50. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Melidako Udalak, 2021eko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Melidako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Ikusirik Udalaren web-atarian kontsulta publikoa argitaratu zela subjektuen eta erakunde adierazgarrienen iritzia jasotzeko, eta 2021eko abenduaren 2an jaso zela udal-zerbitzuek egindako proiektua, Melidako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzari buruzkoa, zeinak kontuan hartzen baititu kontsulta publikoaren izapidean egindako ekarpenak.

Ikusirik hasiera batez onetsi zela Melidako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, alkatearen irizpena jaso ondoren.

Ikusirik hasierako onespenaren erabaki hori 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, bai eta ediktuen taulan ere, 30 egun baliodunean, eta azkenik, 2022ko urtarrilaren 4an, udal ordenantzaren testu osoa argitaratu zela Udalaren web-atarian [http://melida.sedelectronica.es]. Halaber, aldez aurretik entzunaldia eman zitzaion Herri-lurren Batzordeari.

Ikusirik alegazioak, iradokizunak edo oharrak.

Ikusirik Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalaren txostena.

Ikusirik jendaurreko epean zehar aurkeztutako alegazioak, iradokizunak edo oharrak.

ERABAKITZEN DA:

Lehenengoa.–Baiestea Melidako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza onesteko espedientearen inguruan aurkeztutako alegazioak.

Bigarrena.–Berariaz eta behin betiko onestea Melidako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren testuaren azken idazketa, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta baietsitako alegazioen ondoriozko aldaketak bertan sartu ondoren, espedientean agertzen den moduan, jarraian jasotzen den idazketarekin.

Melidan, 2022ko otsailaren 22an.–Alkatea, María del Valle Coca Pueyo.

MELIDAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Melidako udal-mugarteko herri-ondasunak administratzeko, xedapen-egintzak gauzatzeko, babesteko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua.

Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Melidako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen inguruan Melidako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Herri-ondasunak desafektatzen ahalko dira bai erabilera laga bai haien gaineko kargak ezartzeko eta baita lurzati txikiak saldu edo trukatzeko ere. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen araberako erregelamenduzko izapidea bete beharko da horretarako. Herri-ondasunak lagatzeko edo kargak ezartzeko erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, lagatzearen edo kargak ezartzearen helburuak desagertzen direnerako edo finkatutako baldintzak betetzen ez diren kasuetarako.

Herri-ondasunak itzuli ondoren, Melidako udal ondarean sartuko dira berriz, herri-ondasun gisa sartu ere.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua.

Melidako Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua.

Melidako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Melidako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua.

Melidako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Melidako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Kalte-ordaina eman ondoren edo eman gabe, zuzenbidearen arabera bidezkoa den moduan.

12. artikulua.

Melidako Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Melidako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako eran.

14. artikulua.

Herri-ondasunen adjudikaziodunak nahitaez jakinarazi beharko dio Melidako Udalari lehorreko, ureztapeneko, labore iraunkorretako eta larreetako lurzatien sailkapenean NPEak egindako edozein aldaketa. Hori guztia Udalak herri-ondasunen errentagarritasuna kaltetzen duten aldaketak errekurritzeko aukera izan dezan.

Ez jakinaraztea falta astuntzat jotzen da.

IV. TITULUA

Titulartasuna eta aplikazio eremua

15. artikulua.

Melidako Udalak dio Melidako herria dela ondoko herri-lurren jabe eta edukitzaile juridiko bakarra. Hona hemen haien deskripzioa:

–Huerta Alta izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 89. orria eta 204. finka.

–Las Viñas izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 68. orria eta 868. finka.

–Corral Nuevo izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 65. orria eta 867. finka.

–Soto Bajo izeneko bazkalekua, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 92. orria eta 205. finka.

–El Arenal izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 95. orria eta 206. finka.

–La Liria izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 179. liburukia, 3. liburua, 98. orria eta 207. finka.

–Sequero izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 12. orria eta 865. finka.

–Aria edo San Miguel izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 56. orria eta 864. finka.

–Estrecho izeneko ibarbasoa, Tuterako Jabetza Erregistroan inskribatua: 988. liburukia, 18. liburua, 62. orria.

V. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

16. artikulua.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua.

d) Herri-larreen aprobetxamendua.

e) Bestelako aprobetxamenduak.

17. artikulua.

1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Melidako Biztanleen Udal Erroldan inskribaturik egotea, gutxienez ere 2 urte lehenagotik, aprobetxamendua hasten den urtearen hasieran.

c) Melidan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Melidako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Jabetzan ez izatea hirugarrenei errentan emandako lurrik.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Melidako Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

18. artikulua.

1.–Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

2.–Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 17. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Ondorioz, ez da egonen adjudikatutako lurzatien arabera proportzionalki dagozkion lanak egiten ez dituen bazkiderik.

3.–Herri-lurzatien lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioak beti familia-unitateei eginen zaizkie, eta ezin zaizkie adjudikatu legez eratutako kooperatiba edo lantaldeei.

4.–Legez eratutako kooperatiba edo lantaldeetako kideak nekazariak izanen dira eta/edo jarduera nagusi edo bigarren mailako jarduera nekazaritza izanen dute.

19. artikulua.

Erregelamendu honen ondorioetarako, laborantza lanak honelakoa behar du zuzenean eta pertsonalki egina dela ulertzeko: adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu laborantza lanak, eta ezin izanen du soldatapekorik hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Melidako Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 20. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

20. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioen kasuan, ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Melidako Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Melidako Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik. Melidako Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

21. artikulua.

Melidako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki gauzatzen dela ziurtatzeko. Ikuskapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

a) Nekazaritzako makinak izanda, adjudikatutako herri-lurretan erabiltzen ez dutenak, gutxienez lurra ereiteko prestaketa lanetarako, ereiteko, ongarritzeko, tratamendu fitosanitarioak egiteko, ureztatzeko eta uzta lekuz aldatzeko lanetan parte hartzeko.

b) Baldin eta egiaztagiria eskaturik justifikatzeko lanak egin direla, erosi direla erregaiak, ongarriak, lehengaiak edo saldu direla norberak egindako produktuak, agindutako epean aurkezten ez badira.

c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Udal zerbitzuen edo Herri-lurren Batzordearen txostenen arabera edo Udalean aurkeztutako salaketaren arabera, adjudikatu zaizkien lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenak, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

22. artikulua.

Melidako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak ondoz ondoko bost modutan eginen dira, lehentasun-ordena honen arabera:

1) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

2) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

3) Melidako Udalaren zuzeneko ustiapena.

4) Enkante publikoa, 17. artikuluko baldintza betetzen duten familia-unitateei mugatua.

5) Enkante publikoa.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

23. artikulua.

1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 17. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata horren halako bat eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko, lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzeko beharrezkoa baita, ondoko agiriak aurkeztu beharko zaizkio Udalari:

a) Familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenen kopia konpultsatua edo Foru Ogasunaren egiaztagiria, aitorpenik egin behar ez dutela dioena, eta horrekin batera, kide guztien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

b) Familia-unitatean besteren konturako langilerik bada, soldata-orrien kopia konpultsatua.

c) Familia-unitateko kide guztien ondasunen katastroko ziurtagiria eta bakoitzaren jarduerena ere, hiri-lurreko, landa-lurreko eta abeltzaintzako erregistro fiskalak eta lizentzia fiskala adieraziz, baita bakoitzaren ibilgailuen ziurtagiria ere, zirkulazioaren gaineko udal zergari dagokionez.

d) Zinpeko aitorpena, ekarritako ziurtagirietako ondasunak familia-unitateko kide orok Melidan nahiz beste inon dituen guzti-guztiak direla. Hiri-lurreko ondasunen artean adierazi beharko da zein den familiaren etxebizitza. Orobat, adierazten ahalko da, agiri bidez justifikaturik betiere, ondasunen bat edo ondasun guztiak ez direla familiako inorenak, nahiz eta katastroan familia-unitateko kideren baten izenean agertu, baina adierazpen hori aintzat hartu ahal izateko, Udalean katastroa aldatzeko aurkezturiko eskaera orriaren kopia konpultsatua ekarri beharko da.

e) Zinpeko aitorpena, familia-unitateko kide bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrena, dela udal honetako mugartean dela beste batzuetan.

f) Errege Bardearen Komunitatean inskribaturik dituzten lurren egiaztagiria.

g) ATP ziurtagiria.

4.–Adjudikazio hartzaileek artikulu honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte adjudikazioak dirauen bitartean, eta Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

24. artikulua.

Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modalitate honetan:

Eredu-lotea:

–Tradiziozko ureztalurrak: 30 erregu.

–Aspertsio bidezko ureztalurrak: 60 erregu.

–Lehorreko alorra: 50 erregu.

25. artikulua.

23. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak, 5 koefizientea.

26. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Melidako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, 24. eta 25. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

27. artikulua.

1.–Aprobetxamenduaren epea 10 urtekoa izanen da, lehorreko lurrena azken urteko irailean amaituko da, eta ureztatzeko lurrena, berriz, urte horretako abenduan, beti uztak errespetatuz.

2.–Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

3.–Lehentasunezko edo zuzeneko behin-behineko adjudikazioa egin ondoren, eta egutegiko hogeita hamar eguneko epean, 10 urtetik gorako laborantza-baimena eskatzen ahalko da, honako hauek betez:

a) Agiri hauek aurkeztea:

1. Landaketa proiektua, alderdi tekniko hauek zehazten dituena: landatuko den espeziea, barietateak, laborantza sistema, aurreikusitako balio-bizitza eta lurraren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatzen duten laborantza teknikak.

2. Lursaila bere lehengo egoerara itzultzeko proiektua, baimendutako epearen amaieran edo adjudikazioa amaitu aurretik.

3. Udalak eskaera ukatzen ahalko du modu arrazoituan, interes orokorreko arrazoiak kontuan hartuta, hala nola auzotar berriak sartzeko aukera, landaketen plangintza ordenatua, hobekuntza-proiektuen aurreikuspena, eta abar.

Kasu horretan, eskatzaileak Udalari jakinaraziko dio urteko laboreetarako lote bat eskuratu nahi duen edo eskaerari uko egin dion.

4. Udalak urte anitzeko laborantza baimentzen ahalko du, laborantzaren balio-bizitzaren iraupena ezarrita, baina ez da inoiz ere izanen 20-30 urte baino luzeagoa (10 urteko bizpahiru ziklo), hala, beste herritar batzuek herri-lurrez gozatzeko aukera izatea bermatzen baita.

Kasu horretan, adjudikaziodunak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu.

Landaketarako edo obra lizentzia eman aurretik, adjudikaziodunak fidantza bat gordailutuko du edo abal bat eratuko du, lursaila lehengoratzeko proiektuaren zenbatekoaren baliokoa.

5. Urte anitzeko laborantzaren modalitatean aukeratzen badu herri-lurren aprobetxamendua, herritarrak ez du eskubiderik izanen herri-lurren beste aprobetxamendu bat eskatzeko, aipatu aprobetxamenduak irauten duen bitartean, horiei dagokien zati proportzionalean.

6. Udalak urteko kanon bat ezarriko du, urteko laboreetarako ezarritakoa baino handiagoa, produktuaren balioarekiko proportzionala eta lurzatiaren oinarrizko kanona oinarri hartuta.

7. Urte anitzeko laborantzari dagokion epea amaitu ondoren edo lehenago amaituz gero, Udalak erabakiko du lursaila bere lehengo egoerara itzuli behar den edo landaketaz arduratuko den (bi kasuetan ez da inolako kalte-ordainik izanen).

Lehenengo kasuan, adjudikazioaren unean zegoen bezala geratu behar du lursailak (labore iraunkorra kenduta, hondarrak eta materialak –zutoinak, alanbreak, etab.– aterata eta hondealanak eta fintze lanak eginda, hurrengo laboreak instalatu ahal izateko, etab.).

Bigarren kasuan, lursail osoa, landaketa barne, toki-erakundearen eskura egonen da, beste herritar batzuei adjudikatzeko prozedurari ekin diezaion. Aurreko adjudikaziodunak ez du inolako eskubiderik izanen laborantzaren gainean, eta ezin izanen du eskatu landaketarekin sortu ahal izan diren beste erabilera edo eskubide batzuk.

8. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galtzen badira (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantza honen 17. artikuluan jasotakoak) eta laborantza pertsonalki eta zuzenean egiten ez bada (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 168. artikuluko irizpideekin bat etorriz), lursaila lehengoratuko da, aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

9. Onuraduna hiltzen bada, familia-unitate bereko beste kide batek egiten ahalko du herri-lurrean urte anitzeko laborantzarekin jarraitzeko eskaera, baldin eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan eta ordenantzaren 17. artikuluan jasotako onuradun-baldintzak betetzen baditu.

Bestela, lursaila itzuliko da, 7. apartatuan ezarritakoa aplikatuz.

10. Adjudikaziodunak eta alkatetzak alderdi horiek guztiak biltzen dituen hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko osoko bilkurak berretsiko du hitzarmena.

11. Nolanahi ere, ezin da baimendu urte anitzetako laboreak “enkante publiko bidezko adjudikazioaren” modalitatean ezartzea, horrek enkantearen baldintzak eta klausulak “gerora” aldatzea ekarriko bailuke.

28. artikulua.

Ordenantza honen eranskinean zehazten den kanonaren %50ekoa izanen da lehentasunezko aprobetxamendu mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona. Zenbateko horiek urtero eguneratzen ahalko dira hurrengo urteetan, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeen arabera nekazariek jasotako prezioen aldaketa, KPIa eta nekazaritzako lurzatiaren errentaren merkatuko prezioa kontuan hartuz. Nolanahi ere, kanonak Melidako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

2. ATALA

Herri-lurretako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua.

Lurzatiak lehentasunezko adjudikazioaren bidez banatu ondoren, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak zuzenean adjudikatuko dira herritarren artean, 17. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularren artean alegia.

30. artikulua.

1.–Zuzenean adjudikatuko diren loteen azalera Udalak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik. Adjudikazioa eginen da gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabide kopuruaren arabera.

2.–Modalitate honetan, familia-unitate bakoitzari dagokion azalera zehazteko irizpide hauek hartuko dira oinarri: batetik (eta alderantzizko proportzioan) familia-unitatearen nekazaritza ustiategiaren tamaina eta per capita diru-sarrerak, eta, bestetik, familiako kide kopurua eta dedikazioa. Irizpide horiek familia-unitate bakoitzean aplikatzeko, puntuatzen diren familia-unitateko kide guztiek erroldatuta egon beharko dute.

3.–Irizpide horiek familia-unitate bakoitzari aplikatzeko, puntuazioa jasotzen duten kide guztiek erroldatuta egon beharko dute eta puntuazio bat esleituko zaie, hain zuzen ere eskala hauek aplikatuz ateratzen diren puntuak batuta:

a) Familia-unitate bakoitzari ondoko irizpide hauetako bakar bat aplikatuko zaio, behin bakarrik, eta betiere puntuei begira mesedegarriena dena.

1.–Nekazari gazte titular bat, Gizarte Segurantzan nekazaritzako jarduera duen langile autonomo gisa alta emanda dagoen familia-unitateko kidea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa inskribatuta dagoena, 150/2022 FDaren 13. artikuluaren arabera

16 puntu

2.–Gizarte Segurantzan nekazaritza-jarduera duen langile autonomo gisa alta emanda dagoen familia-unitateko titular edo kide bakoitzeko, baldin eta ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta badago lehentasunezko nekazaritza-ustiategi gisa, 150/2022 FDaren 13. artikuluaren arabera

12 puntu

3.–Aurreko baldintzak bete ez baina nekazaritzako ustiategi baten titularra den familia-unitateko titular edo kide bakoitzeko, nekazaritzako diru-sarrerak aitortzen baditu eta lurra zuzenean lantzen badu

4 puntu

b) Familia-unitatea osatzeagatik: Aurreko apartatuan aplikatzen den irizpidearen arabera aplikatuko da, aurreko horretan puntuak lortu dituzten kideei aplikatu ere.

Familia-unitateko titularraren ezkontideagatik, diru-sarrerarik ez badu

2 puntu

Diru-sarrerarik ez duen familia-unitateko gainerako kide bakoitzeko

1 puntu

c) Familia-unitateko ustiategiaren tamainagatik:

Familia-unitateko ustiategiak lurrik ez badu ez jabetzan ez Bardean

6 puntu

d) Ustiategiak ureztalurrak jabetzan baditu edo Bardean lurrak baditu:

Ureztalurretako 0-50 erregu bitarte

2 puntu

Ureztalurretako 50-100 erregu bitarte

1 puntu

Ureztalurretako 100-400 erregu bitarte

0 puntu

e) Ustiategiko lehorreko lurretarako honelako baliokidetasunak ezarri dira: erregu bat ureztalur berdin Bardeako 6 erregu edo gainerako lehorreko lurretako 2 erregu.

Jabetzako lurra ez da bakarrik katastroan familia-unitateko kideren baten izenean inskribaturik dagoen hori, hildako ahaideen izenean inskribaturik dagoena ere halakotzat hartuko baita baldin eta familia-unitateak lantzen badu.

f) Familia-unitatearen diru-sarrerak, nekazaritzako ustiategi baten titular ez denean:

Familia-unitatearen diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bat eta erdi eta halako bi artekoak badira

4 puntu

Familia-unitateko diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi eta halako bi eta erdi artekoak badira

3 puntu

Familia-unitateko diru-sarrera guztiak lanbide arteko gutxieneko soldataren halako bi eta erdi baino gehiago badira

2 puntu

Puntu bakoitzaren baliokidetasuna honako hau izanen da: aspertsio bidezko ureztalurreko 20 erregu, ureztatze tradizionaleko 10 erregu (oinetik) eta lehorreko 10 erregu. Eskatzaileen kopuruaren arabera aldatzen ahalko da.

Horrela, puntuazioen multzoarekin, betetzen da uztailaren 2ko 6/1990 FLak inspiratzen duen gizarte-printzipioa, behartsuenak babestekoa, lur gutxien duenari edo diru-sarrera gutxien dituenari gehiago ematen dion banaketa arautuz.

4.–Lurzatien gaur egungo konfigurazioa kontuan hartuz, bereziki aspertsio bidezko ureztalurrena, bertan ur-ahoak baitaude, eta beraz ezinezkoa baita azalera zehatzak esleitzea familia-unitate bakoitzaren puntuazioaren arabera, ureztalurren ordez lehorreko lurrak ematen ahalko dira, edo alderantziz, oinarritzat hartuz ureztalurretako erregu bati lehorreko lurretako bi erreguren balioa ematen zaiola.

5.–Aurkeztutako eskaeren kopurua handiagoa bada banatzeko dauden laborantza lurrena baino, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, kendu eginen dira diru-sarrera handienak eta nekazaritzako ustiategi handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak.

6.–Aprobetxamendu mota horretako herri-lurren onuradunek ordenantza honen eranskinean ageri den kanona ordaindu beharko dute. Zenbateko horiek urtero eguneratzen ahalko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen igoera positiboen (KPI) arabera.

Kanona urtero onetsiko da, gainerako tasak eta kargak urteko azken hiruhilekoan onestearekin batera.

31. artikulua.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko ordenantza honetako 23.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Familiako baratzeen herri-aprobetxamenduak

32. artikulua.

1.–San Miguel ibarbasoan eta/edo Corral Nuevo bazkalekuan lur erregu bat esleitzen ahalko zaie, baratzerako, horrelakorik ez duten auzotar eskatzaileei, ordenantzaren eranskinean adierazitako prezioan. Prezio hori urtero eguneratuko da, urteko azken hiruhilekoan karga-tasak onestearekin batera.

2.–Adjudikaziodunari baja emateagatik edo heriotzagatik libre geratzen diren El Rasoko, Poligono Agropecuarioko, Soto Sequeroko edo Soto Bajo bideko baratzeak ez dira berriz esleituko, eta libre geratuko dira honako hauetarako: hirigintza-helburua Industrialdearen eta Poligono Agropecuarioaren kasuan, eta beste nekazaritza- edo baso-erabilera batzuk Soto Sequeroren edo Soto Bajo bidearen kasuan.

3.–Herri-lurretan familientzako diren baratzeen onuradun izanen dira 17., 18., 19., 20. eta 21. artikuluetan xedatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, lurzatien laborantza zuzenari eta pertsonalari buruz, eta 27. artikuluan xedatutakoa, ordenantza honetako aprobetxamenduak adjudikatzeko epeari buruz, 10 urtekoa izanen dena.

4.–Adjudikazio aldian titular onuraduna hiltzen bada, familia-unitateko edozein kidek eskatzen ahalko du baratzea, eta Udalak aztertuko du eskualdatzea egiteko baldintzak betetzen diren, adjudikazioaren 10 urteak betetzeko geratzen den aldirako.

5.–Baratze horiek baratze-ekoizpenerako baino ez dira erabiliko, barietate guztietan, edo antzekoetan. Debeku dira bizilagunei eragozpenak sor diezazkieketen jarduera guztiak, baita baratzezaintzakoak ez diren erabilera guztiak ere.

6.–Ez dago baimenduta instalatzea berotegirik edo inolako etxolarik. Ez da baimentzen lurzatia ixtea. Debekatuta dago fruta-arbola berriak landatzea, San Miguel ibarbasoko baratzeetan izan ezik.

7.–Ezin izanen da zaborrik, txatarrarik edo beste material organiko nahiz inorganikorik pilatu lurzatiaren barnean edo hara sartzeko bidean (simaurra baino ezin izanen da pilatu, eta soilik lurzatiaren barrenean, eta norberaren baratzea ongarritzeko baino ez bada).

8.–Ez da baimenik izanen inolako aziendarik eduki edo ustiatzeko, familiaren kontsumorako izanda ere. Era berean, debekatuta dago lurzatietan etxeko animaliak edukitzea modu iraunkorrean.

9.–Baratzeetarako sarbideak Udalak erabakitzen dituen tokietan eginen dira. Kasu guztietan, bide edo sarbideen neurria ezin daiteke aldatu.

10.–Behar bezalako baldintzetan eduki beharko dira erretenak eta ureztaketa bideak, eta beharrezko garbiketa lanak egin beharko dira, premiazkoa denean. Ureztatzeko instalazioa erabilera onean mantendu beharko da, eta adjudikaziodunaren kontura izanen dira egin beharreko konponketak.

Debeku da zulaketak edo putzuak egitea lurpeko ura atera eta ureztatzeko.

11.–Baratzea urtebetez erabiltzen ez bada, hura erabiltzeko eskubidea galduko da, eta lurzati hori Udalaren esku geldituko da, berriz ere adjudikatzeko, hala dagokionean zehaztutako irizpideei jarraikiz.

12.–Adjudikazioak dirauen bitartean, Udalak beretzat gordetzen du ikuskatzeak egiteko eskubidea, baratzeak behar bezala erabiltzen ote diren egiaztatzeko. Ordenantza hau betetzen ez dela egiaztatzen bada, zehapena ezarriko zaie eta/edo baratzea kentzea ekarriko du.

13.–Baratze baino eskaera gehiago izanez gero, eta Udalak ezin baditu herri-lurrak prestatu eskaera guztiei erantzuteko, lehentasuna izanen dute erretiratuek eta luzaroko langabeek, eta, hala ere, baratze nahikorik ez badago, Udalak eskatzaileen zerrendatik kenduko ditu familia-unitate osoa batuta errentarik altuenak dituzten familia-unitateak.

14.–Banaketa eginen da zozketa bidezko gainerako herri-lurzatiekin batera.

15.–Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez ordaintzea aprobetxamenduaren kanona edo uraren kuota Udalak finkatzen dituen epeetan.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki eta ez osorik egitea.

d) Baratzea zertarako adjudikatu den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Adjudikaziorik gabeko baratzeak lantzea, landu gabe egonik ere.

f) Baratzeak trukatzea Udalaren baimenik gabe.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

16.–Lehen aipatutako arau-hausteak isunarekin zehatuko dira, eta berrerortzea gertatuz gero, baratzea erabiltzeko eskubidea galduko da adjudikazioan geratzen den denboran.

17.–Kanona 50 eurokoa izanen da baratze eta urteko. Kanon hori urtero eguneratzen ahalko da.

Baratzeak sor ditzakeen gainerako gastuak adjudikaziodunaren kontura izanen dira. Kontagailuen irakurketatik eta/edo Bardeako Ureztaketen Ureztatzaileen III. Elkarteak eta Zarrakaztelu-La Oliva-Melida Ureztatzaileen Sindikatuak edozein arrazoirengatik Udalari aurkezten dizkioten karguetatik ondoriozta daitekeen ur-kontsumoa eremuetako adjudikaziodunen artean hainbanatuta banatuko da, baratzearen azaleraren zuzeneko proportzioan.

18.–Corral Nuevoko baratzeetan debekatuta dago urak ateratzea ureztatze-kanaletik eta dagoen ureztatze-instalazioa aldatzea. Adjudikaziodunaren kontura ureztatze-instalazioari gehitzen ahalko zaizkio baratzea eta ura hobeto aprobetxatzeko behar diren luzapenak edo lanabesak.

19.–Horretarako eskubidea duten eskatzaileen epearen barruan egindako eskaerei erantzun ondoren (32.2 art.) eta San Miguel ibarbasoan eta Corral Nuevo bazkalekuan sobera dauden baratzeak badaude, auzotarrek baratze-loteak eskatzen ahalko dituzte, jabetzapeko baratzeak edo herri-lurretan adjudikatutakoak izan arren. Lote horiek prekarioan ematen eta indargabetzen ahalko dira, baratzerik ez duen auzotarrak hala eskatuz gero, baldin eta adjudikaziodun berrientzako lurzati libreen erreserba mantentzen bada.

Familia-unitate bakoitzeko baratzeen gehieneko kopurua (adjudikazioa eta prekarioa) bi izanen da ibarbasoetan eta bi Corral Nuevon.

4. ATALA

Melidako Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

33. artikulua.

Lehentasunezko eta zuzeneko adjudikazioetarako prozedurak burutu eta oraindik sobera baldin bada laborantzako lurra, Melidako Udalak enkante bidez adjudikatuko du, 17. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei mugatutako enkantearen bidez edo Melidako Udalak zuzenean ustiatuko du, halako moldez non adjudikazio aldia bukatzerakoan lur osoa libre geldituko den.

Erregelamendu honek finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; hurrengo urteetarako prezioa, berriz, aplikaturiko urteko igoeren arabera finkatuko da. Enkante horietan ere aplikatuko dira gainerako lurzatien urteko igoera berberak. Enkanteren bat eman gabe geldituz gero, hasierako prezioak %10 eta %20 beheitituko dira. Enkante horiek egin ondoren laborantzako lurra sobera geratzen bada, Melidako Udalak enkante publiko ireki bat egin edo zuzenean lantzen ahalko du.

5. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

34. artikulua.

Melidako Udalak aitzinetik erabakia hartuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, behar den iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

35. artikulua.

Eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, eta, eredu horretan, eskatzen den banaketa mota zehaztu beharko da. Eskabideekin batera, zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da, honako alderdi hauei buruzkoa:

a) Melidako bizilaguna izatea, bi urte lehenagotik, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Melidako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea zenbat kidek osatzen duten eta, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, desgaitasun fisikoa edo mentala duten kideak. Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, nekazaritzatik heldu direnak nahiz industriatik edo zerbitzuen alorretik datozenak, baita Gizarte Segurantzako pentsioak zein bestelako errenta guztiak ere.

d) Nekazaritzan ari diren familia-unitateko kideak, Gizarte Segurantzan sarturik daudenak nekazaritzako jarduera duten langile autonomo gisa.

e) Zenbat hektarearen jabe diren, udal-mugarte honetan edo besteren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia-unitateko kide guztien lurrak edo hildako ahaideenak kontuan harturik.

f) Zer lur lantzen dituzten errentan harturik edo jabetzaz aparteko bestelako tituluren baten bidez, udalerri honetan edo besteren batean, ureztalurrak eta lehorreko lurrak bereizita, familia-unitateko kide guztiak kontuan harturik.

g) Beren ondasunen balioa, hiri-lurreko ondasunen katastroan, norberaren etxebizitza sartu gabe, udalerri honetan edo besteren batean.

h) Beren azienden gaineko kapital zergagarriak, edo aziendaburuak zer espezietakoak eta zenbat diren, udalerri honetan edo besteren batean.

i) Familia-unitatearen diru-sarrera guztiak, bakoitzaren errenta-aitorpena aurkeztuz.

j) NPEaren diru-sarreren aitorpena.

Eskatzaileari eskatzen ahalko zaio agiri bidez egiaztatzeko berak zuzenean lantzen dituela banaketa berria egiten den garaian adjudikatuak dituen herri-lurretako lurzatiak; edo, bestela, bere nekazaritzako ustiategia, ordenantza honetako 21. artikuluan xedatutakoaren arabera. 21. artikuluan zehaztu den bezala, Melidako Udalak badu ahalmena interesdunei eskatzeko aitzineko apartatuetan aipatzen diren xehetasunak egiaztatzeko agiriak ekar ditzaten, eta bidezko arrazoirik izan gabe aurkeztu ezean, ezarrita dauden ondorioak jasan beharko dituzte.

36. artikulua.

Melidako Udalak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikaziokoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du, unitate bakoitzari esleitutako puntuak zehaztuta. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua.

Aprobetxamendu mota bakoitzera onartu direnen behin-behineko zerrendak Udalaren iragarki-taulan paratuko dira zazpi egun balioduneko epean, bidezko alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bilakatuko dira, besterik gabe.

38. artikulua.

Adjudikazioak zozketa bidez eginen dira, lehentasuna dutenendako aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, horren ondotik, herritarrendako zuzeneko adjudikazioetarako, gisa honetan:

1.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak:

Lehentasuna duten herritarren zenbat eskabide dauden, horietarako behar bezainbat lote prestatuko dira. Loteei zenbakia jarri eta eskatzaileak alfabetoari jarraituz ordenatuko dira. Ondoren, abizen bat zozketa bidez aterako da eta hortik abiatuta aterako dute zenbakia, bakoitzari dagokion lote kopurua eskuratu arte.

2.–Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak:

Lehentasunezko adjudikazioa amaitu ondoren, auzokideen gainerako azalera zuzenean adjudikatuko da %5 erreserbatu ondoren hurrengo eskaeretarako (prekarioan adjudikatuko da, bizilagunen arteko enkante bidez, eta ez da erreklamatzeko eskubiderik izanen ereindako uzta jasotzeaz gain). Banaketako bigarren modu honetan, kontuan harturik eskatzaileen puntuak eta banatzeko dagoen azalera, puntu bakoitzaren eta erreguen arteko baliokidetza kalkulatuko da.

Auzotarren zuzeneko adjudikazioaren onuradun guztiek onartu beharko dituzte dagozkien hiru lurzati motak: aspertsioa, ureztatze tradizionala eta lehorrekoa, bai lehen mailakoa, bai bigarren eta hirugarren motakoa. Hirugarren kategoriako lurzatiak osagarriak izanen dira, banaketa bidezkoagoa izan dadin.

Loteak adjudikatu ondoren eta adjudikazio-aldi osoan, ez da uko-egite partzialik onartzen, lote osokoa izanen da beti.

Banaketa modu honetan ere zozketak jarraian eginen dira, eta adjudikazio-hartzaile bakoitzak behar adina aldiz aterako ditu zenbakiak, dagokion azalera lortu arte.

Udalak arautuko du zozketa hori eta behar diren neurriak hartuko ditu egoki egin dadin eta bermatzeko adjudikazio-hartzaile guztiek lurzatiak eskuratzeko aukera berdinak izan ditzaten. Kontuan hartuta aspertsio bidezko lurzatiak ezin direla zatitu eta, nahiz eta adjudikazio-hartzaile bakoitzaren puntuazioari dagokion azalera lehorreko edo betiko moduan ureztatzeko lurzatiekin osatzen saiatu, izan liteke adjudikatutako azalera zehatza ez izatea.

3.–Etorkizunean izan daitezkeen adjudikazioetarako gordetako azalera:

Udalak, azkenik, bizilagunen arteko enkantearen baldintzak ezarriko ditu etorkizunean izan daitezkeen adjudikazioetarako erreserbatutako lurzatien behin-behineko adjudikazioak egiteko, eta prekarioan adjudikatuko ditu hamar urterako. Baldintzen artean sartuko du dagokion baldintza indargabetzailea, hurrengo urteetan behar izanez gero.

4.–Adjudikazio prozesuaren amaiera.

Lurzatien adjudikazioa amaitutakoan, iragarki-taulan argitara emanen da adjudikazio-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati dituzten herri-lurretan.

39. artikulua.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko adjudikazioaren bidezko eskatzaile guztiei adjudikatzeko, baztertu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskabideak.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

40. artikulua.

Udalak onetsitako ordenantzaren arabera eginen da herri-larreen aprobetxamendua.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

41. artikulua.

Herri-basoetako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Gobernuan gai horretan eskumena duen departamentuak aitzinetik baimena emanda eta hark ezartzen dituen manu tekniko-fakultatiboen arabera.

Aprobetxamendu horiek arautuko dira Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 12/1990 Foru Legean eta bere Erregelamenduan, otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen hartan, xedatutakoaren arabera.

Etxerako eta materialetarako egurraren kasuan, Udalak ezartzen ahalko ditu herritarren aprobetxamenduetako kantitatea, epeak eta gainerako baldintzak, betiere salmenta inola ere onartu gabe.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan eginkizun hori bere gain duen Zerbitzua arduratuko da zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

42. artikulua.

Udalak ematen ahalko du oihan loteen aprobetxamendua, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 207. eta 208. artikuluetan xedatutako baldintzen arabera.

43. artikulua.

Oihan aprobetxamenduak besterenduko dira enkante publikoan, aipatutako Ondasunen Erregelamenduko 209.etik 212.era bitarteko artikuluetan xedatutako moduan.

Udalak aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu enkantera jo gabe, honako kasu hauetan:

a) Lote bakarra denean, eta materiala 10 metro kubikotik beherakoa, erretxinadunetan.

b) Aprobetxamenduak egiten direnean herri-lanetarako edo frogatutako larrialdia izanik interes publikokoak diren obra pribatuetarako.

V. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

44. artikulua.

Lur horietan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua berariazko arauen bidez arautuko da.

45. artikulua.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei lotuko zaie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

46. artikulua.

1.–Melidako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, onesteko proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5.–Toki-erakundeek onesten duten araudi berezia araudi hori eragin duen proiektuaren xedera eta ezaugarrietara egokitu beharko da, eta proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den eperako izanen da indarrean.

Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herri-lurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

47. artikulua.

Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

Herri-lurrak luberritu nahi badira bertan laborantzan aritzeko asmotan, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da.

VI. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izanen dira.

1.–Arau-hauste oso astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

a) Norberak zuzenean ez lantzea herri-lurretan adjudikatutako lurzatiak. Adjudikazio-hartzaileak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak. Salbuespen gisa onartuko dira doitasuneko ereintza eta uzta, makineria berezia behar dutelako, eta produktu fitosanitaroen erabilera, horiek erabiltzeko baimen berezia beharrezkoa baita.

b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe. Debeku horren barnean sartzen da beste familia-unitate bati adjudikatutako herri-lurretako lurzatietan laborantzan edo nekazaritza lanetan aritzea, ahaidetasun harremana izanagatik ere.

c) Melidako biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik.

d) Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen edo erregelamendu bidez finkatutako bestelako tasen zenbatekoak.

e) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien adjudikaziotik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

2.–Arau-hauste astuntzat honako egitate hauek hartzen dira:

a) Nekazaritza lanak egitea ordenantza honetan edo Herri-larreen ordenantzan baimendu gabeko denboran, belarren kaltean.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

d) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

e) Bideak nahiz abelbideak lantzea.

f) Bideetan eta abelbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

g) Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

h) Ureztatzeko erretenak ez garbitzea behar diren bandoen bidez aditzera emanen diren denbora eta epeetan, eta ez garbitzea lurzatien mugak eta ur-harguneak.

i) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

j) Lurzatiak ureztatzea txanda egokitu gabe edo ezarritako ordutegia bete gabe, aspertsiozko ureztatzea irekitzea ponpatze-estazioa geldi dagoela.

k) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, eta horren ondorioz herri-lurretan kalte egitea eta herritarrak horietaz modu ordenatuan baliatzeari traba egitea.

l) Lurzatietatik uzta hondarrak edo bestelako materialak ateratzea bideetara.

m) Ureztaketa kanpainaren amaieran ez hustea lurzatiak aspertsio bidez ureztatzeko zirkuituak.

n) Norberaren alorrak hirugarrenei errentan ematea.

o) Udalaren baimenik gabe manipulatzea soilik urrutitik programatu/erabiltzen ahalko diren ur-harguneak edo programatzaileak eta horiek ixteko giltzarrapoak.

p) Udalari ez jakinaraztea lurzatien sailkapenean aldaketak, NPE, lehorreko lur, ureztapen, labore iraunkor eta larreen ondorioetarako.

q) Adjudikazioa amaitzean, ez uztea lurzatiak erabiltzeko baldintza egokietan, norberak berarentzat nahiko lituzkeen moduan.

3.–Arau-hauste arintzat hartzen dira honako egitate hauek:

a) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

b) Ez betetzea “familientzako baratzeen aprobetxamendua” 32. artikuluko edozein apartatu.

49. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapenak izanen dituzte.

1.–Arau-hauste oso astunak:

a) 1. arau-haustea, 3.000 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 6.000 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

2.–Arau-hauste astunak:

a) 1. arau-haustea, 1.000 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 3.000 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

3.–Arau-hauste arinak:

a) 1. arau-haustea, 100 euroko isunarekin.

b) Berreroriz gero, 200 euroko isunarekin.

c) Jarraituz gero, herri-lurraren emakidaren iraungipenarekin.

4.–Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauetan ezarritakoari jarraikiko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legea eta aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hasteko eskumena izanen du Alkatetzak eta/edo Herri-lurren Batzordeak. Zehapen-prozeduren instrukzioa idazkaritzari dagokio, eta horiek ebazteko eskumena, berriz, alkatetzari.

5.–Udal zerbitzuetako funtzionarioek egiaztatzen dituzten egitateak salaketa agirietan edo bestelako dokumentu publiko batean jasoko dira, legezko baldintza egokiak betez, hau da, datu hauek adieraziz: data, egitateak, tokia edo lurzatiaren zenbakia eta egilea. Agiri horiek froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe administratuek berek beren eskubide edo interesen alde aurkezten dituzten frogak.

6.–Arau-hausteak delitu edo hutsegitea direnean, alkateak jurisdikzio organo eskudunari igorriko dio espedientea eta ez dio zehapen prozedurari segidarik emanen agintaritza judizialak deus erabakitzen ez duen bitartean. Epaileek zehapena emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen. Halakoetan, deliturik edo hutsegiterik ez dela egon jotzen bada, Udalak segida ematen ahalko dio zehapen espedienteari, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarriturik, halakorik bada.

7.–Ordainketa egiten bada zehapena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean, alegaziorik egin gabe, isunaren %50eko murrizketa izanen da.

II. KAPITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

50. artikulua.

Herri-lurzatiak esleitzeko zozketa orokorra egin ondoren, erreserbaren %5 esleituko da lehentasunezko adjudikazioetarako, nekazari gazteentzako eta/edo erretiratu gabeko nekazari berrientzako. Hori prekarioan adjudikatuko da bizilagunen arteko enkante murriztuaren bidez. Eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, eskatzaileak baztertzeko zozketa eginen da, eta baztertuek lehentasuna izanen dute hurrengo urteko emakidan.

51. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatzen dituen emakidak direla-eta, herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko urtero eginen den zozketa eginen da, eskaerak aurreko uztailean aurkeztu ondotik, eta betiere ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Adjudikazio berri horiek erabiltzeko epea izanen da aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta den berbera.

52. artikulua.

Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean, hura landua edo lugorri utzia badago, adjudikazio-hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondotik. Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikazio-hartzailearena izanen da uzta bildu arte, eta orduan adjudikazio-hartzaile berriak okupatuko du.

53. artikulua.

Ez da onartuko herri-lurretan adjudikatutako lotea osatzen duten lurzatietakoren bati uko egitea. Adjudikatutako herri-lurretako loteko lurzati bati uko eginez gero, adjudikatutako herri-lurzati osoa galduko da. Herri-lurretako lote osoari borondatez uko egiten bazaio, galdu eginen da, aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta den aldirako. Hala ere, Udalaren ustetan arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako kasuak), eta eskatzaileak 17. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio batean izanen du aukera, 47. eta 48. artikuluekin bat.

Udaleko osoko bilkurak, orobat, adjudikazio-hartzaileen artean lurzatiak trukatzea baimentzen ahalko du, hala eskatzen badute, betiere labore jakin batzuen kokalekua hobetzeko nekazaritza kanpaina zehatz batean. Baimena emateko kontuan hartuko dira aukera-irizpideak, azaleren baliokidetasuna eta abar.

Enkante-loteei uko egiten ahalko zaie, lehentasunezko edo zuzeneko adjudikazioei eragin gabe, eta adjudikazioa amaitu arte geratzen diren urteei dagokien urteko kanonaren %20ko penalizazioa ezarriko da.

54. artikulua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera galduko da Melidako biztanle izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik. Zehapen lehen neurri batekin, eta ez-betetzeak jarraituz gero, lurzatia kentzearekin.

55. artikulua.

Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikazio-hartzaileek ubideak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu. Kontserbazioari dagokionez, aldizkako garbiketak egiteko epeak adierazten dituzten bandoak argitaratuko ditu. Garbiketarako epeak bukatutakoan, udal langileak ubideetara joan eta garbituko dituzte. Adjudikazio-hartzaileak, zehapena pagatzeaz gain, garbiketak dakarren kostua ere ordaindu beharko du.

Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikaziodunek lurzatien mugak sastrakaz garbitu behar dituzte, basoko zuhaitzik eta zuhaixkarik ager ez dadin.

Ur-harguneetarako sarbidea belarrik, zuhaixkarik eta zuhaitzik gabe kontserbatu beharko da. Udaleko langileek maiatzean eta ekainean ikuskatuko dituzte lurzatiak, eta subsidiarioki garbituko dituzte. Adjudikaziodunak, dagokion zehapenaz gain, sastrakak kentzeak dakarren kostua ere ordaindu beharko du.

56. artikulua.

Hona hemen Herri-larreen aprobetxamenduaren ordenantzak ezarritako epe eta arauak:

–Luzerna duten lurzatietan, aziendak azaroaren 1etik otsailaren 10era sartzen ahal ditu abeltzainak. Azaroaren 1erako segaz moztuta daudenetan, ordea, nekazariak azaroaren 15a arte izanen du husteko. Egun hori egin gabe iragaten bada, abeltzainak nahi bezala aprobetxatzen ahalko du.

–Abeltzainak ezin izanen ditu abereak larratzera eraman ez gabilen artean ezta mahastien artean ere, landatu zirenetik gutxienez ere bost urte iragan ez badira. Era berean, ezin dira lur lugorrietan sartu euria egin eta, gutxienez ere, hogeita hamasei ordu iragan arte. Debeku da arrunt ahuntzak eramatea, eta lurzatietako fruta-arboletan sortutako kalteen erantzulea izanen da hala egiten duena.

–Herri-lurretako ureztalur berriak abuztuaren 8tik aurrera labakitzen ahalko dira, eta lehorrekoak, berriz, irailaren 1etik aurrera. Lurzatian erremolatxa dutenek hostoa aprobetxatzen ahalko dute, baina ezin izanen dute labakitu hura kendu eta gutxienez ere zortzi egun iragan arte.

–Bigarren uzta izanen dutenek Udalari jakinarazi beharko diote, gutxienez ere zortzi egun lehenagotik, hark abeltzainari ohartarazteko. Abeltzainak hiru eguneko epea izanen du aprobetxamendua egiteko.

–Lehorreko uztondoak baliatzen ahalko dira, eta abuztuaren 30a arte ezin izanen da lurra landu.

–Uzta bildu ondoan hamar egun egonen da lastoa kentzeko.

–Artasoroen uztondoari dagokionez, bost egun egonen dira artaburua biltzeko; abeltzaina, berriz, beste hamar egunetan sartzen ahalko da. Hamar egun horiek iragandakoan, lurra lantzen ahalko da eta paxuak egin, betiere arrastelurik gabe.

–Luzerna lurzatiak lantzerakoan, herritarrak hamabost egun lehenagotik jakinaraziko dio Udalari, abeltzainak belarra baliatu ahal izateko.

–Zainzuriak landatzeko baimena ematen bada, herritarrak Udalak lurzatirako ezarri duen kanona ordaintzeaz gain, bazkalekuaren zenbatekoaren arabera erreguko ateratzen den ehunekoa ordainduko du, abeltzainak baliatuko ez dituen belarren kalte-ordain.

57. artikulua.

Udalak inguruabar bereziak direla-eta besterik xedatzen ez duen bitartean, honela jokatuko da ohiko ureztatze-lurzatietan:

–Bardeako III Komunitatearekin eta horretarako izendatzen dituen landazainekin antolatuko da.

–Ureztapen handiko aroa. Alorrak mailaz maila ureztatuko dira, txandaka hasita, gau eta egunez, goitik behera.

–Ureztapen txikiko aroa. Landazainak antolatuko du ureztapena, ura ahalik eta ongien baliatzeko. Betiere, landazainaren jarraibideak begiratuko dira beti lurrak ureztatzeko, eta berak antolatuko du barazkiak nola ureztatu. Adjudikazio-hartzaile batek txanda pasatzen uzten badu bere lurzatia ureztatzeko txanda duenean, maila osoa ureztatu arte itxaron beharko du lurzati hori ureztatu ahal izateko.

Adjudikazio-hartzaileek, lurzatiak ureztatu ahalean, ondoko ureztatzaileari garaiz gaztigatu beharko diote, eta gauza bera eginen dute txanda pasatzen uzten dutenean ere. Ureztatzeko maila aldatzen denean, behar bezala jakinaraziko da bandoen bidez.

58. artikulua.

Udalak badu ahalmena halako inguruabar ez ohikoetan (ureztatzeko ur eskasia dagoenean edo bestelakoetan), herri-lurretan laborantza mota batzuk eta lurren zabalera mugatzeko, Udalaren interesetarako mesedegarria den neurrian.

III. KAPITULUA

Aspertsio bidezko ureztalur bihurturiko herri-basoari buruzko xedapenak

59. artikulua. Aplikazio-eremua.

Kapitulu honetan ezarritakoa Melidako herri-lurrei aplikatuko zaie aspertsioan.

60. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

61. artikulua. Erantzukizunak.

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik gora hartzeak ekarritakoak– erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

62. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

1.–Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, erranen diote Nafarroako Gobernuari edo haren meneko enpresa publikoei eta Melidako Udalari, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten.

2.–Ureztatzaileek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, lurzatietako hodiak hustu eta garbitu beharko dituzte, eta programatzaileen estalkiak itxi.

3.–Ezin izanen dira bide ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu uraren irteera aldatzeko.

4.–Debeku da manipulatzea Udalak aspertsio bidez ureztatzeko ur-harguneetan eta programagailuetan jarritako giltzarrapoa.

63. artikulua.

Adjudikaziodunen bajetatik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau ezartzen da:

1. Familienak diren nekazaritzako lehentasunezko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

2. Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.

3. Udalak zuzenean ustiatzea edo enkante murriztuaren bidez ustiatzea, eta, ondoren, enkante publikoaren bidez hutsik geratzen bada.

64. artikulua.

Kapitulu honetan ezarritakoak ez dio ez Udalari ez inongo herritarri legeek aitortutakoez besteko eskubiderik ematen; eta, era berean, ez die kentzen legeen arabera aitorturik duten eskubiderik ere.

IV. KAPITULUA

Arriskua eta mentura

65. artikulua.

Adjudikazioen arriskua eta mentura adjudikazio-hartzailearen gain egonen dira erabat, eta ezin izanen du prezioa murriztea edo adjudikazioa partzialki desegitea eskatu, ezta inguruabarren batengatik ereiterik ez badu ere, ezta uzta murriztu edo uztarik gabe gelditzen bada ere. Adjudikazio-hartzaileak ponpaketa instalazioetan izaten diren geldialdi teknikoak, konponketak edo mantentze lanak direla-eta gertatzen diren ondorioak bere gain hartuko ditu eta ezin izanen dio inola ere Udalari erantzukizunik eskatu.

V. KAPITULUA

Errekurtsoak

66. artikulua.

Ordenantza hau interpretatzean, Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren gorabehera guztiak, ordenantza hori aplikatzeari dagokionez, errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jaso gabeko kasu berezietan, Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu, herri-lurren aprobetxamenduen arloan indarrean den araudiari jarraikiz. Herri-lurren ordenantza hau onesteko, prozedura honi jarraituko zaio:

1. Kontsultetarako aldi publikoa.

2. Melidako Udaleko osoko bilkuraren hasierako onespena.

3. Jendaurreko aldia, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko epean bidezko juzgatzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

4. Epearen barnean aurkeztutako erreklamazio eta alegazio guztien ebazpena eta behin betiko onespena, osoko bilkuran erabakia.

5. Behin betiko onespenaren iragarkia.

Ordenantza hau aldatu edo eranskinik sartzeko, onesteko erabili den tramitazio bera beteko da, 42. artikuluan ezarritakoari dagokionez izan ezik, bertan bildu baitira, aipatzearren baizik ez, Herri-larreen aprobetxamenduen ordenantzan ezarritako hainbat arau, laborantzako lurrei eragiten dietenak alegia, eta, hortaz, ordenantza horren bidez aldatzen ahalko dira.

LEHEN ERANSKINA

Hona hemen kobratuko den kanona:

–Tradiziozko ureztalurrak:

  • Herri-basoa: 25,3 euro erreguko.
  • Soto Bajo:
  • 1. mailakoak: 29,70 euro erreguko.
  • 2. mailakoak 28,60 euro erreguko.
  • Liria ibarbasoa: 25,30 euro erreguko.
  • Baratzea: 50,00 euro lurzatiko.

–Lehorreko alorra: 4,00 euro erreguko.

–Aspertsio bidezko ureztalurrak:

  • 1. mailakoak: 41,80 euro erreguko.
  • 2. mailakoak 37,40 euro erreguko.
  • 3. mailakoak 31,90 euro erreguko.

Aspertsioko urteko kanonari gehituko zaio Udalak denboraldiaren bukaeran egiten duen banaketa, hain zuzen ere ureztaketa instalazioen gastu orokorrengatik egiten dena, lurzati bakoitzak kontsumitutako uraren arabera.

Lurzati bakoitzaren barneko instalazioak, ur-hargunea eta programatzailea hausteak edo hondatzeak eragindako gastuak adjudikaziodunak ordainduko ditu, eta mantentze-lanetako enpresak faktura igorriko dio.

Urtero, Udalak kontratatutako enpresak instalazioak berrikusiko ditu, eta, kalteak egonez gero, beharrezko konponketak lurzatiaren adjudikaziodunaren kontura izanen dira.

Adjudikaziodunak enkante bidez eskuratzen duenean herri-lurra ustiatzeko eskubidea, eta pertsona juridikoa ere baldin bada, dagokion urteko kanona ordaindu beharko du %50eko bi epetan, adjudikazioa egiten den unean eta abendua eta urtarrila bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2202689