48. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102/2022 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko administrazio-langileak gaitzen dituena bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko hala eskatzen duten interesdunei, aipatutako zerbitzuan identifikazioari, sinadura elektronikoari eta eskabideak aurkezteari dagokionez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluak honako hau ezartzen du: “Pertsona fisikoek noiznahi erabakitzen ahal dute beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera”.

Aipatutako 39/2015 Legearen 12. artikuluko 1. apartatuan aurreikusten denez, “Administrazio publikoek bermatu egin beharko diete interesdunei bitarteko elektronikoen bidez izatea harremana Administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko dituzte beharrezko diren irispide kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak”.

Era berean 2. atalak honako hau dio: “Bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen diete administrazio publikoek 14. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan sartzen ez diren interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazioari eta sinadura elektronikoari, eskaerak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari eta kopia kautotuak lortzeari dagokionez.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egiten ahal du, balio osoz, hura administrazio prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabiltzen ahal duen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun espresua eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako”.

Azkenik –3. paragrafoan– ezartzen du Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek eguneraturik edukiko dutela erregistro bat, edo beste sistema baliokideren bat, artikulu honetan arautzen den identifikazio edo sinadurarako gaitutako funtzionarioak jasoko dituena. Erregistro edo sistema horiek elkarreragingarritasun osoa izan beharko dute, eta elkarrekiko konexioa gainerako administrazio publikoenekin, aipatutako gaikuntza horien baliozkotasuna egiaztatzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuaren eskumenen esparruan egiten ahal diren eskabideen eta bestelako gestioen kasu zehatzetan, agerian gelditzen da egoera pertsonal zailetan dauden pertsona zaurgarriei lagundu behar zaiela zerbitzu horretan egiten dituzten izapideetan, hain zuzen, laguntza behar badute bitarteko elektroniko horiek erabiltzaileari dagokionez. Horrenbestez, zerbitzu horretatik proposatzen da administrazio-langileak gaitzea laguntza hori eman dezaten.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 15.k) artikuluan ezarritakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Gaitzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko administrazio-langileak, behar bezala zehaztuko direnak, interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko, horiek hala eskatzen badute, eta aldez aurretik idatzizko baimena ematen badute, zerbitzu horretan identifikatzeari, sinadura elektronikoari eta eskabideak aurkezteari dagokionez.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko buruaren ebazpen bidez zehaztuko dira une bakoitzean gaitutako pertsonak. Ebazpen hori jakinarazi egin beharko da, horretarako osatuko den gaitutako funtzionarioen erregistroan sar dadin.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta ohartaraztea horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezaketela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 3. apartatuari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko otsailaren 22an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

Iragarkiaren kodea: F2202727