolako erreklamaziorik egin.

38. artikulua. Haurren eremua.

38.1. Haurren eremua 0 eta 12 urte arteko haurrendako erreserbaturik dago. Arduradun heldu batek egon beharko du beti 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin batera.

38.2. Eremuaren arduradunaren zaintzapean geldituko dira 4 eta 12 urte arteko haurrak.

38.3. Irekita dagoen bitartean eremuaren arduradunaren ardurapean egonen da; hark harrera eginen die haurrei eta han egiteko denbora dinamizatuko du, antolatuz jarduerak, mahai jokoak, eskulanak, filmen proiekzioak etab.

38.4. Arduradunak erabakiko du zein den gehieneko edukiera eta zein haur bakoitza eremu horretan egoten ahal den gehieneko denbora, eta horren berri emanen die guraso edo tutoreei. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, guraso edo tutorearekin ez bada.

38.5. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, guraso edo tutorearekin ez bada.

38.6. Udalak eta enpresa kudeatzaileak bestelako erabilera eta alokairuak erabakitzen ahalko dituzte eremu horretarako.

VI. KAPITULUA

Kirol-instalazioak eta kirolerako abonu aktiboa

39. artikulua. Artikako Kirol Hirian antolatzen diren jarduera fisiko eta kirol jardueretan parte hartzeko, erabiltzaileek kirol ikastaroetan eman beharko dute izena edo, bestela, kirolerako abonu aktiboa eskuratu.

40. artikulua. Honako hauek dira kirol ikastaroen funtzionamendu arauak:

40.1. Kirol ikastaroetan izena emateko, abonatuek lehentasuna izanen dute gainerako erabiltzaileen aurrean. Horregatik, lehenbiziko abonatuendako zerrendak irekiko dira, eta gero, tokirik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

40.2. Udalak banan-banan finkatuko ditu kirol ikastaro guztietan parte hartzeko prezioak.

40.3. Kirol ikastaro guztietan, gehieneko inskripzio kopuru bat ezarriko da jarduera bakoitzerako; beraz, kupo hori betez gero, ez da hartzen ahal pertsona gehiago.

40.4. Halaber, ikastaro guztietan gutxieneko inskripzio kopuru bat ere ezarriko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), eta izen-emateak haren azpitik geldituz gero, baztertu eginen da ikastaroak egitea.

40.5. Kirol ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasi ondoren), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada. Jarduera fisikoarekin berriz hastea eragozten duten iraupen luzeko bajen salbuespen kasuetan bakarrik aurreikusten ahal da erabili gabeko denborari proportzioan dagokion ordainketa itzultzea, jakinarazpen egunetik hasita eta hori frogatzen duen ziurtagiri medikoa aurkeztuta.

40.6. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri horren xedea da kasuan kasuko jardueraren itxarote zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izatea.

40.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu, salbu instalazioko zuzendaritzak kirol jardueretan zehazten dituen salbuespeneko kasuetan. Era berean, ikastaro guztiak izendunak dira, eta ez da baimenduko jarduera batetik bestera aldatzea edo pertsona baten abonu aktiboa beste batendako baliatzea.

41. artikulua. Honako hauek dira kirolerako abonu aktiboaren funtzionamendu arauak:

41.1. Kirol-instalazioetako abonua edo neguko abonua dutenek kirolerako abonu aktiboa ere eskura dezakete. Abonu horrek erabiltzaileei aukera ematen die astean nahi adina saiotara mugarik gabe joateko, salbu jardueraren edo instalazioaren beraren gehieneko edukierara iristen bada.

41.2. Kirolerako abonu aktiboa 3, 6 edo 9 hilabeterako eskura daiteke. Behin baizik ez da ordainduko, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Kirolerako abonu aktiboa erosteari dagokionez, hilabete osoak edo hiruhileko osoak ordaindu beharko dira; ezin da ordainketa denbora tarte txikiagoetan hainbanatu. Honela banatuko dira hiruhilekoak:

Lehen hiruhilekoa: urria-azaroa-abendua.

Bigarren hiruhilekoa: urtarrila-otsaila-martxoa.

Hirugarren hiruhilekoa: apirila-maiatza-ekaina.

41.3. Kirolerako abonu aktiboa eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da 16 urte beterik izatea.

41.4. Abonu aktiboa eskuratzen dutenek abonatu edo neguko abonatu gisa iraun behar dute abonu aktiboak indarrean dirauen artean.

42. artikulua. Abonatu gabeak ere sartzeko aukera duten ikastaro batean izena ematen duten abonatuek, abonatu gabe izatera aldatzen badira, kontratatutako jardueran sartzeko, eskuratu beharko dute instalazioetan sartzeko eskubidea, modu hauetakoren baten bidez:

–Eguneko sarrera erosiz, jarduerara joaten diren aldiro.

–Neguko abonua erosiz.

–Abonatuaren eta abonatu gabearen kuoten arteko aldea ordainduz.

43. artikulua. Kirol ikastaroetarako berariazko aldagela bat ezartzen ahal da instalazioetan, eta ikastaroa egiten dutenek nahitaez erabili beharko dute haiei esleitutako aldagela.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, begiratu beharrez erregelamendu honen konplimendua eta instalazioaren barreneko udal ondasunak.

45. artikulua. Instalazioetako langileek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargua hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, edo abonatuei txartela kentzeko, ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez dietenean, ukatu gabe arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena.

46. artikulua. Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kentzea eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik kanporatzea; hori egin dezake instalazioetako edozein langilek edo horretarako ahalmena duenak.

Instalazioetako Kudeatzailetzak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan erregelamendu honetan oinarrituta. Ematen diren ebazpenen kontra, aurkezten ahal dira indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak. Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

47. artikulua. Arau-haustea izanen da barne erregelamenduan eta kirol eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

48. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1.–Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

2.–Kirol-instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3.–Kirol-instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo baimen zehatz puntuala badute, kirol ikastaro batean izena emanda egonik edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak badira.

4.–Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

5.–Kirol-instalazioetan erretzea, kanpoko solariumaren eremuan izan ezik.

6.–Armairuak modu desegokian erabiltzea.

7.–Instalazioen ardura duten langileen aginduei kasurik ez egitea.

8.–Bi zehapen-gaztigu izatea.

9.–Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, salbu arau-hauste astun edo oso astuntzat hartzen direnak.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–Zehapen-abisua aplikatzea.

–Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko

–Arau-hauste arintzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

  • 100 euro.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

49. artikulua. Arau-hauste astunak dira:

1.–Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin dela erabiltzaileekin.

2.–Kirol-instalazioak hondatzen dituzten animalia eta/edo gaiak sartzea.

3.–Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

4.–Igerilekuetako, hidromasaje igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

5.–Kirol-instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

6.–Abonatu txartela modu desegokian erabiltzea.

7.–3 arau-hauste arin egitea.

8.–Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

9.–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

10.–Instalazioko edozein higigarri edo higiezini kalte egitea.

11.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere sei hilabeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

  • 200 euro.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

50. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:

1.–Kirol-instalazioak eta/edo materialak kaltetzea, ebastea edo lapurtzea.

2.–Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.

3.–Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.

4.–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

5.–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

6.–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

7.–Urtebetean hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere urtebeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

–Baldin arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz kalte-galerarik eragin bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, zehapenean agindu daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

  • 400 euro.

Arau-hauste eta zehapen oso astunek 3 urtera preskribatuko dute.

51. artikulua. Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.

52. artikulua. Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

VIII. KAPITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

53. artikulua. Berriobeitiko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2203172