47. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32E/2022 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “EM Orkoien (120M) baliabide eolikoaren neurketarako estazio meteorologikoa Oltzako Zendeako udal-mugartean eraikitzeko eta operatzeko” proiektuari. Sustatzailea Nordex Energy Orcoien SL da.

2020ko martxoaren 3an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren funtsa da baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzea, Oltzako Zendeako 10. poligonoko 212. lurzatian. Estazio meteorologikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 120 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da gutxienez urte bat lehenago, parke eolikoa instalatu aurretik, eskuratzen diren datuen arabera, eta parke eolikoa ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da, erabilgarri den denbora guztirako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 eredukoa da; hodi sareta dauka, 120 metroko altuerakoa, 3 metroko piezen bidez muntatua lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroko altzairuzko zirgak dira, hiru norabidetan ezarriko direnak, elkarren artean 120º bereizita; dorrea altueran ainguratuko dute, 6, 15, 24, 33, 42, 51, 57, 66, 75, 81, 90, 99, 108 eta 117 metrora, eta lurzorura, oin-plakatik 15, 30, 45, 60 eta 75 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsore hauek paratuko dira: 5 anemometro 60, 80, 100 eta 120 metroko altueran; 3 haize orratz 58, 90 eta 117 metroko altueran; termohigrometro bat 110 metroko altueran, eta presio sentsore bat 10 metroko altueran.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze sistema autonomoaren osagaiak 20 W-ko panel fotovoltaiko bat, karga-erregulagailua eta 12 Ah-ko bateria izanen dira.

Dorreak dagozkion baliza seinaleak izanen ditu, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauekin bat.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Oltzako Udalak kontrako txostena eman du jarduketaren hirigintza bateragarritasunari buruz, neurketarako estazioa ondoren jarriko den aerosorgailu prototipoaren ezarpenari lotua dagoela argudiatuz, eta hura jarduera industriala dela esanez, aurreikusten ez dena, eta beraz debekatua lurzoru urbanizaezinean, Oltzako Zendeako Udal Planaren arabera.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak ere eman du iritzia horri buruz, eta aurkeztutako dokumentuak eta jasotako txostenak aztertu ondoren aldeko txostena egin du, zenbait baldintza jarrita, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du ingurumenaren aldetik.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “EM Orkoien (120M) baliabide eolikoaren neurketarako estazio meteorologikoa Oltzako Zendeako udal-mugartean eraikitzeko eta operatzeko” proiektuari. Sustatzailea Nordex Energy Orcoien SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Dorrearen tentsore soka guztietan hegaztiak babesteko neoprenozko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeki ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizak hiruka jarriko dira tentsore bakoitzean, gehienez 10 metroko distantziara.

• Behar diren lanak amaitu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira; okupatu den eremu osotik kendu eta garbituko dira obra hondakinak, eta lanak hasi aurretik behar bezala kendu eta gordeko den landare lurraren geruza batekin estaliko dira ukitutako eremuak. Soberako lurren eta obrako materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, nolakotasunaren arabera.

• Dorrea funtzionatzen ari den bitartean jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena:

  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak hegaztietan duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik dagoen begiratuta.
  • Txostenak eginen dira lau hilean behin, neurketa dorrea instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, ikusgarritasuna hobetzeko aukeratutako neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze lanez, bai eta faunan izandako gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (sexua, adina, etab.), ale kopurua, urte sasoia, etab.

• Kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa ezarri eta gehienez ere hiru urteko epean desmuntatuko da. Aldi hori luzatu nahi bada, eta fauna hegalariaren talka arriskua ahalik gehien murrizteko, kablerik gabeko dorre autosostengatu batek ordeztuko du kable txarrantxatuak dituen neurketa dorre anemometrikoa.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek neurketa dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurriak eta baldintzak, jarduketaren ingurumen balioak babesteari dagokionez.

• Lurzoru urbanizaezineko jarduerak ingurumenera egokitzeko beharrari buruz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betez, jarduerak bat eginen du paisaiarekin, eta udalaren hirigintzako araudian ezarritako baldintzak beteko ditu, bereziki ingurunera egokitzeari dagokionez. Inpaktu bisuala murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare-pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur-erauzketa eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.

• Udalak zainduko du sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazitako baldintzak betetzen diren, hartan esaten baita erabiltzen ez diren azpiegiturak/neurketa dorreak desmuntatuko direla.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, eraikuntzek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

• Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak emandako aldeko ebazpena, dorreak 100 metrotik gorako garaiera duelako, eta Noaingo Aireportuko operazio aeronautikoen zortasunen barnean.

• Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iraganik, baimenaren ondorioak automatikoki iraungiko dira, eta baliorik gabe geratuko da. Baimendutako jarduera bertan behera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara leheneratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Oltzako Udalera, Basozainei (Iruñeko Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2202204