5. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

94E/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 18koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana.

271/2019 Foru Dekretuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa zehazten du, eta haren titularrari esleitzen dio bere eskumen esparruan ekintza planak onartzea. Halaber, ezartzen du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia arduratuko dela Nafarroako kanpo ekintza planifikatzeaz, koordinatzeaz eta bultzatzeaz.

Eskumen horiei jarraikiz, oinarrizko dokumentu bat egin da, eta, ondoren, parte-hartze prozesu bat. Prozesu horretan, honako hauen iritzia jaso da: Europako proiektuen kudeatzaileak, dokumentuaren edukiari lotutako eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko zuzendaritza nagusiak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko langileak, eta eragile sozioekonomikoak, unibertsitatekoak eta berrikuntzakoak.

Plan horren helburu nagusia Nafarroa Europan eta munduan eragile global baten gisara kokatzea da, bere erkidegoaren aldeko itunak eta lankidetzak bilatzeko. Horretarako, planak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren politikak gidatuko dituen ibilbide-orri bat ezartzen du datozen lau urteetarako, noiz eta Europar Batasunaren programazio aldi berri baten hasierarekin bat datorren une honetan, 2021-2027 aldirako urte anitzeko finantza esparruaren barruan.

Oinarrien dokumentua aberasteko prozesua bukatu eta lantaldeetan egindako ekarpenak dokumentuan sartu ondoren, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari dagokio hura onestea.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana. Plana foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau eta 2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana igortzea Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Foru agindu hau eta 2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana Nafarroako Parlamentura igortzea, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren bitartez, foru erakunde horrek haien berri izan dezaten.

4. Argitara ematea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta 2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren web-orrian, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko azaroaren 18an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

2021-2024 Kanpo Ekintzaren Plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2117905