48. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95E/2022 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Araiz eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako eta haren ebakuazio azpiegituretarako. Proiektua Erriberriko udal-mugartean egitekoa da, Bodegas Pagos de Araiz SAk sustatuta.

1.–Proiektuaren deskribapena eta kokalekua.

Proiektuaren xedea da Araiz eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzea; 30 kilovolteko linea elektrikoaren bidez lotuko zaio, lur azpiko zanga bidez, Araiz 220/30 kV azpiestazio jasotzaileari, eta ebakuazio bidea Araiz GTLL TAE - Olite Promotores TAE 220/132 kV linea (proiektatuta eta onetsitakoa) izanen da. Linea horrek, 692 metrokoak, Erriberriko udal-mugartean egiten du bide osoa, Olite Promotores TAErekiko konexioraino; azken honek ondoan dagoen eta Red Eléctrica de España (REE) sarearen jabetzakoa den Olite 220 TAEra isurtzen du energia.

Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ezartzen duen kontsulta tramitean aurreikusitakoarekin bat jaso diren txostenak ikusita, sustatzaileak hasierako proposamena aldatu du, panelen kokapena eta haien ezaugarriak aldatu baititu, lurzoruaren erabilera optimizatzeko, betiere ezaugarri orokorrei eutsiz. Gainera, linea elektrikoen trazatua eguneratzen du, transformazio zentroen kokapenera egokitzeko.

Jarduketaren eremua Pagos de Araiz upategiaren ardantzearen zati bat da, Erriberriko udal-mugartearen hegoaldean, bi komunikazio bideren artean kokatua: mendebaldean, 1,3 km-ra, Nafarroako AP-15 Autopista du, eta ekialdean, 1,8 km-ra, N-121 errepidea.

Instalazioak Erriberriko lurzatien katastroko 238. lurzatietako batzuk okupatzen ditu (A, AA, AC, AD, AE, AL, AV, B, C, D, G, L, M, O, P, Q, R eta T azpizatiak), 6. poligonoko 240. lurzatia (A azpizatia), eta 5. poligonoko 303. Lurzatia (F azpizatia), eta 308. lurzatia (A eta B azpizatiak). Hasierako aurreikuspenen arabera, instalazioek 88,84 ha okupatu behar zituzten, hesitako azalera kontuan hartuta. Proposamen berrian, emandako txostenak aintzat hartu ondoren, eta Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruzko ingurumen txosten estrategikoak ezartzen dituen baldintzak betez, plantaren okupazioaren azalera nabarmen murriztuta aurkezten da, 62,49 ha okupatuko baititu, hesiz zedarritutako 12 azpieremutan banatuta.

Beraz, eguzki instalazioak honako ekipo nagusiak izanen ditu: 91.616 modulu fotovoltaiko, 1.636 jarraitzaile fotovoltaiko, 200 inbertsore fotovoltaiko eta 9 transformazio zentro, non transformadore trifasikoak kokatzen diren, energia tentsioa jasotzeko azpiestaziora eramaten duten lur azpiko lineak, eta horiekin batera, instalazioek behar dituzten gainerako azpi sistema guztiak (obra zibila, sarbideak, etab.). Instalazio fotovoltaikoa osatzen duten blokeetarako sarbide guztiak N-121 errepidetik ateratzen diren bideak dira.

Araiz 220/30kV azpiestazioa Erriberriko 5. poligonoko 308. lurzatian kokatzen da. Maila bakarrean eraikitzen da, zabor-legarrez nibelatutako 80 cm-ko lodierako eta 100 x 70 metroko azalerako plataforma baten gainean, eta horrez gain, funtzionatzeko behar dituen gainerako azpiegiturak: zanga eta putzuetan sartutako kondukzio elektrikoak, potentzia transformadorearen bankadak, kontrol eraikina, barne hartuko dituena ur hornikuntza lur azpiko tanga batez eta uhagez osatua, euri urak drainatzeko sarea eta saneamendu sistema, lur azpiko tanga dekantatzaile-digestore bat eta iragazki biologikoa, etab. Hesiz inguratua egonen da.

Azpiestazio berrian tentsioa igotzen da konektatzeko 220 kV-an, eta handik energia ebakuatzen da 692 metroko lur azpiko linea berri baten bidez, Olite 220kV azpiestazioraino.

Proiektuarekin batera ingurumen eraginaren azterketa (IEA) igorri da, 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa eta VI. eranskinean deskribatutako edukia betetzen dituena. IEAk alternatibak aztertzen ditu, alderdirik garrantzitsuenak biltzen ditu, eta proiektuaren ezarpenean, funtzionamenduan eta eraispenean izan litezkeen eraginak identifikatu eta deskribatzen ditu. Azterketak ondorioztatu du eraginak, oro har, ez direla adierazgarriak, edo bateragarriak direla, eta eragin arina dutela zenbait faktoretan bakarrik (erliebea, paisaia eta fauna). Neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta osagarriak ezartzen ditu, ingurumen aldetik proiektua bateragarri egiteko, baina ez dira aski, eta horregatik proposatzen dira hainbat neurri gehigarri, ingurumen eraginaren adierazpen honetan jasotzen direnak. Ingurumena zaintzeko plana ere aurkeztu da, eta egokia eta aski da.

2.–Prozeduraren tramitazioa.

Aurrekariak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak abenduaren 2an emandako 1285E/2020 ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa formulatu zen Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruz; sustatzailea Bodegas Pagos de Araiz SA da, eta helburua, berriz, Pagos de Araiz upategiaren mahastigintzako eta ardogintzako ustiategian integratutako nekazaritzako zenbait lurzatiren hirigintza sailkapena aldatzea, Nafarroako Ubidearen ureztatze eremutik (IV.4 sektorea) ateratzeko eta bertan parke fotovoltaiko baten instalazioa sustatzeko. Eremu ureztagarrien izaera galduta, proposatzen den aldaketaren bidez beste hirigintza kategorizazio bat emanen zaie ukitutako lurzatiei. Hala, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik (Nafarroako ubidearen eremu ureztagarriak) ustiapen naturalerako gorde beharreko lur izatera (laboreak) pasako dira.

Proposatutako aldaketaren aldeko Ebazpenak baldintza hauek ezartzen ditu: gutxienez 25 metroko babes-zerrenda bat ezartzea inguru guztian eta lurzatien barneko aldera, Parralla errekaren inguruan eta azpiestazio elektrikoaren iparraldean dagoen errekaren inguruan (proiektuko 4-erreka); lurzoruaren kategoria “zuhaixka eta belar formazioak” ereduan sartzea 5. poligonoko 303. I, 303. J eta 306. J azpizatietako balio handiko belardiak eta elementuak, nahitaez kontserbatu beharrekoak, eta instalazio edo/eta eraikinetatik libre egonen den eremu bat zehaztea lurzatien mugan diren eremuetan eta espartzu, pinu eta sasitza mediterraneoz osatutako landaredia naturaleko guneetan (6. poligonoko 238. H, 238. K eta 238. D azpizatietan eta 5. poligonoko 303. F azpizatian).

Proiektuaren ezaugarriengatik, abenduaren 9ko Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 i) Taldean sartzen da, hau da, Energia elektrikoa eguzki energiatik ekoitzi eta sarera saltzeko helburua duten instalazioen taldean, I. eranskinean sartzen ez direnak, eta instalatzen ez direnak dauden eraikinen estalki edo teilatuetan, edo hiri-lurzoruetan, eta 10 hektarea baino gehiagoko azalera okupatzen dutenak. Aipatu arauak 7.1.d artikuluan ezartzen du Legearen II. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela, sustatzaileak eskatzen duenean.

Sustatzaileak proiektua eta eraginaren azterketa aurkeztu ditu, organo eskudunaren aurrean, 2020ko abuztuaren 20an. Zerbitzu horrek, 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatuarekin bat, proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jarri zituen jendaurrean 30 egunez, eta iragarkia 2020ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 22an. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Horrez gain, 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta erantzuteko 6 txosten jaso dira, erakunde hauetatik: Ondare Historikoaren Zerbitzua, Erriberriko Udala, Lurralde Antolamenduaren Zerbitzua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Red Eléctrica de España SAU eta Ingurumen Eraginaren Atala; 2021eko abuztuaren 11ko idazki baten bidez igorri zitzaizkion sustatzaileari, proiektuaren eta ingurumen eraginaren azterketaren proposamen berri bat prestatzerakoan aintzat har zitzan. Aurreko txosten horien edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Proiektua baimentzeko dagokion prozeduraren barnean, sustatzaileak aurkeztu du, 2021eko azaroaren 30ean eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, PFV ARAIZ (5046-EB) proiektuaren ingurumen ebaluazioa hasteko eskaera.

Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

3.–Espedientearen analisi teknikoa.

a) Alternatiben analisia.

Ingurumen eraginaren azterketak barne hartzen du alternatiben analisia, 50 Mw-ko parke fotovoltaikoa instalatzeko Pagos de Araiz enpresa sustatzailearen jabetzako lur eremuan. Planteatutako alternatibek (bi gehi 0 alternatiba) helburua dute ikuspegi teknikotik eta ingurumen eragin txikienaren ikuspegitik instalazioaren azpieremuak kokatzeko lekurik egokiena aurkitzea. Hautatutako alternatiba bat dator Ingurumeneko zuzendari nagusiak orain tramitatzen ari den proiektuaren sustatzaileak bultzatutako Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruz abenduaren 2an eman zuen 1285E/2020 Ebazpenaren bidez formulatutako ingurumen eraginaren txosten estrategikoan jasotzen diren zehaztapenekin.

b) Proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

Proiektuak nekazaritzako eremuak okupatzen ditu, Pagos de Araiz upategiaren ardantzeei dagozkienak. Etengabeko ureztaketako labore-eremuak dira, mahats-sareen eran antolatuak, hainbat erreka txikiren sare batek zeharkatzen dituenak eta, uholdeen nolabaiteko arriskua dutenak inguru hurbilenean, ibaien eremu alubialei buruz jasotako informazioen arabera.

Erliebea muino txikiek eta malda samurrez edo ia lauez eratutako sakonera gutxiko ibar zabalek eratzen dute, eta aipatutako erreka txikien sareak drainatzen ditu. Proiektuaren obra zibilaren gaineko kalkuluen arabera, lur mugimenduek 12.748 m³-ko lur soberakina eraginen dute, haietatik zati handi bat obran berean erabiltzen direla. Bolumen horri gehitzen zaio ezarpenean zabalduko diren zangen ondorioz sortutako lurren bolumena (15.688,84 m³).

Proiektuaren eragina jasanen duen faktorerik garrantzitsuena, IEAren arabera, Parralla edo Vallacuera erreka da, alboetan dituen izenik gabeko lau erreken urak biltzen dituen ardatz nagusia. Pagos de Araiz upategiko ardantzeen eremura sartzen den arte, errekak lehorreko labore ureztatuak zeharkatzen ditu, eta ur-ibilgu bat eta eragin-eremu bat kontserbatzen ditu upategiaren entitate handieneko lur eremuaren iparraldean, non EBk interesgarri izendatutako habitatak dauden, esaterako, espartzu sailak (1510 habitata) eta belardi-ihidi halofilo mediterraneoak (1410 habitata), ia zuhaitz edo zuhaixkarik gabeak. Proiektuaren esparruan, nekazaritzarako aldaketa ugari egin izanak erreka oso nabarmen murriztu du, eta orain 11 metroko batez besteko zabalera duen ubide bihurtuta dago, eta hari lotuta bi belardi bakarrik kontserbatu dira (238C azpizatia eta urak 238Y azpizatiaren azpian). Proiektuaren esparruaren barnean azpimarragarria da baso landaredia agertzea magal malkartsu batean, gehienbat Aleppo pinuez eta, gutxiago bada ere, erkametzez osatua (6. poligonoko 238. AO azpizatia), baina ez du proiektuaren eraginik jasanen.

Berezko landarediaren gunerik ia batere ez dela, nekazaritza jarduerak homogeneizatutako ingurune zabal batean, Parralla erreka eta izenik gabeko erreka, azpiestazio elektrikoaren iparraldean (4-erreka, proiektuaren arabera), lursail-kontzentrazioko prozesuaren ondoren ere nahitaez kontserbatu beharreko elementu gisa ageri direnak, Zidakos errekaren eskuin ertzeko pasabide eta konektore biologiko nagusiak dira; Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaileak, leku erabilgarria bermatzeko ibai sistemaren eta drainatze sarearen inguruan, haien ingurumen balioa, haien eragin eremua eta erreka mota horiek euri handien garaian izaten dituzten dinamika higatzaile indartsuak kontuan hartuta, bere baldintzen artean jasotzen du gutxienez 25 metroko babes-esparrua ezarri behar dela haien inguruan.

Beste alde batetik, lekuan bertan egiaztatu da ilara bakar batean eta zatika, bai erreka nagusian, bai hura elikatzen duten izenik gabeko erreken inguruan, zuhaixka eta zuhaitz espezie landatuak ageri direla (Tamarix sp, Eleagnus angustifolia, Crataegus monogyna...), dibertsitatea ekartzen dutenak eta babes eta habitat ematen dizkiotenak inguruko faunari. Upategiaren instalazioetara sartzeko bidearen inguruan ere heskai joria sortu da, ongi eratua eta tantakako ureztatze sistemaz mantentzen dena, espezie mediterraneoez osatua (erromeroa, gurbitza, txorbeltza, basa erramua, legeltxorra...).

Ingurumen eraginaren azterketak fauna taldeei buruzko informazioa ere ematen du, Urteko zikloko abifaunaren jarraipena Pagos de Araiz upategia Eguzki Instalazioan eta Ebakuazioko Azpiegituran izeneko txostenean oinarritua (LEKUONA 2020). Gainerako fauna taldeentzat, eskura dagoen informazio bibliografikoa eta faunaren gaineko azterketa idatzi duen taldeak berak lortutako datuak aztertuta atera da informazioa.

Azterketa esparruaren barnean, ureztatutako nekazaritza matrize bat nagusi dela (ardantzeak eta labore sailen bat), espezie interesgarriak gordetzeko gaitasuna duten zenbait biotopo identifikatzen dira, adibidez, Parralla erreka eta La Planako estepa eremua, eguzki-parkearen hegoaldean kokatzen dena. Abifaunaren inbentario espezifikotik ondorioztatzen da hegazti talde ugariena ingurune irekiei eta lehorreko laboreei lotutako espezieak direla. Katalogatutako espezie interesgarri hauek detektatu dira: mirotz zuria (Circus cyaneus), Nauman belatza (Falco naumanni) eta antzandobi handia (Lanius excubitor). Azterketaren esparruan dauden estepako hegaztiak hauek dira: atalarra (Burhinus oedicnemus), mirotz urdina (Circus pygargus) eta Naumann belatza (Falco naumanni) ezkontza ondoko etzaleku-kolonia batekin Olite TAEn, instalazio fotovoltaikotik oso hurbil. Espezie horiek guztiak jasotzen dira Babes Bereziko araubidean dauden Basa Espezieen Nafarroako Zerrendan (urriaren 16ko 254/2019 Foru Dekretua) edo/eta Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Zerrendan eta Espezie Mehatxatuen Katalogo Espainiarrean, batzuk Galzorian eta Kaltebera kategorietan, adibidez mirotz urdina eta mirotz zuria, Naumann belatza edo atalarra, hurrenez hurren.

Hain zuzen ere, ingurumen eraginaren azterketak aipatzen duen inbentarioak atalarra hegoaldean detektatu du, ardantze ekologikoen labore batean, eta datu hori garrantzitsua izan da proiektua bateragarri eginen duten neurri osagarriak ezartzeko unean. Proiektuaren esparrua zeharkatzen duten errekak oso habitat egokiak dira ur espezie batzuentzat eta apoarmatu istilzalearentzat (Emys orbicuaris), igaraba europarrarentzat (Lutra lutra) eta bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola). Kiropteroei dagokienez, gaueko inbentarioetan jasotzen dira zortzi espezie inguru, ugariena dela saguzarra (Pipistrellus pipistrellus), eta Cabrerako saguzarra (Pipistrellus pygmaeus).

Eraginaren azterketak konektagarritasunari buruzko analisi bat jasotzen du, proiektuaren esparrua okupatzen duen nekazaritza matrize zabalaren barruko pasabide ekologiko nagusiak identifikatzen dituena. Konektagarritasunaren analisiak ondorioztatzen du azterketaren esparruan badirela gunearen iragazkortasuna bermatzen duten elementuak, eta iraganbide ekologiko baten funtzioak egiten dituztela, faunaren joan-etorriak erraztuz; erreka sare bat dira, adierazgarrienak “4” erreka eta Parralla erreka direla, azken hori lurraldea konektatzen duena Tafallako El Planotik Zidakos errekaraino.

Proiektuak ukitzen duen eremuaren hegoaldea Traviesa 5 izeneko abelbideak zeharkatzen du, baina modulu fotovoltaikoen kokapena handik urrun da eta, bermatua dago eraginik ez izatea.

Proiektuak zuzenean eragiten dio 42.000 m²-ko azalera duen Corraliza de la Parralla izeneko 3. graduko aztarnategi arkeologiko bati. Aztarnategia 3. kategoriakoa izanda, haren azalera okupatu daiteke eta lur mugimenduak egin daitezke, dagokion baimena eskatuta eta arkeologoen ikuskaritza lekuan bertan eginez.

Eremu babestuen gaineko eraginari dagokionez, ingurumen eraginaren azterketak dio proiektuak ez duela ukitzen inongo babes figurarik, baina hala ere, azterketaren esparruaren hegoaldean kokatzen du kategoria altuko estepa eremua, “Erriberriko Merindadeko labore estepak”, eta zehazki, “La Plana” azpieremua. Horri buruz, esan daiteke eraginik handiena larreratzeko azaleraren galerari dagokiona izanen dela, bereziki, “La Plana” eremutik kanpo kokatzen diren Naumann belatz kolonientzat, baina eragin hori onargarritzat jotzen da, ezabatzen den azalera txikia baita, inguruneko antzeko ezaugarriak dituen azaleraren aldean (ardantzea), eta duen ingurumen balio eskasagatik.

Arriskuen analisiak onartzen du aztertutako arrisku bakar bat ere ez dela munta handikoa.

Paisaiaren gaineko eraginaren ebaluazioak “Paisaiari buruzko Azterketa” (2017) du oinarri. Hartan zedarritu ziren Erdialdeak LAP 4 Lurraldearen Antolamendu Planari dagokion lurralde eremuko paisaia unitateak. Haren arabera, Araiz eguzki-planta fotovoltaikoa, eta orobat azpiestazio fotovoltaikoa, “Frailaren Mahaia eta Valtraviesa erreka” paisaia-unitatearen gainean instalatzea aurreikusten da. Nekazaritza paisaia da, eremuaren topografiara egokitua, zelai ondulatu eta mahaiekin. Haren gainean ureztalur bihurtzeko jarduketak egin dira, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrietan integratuak, eta haien kalitate globalaren balorazioa “baxua-ertaina” da. Ikusizko hauskortasunari dagokionez, instalazio berriaren ikusgarritasun graduaren bidez aztertua, “Tafallako eta Erriberriko mendioinetako eta Arga Erdialdeko Ibarreko paisaiari buruzko dokumentua” izeneko txostenak erakusten du, aztertutako eremuan, eguneroko ikusgarritasuna oso baxua dela, eta paisaiaz gozatzeko aukera, berriz, hutsa dela.

Ingurumen organo honek lekuan bertan egindako azterketaren ondoren, egiaztatu da modulu fotovoltaikoen ikusgarritasuna, finka zeharkatzen duten barneko bideetatik, handiagoa dela aztertutako eremua iparretik hegora, mendebaldetik, zedarritzen duen bidearen ondoan kokatutako azpieremuetatik. Nolanahi ere, behatzaileek oso gutxitan ibiltzen duten bidea da hori. Parke fotovoltaikoa eratzen duten gainerako azpieremuek, bide nagusietatik aparte, eta zehazki, upategiaren instalazioetara sartzen den bidetik aparte, ikusizko trinkotasun baxuko arro bisual batean kokatuta, ikusgarritasun baxua erakusten dute, eta beraz, paisaiaren gaineko eragin erantsi baxua dute.

IEAren ondorio nagusia da proiektuak, bere fase desberdinetan, ez duela eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, erliebe leuneko eremu zabalak okupatzen dituelako, ikusgarritasun gutxiko eta jendearen erabilera baxuko eremu batean, eta ukitzen dituela ingurumen balio handirik gabeko ardantzeak, salbu eta proiektuaren eremua zeharkatzen duten errekak, eta horien gainean ezarri beharko direla neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta osagarriak. Oro har, ingurumen eraginak bateragarri edo ez adierazgarritzat jotzen dira, salbu eta moderatutzat jotzen diren hainbat eragin. Ingurune sozioekonomikoaren gaineko eragina positibotzat jotzen da.

IEAren azken ondorioa da neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta osagarriak aplikatu ondoren, eta ingurumen jarraipeneko plana inplementatu ondoren, Araiz Eguzki Instalazio Fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren eragin globala bateragarritzat jotzen dela.

4.–Ingurumen organoaren balorazioa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondoren, ondorioztatzen du ingurumen eraginaren ebaluazioa egoki egin dela, eta hautatutako alternatibarekin bat dator, ingurumen aldetik bideragarria jotzen baitu, eta ondorioztatuz proiektuak, aurreikuspenen arabera, ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, eta ingurumen eraginaren azterketan aurreikusitako neurriak, gehi ebazpen honetan jasotzen direnak, haren eraginen prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio egokien berme nahikoa direla; beraz, ingurumen eraginaren adierazpena formulatzea proposatzen du, ingurumen eraginei dagokienez bakarrik, proiektua aurrera eramatea bideragarria dela erabakiz.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena ematea Araiz eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegiturak aurrera eramateko proiektuari, Erriberriko udal-mugartean, Bodegas Pagos de Araiz SAk sustatuta.

2. Proiektua espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela ezartzea, eta, gainera, baldintza hauek beteko direla:

1.–Ingurumeneko zuzendari nagusiak abenduaren 2an emandako 1285E/2020 Ebazpenean jasotzen denaren arabera, eta proiektuan adierazten denaren arabera, esparru bat gorde beharko da (zelai alubialaren lurzoruetan kokatua), gutxienez 25 metrokoa, Parralla errekarekin eta 4-errekarekin mugakide diren azpizatietan, eta haien barneko alderantz, eremu horien baldintza naturalak neurri batean lehengoratzen direla bermatzeko aukera emanen duen esparrua izan dadin. Beraz, proposatutako babes zerrenda zabaldu beharko da, hegoaldetik 4. erreka izengabearekin mugakide diren azpieremuetan, haren gainean orain arte ezarritako babes zerrenda 10 metrokoa izan delako; horrek modulu fotovoltaikoen kokapen berria behartzen du, aipatutako ur-ibilgutik urrunago.

2.–Planteamendu berria gauzatzen den bitartean obrako zintaz balizatuko dira obrek ukituko dituzten eremu guztiak, muga egiten badute eremuko erreka, zuhaixka-multzo edo belardiren batekin, barne direla behin-behineko sarbideak eta behin betikoak, makineriaren iraganbideak eta aldameneko eremuak.

3.–Lurra berdintzeko lanek ez dute sortuko 2-3 metro baino gehiagoko lur-erauzketarik edo ezpondarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta-ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.

4.–IEAk adierazten duenez, lurraren indusketa edo erauzketa lanek ukitzen dituzten eremuetako azalera aldez aurretik erauzi eta bilduko da, modu egokian, horretarako prestatutako lekuetan.

5.–Obrek ukitzen dituzten eremu guztiak, eta bereziki jarraitzaileen arteko lurrak, berriro harrotuko dira, ereiteko prestatuko dira, eta inguru horretan berezkoak diren espezieen nahasketa bat ereinen da, malda moderatuen kasuan hidroereitea erabiliz.

6.–Obran berean erabiliko ez diren lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

7.–Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira, eta sedimentuak eramaten badituzte eremua zeharkatzen duten erreketara, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze-urei eusteko sistema sendoetara bideratuz; urak drainatze-sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

8.–IEAn, 4-erreka zeharkatzen duen tentsio ertaineko linea elektrikoari buruzko neurriek proposatzen zuten haren trazatua eramatea han dagoen bidearen azpitik, errekaren oraingo morfologia ukitu gabe, eta makineriak ibilguaren kanpo aldetik lan egitea; neurri hori bera eramanen da inguruko errekak zeharkatzen diren lekuetara ere, bereziki Parralla erreka zeharkatzen den lekura. Kasu guztietan ere, aldez aurretik, lanerako kalea eta ukituko diren eremuak balizatuko dira, eta era berezian zainduko dira 4-errekako ertzetako lanak, hango belardia sartzen ahal delako espartzu-sailen lehentasunezko habitatean (1510).

9.–Gainera, IEAk adierazten duenez, dauden bideen hobekuntzarako, edo ur-ibilguen ondotik doazen kondukzioko zangak egiteko, plataforma zabaldu behar bada, zabaltze hori eginen da errekak dauden eremuaren beste alderantz, alboko nekazaritza eremuak okupatuz, ur-ibilguak eta haien landaredia ukitu gabe.

10.–Neurri osagarri gisa, pasabide berdeak sortuko dira, proposatzen den lehengoratze plana osatzeko landaketak gehituz, Corraliza de la Parralla izeneko finka zeharkatzen duten erreka guztietan: Lau izenik gabeko erreka eta Parralla erreka nagusia, eta horiez gain, bi bide nagusietan: mendebaldetik ekialdera finka erdiz erdi zeharkatzen duen bidean, eta iparretik hegora eremuaren mendebaldea zeharkatzen duen bidean (IEAn proposatzen den bakarra da milazka 250 oin eta 600 zuhaixka landatzea, landaketa-proiektuko esparruaren arabera, Parralla errekaren ertzeko 60 metroko luzera estaliko luketena). Horretarako, erreka horietan landatuko da, gutxienez ertz batean, haren luzera osoaren ehuneko hirurogei estaliz, milazka ilara bat (Tamarix canariensis eta T. africana), Aragoiko gatz-lurretako serie halohigrofiloari dagozkion espezieak baitira, 4 metroko tarteak utziz aletik alera. Bideetan, erreketan erabilitako eredu berari jarraikiz, ertz batean gutxienez, eta tarteka-tarteka, ilara bat zuhaixka hostoiraunkor landatuko da, 2 metroko tartea utziz aletik alera; espezie hauek landatuko dira: erromeroa (Rosmarinus officinalis), legeltxorra (Pistacea lentiscus), gurbitza (Arbutus unedo) edo txorbeltza (Ramnus alaternus). Landaketa horiei ura eta behar diren zaintzak emanen zaizkie, egoera egokian daudela bermatzeko, instalazioaren ustiapenak irauten duen denbora osoan, eta artzaintzaren kaltetik babestuko dira.

11.–IEAn proposatutako gainerako neurriak egokitzat jotzen dira: oraingo ardantzearen (64 ha) zati bat eraldatu eta ardantze ekologikoa bihurtzea, eremu horretan dabilen atalarraren populazioa finkatzeko eta laguntzeko; eboluzio naturalean mantentzea 6 ha eremuko erreka nagusien inguruan; habia-kaxak instalatzea upategiaren ardantzearen ilara artean, eta habia-teilak ere bai, 6. poligonoko 238. AQ lurzatian biltegi gisa erabilitako eraikinean.

12.–Egokitzat jotzen da, halaber, ehiza-lekuetako idoien antzekoak sortzea, baina gomendatzen da gutxienez bi idoi egitea, eta horiek mantentzea eguzki-parkearen iraupen baliagarri osoan. Idoiak txikiak izanen dira, eta panel fotovoltaikoetatik urrun kokatuko dira, udako lehorteetan funtzionalak izanen direla bermatzen duten toki estrategikoetan. Idoien ingurua soilduta egonen da, eta ez da hesitzen ahalko; halaber, ez da landatzen ahalko ez zuhaitzik, ez zuhaixkarik. Ezponda leunak izanen dituzte, eta ezpondaren tarteren batean, malda, gehienez ere, 2H/1V-koa izanen da. Kokapena eta diseinua hautatzeko, aholkua eskatzen ahal zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, zeinak proposamena balidatu behar baitu gauzatu baino lehen.

13.–Ardantzea kontserbatuko da, ahal den neurrian, gutxienez bost metroko zerrenda batean, bide nagusien (gehien erabiltzen direnak) eta panel fotovoltaikoen azpieremuetako itxituren artean, mahatsondoak baliagarriak izan daitezen inpaktu bisualaren aurkako pantaila gisa, eta paisaiaren gaineko inpaktua murrizteko.

14.–Hesia ehiza-eremuetako hesien erakoa izanen da, IEAn iragazkortasunari eta seinalizazioari buruz jasotako jarraibideak beteko ditu, eta ez du arantzarik izanen itxituraren azken harian (proiektuak aurreikusten du azken hiru hariak alanbre arantzatsuak izatea).

15.–IEAn ingurumen zaintzarako proposatutako plana beteko da, arreta berezia jarriz hauetan:

a) Eboluzio librean uzten diren lur azaleren kontrola.

b) Landare-berritzea (landaketak erreka eta bide ertzetan), lur azalera lauak eta ezpondak ereitea edo hidroereitea.

c) Eguzki-instalazioan, ur-ibilguetan eta Pagos de Araiz upategiaren ardantzeetan bizi edo elikatzen diren hegazti txikien eta beste hainbat animaliaren urteko errolda egitea (igaraba, bisoia, atalarra, Naumann belatza eta apoarmatu europarra).

d) Egiaztatzea ardantze ekologikoa bihurtzen den, atalarraren populazioak finkatzeko eta hobetzeko habitat egokia den, eta Naumann belatzaren populazioak hobetzeko inplementatutako sistemak eraginkorrak diren.

Nolanahi ere, prebentzioa, lehengoratzea eta konpentsazioa bermatzeko hartutako neurriek huts egin dutela egiaztatuko balitz, neurri berriak ezartzeko arrazoiak zehaztuko dira.

Ingurumen jarraipenaren emaitza, lehen azaldutako alderdiei dagokienez, behinik behin, dokumentu batean jasoko da, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusi honen Biodibertsitatearen Zerbitzuaren esku jarriko da, faunaren urteko errolda bakoitza amaitzean, gutxienez hasierako bi urteetan, eguzki-instalazioa funtzionamenduan jarri ondoren; epe hori berrikus daiteke, lortutako emaitzen arabera.

16.–Lanak egin bitartean, (zuinketa eta lur-mugimenduak) jarraipen arkeologikoa eginen du teknikari espezializatu batek, aurkikuntza berriak kokatzeko eta baloratzeko, eta hartu beharreko neurri egokiak zehazteko. Lanak egin bitartean aztarnategi edo hondakin interesgarri berririk aurkituko balitz, indarreko legedia betetzeko neurri egokiak hartuko dira, eta premiazko esku-hartze arkeologikoa eginen litzateke; horren hedapena Vianako Printzea Institutua-Kultura Zuzendaritza nagusiak zehaztuko luke.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen honen berri ematea Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, organo eskuduna den aldetik, proiektua baimentzeko prozeduran parte har dezan, eta Basozainei (Tafalla-Zangoza barrutia: ogfotafa10@cfnavarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoen kontsulta-tramitearen emaitza

Ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritako aldez aurreko kontsulta-tramitea egin denean, 6 erantzun jaso dira, erakunde hauetatik:

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren Ondare Arkitektonikoaren Atalak, irailaren 23an, adierazi du ukipenik ez dagoela, bere eskumenei dagokienez.

Erriberriko Udalak, 2020ko urriaren 7an adierazi du eguzki-parkea ezartzen dela sustatzaileen jabegoko lurzatietan, eta guztiak ere Olite azpiestazio elektrikoaren inguruetan kokatzen direla. Eguzki-jarraitzaileen kokapena hautatzeko irizpidea izan da orain mahats-ekoizpenerako erabiltzen diren lurzatien errendimendua. Ebakuazio lineek izan ditzaketen alternatibek ez dute garrantzi handirik, jarraitzaileak, transformazio-zentroak eta egitekoa den azpiestazio berriak Olite Azpiestazioaren inguruan kokatzen direlako, eta ingurumen eragina aldatuko duten alternatiben aukerarik ia ez dagoelako. Azkenik, txostenak amaitzen du aldeko irizpena emanez Araiz Eguzki Parke Fotovoltaikoari, Corraliza de la Parralla parajean; hala ere, txostenak berak dio Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea tramitatzen ari dela, eta proiektuaren esparruko lurzatien gaineko eragina duela eta, beraz, txostena berriro aztertu beharko dela, aldaketa-espedientea amaitu ondoren.

Ingurumen Eraginaren Atalak, 2021eko abuztuaren 4an, adierazi du proiektuak jaso beharko dituela Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaileari buruzko ingurumen txosten estrategikoan ezarritako jarraibideak. Gainera, adierazi dute ingurumen tramitaziorako aurkeztuko den ingurumen eraginari buruzko azken txostenak bere edukia egokitu beharko duela ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, era berezian aintzat hartuz alderdi hauek: Naumann belatzaren (Falco naumanni) gaineko ingurumen eraginaren analisia, espezie kaltebera gisa katalogatua baitago (urriaren 16ko 254/2019 Foru Dekretua), eta hala jasoa Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Nafarroako zerrendan, inguru hartako azpiestazioan dabilela egiaztatu delako; eboluzio naturaleko eremuak ezartzeko neurri osagarria abiaraztea ingurumen baliorik handieneko elementuen inguruan, esaterako Parralla errekan edo erreka sarean, ukitutakoa adinako hedadura batean; eta nekazaritza eta ingurumen arloko neurri bat, proiektuari atxikiz beste hainbat nekazaritza eremu, eguzki-parkearen mugakide direnez gain, estepako abifaunari mesede egiteko neurriez kudeatu beharko direnak. Adierazi dute, orobat, inguruko hesiak animalia txikiei pasatzen utzi beharko diela; beraz, beheko aldeak gutxienez 20cm-ko tarte irekia izan beharko du. Txostenak azaltzen du hartzen diren ingurumen neurri guztiak modu argian identifikatu, kokatu eta aurrekontuan jaso beharko direla, eta txertatu beharko direla, bai egikaritza proiektuan, bai eguzki-parkearen ingurumen jarraipeneko planean ere.

Lurralde Antolamenduaren Atalak adierazi du, 2020ko azaroaren 19an, Erriberrin indarra duen Udal Planaren arabera, aurrera eraman beharreko jarduerak baimena jasotzeko modukoa edo baimendua izan behar duela, ezarriko den lurzoru urbanizaezineko kategoriaren edo azpikategoriaren hirigintza araubidean.

Udal hirigintza planaren arabera, 6. poligonoko 238., 240. eta 242. lurzatien eta 5. poligonoko 303. eta 308. lurzatien esparrua gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa kategorizatua dago, azpikategoria hauekin: esparruko zatirik handiena, Ustiapen naturalerako balio duen lurzorua - Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak; zerrenda bat, (6. poligonoko 238. lurzatia) ingurumen balioko lurzorua - baso lurzorua (Arautegi Partikularraren 52.1 artikulua); eta jarduketaren eremuko zerrenda txiki bat, eta hainbat eremu 5. poligonoko 303. lurzatian, kategoria honetan sartuta daude: Ingurumen balioko lurzorua - EBko intereseko landaredia eta habitatak.

Lurralde antolamendurako tresnei dagokienez, jardueraren kokapenagatik, adierazi dute aplikagarria izanen dela lurraldearen antolamenduko plan hau: erdialdeak (lap4)-Erdialdeen Lurralde Antolamendurako Plana onesten duen maiatzaren 16ko 46/2011 Foru Dekretua, era berezian aintzat hartuz eskatutako jarduketak ukituko lituzkeela hainbat eremu, Babes Bereziko Eremu eta Natura Arriskuengatik Babestu beharreko Lurzoru gisa katalogatuak.

Udalez gaindiko Eragineko Plan Sektorialei dagokienez, eremua zati batean ukitzen dute Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriek-1. fasea (babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, ustiapen naturalerako, ureztalurrak), eta horregatik, Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuaren txostena behar da.

Hirigintza tramitazioari dagokionez, adierazi dutenez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Berreginaren 110. artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduketa baimentzeko modukotzat jotzen da, eta beraz, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduera eta erabileren baimena behar du, eta 117. artikuluan araututako prozedura bete beharko du.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2020ko irailaren 22an, jakinarazi du ezen, proiektatutako lanik gehienak eginen direnez ur-ibilgu publikoen ukipen-eremuan, Urari buruzko Legearen Testu berregina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, eta haren ondorengo aldaketak, bete beharko direla, hartan esaten baita obrak edo lanak egiteko jabego publiko hidraulikoan eta haren polizia eta zortasun esparruetan, dagokion ur-arroaren erakundearen administrazio-baimena beharko dela. Zentzu horretan, argitzen dute 5 metroko zortasun eremua, ur-ibilgu publikoen mugatik neurtuta, bi ertzetan, libre eta erabilgarri utzi beharko dela eta baimentzen ahalko direla soilik uholdeen aurrean kalteberak ez diren jarduerak, beti ere bide horren urak hustutzeko gaitasunaren murrizketa handirik eragiten ez badute.

Red Eléctrica de España SAUk, 2021eko apirilaren 27an, Araizko Eguzki Planta Fotovoltaikoari buruzko txostena eman zuen, adieraziz tramitazioan den proiektuak ukitu ditzakeela Erriberri-Tafalla 220kVko linea, 123 eta 128 euskarrien bitartean, eta 13 kV-ko Olite TE Hargunearen linea, biak ere Red Eléctrica de Españaren jabetzakoak, eta beraz, edozein jarduketak bete beharko dituela 1995/2000 Errege Dekretua eta 3151/1968 Errege Dekretuaren bidez onartutako Tentsio Altuko Linea Elektrikoen Erregelamendua.

Aipatutako euskarriekiko ukipenari dagokionez, zenbait baldintza ezartzen ditu, haien egonkortasuna bermatzeko, eguzki-parkea eraikitzen den bitartean.

Gogorarazi dute, orobat, linearen eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketek energia elektrikoaren aireko iraganbidearen zortasuna bermatu behar dutela, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta 1955/2000 Errege Dekretuan zehazten den hedapenarekin, haiek ezartzen baitute iragateko edo sartzeko eskubidea, establezimendua zaindu eta kontserbatzeko, linea elektrikoa konpontzeko eta zuhaitzak mozteko. Nolanahi ere, proiektuaren eraikuntza gauzatzen bada, informazio aski eta zehatza igortzeko eskatzen dute (dokumentuak eta plano georreferentziatuak).

Araiz 30/220 kV-ko Azpiestazioari, Araiz - Olite 220 kV-ko lur azpiko Ebakuazio Lineari, eta Olite 132/220 kV-ko Azpiestazioari dagokienez, jakinarazten diete ez dutela aurkako iritzirik eman, linea elektrikoekiko arauzko distantziak betetzen direlako.

Azkenik, Red Eléctrica de Españaren Olite azpiestaziorako 220 kV-ko Ebakuazio Lineari dagokionez, jakinarazten diete ez dutela horren inguruko dokumentaziorik, eta beraz, ezin egin dutela haren azterketarik.

Iragarkiaren kodea: F2202280