47. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza fiskala, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2021eko abenduaren 9an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

Onespenaren erabakia 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da eta eranskina osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Esan, 2022ko otsailaren 18an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA FISKALA, ESAKO UDALAREN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Esako trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautuko da, bat etorriz Toki Ogasunei buruzko apirilaren 2ko 2/1995 Foru Legean edo horren ordezko araudian ezarritakoarekin.

2. artikulua. Ibilgailuek ez dute zerga hau izanen baldin erregistroetan baja eman bazaie modeloa zaharregia izateagatik, nahiz eta baimena izan salbuespenez zirkulatzeko, erakustaldietarako, lehiaketetarako edo horrelako ibilgailuetara mugatutako lasterketetarako.

3. artikulua. Honako hauek daude zergatik salbuetsiak:

1.–Egokitzapen bereziak dituzten ibilgailuak.

2.–Salbuetsirik egonen dira, halaber,%33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak, baldin, desgaitasunaz gain, ezaugarri hauetakoren bat badute:

1. Mugikortasun murriztua izatea, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin. Errege-dekretu horrek hizpide du desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedura.

2. Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea.

3. Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

4. Adingabea izatea.

Salbuespenak ibilgailu bat hartuko du pertsona bakoitzeko.

Salbuespenak baliatzeko, interesdunek eskatu beharko dute, ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onura izateko arrazoia adieraziz.

4. artikulua. Bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kuotaren gainean honako hobari hauek ezarri dira:

a) %30eko hobaria “ECO ibilgailuetarako”.

b) %75eko hobaria “zero isurpeneko ibilgailuetarako”.

5. artikulua. “ECO ibilgailuak” dira:

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Nolanahi ere, gainera parametro hauek bete beharko dituzte: erregaia eta gasolina duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/V edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6/VI emisio-mailakoa.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC), gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Ibilgailuen emisio-maila EURO 6/VI izatea ere bete beharko dute beti, erregai-mota edozein izanda ere.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarri (PHEV) gisa sailkatuta daudenak, edo entxufagarriak ez diren ibilgailu hibridoak (HEV).

Nolanahi ere, C etiketako irizpideak bete beharko dituzte.

6. artikulua. “Zero isurpeneko ibilgailuak” dira: ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak.

7. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako edozein hobari aplikatzeko, zergaren subjektu pasiboak eskatu egin beharko du, eta zer ibilgailutarako eskatzen den hobaria, hura hobaria jasotzeko moduko egoeran egotearen frogagiriak erantsi beharko ditu.

Hobaria jaso dezakeela egiaztatu ondoren, Udalak hori ziurtatzen duen dokumentua igorriko du. Hobaria aplikatuko da subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita, eta hiruhileko naturaletan hainbanatuko da zergaren kuota, ondorio horietarako.

8. artikulua. Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2202541