44. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

216/2022 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Unibertsitate Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatzen duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitatearen Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Unibertsitate Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatu zen.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIAREN ALDAKETA

Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudia onetsi zen.

Honako arau hauetan ezarritakoaren arabera onetsi zen araudi hau: Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikulua, Hezkuntzako Kalitatea Hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketarekin; graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua; eta 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa –Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa– ezartzeko egutegia luzatzeko presako neurriei buruzko 2019ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretua.

Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 31n eta 2019ko irailaren 10ean hartutako erabakien bidez, araudi hori aldatu zen, honako alderdi hauek gehituta:

–USEaren borondatezko faseko hizkuntza-probak barematzeko aukera, ECD/42/2018 Aginduan ezarritakoarekin bat.

–USEa egin duten Espainiako hezkuntza-sistemako ikasleen baldintza berdinetan onartzea atzerriko hezkuntza-sistemetatik datozen eta UHUNen gaitasun espezifikoen probak egin dituzten ikasleak.

–Onarpen eskaera bat baino gehiago aurkezteko aukera arautzeko bidea.

–Onartua izateko epeak malgutzea ikasleari egozteko modukoak ez diren aparteko egoeretan.

–Espainiako eta atzerriko ikasketak aldatzeko prozeduretan eskaerak ordenatzeko irizpide eta betekizun berriak gehitzea.

–Onartuen zerrendak paperean argitaratu beharra deuseztatzea, iragarki ohol elektronikoan baizik ez baitira argitaratuko.

–Zehaztasun handiagoz ezartzea onarpen prozedura orokorrean zenbait kuporen bidez onar ditzatela eskatzen ahal duten ikasleei ikaspostuak esleitzeko irizpideak.

Araudiaren beste aldaketa bat proposatzen da, Espainian unibertsitatez eta/edo ikasketaz aldatzeko prozeduran kalterik ez egitearren izen bera duten eta beste jakintza-adar batzuei lotuak dauden titulazioak ikasten dituzten ikasleei.

Era berean, onarpen prozedura orokorraren kasuan, onarpen notaren kalkulua aldatzea proposatzen da masterreko titulu ofiziala duten tituludunen kupotik sartzen direnentzat, horretan sartzeko aukera eman dien graduko titulazioaren edo baliokidearen batez besteko nota gehituta.

Azkenik, gaztelania-mailari buruzko baldintza bat ezartzea proposatzen da graduko ikasketetan onartuak izan nahi duten eta gaztelaniadunak ez diren herrialdeetatik datozen ikasleentzat, ikaspostua lortzen dutenek irakaskuntza jasotzeko gutxieneko hizkuntza-gaitasuna dutela ziurtatzeko.

Hau da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak proposaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudiaren aldaketa onestea, eranskinean ezarritako moduan. Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an egindako bileran onetsi zen araudia, eta 2019ko urtarrilaren 31ko eta 2019ko irailaren 10eko erabakien bidez aldatu.

Bigarrena.–Araudi hau 2022-2023 ikasturtetik aurrera aplikatuko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurei.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, fakultate, eskola eta sailetako zuzendaritzei eta dekanotzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Iruñean, 2022ko otsailaren 10ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudiaren aldaketa

Bat.–4. artikulua aldatzen da, hots, “Ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak” izenekoa, bere “j” eta “k” apartatuetan. Honela geldituko dira:

j) Graduko edo Masterreko unibertsitateko titulu ofizial bat edo baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua –titulu horiek lehenagoko ikasketa unibertsitarioen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio– duten ikasleak.

–Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kalkulatua. Hiru zifra dezimalekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin. Unibertsitate masterreko titulazio batekin edo horren baliokidearekin sartu nahi izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, titulazio horretan gainditutako irakasgaiak kontuan hartzeaz gainera, horretara sartzeko erabilitako graduko titulazioan edo horren baliokidean gainditutako irakasgai guztien kalifikazioak ere batuko dira.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

k) Atzerriko unibertsitate titulu ofizial bat duten ikasleak, baldin eta homologatuta badute Graduko edo Masterreko titulu ofiziala edo titulu baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua –titulu horiek lehenagoko ikasketa unibertsitarioen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio–.

–Ikasketetan sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, homologazio-egiaztagirian edo, hala badagokio, batez besteko notaren baliokidetza-deklarazioan azaltzen dena. Hiru zifra dezimalekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin. Unibertsitate masterreko titulazio batekin edo horren baliokidearekin sartu nahi izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, titulazio horretan gainditutako irakasgaiak kontuan hartzeaz gainera, horretara sartzeko erabilitako graduko titulazioan edo horren baliokidean gainditutako irakasgai guztien kalifikazioak ere batuko dira.

–Onartua izateko nota: ikasketetan sartzeko nota bera da.

Bi.–15. artikulua aldatzen da, hots, “Ikaspostuen esleipena” izenekoa, bere 1. apartatuan. Honela geldituko da:

1. Baliozko eskaeren kopurua eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, lehentasun irizpide hauek kontuan hartuta ordenatuko dira eskaerak esleipenean:

a) Espainian araututako lanbide jardueretarako gaitzen duten Graduko ikasketa ofizialetarako, Espainian araututako jarduera horietarako gaitzen duten ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna, eta, gero, jakintza adar berekoak diren ikasleen eskaerek.

b) Graduko gainerako ikasketa ofizialetarako, izen bera duten edo jakintza-adar berekoak diren titulazioetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna.

Hiru.–7. apartatu bat gehitzen zaio 9. artikuluari, hots, “Eskaeren tramiteak eta sarbide kupoen lehentasuna” izenekoari. Hauxe dio apartatuak:

7. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den gradu ofizial batean onartua izateko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez zaie halakorik exijituko gradura sartzeko modua ematen duten ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenei.

Lau.–5. apartatu bat gehitzen zaio 20. artikuluari, hots, “Eskaeren tramiteak” izenekoari. Hauxe dio apartatuak:

5. Atzerriko unibertsitate batean ikasketaz aldatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den gradu ofizial batean onartua izateko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez zaie halakorik exijituko gradura sartzeko eskaera egin aurreko ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenei.

Iragarkiaren kodea: F2202082