46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

45E/2022 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, erretxinak fabrikatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzen duena. Instalazioa Villatuertako udal-mugartean dago, eta titularra Kemira Ibérica SA pertsona bakarreko sozietatea da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 619E/2016 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 408E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2021eko azaroaren 8an titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko, hain zuzen ere, 4. isurian ezarritako konduktibitate eta kloruroen emisioko mugako baloreen berriak ezartzea, jardueraren egiazko funtzionamendura egokitzeko.

Titularrak adierazi du produkzio prozesua ez dela aldatu, eta isuria eragiten duen erretxinaren ekoizpenaren bolumenak konstante mantendu direla, alegia, horrek esan nahi baitu isuritako gatz kantitate osoa ez dela aldatu, baina neutralizazio prozesuan sortutako gatzaren izaera bai aldatu dela, karbono dioxidoa erabili baita azido sulfurikoa erabili beharrean, sulfatoen kontzentrazioa murriztuz, 30 mg/l-ko alde-aldeko mailara.

Gainera, 4. isuriaren bolumena murriztu da, gutxi gorabehera 10 m³/eguneko, gatz gutxiko isuri hori birziklatu delako, eta horrek konduktibitatearen hazkunde txikia eragiten duelako, isuriaren bolumena gutxitzen baitu, isuritako gatz kopurua konstantea geratzen bada ere.

Azkenik, titularrak adierazten du konduktibitatearen eta kloruroen neurketek, kanpotik nahiz barrutik egindakoek, aldakortasun adierazgarria erakusten dutela, gatz-isuriaren sorkuntza ez delako prozesu iraunkor bat.

Arrazoi horregatik, egokia da isuriaren balio altuagoak ezartzea kloruroen kontzentrazioari eta konduktibitateari dagokienez 4. isurian, isuritako gatzen kantitatea altuagoa izan gabe ere.

Horrez gain, sulfato isurien mugako balioa murrizten da 50 mg/l-ra, lehenagoko 1000 mg/l-tik, dagoeneko ez baita erabiltzen azido sulfurikoa neutralizaziorako, eta 4. isuriko emariaren mugako balioa murrizten delako, titularrak helarazitako komunikazioaren arabera.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Villatuertako udal-mugartean erretxinak fabrikatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa onartzea. Titularra Kemira Ibérica SA pertsona bakarreko sozietatea da, Villatuertako uda-mugartean ezarria, eta honen arabera, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarria; eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikulua. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isuri egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, automatikoki berrituko da, bost urtetik behin.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Kemira Ibérica SA pertsona bakarreko sozietateari eta Villatuertako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2202474