46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3/2022 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzako prestakuntza-beka baten deialdia onesten duena, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 610801.

Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren Zuzendaritzak, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuarenak, prestakuntza-beka baterako deia egin du Informazioaren Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat. Zerbitzuan bertan beteko da bekaldia, eta, hasieran urtebeteko iraupena duen arren, hasierako tartea eta luzapenak kontuan hartuta, hiru urtera arte luzatzen ahal da.

Beka horren deialdiari eta esleipenari esker, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi da, hobeki eta modu zuzenagoan ezagut dezaten, teorikoki zein praktikoki, Foru Komunitatearen Administrazioak kulturen arteko sentsibilizazioaren eta bizikidetzaren alde eta arrazismoaren aurka egiten duen lana.

Aukeratutako pertsonak Ayllu Zerbitzuak gauzatzen dituen jardueretan beteko ditu prestakuntza-zereginak. Esparru hauetan zehazki: kulturen arteko bizikidetzan, ekintza komunikatiboen lankidetzan eta sentsibilizazioan, baita jardueren programazioan eta hedapenean ere.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduaren arabera ezarriko da bekaren zenbatekoa (foru-agindu horren bidez eguneratzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko zuzkidura ekonomikoa).

Ondorioz, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuko 4. artikuluaren arabera.

EBAZTEN DUT:

1. Prestakuntza-beka bat emateko deialdia onartzea, Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat Ayllu Zerbitzuan aritzeko, hau da, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan. Beka hori arautzen duten Oinarriak ebazpen honen eranskinean biltzen dira.

2. 14.422,92 euroko gastua baimentzea. Horietatik:

2022. urtean, gastua, orotara, 10.765,28 euro izanen da, eta 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura egotziko da (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”). Kopuru hori honela banatuko da:

• 10.350 euro egotziko dira 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura, 9 hilabeteko soldata ordaintzeko.

• 415,28 euro, 8 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 51,91 eurokoa baita, 2022ko apiriletik azarora arte.

2022ko abenduko 51,91 euroko kuota 2023eko urtarrilean ordainduko da, 2023rako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, orotara, 3.657,64 eurokoa izanen da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik bada, eta 2023rako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 3.450 euro, 2023ko urtarriletik martxora arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 207,64 euro, gizarte segurantzako bost hil ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko martxora arte.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 51,91 euro hilean.

Beka 2023-2024 eta 2024-2025 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2023., 2024. eta 2025. urteetarako Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Administrazio bidea amaitzen ez duen foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke. Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendu behar zaio errekurtsoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5.- Foru-agindu hau igortzea Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza orokor Teknikora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 16an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Patricia Ruiz de Irizar.

I. ERANSKINA

Formazio beka baten deialdiaren Oinarriak, Kulturen arteko Bizikidetzaren aldeko eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Ayllu Zerbitzuan aritzeko.

1. Xedea.

Oinarri hauen helburua, norgehiagokaren bidez, prestakuntza-beka bat arautzea da Komunikazioan, Informazio Zientzietan edo antzeko titulazioetan unibertsitateko tituludunak direnentzat. Beka horren onuraduna Ayllu Zerbitzuan arituko da, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan hain zuzen.

Bekaren helburua aukeratutako pertsonaren prestakuntza bultzatzea da, ezagutza zuzenagoa eskura dezan Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak migrazio politiken esparruan gauzatzen dituen ekintzen gainean.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Bekari eskainitako kopurua, gehienez,14.422,92 euro izanen da, eta 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”) edo helburu horrekin heldu den aurrekontuetan finkatutako partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

2022an, gastua, orotara, 10.765,28 euro izanen da, eta 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura egotziko da (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”). Kopuru hori honela banatuko da:

• 10.350 euro egotziko dira 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura, 9 hilabeteko soldata ordaintzeko.

• 415,28 euro, 8 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 51,91 eurokoa baita, 2022ko apiriletik azarora arte.

2022ko abenduko 51,91 euroko kuota 2023ko urtarrilean ordainduko da, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, orotara, 3.657,64 eurokoa izanen da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik bada, eta 2023rako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 3.450 euro, 2023ko urtarriletik martxora arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 207,64 euro, gizarte segurantzako bost hil ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko martxora.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 51,91 euro hilean.

Beka 2023-2024 eta 2024-2025 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2023, 2024 eta 2025 urteetarako Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Iraupena.

Bekaldiak hamabi hilabete iraunen du, 2022ko apirilaren 1ean hasi eta 2023ko martxoaren 31n bukatzea da asmoa, urteroko tarteen bidez luzatzen ahal delarik 3 urte bete arte hasiera eta luzapenen artean. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekak 14.422,92 euro izanen ditu urtean, hau da, hilean 1.150,00 euroko 12 hilabete-sari gehi 51,91 euro Gizarte Segurantzarengatik. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza-programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Arautegi Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen arautegi hori.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza-beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Deialdiaren oinarrietan eskatzen den unibertsitateko edo lanbide heziketako titulu ofiziala edo baliokidea izatea, Espainiako autoritateek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza-bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Euskararen ezagutza-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea, B2 mailaren baliokidea dena. Berau parekatzerakoan kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

7. Eskabideak.

7.1. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 14 egun naturaletan aurkeztuko dira.

Interesdunek Nafarroako Gobernuaren edozein Erregistro Bulegotan (hartarako gaituak daudenetan) aurkezten ahal dute dagokion eskaera. Horien zerrenda hemen agertzen da:

https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke.

Era berean, telematikoki aurkezten ahal dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren/Pasaportearen/AIZaren fotokopia.

c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

f) Euskararen ezagutzari buruzko titulua edo ziurtagiria, 6.g oinarrian aipatua.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ez da zuzenketarik egiten ahalko.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio Batzordearen osaera eta Prozedura Bideratzea.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko dira onartutako pertsona bakoitzari guztira emandako puntuak.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Idoia Saralegui San Sebastián, Aylluko zuzendaria, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzukoa.

Ordezko Epaimahaiburua: Patricia Ruiz de Irizar, Migrazio Politiketako zuzendari nagusia.

Idazkaria: Orreaga Azcona, Pertsona Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren teknikaria.

Ordezko idazkaria: Laura Laquidain, Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalaren burua.

Batzordekidea: Guillermo Nagore Frauca, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren Kabineteburua.

Ordezkoa: Daniel Burgui, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko idazkaria.

8.2. Ebaluazio Batzordeak kalifikatuko ditu hautagai bakoitzak alegatutako merezimenduak, eta hori egiteko 9. oinarrian ezarritako balorazio baremoa erabiliko du.

Behin ebaluazioa amaituta, Ebaluazio Batzordeak organo eskudunari igoko dio beka emateko proposamena, baita onartutako pertsona bakoitzari emandako puntuazio totala. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.

9. Baloratzeko baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremoaren arabera kalifikatuko dira merezimenduak (14 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa eta frantsesa. Gehienez ere 1,5 puntu.

C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Berau parekatzerakoan kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. C1 mailaren baliokidea den tituluak edo ziurtagiriak 0,50 puntu jasoko du hizkuntza bakoitzean.

B2 mailaren baliokideak diren titulazioek edo ziurtagiriek 0,25 puntu jasoko dute.

B2 baino maila txikiagokoak diren titulazioei edo ziurtagiriei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

d) Eskarmentu profesionala edo boluntario-eskarmentua esparru hauetan: sare sozialen kudeaketan, sentsibilizazio kanpainetan eta/edo Kulturen arteko Bizikidetzaren aldeko eta Arrazismoaren aurkako proiektuetan, baldin eta curriculumean sartu ez badira.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

e) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: migrazio politikekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, sentsibilitate-kanpainei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea eta,bereziki, migrazio-politikekin lotutakoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, gutxienez, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea ezinbestekoa da, eta hautapen prozesutik kanpo geratuko da bertara agertzen ez dena.

10. Beka ematea.

10.1. Migrazio Politiketako zuzendariak, instrukzioko organoaren proposamenaren ondotik, Ebazpen bidez emanen du beka. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, argitaratu eginen da informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerak ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka eman zaiola dioen ebazpena jakinarazten denetik 10 laneguneko epean gehienez ere, beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko ziurtagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, berdin jokatuko da bata bestearen atzetik.

11. Tutoretzak.

11.1. Bekaren onuradunaren egintzak Aylluko zuzendariak zuzendu eta gainbegiratuko ditu, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendariak hain zuzen.

11.2. Onuradunari prestakuntza-ekintzak aginduko zaizkio, “Nafarroa Koloretan” markaren barruan, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren sentsibilizazio-ekintzetan laguntzeko, baita sare sozialen kudeaketan aritzeko ere. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du.

11.3. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela zainduko du.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza-jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen-lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

i) Prestakuntza-jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

14. Prestakuntza-jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio-organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik, ezta antzeko eskubiderik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo bere erakunde autonomoekin. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ez ditu funtzionario publikoen eginkizunak betetzen edo berarentzat hartzen ahalko eta ez da hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertzen ahalko.

18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikoarekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken txostena aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, edo bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, jasotako dirua itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutako baldintzetan.

20. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emandako ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza ez bada berariazkoa, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

21. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide eredua (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2202387