50. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

38/2022 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Kontuen Ganberako lehendakariak emana, erakundearen egoitza elektronikoa eta erregistro elektronikoa arautzen dituena.

Kontuen Ganberako lehendakariak 2015eko urriaren 5ean emandako ebazpenaren bidez, Nafarroako Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoa sortu eta arautzea onetsi zen. Egoitzaren erreferentziako helbide elektronikoaren aldaketa eta ordutik hona gertatutako aldaketak direla eta, erakundearen egoitza elektronikoaren erregulazioa ere aldatu beharra dago, eta horregatik ematen da arau hau.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak (aurrerantzean, 40/2015 Legea) sektore publikoaren jardunbide elektronikoari buruzko arauak jasotzen ditu. Lege horren hogeita bigarren xedapen gehigarriaren arabera, Kontuen Auzitegiaren pareko diren erakunde autonomikoetako organo administratiboen jarduketa administratiboa haien araudi espezifikoan ezarritakoak zuzenduko du, lege horrekin bat jarduketa administratiboa gidatzen duten printzipioen barruan.

Kontuen Ganberak ez duenez araudi espezifikorik administrazio elektronikoaren arloan, beharrezkoa da 40/2015 Legean eta harekin lotutako arauetan ezarritakoa erreferentzia esparrutzat hartzea. 40/2015 Legearen 38.1 artikuluak honela definitzen du egoitza elektronikoa: “Egoitza elektronikoa helbide elektroniko bat da, herritarrek telekomunikazio-sareen

bitartez balia dezaketena. Haren titulartasuna administrazio publiko bati dagokio, edo organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate bati edo batzuei, bere eskumenen egikaritzan”; artikulu horren 3. apartatuan, berriz, honakoa ezartzen du: “Administrazio publiko bakoitzak zehaztuko ditu egoitza elektronikoak eratzeko baldintzak eta tresnak, printzipio hauei jarraituz: gardentasuna, publikotasuna,

erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta

elkarreragingarritasuna. Nolanahi ere, egoitzaren organo titularraren identifikazioa bermatu beharko da, bai eta iradokizunak eta kexak adierazteko balia daitezkeen baliabideak ere”.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan ezartzen duenez, “administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izanen du, hartan idazpena egiteko edozein dokumentu aurkezten edo jasotzen dela ere administrazio horri

lotutako edo haren mendeko edozein administrazio-organo, organismo publiko edo entitatetan”; artikulu horretan, halaber, erregistro horien ezaugarriak arautzen ditu, eta, 7. apartatuan jasotzen denez, “dokumentuak elektronikoki aurkezteko laguntza emanen den bulegoen zerrenda bat publiko egin behar dute administrazio publikoek, eta eguneraturik mantendu”.

Horrenbestez, lehen aipatutakoa kontuan hartuta eta Kontuen Ganberako Langileen Batzordeari jakinarazi ondoren, lehendakari honek, bere ahalmen eta eskumenak baliatuz, Kontuen Ganbera arautzen duen Foru Legearen 6.2 eta 15.2 d) artikuluetan xedatutakoarekin bat, lehendakari honi erakundearen antolaketaren eta barne gobernuaren arloko eskumena aitortzen baitiote,

EBAZTEN DU:

Lehena.–Nafarroako Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoa.

1.–Egoitza elektronikoa telekomunikazio sareen bidez herritarren eskura dagoen helbide elektronikoa da, Kontuen Ganberaren titulartasunekoa. Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoa bat eta bakarra da erakundeko organo eta unitate guztientzat.

2.–Egoitza elektronikoan sartzea.

Egoitzaren erreferentziako helbide elektronikoa hau da: https://camaradecomptos.sedelectronica.es; bertara zuzenean sartzen ahalko da, bai eta erakundearen web-orriaren bidez ere, helbide honetan: https://camaradecomptos.navarra.es./eu

3.–Egoitza elektronikoaren titulartasuna eta haren ardura duten organoak.

Egoitza elektronikoaren titularra Nafarroako Kontuen Ganbera da.

Egoitzaren eduki komunak kudeatzeko eta erakundeko organo eta unitateekin koordinatzeko lana Idazkaritza Nagusiari dagokio.

Egoitzaren kudeaketa teknologikoa Kontuen Ganberako Idazkaritza Nagusiaren eskumena da, eta erakundeko Informatika Sistemetako goi mailako teknikariaren bidez beteko du.

4.–Egoitza elektronikoaren edukia eta ezaugarriak.

Egoitza elektronikoaren bidez eginen dira Administrazio Publikoaren edo herritarren autentifikazioa bitarteko elektronikoen bidez eskatzen duten jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak.

Nafarroako Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoak gutxienez ere eduki hau izanen du:

a) Egoitzaren, haren organo titularraren eta kudeaketaren ardura duen organoaren identifikazioa.

b) Egoitza elektronikoaren bidez eskura jartzen diren edukiei buruzko informazioa.

c) Egoitza elektronikoan sartzeko eta hura erabiltzeko baldintzak.

d) Erabiltzaileak egoitza elektronikoa modu egokian erabiltzeko behar den informazioa, egoitzaren mapa barne, nabigaziorako egitura zehaztuta.

e) Sinadura elektronikorako eta ziurtagiriak egiaztatzeko onartzen diren sistemen zerrenda.

f) Eskura dauden tramite eta zerbitzuen katalogoa.

g) Kexa eta iradokizunen postontzi orokorra.

h) Egoitzaren bidez gauzatzen diren informazio eta komunikazioen konfidentzialtasun, osotasun eta eskuragarritasun baldintzak betetzeari buruzko txostena.

i) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

j) Kontuen Ganberaren Erregistro Elektronikoa eta haren araudia.

k) Data eta ordu ofiziala eta baliogabe deklaratutako egunak.

l) Kontuen Ganberaren iritziz sartu beharreko beste edozein.

Egoitza elektronikoan sartutako informazioak eta zerbitzuek, 40/2015 Legeak ezarri bezala, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak beteko dituzte, gai horri buruz ezarritako arauekin bat, bai eta estandar irekiak eta herritarrentzat erabilera orokorra duten beste batzuk ere.

Egoitza elektronikoan argitaratzen diren edukiek segurtasun eta elkarreragingarritasun irizpideak beteko dituzte, hain zuzen ere Segurtasunaren Eskema Nazionalean (urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean (urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoak.

Bigarrena.–Nafarroako Kontuen Ganberaren erregistro elektronikoa.

1.–Erregistro elektronikoa.

Kontuen Ganberaren erregistro elektronikoan, eskaerak, komunikazioak eta sinadura elektronikoarekin jaso eta bidaltzen diren gainerako agiriak jaso eta igortzeari dagozkien idazpenak eginen dira.

Ebazpen honetan araututa ez dagoen guztian, erregistro elektronikoen arloari dagokionez 39/2015 Legean eta erregelamenduz garatutakoan xedatutakoak aginduko du.

2.–Erregistro elektronikoaren helbidea.

Interesdunak erregistro elektronikoan sartzen ahalko dira Nafarroako Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoaren helbidearen bidez, bai eta Interneteko atariaren bidez ere: https://camaradecomptos.navarra.es./eu.

3.–Ardurak eta organo eskudunak.

Erregistro elektronikoa kudeatzeko lana Nafarroako Kontuen Ganberako idazkaritza nagusiari dagokio, eta hark beteko du, halaber, erregistro horren kudeaketa teknologikoaren eskumena, erakundeko informatika zerbitzuen bitartez.

4.–Egutegia eta epeen zenbaketa.

Erregistro elektronikoaren bidez eskaerak, komunikazioak eta gainerako agiriak aurkezten ahalko dira urteko egun guztietan, hogeita lau orduetan, mantentze-lan tekniko edo operatiboak direla eta, justifikatutako arrazoiengatik egin beharreko etenaldietan izan ezik; etenaldi horiek nahitaezko iraupena baizik ez dute izanen, eta haien berri emanen da erregistroan bertan eta egoitza elektronikoan.

Epeen kontaketa 39/2015 Legearen 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen da. Ondorio horietarako, erregistroan Espainiako data eta ordu ofizialak erabiliko dira, penintsulari, Ceutari, Melillari eta Balear Irlei dagozkiena. Horrela aplikatuko zaie, halaber, erregistro elektronikoan ordutegi ofizial hori ez beste bat duen edozein lurraldetatik sartzen direnei.

5.–Nortasuna egiaztatzea.

Interesdunek eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkezten ahalko dituzte erregistro elektronikoan 39/2015 Legearen 3. artikuluan eta hurrengoetan zehazten den moduan.

Erregistro elektronikoan agiriak aurkezten dituztenen identifikazioa eta aurkeztutako datuen eta agirien sinadura egiteko, Nafarroako Kontuen Ganberaren egoitza elektronikoan onartzen edo erabiltzen diren sinadura elektronikorako sistemen zerrendan ageri den edozein baliatzen ahalko da.

6.–Onartzen diren agiriak.

Erregistro elektronikoa gaituta dago Nafarroako Kontuen Ganberaren eskumenekoak diren jarduketa eta prozeduren gaineko eskaerak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko eta, kasua bada, igortzeko. Erakundearen egoitza elektronikoan eman beharko da horien berri. Egoitza horretan honakoak agertuko dira: erregistroan aurkezten ahal diren agirien zerrenda eguneratua; agiriak, idatziak eta komunikazioak jasotzea eta, kasua bada, igortzea benetan gauzatzeko euskarri, bitarteko eta aplikazio informatiko bateragarrien zerrenda; eta erabiltzen ahal diren sistema eragileak eta nabigatzaileak, baita formatu elektroniko onargarria ere.

Erregistro elektronikoa Erregistroen Interkonexiorako Sisteman sartuta egonen da, eta aukera emanen du bertan sartutako entitateen eskaerak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko eta, kasua bada, haiei igortzeko ere.

Erregistro elektronikoak atzera botatzen ahalko ditu ezaugarri hauetakoren bat betetzen duten agiri elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezakeen gailuren bat dutenak.

b) Prozedura zehatz batean ezarritako eredu espezifikoak erabiltzen ez direnean.

c) Agiri normalizatuen erabilera eskatzen duten prozeduretan, agiria onesteko ebazpenean nahitaezkoak diren eremuak betetzen ez direnean, edo haien tratamendua galarazten duten inkongruentziak edo omisioak dituenean, horrek ukatu gabe agiria onartzeko aukera eta ondoren zuzentzeko eskatzea.

d) Erregistroen Interkonexiorako Sisteman sartuta ez dagoen entitate bati zuzenduta egotea.

7.–Jaso izanaren agiria.

Erregistro elektronikoak gordekin bat emanen die eskaera, idatzi edo komunikazio bat aurkezten duten interesdunei, aurkezpenaren egiaztagiri gisakoa, eta bertan adierazita egonen dira igorlearen identifikazio datuak, aurkezpenaren eguna eta ordua eta transmisioaren identifikazio-gako bat. Antzeko gordekin bat emanen da erregistro elektronikotik beste pertsona fisiko edo juridiko batentzako edozein agiri bidaltzen denean.

8.–Elkarreragingarritasuna, segurtasuna, irisgarritasuna eta datuen babesa.

Erregistro elektronikoak bitarteko egokiak izanen ditu, antolaketakoak nahiz teknikoak, erregistro elektronikoaren elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan eta Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Erregistro elektronikoaren diseinuak beteko ditu azaroaren 12ko 1494/2007 Errege Dekretuan ezarritako irisgarritasun baldintzak. Errege dekretu horren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearekin eta masa-hedabideekin lotutako teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko oinarrizko baldintzei buruzko erregelamendua.

Erregistro elektronikoaren bidez eskuratzen diren datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta aplikagarria den gainerako araudian xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Kontuen Ganberako informatika sistemetako goi mailako teknikariari, idazkari nagusiari, administratzaileari eta gainerako langileei. Era berean, ebazpen hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontuen Ganberaren web-orrian argitara dadila agintzen da.

Iruñean, 2022ko otsailaren 22an.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

Iragarkiaren kodea: F2202736