44. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Autokontsumorako instalazioen ordenantza.
Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2021eko abenduaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Autokontsumorako instalazioen ordenantza.

Horren iragarkia 2021eko 290. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 28an, baita udaletxeko iragarki-taulan ere, eta orduz geroztik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasiera batean onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da ordenantzaren testua. Hona hemen:

Argitara ematen da, interesdun orok jakin dezan.

Artaxoan, 2022ko otsailaren 14an.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan daude jasorik. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen (“2030 Esparrua”), Energiaren eta Klima Aldaketaren Europako Paketeari jarraipena ematearren. Hona hemen 2030 Esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarria %27ra iristea energia kontsumoan.

–Energia efizientzia %27 hobetzea.

2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.

Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak sustatzen baitu autokontsumorako instalazioak ezartzea toki eremuan, eta, ondorioz, energia berriztagarriaren sorkuntza bultzatzen. Eta hori, argitasuna eskainiz helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunei dagokienez, eta, aldi berean, laguntzak aurreikusiz udal eremuan.

3.–Ordenantza honek bi helburu ditu. Alde batetik, udalaren esku-hartze araubidea ezartzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpenen araubidearen pean jarrita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192.1.b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

Bestalde, mota horretako instalazioen sustapena bultzatzeko helburua duten laguntza ekonomikoen erregimena zehazten da (III. titulua). Dirulaguntzen araubidea aipatzen da pizgarri ekonomiko gisa. Dirulaguntzen araubidearen arau esparrua azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra da; eta bigarren kasuan, aldiz, araututako zerga-hobaria aitortzeko lege aukera bideratzen da foru legedian xedaturik dagoenaren babesean.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartzea arautzea, autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak sustatzeko jarduketen arloan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere. Salbu eta 6/8 etxebizitza baino gehiagoko etxebizitza-blokeetan, horietan 20 kW-koa izanen baita.

Halaber, arautzen du aurreko paragrafoan aipatu diren jarduketen sustapena bultzatzea helburu duten laguntza ekonomikoen araubidea.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza-instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere hartuko da sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz ez duena gaitasun fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua da sarera soberakinekin konektatutako zein isolatutako autokontsumorako instalazioena, haien eguzki-energia fotovoltaikoaren eta/edo energia eolikoaren potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Artaxoako udal-mugartean dagoen edozein ondasun higiezinetan kokatuta badaude. Salbu eta 6/8 etxebizitza baino gehiagoko etxebizitza-blokeetan, horietan 20 kW-koa izanen baita.

4. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Udalaren aurrekontuetan onetsiko dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei aplikatuko zaizkien udal baliabide guztiak.

III. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

5. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena lotuta egonen da erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari.

6. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1.–Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, memoria baloratua edo instalazioen deskripzio agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga-oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data adierazi beharko da, bai eta hartu beharreko neurriak ere, hondakin hustuketaren (halakorik sortzen bada), ingurumen-arloko alderdien eta bide publikoaren erabileraren inguruan.

e) Instalazioak gauzatu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2.–Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa gauzatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aurkezten dituenetik aurrera.

7. artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1.–Autokontsumorako instalazioek bete beharko dituzte hirigintza plangintzan, eraikingintza ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia integrazioari eta ingurumen integrazioari buruz ezarritako irizpideak.

2.–Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden instalazioetan, edo babes motaren bat duten higiezinetan kokatutakoetan, KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako.

8. artikulua. Autokontsumoaren erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

9. artikulua. Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Udalari aurretiazko komunikazioa aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak amaitzeko epea sei hilabetekoa izanen da hasiera datatik aurrera.

10. artikulua. Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Baldintza hauek bete beharko dituzte eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioek:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak estalkiko isurkietan jartzen ahalko dira, isurkien inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, kontuan hartuko da ontzat ematen duena organo eskudunak babesari buruzko hirigintza araudia aplikatuz.

b) Estalki lauak. Eguzki-panelak kokatu beharko dira plano hauek eraturiko inguratzailearen barnean: azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek (azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta), ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek tokirako egokiak izan beharko dira estetikaren aldetik, aurrealde opaku jarraikirik sortu gabe, eta panelaren gehieneko altuerarainokoak.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) bera bada, edo hori baino handiagoa. Eraikin katalogatuen kasuan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatuz udal organo eskudunak ontzat ematen duen konponbidea aplikatu beharko da.

c) Fatxadak. Eguzki energia hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, fatxaden inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, harmonian fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin eta bat etorriz hirigintza-araudian eta, hala badagokio, paisaia babesteari buruzko indarreko ordenantzetan ezarritako baldintza estetikoekin.

d) Arestian aipatutakoez bestelako leku eta baldintza batzuetan dauden eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du edozein jarduketa, baldin eta betetzen ez badu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du, ordenantza honen 3. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak instalazioak arau horietara egokitzen ote diren egiaztatuko du, eta baloratuko du bai haien integrazio arkitektonikoa, bai ingurumenaren aldetik dakartzaten onurak eta kalteak, barne dela ondoko eraikinetan bizi direnei eragozteko moduko islarik maiz sor ez dezaten begiratzea.

Debeku da espresuki fatxadetan ikusten den inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntza-irtenbide bat, bermatzen duena horiek eraikinaren estetikan ongi integratzea.

11. artikulua. Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak egin beharko dituzte gaitutako enpresa instalatzaileek, “Behe Tentsioa sortzen duten Instalazioak” espezialista kategoria dutenek, eta beteko dituzte Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

III. TITULUA

Laguntza ekonomikoak

12. artikulua. Laguntzen izaera.

Ordenantza honetan araututako jarduerak sustatzeko neurri gisa Udalak bere aurrekontuan ezarri dituen laguntzak dirulaguntzak dira.

I. KAPITULUA

Dirulaguntza

13. artikulua. Laguntzen onuradunak.

Honako hauek dira udal dirulaguntzak jasotzen ahalko dituztenak:

a) Jarduketen xede diren higiezinen jabeak, hala pertsona fisikoak nola juridikoak.

b) Bizilagunen erkidegoak, baldin eta horiek sustatzen badituzte jarduketak.

c) Jarduketen xede diren higiezinak errentamenduan, gozamenean edo antzeko titulu legitimo baten bidez okupatzen dituzten pertsonak.

14. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1.–Dirulaguntza jasoko dute autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa edo energia eolikoa ekoizteko instalazioek (sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan), haien potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Artaxoako udalerrian eginak badira.

2.–Ez dute dirulaguntzarik jasoko dauden araudiak aplikatzearen ondorioz nahitaezkoak diren instalazioek.

15. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1.–Dirulaguntza gisa emanen den laguntza ekonomikoa eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzeko aurkeztutako zerga oinarriaren %10 izanen da, 2/1995 Foru Legean ezartzen denaren arabera. Nolanahi ere, laguntza 400 eurokoa izanen da gehienez instalazio bakoitzeko.

Instalazioaren kostuak –betiere instalazioaren exekuzio materialaren kostua, gastu orokorrak eta mozkin industriala hartuta halakotzat– 1.000,00 euroko zenbatekoa gainditzen ez badu, laguntza 100,00 euroko zenbatekora mugatuko da.

2.–Laguntzek dirulaguntza izaera izanen dute, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako definizioaren eta araubidearen arabera.

16. artikulua. Bateragarritasun araubidea.

1.–Kapitulu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuetatik edota pertsona edo erakunde pribatuetatik lortutako beste edozein dirulaguntzarekin, betiere helburu berarekin eman direnean. Dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu instalazioaren kostua.

2.–Obra berak egiteko laguntzak eskatu edo lortu badira, edo ondoren eskatzen badira, une horretan bertan jakinarazi beharko da, eta ordenantza honen xede den dirulaguntza eman aurretik.

3.–Era berean, bateragarriak izanen dira titulu honetako II. kapituluan araututako zerga onurarekin.

17. artikulua. Laguntzak galtzea.

1.–Ordenantza honetako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak, eta zehazki, obrak ez gauzatzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

2.–Arlo honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa aplikatuko da.

3.–Laguntzen itzulketa indibiduala izan daiteke, baldin eta ez-betetzea bizilagunen erkidegoa osatzen duten pertsonetako batek bakarrik egin badu.

18. artikulua. Prozedura

1.–Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen eskabideak Udalari aurkeztuko zaizkio, dokumentazio hau erantsita:

–Laguntzaren eskabidea.

–Eskatzaileak duen ordezkaritza egiaztatzeko agiria, hala badagokio.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena onuraduna ez dela sartzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuetako bakar batean ere.

–Bizilagunen erkidegoaren erabakia, hala badagokio, instalazioa egiteko.

–Erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazio gehigarria aurkeztu izanaren frogagiria.

–Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ez ezik, aplikatu behar diren tasak eta gainerako udal tributuak ere ordaindu izanaren frogagiria.

–Idatzizko konpromisoa, adierazirik instalazioak gutxienez hamar urteko epean egonen direla gauzatu diren higiezinean, funtzionatzen eta ekoizten, ekoizteari ekiten diotenetik aurrera zenbaturik.

–Banku kontua adierazi beharko da, dirulaguntzaren sarrera egiteko kontu horretan. Pertsona edo erakunde eskatzaileak izan beharko du kontu horren titularra.

2.–Eskabidea eta aurreko puntuan aipatu den dokumentazioa jaso ondoren, ebaluatu eginen da eta, bidezko bada, dagokion dirulaguntza onartuko da. Eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko da, obren erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik hasita.

3.–Dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta behar adinakoa egon beharko da helburu horretarako bideratutako aurrekontu-partidan. Eskabideak Udalaren erregistroan noiz sartzen diren, hurrenkera horren arabera emanen dira laguntzak.

4.–Dirulaguntza ordainduko da, baldin eta horren onuradunak dokumentazio hau aurkezten badu Udalean:

–Instalazioak burutu izana egiaztatzen duen obra bukaerako ziurtagiria.

–Obren kostu erreala egiaztatzen duen dokumentu teknikoa.

–Jarduketen EIOZren zerga-oinarriarekin bat datozen fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Autokontsumoaren Erregistroan erregistratu izanaren frogagiria.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten, beronekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da ez beste inorena.

Bigarrena.–Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala gauzatu direla eta eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, hala baldintza juridikoak nola materialak zein bestelakoak, beharrezkoak badira ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoak aitortu eta ordaintzeko eta zerga onurak aitortzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik hasita, berau aurkaratzeko Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak legez ezarritako epea iragaten denean.

Iragarkiaren kodea: L2202254