47. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

76E/2022 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2022rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenek hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak egiteko. DDBN identifikazioa: 611003.

Garraioen zuzendari nagusiaren 2021eko martxoaren 8ko ebazpenaren bidez onetsi ziren dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak 2022rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenek hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak egiteko.

Ekimenak administrazio publikoek sustatu dituzten jarduketen garapena bultzatu nahi zuen. Izan ere, koronabirusaren pandemiak (COVID-19a) ziurgabetasun-egoera sortu du sektore ekonomiko guztietan, eta egoera hori ez da gainditu; hori dela eta, administrazio publikoek sektore ekonomiko horien berreskurapena sustatu nahi dute.

Halaber, deialdiak erantzuna eman zion salgaien errepide-garraiorako enpresen kexa bati, pandemia baino lehenagotik egiten zutena eta gaur egun ere egiten dutena; hau da, errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatzeko legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileen faltaren ondorioz sortzen diren arazoak, batez ere hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria duten langileen falta. Gidatzeko txartelaz aparte, ziurtagiri hori ere lortu behar da, apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (dekretu horrek errepideko garraiorako ibilgailu mota zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu zituen, eta 2021eko 98. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan).

Errege dekretu horren arabera, hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko, prestakuntzako nahitaezko ikastaroetara joan eta proba bat gainditu behar da urtebeteko epean, ikastaroak bukatzen direnetik hasita.

Horrela, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 29ko 17/2021 Ebazpenaren bidez (267. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 24koan), kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko sei probetarako deialdia egin da 2022rako, hori baita errege dekretuan ezartzen den deialdien gutxieneko kopurua.

Ziurtagiri hori lortzea bultzatzeko, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du horretarako ikastaroak egiteko dirulaguntzaren 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, errepideko garraioaren arloan prestakuntza, enplegua eta jarduera bera bultzatzeko xedearekin.

Xede horiek bat datoz erabat Administrazio honetako gainerako departamentuek, bakoitzak bere eskumen esparruan, dituzten xedeekin, suspertze ekonomikoa sustatzeari begira, eta indarreko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zehaztutako helburu estrategikoetan sartzen dira, zehazki enpresa ehunaren eraldaketa eta modernizazioa errazteari dagokionez, babesa emanez Nafarroako enpresa txiki eta ertainei eta haien garapen lehiakor eta jasangarriari.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aditzera eman du dirulaguntzaren asmoa dela ahalik eta biztanle gehienengana iristea, eta, horregatik, laguntzak zuzenduko zaizkio Nafarroan 2021eko urriaren 15a baino lehenagotik bizi eta adinez nagusi den orori, baldin eta lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eskatzen den hasierako kualifikazio ikastaro bat egin eta ordaindu badu. Ahalik eta eskaera kopuru handienari erantzuteko, 2022ko urriaren 15era arte aurkezten ahalko dira.

Era berean, aditzera ematen du deialdiaren helburuetarako ez dela beharrezkoa eskatzaile batzuei lehentasuna ematea beste batzuen aurretik; izan ere, alde batetik, diruz lagundu beharreko gehieneko zenbateko bat ezarri da eskatzaile bakoitzeko, 900 eurokoa, ikastaroen batez besteko kostua kontuan hartuz, eta, bestetik, eskaerak baloratu, alderatu eta horren ondorioz lehenesteko adjudikazio irizpiderik ez dagoenez, eskaera espedienteak tramitatu eta ebatziko dira erregistratu ahala, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean, banakako ebaluazioaren prozedura erabiliz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari tramita dezan dirulaguntza bat, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz, errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenei eskatzen zaien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak egiteko.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48. artikuluko e) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea 2022rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak egiteko. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 300.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2022ko gastuen aurrekontuko “Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza” izeneko 230002 23200 4709 441103 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 16an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1. Deialdi honen xedea da laguntzak emateko araubide bat ezartzea, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenek hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak egiteko, kualifikazio hori arautzen duen apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Deialdiaren baldintzak beterik, 2021eko urriaren 15etik 2022ko urriaren 15era bitarte gai kalifikazioarekin bukatzen diren ikastaroetarako eskatzen ahalko dira laguntzak.

2. Helburua.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onura publikoko helburua da enplegua sustatzea garraioaren sektorean, eta, horretarako, gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria, 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa, lortzea sustatzea, zati batean konpentsatuz ziurtagiri hori lortzeko beharrezkoa den ikastaroa egiteko kostua.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honen zuzkidura ekonomikoa 300.000 eurokoa da, 2022ko gastuen aurrekontuko “Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza” izeneko 230002 23200 4709 441103 partidaren kargura.

2. Laguntzak ematea, betiere, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

3. Eskatzaile bakoitzak jasotzen ahalko duen gehieneko zenbatekoa 900 eurokoa izanen da, eta kopuru hori ez da inoiz izanen onuradunak ikastaroa egiteko ordaindutako zenbateko osoa baino handiagoa.

4. Onuradunak.

Laguntzak eskatzen ahalko dituzte pertsona fisikoek, laguntza hauen xede diren ikastaroak, 1. oinarrian definitutakoak, 2021eko urriaren 15etik 2022ko urriaren 15era bitarte gai kalifikazioarekin bukatzen dituztenek.

5. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea, eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea 2021eko urriaren 15a baino lehenagotik.

b) Gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko ikastaroa, 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberakoa, gai kalifikazioarekin gainditzea 2021eko urriaren 15etik 2022ko urriaren 15era bitarte.

Ikastaroa gainditu dela ulertuko da Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioan lanbide gaitasunaren ziurtagiria aplikatzeko eskumena duen organoak hala esaten duenean.

c) Ikastaroaren prezio osoa ordainduta izatea. 2021eko urriaren 15a baino lehenagoko ikastaroen fakturak ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide orrian jaso den erantzukizuneko adierazpena bete beharko da.

2. Onuradun bakoitzak behin baizik ez du jasoko laguntza hau.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, ikastaroa bukatzen denetik, edo oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, argitalpen hori egin baino lehen bukatu diren ikastaroen kasuan.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri.

7. Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, oinarri arautzaile hauen 1. eranskinean datorren eredu normalizatuaren arabera.

2. 1. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren arabera behar bezala betetako eskaerei dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Onuradunaren transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, emandako laguntzaren sarrera egiteko, 2. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.

b) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZ). Agiri horretan adierazita ez badago Nafarroako Foru Komunitateko helbidea, aurkeztu beharko da, halaber, erroldatze-ziurtagiria, gehienez ere eskaera aurkezteko eguna baino 3 hilabete lehenago emana, bertan adierazita eskatzailea Nafarroan bizi dela 2021eko urriaren 15a baino lehenagotik.

c) Faktura, zeinetan jasota egonen baitira eskatzailearen datuak, lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko egindako ikastaroa eta haren zenbatekoa.

d) Egindako ordainketaren frogagiria. Enpresek egindako ordainketak ez dira inoiz onartuko. Bankuko transferentziaren edo txartelaren bidezko ordainketaren frogagiria baizik ez da onartuko. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

3. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.

4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten, ohartaraziz, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

8. Dirulaguntza onartzeko eta ordaintzeko prozedura:

1. Laguntzak banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Aurrekontu erabilgarria ahitzen bada, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.

Ebazpenak, zeinetan multzokatuko baitira egun horretara bitarte aurkeztutako eskaerak, arrazoituak izanen dira, eta eman eta jakinaraziko dira 3 hilabeteko gehieneko epean dirulaguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak.

Jakinarazpena Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian ebazpena argitara emanez eginen da, zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak eskaera egitean eman duen bankuko kontuan.

9. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, zerbitzuen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10. Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Baldintza baztergarri hori betetzen dela frogatuko da eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena, beste laguntzarik jaso ez izanari buruzkoa betez, eta beste inongo erakunde publiko edo pribaturi xede eta helburu bererako inolako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoa aurkeztuz.

11. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Organo emailearen aitzinean frogatzea laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari informazioa ematea eta hark eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hura egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12. Ez-betetzea.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14. Errekurtsoak.

Era berean, deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

15. Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Oinarri arautzaile hauen 1. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua (DOC).

II. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202601