46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33E/2022 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Camino Javier” eguzki-instalazio fotovoltaikoa Zangozako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 1 da.

2021-02-12an Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektua eguzki-parke fotovoltaiko bat instalatzean datza; guztira 998,76 kWp-ko potentzia izanen du eta 2,8 hektarea hartuko ditu. Instalazioak modulu fotovoltaikoen 87 kate aurreikusten ditu, bakoitza seriean jarritako 28 moduluz osatua, hau da, guztira, 2.436 modulu, euskarri eguzki-jarraitzaileen gainean ezarriko direnak; euskarri horiek bi ardatz simetriko dituzte, erdiko unitate birakari baten inguruan, ipar-hego norabidean lerrokatuta. Jarraitzaileen konfigurazio tipoak modulu fotovoltaikoen bi lerro eramaten ditu. Egiturari eusteko, lurrean 1,50 m-ko sakoneran sartutako zutabeak jarriko dira.

7 inbertsore erabiliko dira, modulu-multzoek hornitzen duten korronte jarraitua korronte alternoa bihurtzen dutenak; transformazio-zentroan 13,2 kV-ra igotzen da korrontea, eta tentsio ertaineko linea elektriko batez eramaten da konpainia banatzaileak emandako konexio puntura; 13,2 kV-ko Zangoza-Rocaforte linearen 4. euskarrian kokatzen da, urrundik agindutako sekzionamendu zentro baten bidez. Transformazio-zentrotik lurzatiaren mugaraino, linea elektrikoa lur azpitik doa, gutxi gorabehera 130 metro eginez, eta leku horretatik sekzionamendu-zentroraino airetik joanen da, 150en bat metroko luzera batean, hiru euskarrirekin.

Proiektua labore eremu batean garatuko da, eta ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Inongo habitat edo begetazio interesgarritan ere ez du eraginik, eta abelbideetan ere ez.

Espedienteak jasotzen ditu Zangozako Udalak 2021ean emandako txostena, adierazten duena Udalak bertan behera utzita dituela eguzki plaka fotovoltaikoen baimenak lurzoru urbanizaezinean; Lurraldearen eta Paisaiaren Zerbitzuak 2022ko urtarrilaren 10ean emandako aldeko txosten baldintzatua ere jasotzen du. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Camino Javier” eguzki-instalazio fotovoltaikoa Zangozako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 1 da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Baimen honek babesten du 2.436 moduluko eta guztira instalatutako 998,76 KWp-ko potentziako eguzki-parke fotovoltaiko bat ezartzeko proiektua, barne direla hari lotuta tramiterako aurkeztutako proiektuan deskribatzen diren instalazioak.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalaziotik edo azpiegituratik ateratzen diren elementuek 3 m-ko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Egin nahi den jarduerak uki edo oztopatu ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Ebakuazioko lineak herri-lurretako lurzatietan (6. poligonoko 249 eta 376 lurzatiak) eragina badu, eta sustatzaileak nahitaezko desjabetzearen bidea erabiltzen ez badu (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluaren arabera, ez litzateke beharrekoa izanen herri-lurren baimena), obra-lizentzia eman aurretik, Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Zuzendaritza Nagusiak baimendu beharko luke obrek ukitzen dituzten eremuen okupazioa.

Parkeko modulu fotovoltaikoetako batzuk Barranco del Pontarrón izeneko lekuaren polizia eremuaren barnean kokatuko lirateke. Zehazki, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo abian jarri beharko dira baimena ematen denetik bi urte iragan baino lehen. Aldi hori iraganez gero baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Ingurumen arlokoak:

• Proiektuaren jarduketa guztiak Zangozako 6. poligonoko 804 lurzatiren barnean eginen dira, hornikuntza, material biltegi eta makineriaren parkerako beharrezkoak diren okupazioak barne.

• Ebakuazioko linea elektrikoa lur azpiko zati bakar batean gauzatuko da, alternatiba bideragarria ikusten delako, eta abifaunaren gaineko ingurumen eragin txikiagokoa.

• Ahal den gehien errespetatuko da oraingo topografia, ezponda berriak eta indusketako lur soberakinak sortzea saihestuz.

• Eguzki-jarraitzaileen eta transformazio-zentroaren zimentaziotik eta barnean ezinbestez tinkotu beharreko bideetatik ateratzen den lur begetala kendu eta gorde eginen da. Lur begetal hori, ahal bada, eremuaren inguruan bilduko da indusketako gainerako lurretatik aparte, deuseztatzeko fasearen ondorengo azken leheneratze lanetarako gordeta.

• Ez da lur mugimendurik eginen, zimentazioa edo bideak zabaldu behar diren lekuetan izan ezik. Lanak bukatu ondoren, eraikuntza lanetan halabeharrez garraioko kamioiek edo eraikuntzako makineria osagarriak zapaldu eta trinkotutako lurrak berriro harrotuko dira.

• Zangak zulatzeko lan guztietan bereiztuko dira lur begetala eta gainerako indusketa lurrak. Eremua leheneratzeko lur azalean berriro ezarriko da lanen hasieran kendu eta gordetako lur begetala, eta ereintza eginen da.

• Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lur azalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihestu eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko. Horretarako, lanak bukatu eta berehala eginen da ereintza, lur soilduetan edo zanga eta bestelako jarduketek ukitutako lurretan. Ereintza egiteko aintzat hartuko dira klimara eta eremura egokitutako espezie autoktonoak.

• Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

• Instalazioan argi punturik jartzen bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak, intentsitate baxukoak eta lurrera begira jarriak, erabiliko dira.

• Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologiko katalogaturik ez dela ukituko azalduz. Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

• Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

• Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

• Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

• Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

• Obrak amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan landareztatu beharko da. Landaketak, garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.

• Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Zangozako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko otsailaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2202182